13. KASTILANO BAKOITZARENTZAT OGI PUSKA BANA

 

Esanda bezala, nire herriko lurrak, Pozal de la Culebra, Navalejos, Villalube del Pan, Fuentetoba, Malpartida eta Molacegos del Trigo herrietakoek inguraturik aurkitzen dira. Pozal de la Culebra da burua eta han dago Auzitegia, baita Erregistroa, Notaritza eta botika ere. Baina hala eta guzti ere, hango lurrak ez dira gureak baino hobeak, eta garia eta garagarra han ere izerdiz laboratu behar izaten dira, gurean bezalaxe. Baina muinoek ordea, banaketa administratiboarekin zer ikusirik ez dute zeren eta muinoak, zuldarrak bezalaxe, nahi duten lekuan ernetzen baitira eta datozen eran, dauden lekuan eta diren bezalaxe hartu beste erremediorik ez da geratzen. Eta hauetaz, muinoez alegia, hain urri ere ez gabiltza horratio gure herrian, zeren eta Lahocesko eremuaz aparte, hor ditugu Cerro Fortuna, Otero del Cristo, Lanzadera, Cueto Pintao, eta Mesa de los Muertos. Mesa de los Muertos honek ere baditu bere berezitasunak eta ixtorioa. Baina, Cerro Fortunatik miradore batetik bezalaxe mendean hartzen diren gure herriko lur hauetaz hitz egiteko asmoa nuen.

Nolabait adierazteko, handik bistak hartzen duena itsasoa bezala da, neguan itsaso grisubela, udaberrian itsaso berdea, udan itsaso horia, udazkenean okrea, baina beti ere itsasoa. Eta itsaso horretatik jaten genuen nola-hala nire herriko guztiok. Aitak sarritan esan ohi zuen: «Castillak ez du kastilano bakoitzarentzat ogi puska bana ematen», baina etxean ogi puska bana baino gehiago jaten genuen, eta nik, hara egia esan, sekulan ez nion nire buruari galdetu, harik eta urruti izan nintzen arte, nire herrian ogi puskarik gabe nor geratzen ote zen. Eta ez pentsa nire aita aberatsa zenik, baina jakina, itsuen herrian betokerra errege, eta aitak konpromisarioren botoa zuen, kontribuzio-edo harengatik alegia. Eta, betokerrak aipatu ditugunez, gure herriko gariaren bizarrak oso gogor eta zorrotzak izaten direla esan beharra dago, eta hori dela-eta, Maiatzaz gero haurrei ez zaie uzten soroetara joaten, begiren bat galduko ote duten beldurrez. Eta hau ez da nolanahiko apetazko nahikundea, noski, eskierki Felisinek, Domizianoren mutikoak, horrela galdu baitzuen begi bat, eta horixe bera gertatu zitzaion Bolivarren ahuntzari. Horretaz aparte, nire herrian ez zegoen edonongo arrisku normalak besterik, baina beldurrik handiena zeruari zitzaion. Batzuetan, oskarbitu eta lau hilabetetan ez zen hodei bat azaltzen, eta azkenik noizbait ere hodei hori etortzean, bere sabelean harria ekartzen zuen eta gariak etzanda uzten zituen. Beste batzuetan Maiatzean izotza botatzen zuen zeruak, eta gure soroetako aleak, baldin eta egunsenti aldera iparrak hozkirria erremediatzen ez bazuen, zeharo kiskalita geratzen ziren. Beste batzuetan euriteak ugariegiak izaten ziren eta zelaiak urperaturik geratzen ziren ereindako hazia eramanez. Beste batzuetan, eguzkia zen desgaraitan berotzen zuena, Martxoan asko, Maiatzean gutxi, eta galburuak gaizki lastotzen ziren eta okerrago burutzen. Urte batez, ekaitzen urtean, larrainean bertan ere galdu zen garia, uztatu eta gero, euri gabeko egunik ez baitzen izan, eta uzta ez zen lehortu garia jo ahal izateko lain. Dena dela, nire herrian, harik eta garia jo eta jasota ikusi arte, ez ziren fidatzen, eta egun osoa zerura begira pasatzen zuten burutapen eta aldarteren artean, eta laurogeita hemezortziko gari urteaz oroitzen ziren gari urte bikain gisa, eta ordudanik hura zen eredua eta hala esan ohi zuten: «Aurten, laurogeita hemezortzikoaren erdirik ere ez dugu jasoko». Edo eta «Aurten uzta ona dator, baina gehiena delarik ere laurogeita hemezortzikoa ez du berdinduko». Edo eta: «Laurogeita hemezortzikoaren bi herenekin ere konforma gaitezke aurten». Nolanahi dela ere, nire herriko jendeak zerura gehiago begiratzen du lurrera baino, zeren eta nahiz eta hau losintxatu, goldatu, harrotu, orraztu, aitzurtu, jorratu eta zopizartu, azken batean letorkeena zerutik etorriko baita. Eta beraz nire herrian ahaleginak eta bi egiten dituzte, inolaz ere eguraldiaren onerako aldarteren batek egunen batez bat-batean esku-hutsik harrapa ez ditzan; baldin bada ez bada ere, alegia.

        Eta han, Cerro Fortunatik hartzen den lurralde hedatsu hartan, Ekaineko ilunabarretan apobelatzak abistuka ibiltzen dira, neguan beleek beren auziak ospatzen dituzte, eta basoilo talde berriak udazkenean han kokatzen dira, zeren eta horrelako lurralde batean, hain soil eta babesgabea izanik, haiek ustekabean harrapatzea oso zaila baita.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia