8. SISINIA, BIRJINDADEAREN MARTIRI

 

Nire herria, aldamenetik begiratuz, eremutik behera datozen argi-harien poste-zerrendak hegiz hegi darraikion Molacegos del Trigorako bidetik alegia, Cotarra de las Maricasek ia erabat estaltzen dizu. Cotarra de las Maricas muino-bixkar leun bat da, baina halere Abuztuan gari-sortak bizkarka larrainera garraiatzen dituztenei ez zaie horratio hain leuna iruditzen. Beno, ba Cotarra de las Maricas-en gibelean, Molacegos del Trigoko bidetik ehunen bat metrotara-edo, labanez sastakatuz hil zuten Sisinia gaztea, Telesforo eta Herculanaren alaba, hogeita bi urtetan, Uztaileko gau batez, mendeko bederatzigarren urte aldera. Hiltzailea kanpotar bat zen, don Benjaminek uzta lanetarako Avilako lurretatik ekarria, eta gero esan zutenez, burutik dexente jota zegoen. Nolanahi delarik ere, gau beltz bateko ilunpetan mutila bidera atera zitzaion Sisiniari, eta zera eskatu zion, eta, neskak nonbait ukatu egin baitzion, besteak bortxatu egin nahi izan zuen, baina neskak gogor eutsi horratio, eta orduan besteak labana astindu eta sastakaz josita utzi zuen. Biharamunean, kare-lurra odolez busti-busti zegoen tokian bertan, don Justo del Espiritu Santok egurrezko gurutze bat eraiki zion eta, herri guztia jaietako arropaz jantzita eta neskato eta mutikoak lehen-jaunartzekoz jantzita bildurik, elizkizun-zeremonia bat ere moldatu zuen. Don Justo del Espiritu Santok eliza-jantzitan parte hartu zuen, eta ahotsa dardaraz zeharo hunkiturik, Sisinia martiriaz eta birjintasuna zaintzeko sakrifizioek Goiko Jaunarentzat zuten atseginaz hitz egin zuen. Azkenerako begiak ñir-ñir zituen, eta harik eta Sisinia martiriaren izena Saindutegi-liburuko zerrenda sakratuetan ikusi arte atsedenik ez zuela hartuko esan zuen.

        Handik hilabetera, egurrezko gurutzearen inguruan lore txiki hori batzuk erne ziren, eta don Justo del Espiritu Santok zioenez, Jainkoaren nahiak eraginik sortuak ziren noski, eta baina Antoniok ikusarazi zionean udazkenean larrainetan ernetzen diren azpelarrak berak zirela, haserre bizitan jarri zitzaion, ateoa eta ernegatua zela deiadarka. Eta gauza hauek zirela medio, gero eta jende gehiago etortzen hasi zen, eta zerbait behar zuen edozeinek, gurutzeraino hurbildu eta Sisiniari eskatzen zion behar zuena, hika eta konfiantza osoz hitz eginez. Rolliza del Arroyoko alaba bat, Telesforo eta Herculanaren alaba hain zuzen, Zeru Goietan esku-eskura bitarteko gisa edukitze hori herrian dohain berezitzat hartzen zen. Eta herritarrek egunez loreak eramaten zizkioten eta gauez oliokandelak pizten zizkioten, kriseiluetan babesturik garra iparrak itzal ez zezan. Eta izan ere, urtero udaberrian zehar inguruetan ezagunak diren lore mota guztiak —izar liliak, malmeak, txilinak, lo-belarrak, mitxoletak— gurutzearen oinean pilatzen ziren, babes bila bezala, eta don Justo del Espiritu Santo haietako bakoitzari esanahiren bat topatzen saiatzen zen, eta horrela, izar liliek zuriak izanik Sisiniaren birjintasuna adierazten omen zuten, mitxoletak berriz gorriak zirenez, Sisiniaren odol-martirio krudelaren sinbolo ziren, malmeek ubel izanik Sisiniaren heriotza sinbolizatzen zuten, baina sanjoanloreetara heltzean, horiak izanik, gure apaiza trabaturik geratzen zen beti, baina halako batean, martiriaren inspirazioz dudarik gabe, don Justo del Espiritu Santok garbi esan zuen, sanjoanloreak horiak zirenez, bere burua lizunkeriaz narriotzen uztea ez ametitzearren Sisiniak uko eginez bazterrera utzi zuen urrearen sinbolo zela. Avilako morroi-mutil hark Sisiniari urrerik eskaini izanaz, herrian nahiko zalantza bagenuen, eta are gehiago, xemeko zulaturik ez zeukan gizajo burugaldu bat besterik ez zela pentsatzen genuen, baina don Justo del Espiritu Santok hain kartsuki hitz egiten zuenez, inoiz ez bezalako sua eta indarra eta bihotza jartzen baitzituen bere hitzetan, ba, azkenerako gauzarik arruntenaren gisa onartu zen herrian urrearen hori ere. Urte hartan bertan, Garizumako ospakizunez baliatuz, don Justo del Espiritu Santok Sisinia martiriaren beatifikazioaren aldeko Batzarra sortu zuen. Don Armando eta Tadeo ez beste guztiak sartu ziren Batzarrean. Eta neskatoak bere deboziodunei ematen zizkien graziak eta gainerako mirariak zehazki aldarrikatzeko orritxo bat argitaratzen hasi zen.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia