16. HILDAKOEN MAHAIA

 

Niri, esan dudan bezala, bitxikeria geologikoek betiere jakinmina eragin izan didate, eta gogoan dut nola behin batez Harri Beltzen fenomenoari buruz Bedate irakasleari galdetu nionean, glaziazio aroaz, ternarioaz eta kuaternarioaz hitz egiten hasi zitzaidan, eta lehen bezalaxe utzi ninduen. Hori bera gertatu zitzaidan Satorrari, Matematiketako irakasleari, pi zer zen galdetu nionean, eta berak «hiru, hamalau, hamasei» zela erantzun zidanean, hori erantzun bat balitz bezala. Nik Satorrarengana edo Bedate irakaslearengana jotzean, gizabidezko erantzun ulergarriren bila jo nuen, baina asko dakiten horien jakinduria sakona lurpeko uraren gisa dela bistan da, eta beti abstrakziotan murgildurik ibiltzen dira. Horregatik, inolaz ere ez nion sekulan inori galdetu Hildakoen Mahaia deritzan fenomenoaz, nire herritik Villalube del Panerako erdibide aldera eraikitzen den muino harrigarri hartaz alegia. Gainzelai txiki bat zen eta oinetik gainera sei metro baino gehiagoko murkoa ez zuen arren, bertara igotzea oso zaila gertatzen zen, inguru guztian malda malkartsua baitzen. Gainzelai horretako lurra, gogorra eta buztintsua, esku-ahurra bezain laua zen eta ipar aldeko ertz ondoan bakarrik zuen, gailurra moztutako piramide baten gisa, lur tinkatuzko hilobi-lurmeta antzeko bat. Nire herrian bazen sineskeriazko kontu-zahar bat, eta haren arabera, lur hura goldatuko zuenak alearen ordez harkazkarra uztatuko omen zuen, eta behe-soroetako garia burutzen hastearekin batera hilko omen zen. Halere, mendeko seigarren urte aldera, ni artean mutiko koxkor bat nintzela, Tadeo zaharrak don Armandori, hau garai hartan alkate egoteaz gainera librepentsadorea baitzen, Hildakoen Mahaia goldatzeko baimenik emango ote ziokeen galdetu zion. Don Armandok barrez ekin eta herrian gizon bat berarik ere sortzeko garaia bazela esan zuen eta Mahaia laboratzeko baimena bakarrik ez ziola emango baizik eta Mahaia bera ere aurrerantzean berarentzat zela erantzun zion. Tadeo zaharrak hango bazterrak ongi arakatu zituen eta, uda-bukaera aldera, bere kaballeriak Mahaira jasotzeko pluma bezalako bat eraikitzeari ekin zion. Bere tramankulu hori Urrirako bukaturik zuen, eta giroa egokitu zitzaion bezain pronto, murko-muturrean pluma hori montatu eta bere zaldiak igo zituen, jende guztia harri eta zur begira zuela. Tadeo zaharraren emazteak, Esperantza andreak, negarra ugari isuri zuen eta, denbora aurrera zihoan eran, bere beldurra handituz zihoan, eta Fuentetobako ezki-loreen ura hartuz ere ez zuen loarekin bakerik egiten, nahiz eta tila hau, izeba Martzelinak zioenez behintzat, lo-ezinaren kontra oso eraginkorra izan; hain zuzen tila horretatik kikara erdi bat hartzeagatik bota behar izan zuen Gasparinek astebete kalabozoan, soldaduskan guardian zegoela garitan loak hartu zuelako. Dena delarik ere, garia garatzen hasi zenean, soroetara jorrara abiatu baino lehen herri guztia goizero Tadeoren etxetik pasa ohi zen, eta Esperantzari galdetu ohi zioten: «Zer moduz dabil Tadeo?» Eta hark zakar eta modu txarrean erantzuten zuen, ordurako bere onetik zeharo irtenda baitzebilen. Baina halere jendea harriturik uzten zuen zerbait bazen, alegia, don Justo del Espiritu Santo ez zela Tadeo zaharraren erabakiaren kontra azaltzen, ezta alde ere. Eta behin bakarrik esan zuen pulpitutik, gure lurrak Avilako harresiak baino handiagoz inguratu arren, ez zela horregatik uzta ugariagoa izango, zeren eta alea Jainkoak bidaltzen baitzuen.

        Olinpioren eta Makariaren iritziz, don Justo del Espiritu Santok hitz horien bidez nolabait ere Hildakoen Mahaiko murko-malda malkartsua aipatu nahi izan omen zuen, baina don Justo del Espiritu Santok inoiz gehiago beste argibiderik ez zuen hortaz eman. Baina hala ere garia erne, hazi, orritu, lastotu, garatu, burutu eta heldu ere egin zen, eta Tadeo zaharraren osasun bikainak inolako ajerik nabarmendu gabe horratio; eta uzta garaia iritsi zenean eta Tadeo zaharrak bere pluma balez kargatu zuenean, Hilen Mahaiko murko-mailoaren oinean Petxines sakristauak berak ere ez zuen huts egin. Eta gainera, Tadeo zaharrareneko galburuak behelurretakoen aldean doblekoak gertatu ziren, eta hurrengo urtean ere erein zuen eta berriz ere eskubeteko galburuak uztatu zituen, eta hurrengoan ere bai, eta hurrengoan, eta hurrengoan, eta hori beste zenbait eskualdetan oso normala izango da baina gurean gauza bitxia da, lurralde hauek aldian behin izaten baitira oparo, eta jakina denez, uzta-urteren ondoren lurrari atseden eman behar izaten zaio, tarteka labaki utzirik urteren bat edo bestez.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia