11. ENAMORATUEN ITZALEAN

 

Gure artean El Pintao deritzagun muinoaren oinean —gure herrian labore-lanetarako gai den bakarra eta eremu eta alperreko lurren artean soro bikainak eta mahasti bakan batzuk ere eskaintzen dituen bakarra hantxe eraikitzen dira antzinako garaiez gero «Enamoratuak» izenez ezagutzen ditugun makalondoak. Eta inolako zalantzarik gabe, botanikoek nahi dutena esan dezatela, baina zuhaitz horiek arra eta emea dira. Eta beti batera, elkarturik, loturik bezala daude; baba, makal emea, beteagoa, forma leunagoez, emeki-emeki arraren sorbaldan etzanik, eta hau berriz harroago, erronkaz bezala, arra. Hantxe, makal horien oinean bota zuen ziplo aitaren mando itsua oinazkarrak ekaitzetako urte hartan. Eta hantxe bertan, makal haien oinean taxutu izan dira, azkeneko bost belaunaldi hauetan, nire herriko ezteiak. Nire herrian mutil bat neska baten atzetik ezkontzeko asmoz dabilenean, aski izaten da neskari makaletaraino lagundu eta han hauen itzalean esertzea neskak «bai» ala «ez» esan dezan. Gure herrian oso lotsatiak baikara, nire herritarren arteko amodio-deklarazioen arazo larri eta latza ohitura honek konpondu du. Egia da bai, noizbehinka makalen itzaletik haur jaioberriren bat edo beste ere sortu ohi dela, baina gauzaren aurrerabiderako eragozpen eta oztopo ez da izaten hori halere, zeren eta don Justo del Espiritu Santok inoiz ez baitio inori ukatu ezkontza eta bataioa biak batera ospatzeko aukerarik. Nire herrian, mihi gaiztoen esamesak hor konpon, dignitatearen kontzeptua serioski mantentzen da eta erantzukizunaren eta arduraren zentsua oso zorrozki finkaturik dago. Nire izeba Martzelinak zioenez, bere laurogeita hamabi urtetan zehar ez omen zuen mutilik ezagutu jakinaren gainean behintzat sabel hezurdun bat bera ere bere gisara horkonpon batekin utzi zuenik. Herri asko ez da izango, nire ustez, estatistika hau berdinduko duenik.

        Nik Rosa Marirekin —nolabait ere esan behar— hitz egin nuenean, hauxe baitzen izeba Martzelinak txikitandik gomendatzen zidana, sarritan joan nintzen enamoratuetara. Txorakeria bat izan zen, zeren eta Rosa Mari inoiz ez baitzitzaidan gehiegi gustatu. Baina Rosa Mari neskato txukun eta langilea zen, eta izeba Martzelinak oso begi onez begiratzen zuen. Izeba Martzelinak hala esaten zidan: «Emakume familikoi bat aurkitu behar duzu». Eta ondoren, ezer ez balitz bezala eransten zuen: «Hor duzu Rosa Mari. Gizondutakoan horrekin ezkondu beharko zenuke». Horrela, txikitandik konprometiturik sentitu nintzen eta gandortzen hasi orduko, neska-laguntzeak eta abar, Rosa Marirekin irtetera beharturik-edo sentitu nintzen.

        Eta sekulan ere imajinazioz oso jantzia izan ez naizenez, elkarrekin irten ginen lehen egunean Enamoratuetara eraman nuen. Eskerrak halere, egun hartan makalondoen itzala Korpusek eta Luziak harturik zeukatela, eta Rosa Marik «bai» edo «ez» esateko aukerarik ez zuen izan. Biharamunean ere saiatu nintzen, baina Agapitok aurrea hartu zidan, eta beraz Saturioren mahasti berriraino jarraitu genion orduan bideari, Antoniok zioenez erbi izuak bere ohatzea zuen hartara aldera. Erbi izuaren honek ere badu bere garrantzia, zeren eta erbiz itxuraturik deabrua ber-bera zela esateraino ere iritsi baitziren herrian, baina nik horri buruz nire zalantzak izan nituen beti. Dena dela, Rosa Mari Enamoratuen itzalera eramaten nuen bakoitzean, betiere bazen aurrea hartzen zidanen bat, eta beraz, nire asmoak asmo, inoiz ez nuen berarekin benetako konpromezua finkatzerik lortu. Gaur egun hori gogoratzean, zeru goietatik Sisinia martiria ni babesten ari ez ote zen pentsatzen dut; bai, hori bai, Rosa Mari neska zintzoa zen, eta saiatua, eta langilea eta, izeba Martzelinak nahi bezala, familiakoia, eta egun guztian zehar bere ezpainetatik apenas erortzen zitzaion hitzen bat edo beste, eta jakina, neu ere oso berritsua ez-ba izan, eta ezpatak eta eltxoak izutzeko elkarri eskuzabalez zartaka pasatzen genuen arratsaldea. Horregatik, herria uztea erabaki nuenean, Rosa Mariren oroitzak ez ninduen batere lotu; eta batzuetan pentsatu ere egin izan dut, han diru mordoxka bat bildu nuenean ez ezkondu izana ere, gehienbat Rosa Mariz oroitzen nintzelako izan ez ote zen. Baina hau ere ez da horratio egia osoa, zeren eta herritik abiatuz gero nire buruhauste bakarra sosa pilatu eta gordetzea izan zelako ez bainintzen ezkondu, azken finean dena deabruak eraman dezan, alajaina.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia