5. HERNANDO ANAIAK

 

Lahocesko eremua aldapa-behera leunean jaisten da Villalube del Pan aldera eta nire herritik bertara bi bide dira —bata mendilepoaren aurretik eta bestea atzetik— eta bietatik zaldi-lauoinkan bakarrik igo daiteke. Nire herriaren aldetik gainzelaia txilarrez jantzirik dago, eta argiak halakoxe era berezi batean ematen dionean, arre eta ilunkaturik geratzen da balea baten gisa. Eta eremua nire herritik baino Villalube del Panetik hurbilago dagoen arren, lurrak gureak dira eta ni txikia nintzela Hernando anaiak ziren jabeak. Hiru anaietan zaharrenak, Hernando Hernandok alegia, herriko taberna ere berea zuen, eta ateratzen zuen ardo gorri zurixkak bere kolore ahularekin bista ederki engainatzen zuen, zeren eta hiruzpalau basoerdi aski baitzen tamainako mozkorra moldatzeko. Ardo hori Marchamaloko dolareetan zanpatzen zuten, nire herritik hiru legoatara, eta hortan jakitunek ziotenez, ardo hain bizi eta oldartsua ez zen mahasti berrietako mahatsaren indarrez, eskualde hartako berdaska hura erronka handitarako ez baitzegoen, baizik eta mahatsa zukutzen hasi aurretik mutilak garbitzen ez zirenez, oinetako izerdi eta hautsen tortika garratza erantsita zuelako alegia. Beno, ba Hernando anaiek eremua harri kaskarrez garbitu zuten eta gero garia erein zuten ildoka, legezkoa den bezala, baina handik urte batzuetara purraka erein zuten, eta berealdiko uzta jaso zuten. Eta herrian mundu guztiak haren sekretua jakin nahi zuen, zeren eta purraka ereindako garia ugariago hazten baita, jakina, eta baina mando pare harekin eta erromatar golde arrunt zahar harekin halako lanbide harrigarria burutzeko modurik inork ezin zuen asmatu. Baina Hernando anaiek ez zuten lukurreroak sosa adina hitz xahutzen, eta horretaz txintik ere ez. Eta udazkenarekin batera, beren lanabesak hartu eta han igotzen ziren hegoaldeko bitxurretik gora eta, hiru zirenez, bidean gora zihoazen eran, Hiru Erregeak ziruditen. Hara helduz gero, lurra irauli egiten zuten lastoa eta galtzua ustel zitezen eta lurra airezta zedin. Gero udaberrian, ezer ez balitz bezala, birgoldatu egiten zuten, baina inork ulertu ezin zuena zera zen: nola demontre moldatzen ote ziren ildoak harrotu gabe hazia estaltzeko. Eta begiluzeren batek muturra sartzeko asmorik baldin bazuen, Norbertok, hiruretan gazteenak, golde gainetik eskopetaz tiroka ekiten zion, eta esaten zutenez, jotzera botatzen omen zuen.

        Dena den, mendibizkarraren aldatsa gorria eta elkorra da, eta udaberriko euriaz doi-doi leuntzen da apur bat bere laztasun idorra, salbia eta izpilikua ernetzean. Aldats hartan behera, hain zuzen ez dakit zergatik herrian mundu guztiak La Lanzadera zeritzan, Abuztuan eper txituak ikusi ohi ziren galtzuetara jaisten. Eperkumeak hain agudo jaisten ikusiz, piririka zihoazela ziruditen. Fila indian ibiltzen ziren, eper handia buru zutela, zer gerta ere alde guztietara begira zelatan, eta umeak berriz fidakor, tarteka-marteka harri kankarren batean oztopatuz, hasiberritan oso motel txiokatuz, artean hormatxorien gisa. Gero, ilunkastean, paparra beterik eremura itzultzen ziren, ilara-ilaran, eta han goian, Hernando anaien lurretan egiten zuten gau.

        Silos artzaina, azeria bera baino ere kaltegarriagoa zen ehizarentzako, Antoniok zioenez behintzat. Silos artzaina irrikaz saiatzen zen eper habien bila, eta gauean Hernando Hernandoren tabernara jaisten zen eta han arrautzak tortillan jaten zituen. Behin batez malkarrean hamabi arrautzako habi bat aurkitu zuen, eta egun horretan besteetan ohi ez bezain hiztun etorri zen. Horren berri izan zuen orduko, Antonio tabernara joan zen eta, beste gabe, tortilla hartu eta airera bota zuen, eta artzainari deiadarka: «Ea, harrapa ezak airean; horrela egiten duk eper ehizean. alproja». Silos, tupustean, harri eta zur egina geratu zen, baina berehalaxe bere oneraturik, hala bota zion Antoniori: «Nik eskutik irabazteak amorrarazten hau hi, baina hik eme bat hilko duan egunean, luma eta guzti irentsaraziko diat». Eta gero, lauhankan jarri zen eta, eskuez ukitu ere egin gabe, zanga-zanga jan zuen tortilla, zakurraren gisa. Antoniok alde egin zuenean, Silosek Marchamaloko gorritik hiru trago zurrutatu zituen eta zintzoaz eta gaiztoaz, justiziaz eta injustiziaz egia biribilak finkatu zituen, eta hala zioen: «Berak eper eme bat hiltzen badu, ni isildu egin behar, arrautzarik gabe uzten nauen arren, baina nik arrautzak jaten baditut, horrek protesta eta erronka ahobete, nik eperrik gabe uzten dudalako. Zer justizia-klase da gero, hau?»

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia