15. HARRI BELTZAK

 

Muskilditik nahiko hurbil, eta oraindik eremu barruan, Navalejosko bidean aurrera argihari-lerroaren parean, gertakari harrigarri bat ageri da nire herrian: betidanik Harri Beltzak deitzen duguna. Izatez, harri hauek ez dira beltzak baina inguru haietako alde gehienetan ugari den kare-harri zuri eta apurkorraren aldean, pikea bezain beltzak dira. Granito-harrizko zerro bakar hura han izateak, betiere jakin-mina eman izan dit. Urrunetik begiratuz —eta nire herriko gauza guztiei urrunetik begiratu behar zaie— berezko bitxi bat edo lurrari sortu zaion orin puntu bat dirudi. Hara eraman ninduen nire osaba Remigio apaizak, Valladoliden seminarioan don Justo del Espiritu Santoren estudiante-laguna izandako hark, nire lehengusina Emerita Malpartidako albaiteroarekin ezkondu behar zuela-eta, gure herrira etorri zenean. Nik orduan hitzetik hortzera bota nion: «Osaba, zer da bokazioa?» Eta berak erantzun zidan: «Dei bat». Eta nik galdetu nion: «Eta nola nabaritzen da dei hori?». Eta berak: «Segun eta nola den». Eta nik esan nion: «Hamasei urte bete ditut eta oraindik ezer ez. Etsitzekoa al da, osaba?». Eta berak esan zidan: «Ezta inola ere. Jainkoaren errukiaz fida zaitez».

        Nire osaba Remigio oso urduria zen eta hanka bat etengabeko mugimenduan izaten zuen beti, zainetako korrientea bezala sentitzen baitzuen, eta batzuetan, konfesatzen ari zela, konfesonarioko atea ireki eta bizpahiru aldiz hanka luzatu beharra izaten zuen, nagiak ateratzen bezala. Nire osaba Remigio argala eta zimela zen, eta bere gorputzean koronillaz aparte beste ezer ez zegoen borobilik, eta nik galdetu nionean ea txikitandik jakin izan ote zuen apaiz izango zela, ez zidan segituan erantzun, eta azkenik esan zidan: «Nik Jaunaren deia, jakin nahi baduzu, erreklamoz eper-ehizan nenbilela entzun nuen». Ni kikildurik geratu nintzen, baina biharamunean, nire osaba Remigiok hala esan zidan: «Goazen biok buelta bat ematera». Eta ibilian-ibilian Harri Beltzetara heldu ginen. Bera hauetako batean eseri zen eta ni zutik geratu nintzen, zuzen-zuzen aurpegira begira, hori baitzen hitz eginarazteko modua. Orduan berak, elkarrizketa baten segida izan balitz bezala, hala esan zidan: «Ni artean sekula erreklamoz eper-ehizan ibili gabe nengoen, eta udaberri batez Patrociniori, guardari, esan nion: 'Patro, eper-ehizan erreklamoz egiteko gogoa dut'. Eta hark esan zidan: 'Maiatzera arte itxoin ezak eta emea hartuta joango gaituk orduan'. Eta nik esan nion: 'Emearekin?'. Eta berak: Arreske garaia orduan izaten da eta arrak emearengana biltzen dira eta hura lortu nahian elkarren artean burruka egiten dute'. Eta Maiatza heldu zen orduko igo ginen eta, ixtant batean, harri hauexen gainean bertan lau xarakaz ezkutaleku bat moldatu zuen eta biok bertan sartu ginen, ni eskopetarekin, zelatan. Eta handik pixka batera esan zidan: 'Hanka hori ezin al duk geldirik eduki?'. Eta nik: 'Nerbioak dira'. Eta berak: 'Eutsiok geldi. Sumatzen bahaute, ez dituk inguratuko'. Eta emea, bere kaiolan, handik hogei pausotara, isildu gabe ari zen: 'Ko-re-txe, ko-re-txe'. Garai hartan emakumeak asko gustatzen zitzaizkidan eta nire buruari galdetu ere egin ohi nion: 'Zer egin ote daiteke emakumeetatik libratzeko?'. Eta emeak ahotsa loditu zuenean, Patrociniok belarrira surmurrean esan zidan: 'Argi, bazetorkiok... Hanka hori ezin al duk geldirik eutsi?'. Aurrez aurre, begi-bistakoaren eskuin aldetik egundoko ar eder bat azaldu zen. Patrociniok belarrira ahopean: 'Tiraiok!' Baina nik apuntatu nuen eta berehalaxe makurtu egin nuen eskopeta. Eta Patrociniok esan zidan: 'Tiraiok ! Zer arraioren zain hago?'. Arma berriz leporatu eta apuntatu nuen arreta handiz eper arraren paparrondora. 'Tiraiok!' berriz ere Patrociniok. Baina nik berriro ere eskopeta makurtu egin nuen. 'Ezin dut. Nire buruaren kontra botatzea bezalaxe litzateke'. Orduan, arma eskuetatik kendu zidan, apuntatu zuen eta tiratu, dena segundo batean. Nik begiak itxita nituen, eta ireki nituenean, kaiolatik bi pausotara hegoak harroturik azkenetan ikusi nuen arra. Ezkutalekutik irtetean haserre bota zidan Patrociniok: 'Hanka hori, moztuko bahu hobe'. Baina nik nazka eta goragalea sentitzen nuen eta nirekiko pentsatzen nuen: 'Emakumeen menpean ez erortzeko badakit zer egin'. Eta horrela, apaiz sartu nintzen».

        Nik ahoa lehorra nuen eta zeharo kikildurik entzuten nion dena, eta handik pixka batera hala esan nion nire osaba Remigiori «Baina kaiolan preso zegoena ordea, emea zen, osaba». Nire osabak begiak dir-dir zituen, airetara bi ostikada bota eta esan zidan: «Berdin da, seme. Emakumeari 'zu hor eta ni hemen'. Hori da egin beharrekoa».

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia