4. EREMUKO MUSKILDIA

 

Hori guztia mendebaldekoa da, Pozal de la Culebrarako bide aldekoa. Ekialdetik, bitxurrik-bitxur Cerro Fortunara igoz gero, eremuarekin topo egiten duzu. Eremua, muga gabeko lurralde soil gorria da, eta zerua hodeiturik dagoenean lurrak zerua dirudi eta zeruak lurra, hain baita izan ere elkorra eta biluzia. Ni mutikoa nintzela, eremuak ez zuen hasierarik ez bukaerarik, eta ez zegoan zuinik ez mugarririk erreferentziatarako. Hedadura hain zekena eta zabala izanik, begira egote hutsez begiak nekatu egiten zitzaizkizun. Gero, Navalejostik argia ekarri zutenean, erraldoi erkin gisa altxatu ziren bertan zehar posteak, eta neguan mutikook, beste zeregin hoberik ez genuenean altajoz kikarak haustera igo ohi ginen. Baina, dirudienez, gerrate denboran, eremuak baso bihurtu behar zirela esan zuen hiritar jendeak, alegia Castillan euririk egiten ez bazuen zuhaitz faltarengatik zela, eta garia mardultzen ez bazen euri faltaz zela, eta denek, txiki eta handi, lanari ekin zioten, baina gogor ahalegindu ziren arren, Abuztuko eguzkiak kiskalirik uzten zituen kimu berriak, eta zenbait urteren buruan apenas itsatsi ziren han dozenerdi bat pinu txastar eta hiru zipres sakats. Baina nire herriko jendeak, eskasiara hain egokitua izanik, burgoikeria apur batez hari «Pimpollada» deritza. Baina hura Pimpollada izan baino lehen, eta Navalejostik argia ekarri baino lehen, erabaki garrantzitsuren bat hartzera beharturik gertatzen zen bakoitzean, nire aita eremu hartara igo ohi zen. Don Justo del Espiritu Santok, apaiz jaunak, Arrabal de Alamilloko nire osaba Remigioren estudiante-lagun izanak alegia, nire aitak bestearena egiten zuela esan ohi zuen, eta beste hori nor zen galdetuz gero, beti berdin erantzuten zuen, Mahoma zela alegia. Eta herrian nire aitari Mahoma deitzen zioten, nahiz eta herrian nitaz aparte, eta agian erbi-ehizarako Hunter ingeles bat zeukan don Benjaminez aparte, han beste inork Mahoma nor zen jakin ez. Aita eremura behin baino gehiagotan niregatik igo zela badakit, nahiz eta izatez haren nahigabeen erruduna benetan ni ez izan, zeren eta ez estudiatzerik ezta nekazaritzan lan egiterik ere nik nahi ez izan arren, horrek ez baitzuen esan nahi ni alpertzar nintzenik. Nik gaztetandik nabaritzen nuen nire barnean halakoxe kontenplazio-min handi bat, grina baten gisako irrikaz, eta beharbada horregatik, ikasketak egiteko joerarik ez nuen sekulan izan eta irakaslearen harropuzkeria ere ez zitzaidan sekulan interesatu, ezta koloretako klarionez letrak eta numeroak eskribitzen zituen tablero hura ere ez zitzaidan interesatu. Eta aita, hiria eta ni bisitatzera kapitalera etorri zitzaidan igande batez, patioan Satorrarekin, nire irakaslearekin alegia, topo egin zuen eta joan eta esan zion: «Zer?» Eta maisuak erantzun zion: Gaizki. Hemendik ez dugu ezer aterako. Baserria aurpegian pintaturik darama». Aita, buruan jotako zakurra bezalaxe geratu zen, eta bere muzin eta espantuak eta ezpaina lotu zion dardarizoa ikusirik, bere bizitzako atsekaberik larriena jaso zuela zirudien.

        Udan, nire baitan nekazaritzarako joera eta zaletasuna pizten saiatzen zen. Nik, han ikusten nituen gizonak beren laboreetan buru-belarri, eta aitak esaten zidan: «Ea, hator bona hi ere esku bat botatzera». Eta nik, obligazioz, nire esku trakets eta gauzaeza botatzen nuen. Eta berak orduan esaten zidan: «Horrela ez, txaldana. Besteek nola egiten duten ez al duk ikusten, ala?». Nik, ikusi bai, ikusten nuen eta miretsi ere bai, zeren eta nekazarien laneko mugimenduetan egundoko erritmoa, ia-ia artea, baitzegoen, eta efikazia nabarmena ere bai, baina ni ordea aspertu egiten nintzen. Hasieran, nik horrela nire harrokeriak eta oker kalkulaturiko duintasun sentimenduak eraginik jokatzen nuela pentsatzen nuen, baina nire burua hobeto ezagutuz nindoan eran ohartu nintzen ez zegoela horrelakorik, baizik eta nirea beste bokazio bat zela, diferentea. Eta hamalau urte bete nituenean, aitak eremura eraman ninduen eta esan zidan: «Hemen ez zegok testigurik. Ongi pentsa ezak: estudiatu nahi al duk?» Nik esan nion: «Ez». Eta berak orduan: «Lurra gustatzen al zaik?». Eta nik esan nion: «Bai». Berak esan zuen: «Eta lurra lantzea?». Nik esan nion: «Ez». Orduan, ezpainetako hautsak eta gainerakoak finki astindu zizkidan, eta gero etxean Coqui askatu zuen eta berrogeita zortzi orduz zakurraren katean loturik eduki ninduen, ez jan eta ez edan.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia