9. AVILAKO HARRESIAK

 

Don Justo del Espiritu Santok hiruhilero argitaratzen zuen Sisinia martiriaren aintza eta loriarako orritxoa eta han agertzen zuen argi eta garbi hartutako mesede guztien berri. Eta behin batean Zenona atsoak orri horretan zioen, usategia teilaberritzeko diru eskasian aurkitzen zelarik, halako batean Sisinia martiriarengana jo zuela, eta biharamunean bertan kobratu zuela lurralde baten errenta, hiru urtez atzeratutako guztia, eta urri xamar izan arren —ardi gazta bat eta sei lakari gari ale— usategirako behar zuen dozena teila ordaindu ahal izan zuela. Beste batean Poncianok zioen, egun batez goldeari tornillo bat erori eta nola konpondu ezin asmaturik zebilela, behar zuen tornilloa lastategian aurkitu zuela, eta herdoildua eta oker-bihurria zen arren, bere eginkizuna betetzeko lain moldatu ahal izan zuela errementariak. Grazia hori ere, jakina, arazoa Sisinia martiriari gomendatu ondoren lortu zuen. Beste batean izeba Martzelinari gertatu zitzaion; gau bat urdaileko oinazez pasatu ondoren, Sisinia martiriari errezoak eskainiz, senda zezan erregutu zion, eta egunsenti aldera okada berdea bota zuen eta gonbitoarekin batera joan zen, nonbait, bere gaitza ere, oinazeak zeharo desagertuz. Oraindik gogoan dut, mendeko hamaikagarren urteko azken hiruhilabeteko orritxoan argitaratu zen Antonioren eskertza, Sisinia martiriaren laguntzari esker aurkitu ahal izan baitzuen, Lahocesko gainean, txara artean ezkutatu zitzaion eper hegamotz bat, goiz batez landetara Chinda gabe irten zen batean; eper-zakur bikaina alajaina Burgosko lurretatik ekarritako Chinda hura, baina sasoi hartan mukieriak jota zebilen. Mesede hauek guztiek garbi adierazten zuten Sisinia gazteak, birjintasunaren martiri hark, han Goitik zaintzen zituela bere auzotarrak, eta hauek, mesedeak eskertzeko eta nolabait ere bihurtzeko-edo, bikarioari hamar xentimo ematen zioten opari, edo eta grazia bereziren bat baldin bazen, erreal bat, Sisinia martiriaren beatifikaziora laguntzeko. Baina don Justo del Espiritu Santo arren eta arren erreguka ari zitzaion Jaunari, Sisinia martiriarenganako begikotasuna eta faborea garbi azal zitzan mirari handi bat egiteko baimena emanez, aipu handiko mirari bat alegia, lau hegietara aldarrikatzeko horietakoa.

        Eta Abenduko egun batez, mendeko hamabigarren urtea eskierki, don Justo del Espiritu Santok hogeita bost pezetatako oparia jaso zuen Avilatik, andere ezezagun batek bidalirik, Sisinia martiria aldareetara jasotzen laguntzeko, mesede oso berezi bat egina baitzion. Inolaz ere, Sisiniaren hiltzailea bera ere Avilakoa zela-eta, don Justo del Espiritu Santok bi gertakari hauen artean lotura aise egin zuen eta aspalditik zain zegoen mirari handia izango zen uste eta esperantzan, apaiza Avilara joan zen eta hiru egun geroago itzuli zen zalantzatan murgildurik. Eliztarrek galde eta galde, ez zioten bake onik ematen eta, azkenerako, don Justo del Espiritu Santok esplikatu zien Maria Garrido andereak lorito bat zuela, Gineatik ekarria, eta egun batez mutu geratu eta azken hiru hilabeteetan halaxe zeukala, eta hiriko albaiteroek eta otorrinolaringologoek etsipenak eman ondoren, Maria andereak Sisinia martiriari gomendatu zionean itzuli zitzaiola hitza hegazti berritsuari. Nahiz eta bere ustea ustel gertatu eta helburu nagusia kale atera zitzaion arren, barne aberastasun handiz jantzi zuen bidaia honek don Justo del Espiritu Santo, zeren eta handik aurrerantzean gure bikarioak bere adierazpenak finkatzeko eta adibidez hornitzeko Avilako harresiak aipatu gabeko sermoirik ez baitzuen bota. Esate baterako, Avilakoak bezalako harresiak behar ziren bere kristauen arimak haragikeriaren erasoetatik babesteko. Paradisua ere Avilakoak bezain harresi sendoz inguraturik zegoen, eta kristauak obra on bakoitzaz maila bat eransten dio hura gaindituz paradisua lortzeko egun batez baliagarri izango zaion eskailerari. Birjintasuna, gainerako beste bertuteak bezalaxe, Avilak bere altxorrak gordetzen dituen modu berean gorde beharrekoa da, harrizko hesi batez estali eta ezkutatuz, bere distira kanporatzen utzi gabe. Ordutik hasi ziren nire herrian gauza handi, altu, finko, tinko edo garrantzitsuren bat aipatzerakoan esaten: «Avilako harresiak baino handiagoa» edo «Avilako harresiak baino garrantzitsuagoa», nahiz eta bikarioaz eta Sisinia hil zuen morroiaz aparte, Avilako hiria herriko inork sekulan ikusi gabea izan.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia