12. MAHASTIKO ERBI IZUA

 

Saturioren mahasti-berriko erbi izua, herrian obsesio bat izatera iritsi zen. Erbi izua, jakina denez, erbi gaizki hezi bat da, urte eta korrika saio ugariek zeken bihurtu dutena, zimel eta gihartsua, atzeko hankak luzatu egiten zaizkio, papar-hezurra zorroztu egiten zaio eta igitaiak bezalaxe ebakitzen du haizea. Bestalde, erbi-izuaren haragia ez da oso gutiziagarria, urtez eta lanez gogorturik zekena izaten baita, ehiza-keru gaiztoa nabari zaio, eta normalki hori konponduko duen eltzerik ez dago. Bistan da beraz, erbi-izua ehizatzeko apeta ez dela harrapakinaren balioak eragina, baizik eta harrokeria eta erronka kontua besterik ez. Erbi hark inteligentzia bazuela esan zitekeen, eta herrian erbizakur on asko zirela jakinik-edo, Saturio zaharraren mahasti-berrian moldatzen zuen beti ohatzea. Horrela, ehiztariak altxatzen zuenean, mahatsondoen arteko bere keinu eta saltaka bihurriek bentaja ematen zioten hasieratik bertatik, eta gero Otero del Cristoko aldapan bentaja handitu egiten zuen, zeren eta erbiek, jakina denez, aldapan behera baino aiseago korritzen baitute aldapa gora. Erbi izuak zangoak arin astintzen zituen eta ibarreko galtzu zelaiak harrapatuz gero salbatutzat jo zitekeen, zeren eta Otero del Cristoko maldak amildegira baitzeraman, eta azken finean askatasunera. Bestalde, Antonio edo Norberto eskopetarekin zelatan bazituen, mahastia hosto-berdetan zegoenean erbia galgatu egiten zen, aldiz mahastia soil bazegoen habailan irteten zen, eta batean nahiz bestean Antoniok eta Norbertok tiroa kale egiten zuten. Herriko erbizakurren eta erbi haren arteko desafioetariko batzuk ikusteko aukera izan nuen, eta beti, azkenekoan ezik, erbiak irabazi zuen. Sultan, Poncianoren erbizakurra, oin belaxkak baitzituen, korrika saio bakoitzaren ondoren zeharo jota uzten zuen, eta Quin berriz, Hernando anaien erbizakurra alegia, udaberriro azeria harrapatzen zuena eta Perutik ekarritako pomadaz igurtzi eta igurtzi erabiltzen zuten hura, oso gutxitan hurbildu zitzaion erbiari hiru gorputzen aldera. Hori ikusirik, don Benjamin, bere erbizakur arabiarra eta bere zaldi Hunter ingelesa herriaren zerbitzutan jartzera beharturik sentitu zen, eta bazter guztietan hasiak baitziren marmarrean, erbi izu hori deabrua berbera ote zen esanez, nahiz eta don Justo del Espiritu Santo igandero igandero saiatu, sineskeria horien kontra korazaturik jar gintezen gomendatzen, Avila bere harresien atzean korazatzen zen bezalaxe alegia. Horrela, Silos artzainak erbi izua mahastian zela kukurruku egin zuen egun berean, don Benjamin bere Hunter ingelesarekin eta bere erbizakur arabiarrarekin hara abiatu zen, eta herri guztia bere atzetik joan zitzaion. Erbizakurraren eta erbiaren arteko burruka, gogorra eta bortitza izan zen. Erbiak, abiatu orduko, bere ohizko salto bihurrietakoa egin zuen lehen mahatsondoaren atzean, baina zakurrak, nonbait ere antz eman eta motzetik hartu zion bidea zuzenean eta une batez bere haginen artean eduki zuen erbiaren isatsa. Gero, hurrengo mahats-aihenen artean erbiak zuhur baino zuhurrago jokatu zuen eta zakurrari bi gorputzen aldea atera. Don Benjamin bere Hunter ingelesean atzetik deiadar batean «Ea! Ea!» eta horrela heldu ziren Otero del Cristoko galtzuetara eta, aldapari ekin ziotenetik aurrera, gero eta alde handiagoa ateratzen joan zitzaion erbia zakurrari, bistatik galdu ziren arte. Zakurra derrotaturik itzuli zen arte denboratxo bat pasatu zen. Zakur hura oso irristaria zen eta, lurra lehor eta elkorra zegoenez, oinak berotu egin zitzaizkion. Aste oso batez don Benjaminek loturik eduki zuen, ipuru-oliotan bustitako algodoizko oinetakotxo batzuek jantzirik, eta sendatutzat eman zuenean, Ponciano, Antonio eta Hernando anaiekin bildu zen, erbi izuaren kontrako burrukarako estrategia aztertu eta finkatzeko. Prestatu zioten zelata benetan maltzurra izan zen, eta azkenik Antoniok bota zuen, bi tirotan, amildegi-bideko bere postutik, ordurako Sultan, Quin, Arabiako erbizakurra eta Norbertoren eskopeta atzera utziak zituen arren. Egunaren buruan Hernando Hernandoren tabernan gixatu zuten, baina inork ez zuen mokadu bat ere jan ahal izan, mandoa zerraldo botatzeko adinako kerua baitzerion pizti zaharrari.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia