7. SAN BITOTAKO KARRAMARRO-JANAK

 

Moradillo erreka Fuente de la Salud-en jaiotzen da, gure herrian Encapuchados deritzan makaldian zehar igarotzen da eta gero nagi-nagi ipular eta ezpata-belar eta azeri-buztan artean hesiturik abiatzen da Malpartida aldera. Pixka bat harantzago Aceitero errekara husten omen ditu bere urak, esan didatenez; honek urak berriz Sequillo errekara isurtzen dira, Bellver de los Montestik hurbil. Sequillokoak gero Valderaduey errekakoak ugaltzera doaz, eta Valderadueykoak azkenik Duerorekin batzen dira hain zuzen hiriburuan. Jakina denez, Dueroren urak Atlantikora husten dira, Oporto ondoan, eta beraz bistan da, izatez patxadan egotekoa izanik, nire herrian bidaiaririk ere badela, Fuente de la Salud-eko urak alegia. Ur hauek, diotenez, legena, itsu, psoriasis eta larruazaleko beste zenbait ixipula eta gaitzen kontra oso onak dira, baina dena den nire aitari bizkarrean legen bat atera zitzaion batean eta Moradilloko errekan bainatu zelarik, atera zuen etekin garbi bakarra pulmonia bat izan zen. Nahi dena delarik ere, ur horiek direla-eta, nire herria txango-lekua da, eta erromes-txango ohitura hori askoz gehiago zabaldu zen hogeita bi urtetako Sisinia gaztea, Telesforo eta Herculanaren alaba, basati batek bortxatu zuenez gero, mendeko bederatzigarren urte inguruan-edo, eta bere birjintasuna defendatzeagatik hil zenez gero. Don Justo del Espiritu Santok, herriko bikarioak, setati ekin zion hura kanonizatzeko lanbideari, aldareetara jaso nahirik, eta herrian oraindik ere hortan sarturik dabiltza. Baina hori beste laka bateko zahia da.

        Moradilloko urak larruazaleko gaitzen kontrako indarrik izan ala ez, zalantzarik ez duena zera da, karramarro-leku bikaina dela, eta mende-hasiera inguru hartan, txinga batez eta lau hagakariren artean, iparraizea ateratzen zen edozein arratsaldetan lan handirik gabe hiruzpalau zaku bete ateratzen zen. Garai hartan gauza hauek hain hertsiki arautu gabe zeuden eta karramarroak salabardoz harrapa zitezkeen, gizabidezkoa den bezala, edo eta xederaz ala erradinez edo beste gabe esku-hutsik, alegia, esan ohi den bezala, ipurdia bustiaz, arrainik jan nahi duenak egin behar duen bezala. Dena dela, San Bitotan, ohitura zaharrari jarraiki, herriko familiak erreka bazterretan zehar sakabanatzen ginen karramarro harrapatzera, eta arratsalde beranduan Los Encapuchados-en biltzen ginen meriendatzera. Bakoitzak bere lekugunea ohituraz seinalaturik zeukan errekaldean, eta Ama, Aita, arreba Bizkiak, izeba Martzelina eta ni, herrian, ez dakit zergatik, Siete Sacramentos deritzaten txaradi inguruko zazpi makalondoen itzalean jarri ohi ginen. Hara iristen ginenean aitak kontu handiz ipintzen zituen salabardoak urgeldi sakonenetan, makila-urtxuloaz azeri-buztanak apartatu ondoren. Aitak zezinokelaz beitatu ohi zuen, baina gauzak gaizki bazihoazen, niri aitzurra eman eta lur ezetan zizare bila jarri ohi ninduen. Karramarroak nekez egingo dio muzin horrelako beitari. Poncianok berriz, patata frijituz beitatzen zituen bere salabardoak, eta Balentinek, sekretarioak alegia, zaldi barez, eta bazen beste zenbait, esate baterako Don Justo del Espiritu Santo, bikarioa, zekale-ogiaren azala erabiltzen zuenik. Bizkorrenak, zalantza gabe, Hernando anaiak ziren, Lahocesko eremuko lurretakoak alegia; hauek txinga botatzen zuten eta gero inguruko urak makilkatzen zituzten hondoa harrotuz eta dena astinduz, harik eta sarea karramarroz betetzen zen arte. Iluntze aldera, txaradian, norberak bere modura prestatzen zituen, eta mutikook, haginik handienak behar bezala hustu ondoren, txilibituak egiten genituen. Gogoan dut oraindik ere, nire amak bere amonarengandik zetorkion errezeta bat bazuela: Karramarroak bizi-bizirik olio pittin batekin eta eskutara bat gatz lodirekin surtaratzen zituen eta piztiatxoen hilzoriko azken unean baratxuri ale bana gaineratzen zien eskumuturraz harri gainean lehertu eta apur bat zukuturik. Formula honen sekretua hauxe zen guztia: Karramarroak gorritzen hasten zireneko punttu-punttuan ozpinez zipriztinduz egoki ezartzen asmatzea. Baina errekaldeko txaradiko jaia gaizki bukatu ohi zen aitarengatik, betiere zahatoari gehitxo eragiten baitzion, eta jakina, Marchamaloko gorriak ez zuen barkatzen eta berehalaxe burura igotzen zitzaion.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia