10. ANDREMARITATIK ANDREMARITARA BITARTEKO HODEITEAK

 

Udaero, hodei-matazak zelaiaren gainean kokatzen ziren, eta zerua eta soroak gaua baletor bezalaxe ilunkatzen ziren bitartean, han urrunean mendi-bizkarrak distiratsu bihurtzen ziren zilarrezkoak balira bezala. Haizearen zuhaitz arteko aiumak gogoan ditut oraindik, baita bere burrunba solemne eta hondamen-zantzu gaizto baten gisakoa, atso zaharrak aitarenka jartzen zituelarik «Jesus, norbait urkatu da» esanez. Baina hodeia herriaren gainean egonean gelditu baino lehen, mendebalaren gogorrenean enara ipurtxuriak eguratsean gora hegaztatzen ziren ia desagertu arteraino eta gero zuzen amiltzen ziren kirrinka-txioz elizako dorrerantz deabru beltzak ziruditela.

        Gerra Handiko urtean, nik etxetik alde egin nueneko hartan, nire herrian Andremaritatik Andremaritara hogeita seitaraino ekaitz kontatu zituzten. Horrelakoetan zeru goia hodei ubelez estaltzen zen, ertzetan altzairutsu, eta elkarren artean tenk egitean, ikaragarrizko deskarga burrunbatsuak eragiten zituzten eliza zaharraren gainera edo inguruetako makalondoen gainera.

        Trumoiaren lehen burrunba entzun orduko, izeba Martzelinak arrosarioa errezatzeari ekiten zion, baina lehendabizi Monumentuko kandela pizten zion Santa Barbarari, kandelaren beheko muturrean bere izena —Martzelina Yañez— gorriz idatzirik. Berak idatzi ohi zuen orratz buru-beltz batez grabatuz, ondoren arrastoak piper-hautsez igurtziz oso kontu handiz. Eta arrosarioa hasterakoan, agian bere debozioa handitzeko, begiak xuringoturik jarri eta esaten zuen: (Jainko Santua, Jainko Indartsua, Jainko Hilezkorra» eta guk erantzuten genuen: «Gaitz guztietatik libra gaitzazu, Jauna». Kristaletan kazkabarra entzuten zen eta ate-zirriztuetatik tuparri bustiaren lurruna sartzen zen. Tarteka, trumoi burrunbatsuagoren bat entzuten zen eta Coqui zakurrari bizkar gaineko ileak zut-zutik jartzen zitzaizkion eta izeba Martzelinak errezoa eten egiten zuen, Santa Barbararen estanpari begiratu eta erregu: «Santa Barbara bendita, que en el cielo estás escrita, con jabón y agua bendita», eta ondoren segidan errezoari ekiten zion berriz ere: «Jainko Santua, Jainko Indartsua, Jainko Hilezkorra», eta «Gaitz guztietatik Libra gaitzazu, Jauna» erantzuten genuen guztiok batera.

        Behin batez, aita Pozal de la Culebrara joan zen, mando itsuan, eultziarentzako kartola bila, eta hodei-jasak bueltako bidean harrapatu zuen. Eta animalien larruazalak oinazkarra erakartzen dutela diotenez, etxeko guztiok, amarengandik hasita, oso kezkaturik genbiltzan. Bakar bakarrik izeba Martzelinak lasai xamar ote zegoen-edo zirudien, eta horrela, arazoarekin zerikusirik ez duenak bezala, Santa Barbarari bere kandela piztu zion eta ezer esan gabe errezoari ekin zion. Baina bat batean, oso hurbil, tximistaren danbatekoa lehertu zen, eta ez dakit dardarizoarengatik ala zergatik, kandela apaletik erori eta itzali egin zen. Izeba Martzelina hilotza baino zuriago jarri zen, eskuak begietara jaso, 'aitaren' egin eta esan zuen: «Isidoro tximistak hil du, muino-hegian; neuk ikusi dut oraintxe». Isidoro nire aita zen, eta ama zoraturik bezala jarri zen eta, jakina denez, horrelakoetan hoberena zaplaztakoak baitira, bizkiek eta nik zipli eta zapla ekin genion errukirik gabe joka amari. Halako batean, istilu guztiaren erdian, aita azaldu zen, ilea kiskalirik, begiak txunditurik, mandoaren kraistuak esku batean eta kartola-zakua bestean. Hankak dardara ikara batean zituen adar hezearen modura, eta hauxe besterik ez zuen esan: «Hilda ala bizirik naizenik ere ez dakit» eta ezkaratzeko aulkian eseri zen ahuldurik.

        Hodei-jasa joan eta mendebaldeko muinobizkarren gainetik Erromako zubia hedatu zenean, herriko mutikoekin batera Enamoratuak deritzaten makalondoen aldera joan nintzen eta han, zuhaitzen oinean, hantxe zetzan mandoa hilda, ilea kaskartu eta kearreturik, bustita bezala. Eta Olinpiok, dena dakiten horietakoa bera, hala esan zuen: «Zelak salbatu du». Baina izeba Martzelinak setati argudiatzen zuen, ez zela baizik kandela, eta nahiz-eta piper-hautsezko letrak jadanik erretzen hasirik, «Elina Yañez» doi-doi irakurtzeko adinako kandela mutur txiki bat besterik geratu ez, errelikia gisa ipini zuen komoda gainean, erlatxori disekatuaren eta muellezko sugearen artean.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia