6. FUENTETOBAKO TONTOR ARRA

 

Izeba Martzelina ez da nire herrikoa, Fuentetobakoa baino, lau legoatara dagoen herrixka bat. Nire ustez berdintsu da, zeren eta nire herriak eta Fuentetobak bi arrautzek baino antz handiagoa baitute elkarren artean. Han ere labore berdinak, muinoak, karduera, olo gaiztoa, beleak eta makalondoak, badira eta bere burua aintzakotzat hartzeko gauza den edozein herrik bezala, karramarroz betetako erreka bat ere badu. Hala ere Fuentetobari bi berezitasun nabarmentzen zaizkio makalondoak oso meheak direla, hezur-huts balira bezain argalak, eta herri-buruan borobila ez den tontor bat baduela, tontor zakarra, gailurra gandorturik, tontor arra balitz bezala, tontor burrukaria. Lurraren eta makalondoen artean erdi ezkutaturik dagoen herrixka honen gurenean beti zelatari gisa begira dagoen tontor honi, bertakoek Toba deritzate. Eta Toba, eskualde hartan ohi ez bezala, ez da karelurrezkoa, harrizkoa baino, harri biguna eta arina, zerrote batez gazta bezala ebakitzen dena, inguru hartan kaiolako txoriek mokoa Karen kontra igurtziz ongi zorrotz dezaten erabili ohi da.

        Izeba Martzelinarekin gure etxean gauza bitxia gertatu zen. Izeba Martzelina, izatez amaren aldetik zen gure izeba, eta nik ezagutu nuen bezain xahar, ximel eta txikia betidanik izan zela pentsatzen nuen nik, aitak ezetz esaten zuen arren. Baina hala eta guzti ere, haur-irribarre atsegina zuen, eta herriko neskazahar guztien artean irribarre hori lora zezakeen bakarra bera genuen. Nik asko apreziatzen nuen eta berak ere maite ninduen ni. Bere etxean dena garbia, txukuna, isila eta baketsua zen. Eta aitak, haren etxea hilobi bat bezala zela esaten zuen, baina hilobiak horrelakoak baldin badira, hilda egotea ez da nonbait hain txarra. Izeba Martzelinak hosto, tximeleta, harri-txiki eta horrelakoak kolekzionatzen zituen, eta zaindu ere hala zaintzen eta gordetzen zituen, bilduma egiteari atzo ekin izan balio bezain kolore bizi eta dirdiratsuz. Hortxe mendeko zortzigarren urteko Eguberriak aldera Antoniok erregalatu zion erlatxori disekatu hura, nik, txikitan, oso begiko nuen; bere lumajean ortzadarraren kolore guztiak eta gehiago ere ageri zitzaizkion. Izeba Martzelinak bere logelako komodaren gainean zeukan, urre koloreko muellezko suge baten ondoan, eta suge honek, lepondotik heldu orduko isatsa dar-dar astintzen zuen urduri, haserre bizian bizirik bezala. Ni askotan, liluraturik egoten nintzen erlatxori disekatuari begira, edo eta sugeari lepotik heldu eta isatsa astinarazten. Horrelakoetan, izeba Martzelinak adeitsu begiratzen zidan eta hala galdetu ohi zidan: «Gustatzen zaik?». «Atzaparrez jatea baino gehiago, izeba», erantzuten nion nik. Eta berak orduan esaten zuen: «Hiretzat izango duk» edo «Gaur edo bihar hirea izango duk». Baina aitak badaezpada ere ohartaraziz: «Bera hil arte ez horratio». Eta baldintza honek goibeldu egiten ninduen, eta hura hainbesteko irrikaz nahi izateagatik atsekabeturik eta damuturik bezala.

        Aitak ere asko estimatzen zuen izeba Martzelina eta uzta garaian beti ere mordoxka bat apartatu ohi zuen goiz-fruituetatik, eta esan ohi zidan: «Hau hire izebari eramaiok». Eta Irailean inguruetako muino-maldetan ehizatzen ziren lehen eperrak ere, izebarentzat izaten ziren, eta Maiatzeko uzta-pikuak eta Abuztuko goiz-sandiak ere izebarentzat. Eta behin batean, kapitalera joan ginen batean, aitak koloretako postal bat erosi zidan, enamoratu bikote bat mahatsondo baten itzalean, eta izebari bidaltzeko esan zidan, Pozal de la Culebrako autobusean geu ere postalarekin batera iritsiko ginen arren.

        Baina nire herria bizileku sanoa da eta, diotenez, beste edonon baino urtetsu gehiago dago bertan, eta mendeko hamaikagarren urtean nire izeba Martzelinak laurogeita hamabi urte bete zituen. Eta txurrutak mihia lijerturik-edo, aitak hala zion: «Arte-zuztarra harkaitzetan baino finkoago atxikirik dagon. Eta ama haserretu egin zen: «Traba egiten al dizu, hala?» Baina handik aste batzuetara, izeba Martzelinari dardarizoa sartu zitzaion, itzaltzen hasi zen eta astebeteren buruan joan zen. Testamentuan, bere ondasun guztiok Pinoko monja komentuari utzi zizkion, eta hori jakin zuenean, aita bere onetik irtenda jarri zen, eta hildakoaren aurka egun eta berealdikoak botatzen ihardun zuen, eta monjak auzitara eramateko kontua ere aipatu zuen, gutxienez ere hainbeste eper, hainbeste goiz-fruitu eta nik hiritik bidali nion mahastipeko nobioen postalaren ordaina behintzat erreklamatzeko. Baina paperik ez zeukan, eta isildu egin behar, eta nik, erlatxori eder hartaz zer izan ote zen pentsatzen nuen bakoitzean, betazalak dardarka nituela ahaleginak egin behar izaten nituen negarrez ez hasteko.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia