14. BELATXINGAK ETA BASOILOAK

 

Gure herriko lurrek osatzen duten ordeka zabalean, Molacegos del Trigo aldetik bada makal eta zumar txaparro sail bat eta, Olinpiok kontatzen zuenez behintzat, neguan belatxingek han ospatzen zituzten beren auziak. Bi alditan ikusi zituela ziurtatzen zuen Olinpiok, egunsentian itulara zihoala. Olinpiok zioenez, epaileak makalen punta soiletan kokatu ohi omen ziren, eta errudun ustekoa edo epaitu behar zutena berriz, beste belatxinga-alda itxi baten erdian, pixka bat atzeraxeago ezkerretara dagoen zumarraren adarretan. Dirudienez, epaiketak irauten zuen denbora guztian beleak isil-isilik egoten omen ziren, bat ez besteak, eta honek bere karraka patetiko hunkigarriez etengabeko saioa ematen zuen makaleko epaileen aurrean. Olinpiok zioenez, ikusgarria eta gogoangarria zen, eta hari begira oiloipurdiak ateratzeko adinako hotzikara sartzen omen zitzaion. Gero, salatzaileak bere saioa bukatu ondoren, epaileek beren artean karranka bakanen bat edo beste trukatzen omen zuten eta, azkenik, ikusleen artetik hiru borrero irten eta erruduna mokoka exekutatzen omen zuten, akabatu arte, kondenatuak bere burua defendatzeko ezertxo ere egin gabe geldi-geldi dena nozitzen zuen bitartean. Mokoka akabatu arte guztian, begirale-samaldaren karranka-zarata garrasitsua zoramenezkoa eta beldurgarria bihurtzen omen zen, eta Olinpiok, han gertatu zen lehenengo aldian, ezin jasan izan omen zuen, eta bere mando parearekin berriro herrira itzuli omen zen. Olinpiok ixtorio hau kontatu zuenean, hori dena ametsetan ikusitako irudipenak besterik ez zela esan zuen Hernando Hernandok, baina orduan Olinpiok, ikusi nahi zuena berarekin etortzeko esan zuen, eta han joan ginen herri guztia, txango, leku hartaraino eta, egia esan, belatxingak han zebiltzan sokor artean baina gu ikusi orduko denak hegaztatu ziren eta bat bakarrik ere ez zen geratu. Hernando Hernandok, barrez lehertzen, akabatutakoa nondik ote zebilen galdetu zion Olinpiori, eta honek, lasai-lasai, ordurako enterraturik izango zutela erantzun zion. Halere handik bi urtetara, ixtorio berbera kontatuz ibili zen, eta baina herrian inork ez zion sinetsi. Sinesgogorretariko bat ni nintzen, baina handik urte batzuetara, nire amerikak egin nahian buru-belarri nenbilela, Hyatt Verrill-en liburu bat heldu zitzaidan eskuartera eta Olinpioren ixtorioaren antzeko kasu bat kontatzen zuela ikusi nuen, eta oso serioski jasotzen zuen gainera bere liburuan. Hori guztia nolanahi delarik ere, beleak nire herrian izurrite bat dira, eta ereinketa garaian usategiak zazpi maratilaz ixtea alfer-alferrik izaten da, belatxingak libre izanik, zeren eta gauza jakina baita, txoritzar hauek azaltzen diren lekuan soro erein-berriak harrotu eta hazia janda uzten dituztela.

        Basoiloek ere, beren txitak lumatzen ziren orduko, zuhaitzen aurrean hedatzen den ordeka bertarako irrika izan ohi zuten udazkenean. Hegazti hauek hain bikainak eta haragi-beteak izanik, mundu guztiarentzat tentagarri gertatzen ziren, baita ehiztari ez zirenentzat ere, esate baterako nire aitarentzat. Baina amorratu fidagaitzak ziren horratio, hegazti hauek, eta herria utzi eta Molacegos del Trigorako bidea hartzen bat edozein ikusten zuten bezain pronto, gizon ala emakume, armadun ala ez ote zen ikusten luzatzeko astirik gabe, hegaztatu egiten ziren. Aitzitik, zaldizkoengatik ordea ez ziren izutzen, eta jakina, mando gainetik ehizatzen hasi ziren herrian, ehiztaria ahuspez zankaletran burusi batez estalirik. Asmazioak fruitu onak eman zituen, eta aitak berak ere, San Vitotako karramarro-janetako zahatotik bestetatik tiratzen jakin ez arren, behin batez sei kilotako basoilasko bat harrapatu zuen, etxeko indioilar bat bezain gizena eta samurra. Baina aitaren oilaskoa, Balentin sekretarioak bota zuen basoilarraren ondoan hutsaren hurrengoa besterik ez zen: hamahiru kilo eta laurehun gramo eman zuen baskulan. Balentin harro zebilen, aurrean jartzen zitzaion guztiari bere balentria ahobeteko erretolikaz kontatuz, eta betiere bukatzeko: «Eta orain ez dakit zer egin, disekatu ala haginak erantsi». Don Justo del Espiritu Santoren aholkua, disekatzearen aldekoa zen, eta Poncianok berriz, Blandina andrearen bodegan jango zutela lagunartean. Horrela joan ziren egunak, eta Balentinek azkenik erabakia hartu zuenean eta, noizbait ere, Blandina andrearen bodegan lagunak bildu eta basoilarra erretzeko dena prestatu zutenean egundoko keru gaiztoa zabaldu zen, eta Emilianok esan ere: «Baten bat ederki hustu da». Baina ez zen inoren azio beharrik, basoilarra usteltzen hasitxoa zegoen eta kiratsa botatzen zuen. Baina pizti gaixoari lepoko eta ipur-konkorreko lumak besterik ez zitzaion geratzen, eta horrela ere ezin-ba disekatu.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia