3. INTXAURRAK, MOZOLOA ETA ERLATXORIA

 

Argi-hariak eremutik behera ordekara jaisten dira, eta herrian sartu baino lehen, Bibiana atsoaren intxaurrondoaren puntaren gainetik pasatzen dira. Ni txikia nintzela, kableek karga handia bazekarten, liztorrak bezalakoxe burrundara ateratzen zuten eta, horrelakoetan, izeba Martzelinak irmo baieztatzen zuen deskargak gizona ziplo bota zezakeela, eta are errazago ni bezalako ume mukizu bat. Argi-indarra heldu zenean, herrian izan zen gora-behera eta zeresana franko, eta lehenengo aldiz Makariari kalanbrea eman zionean, Pozal de la Culebrako medikuari deitu behar izan zitzaion, don Linori alegia, histeria-aldia pasa erazteko. Gero, Emiliano geratu zen elektrizitate-konpainiako enkargatu gisa, argizale alegia, elektrizitate kontuetan zerbait bai baitzekien; eta lehendabizi egin zuena, argihari-posteetan txapazko plaka batzuk jartzea izan zen, buru-hezur bat eta bi hanka-hezur gurutzaturik, arriskua adierazteko. Baina harrigarriena, Bibiana atsoarena da zeren eta argi-hariak hedatu zituztenez gero bere intxaurrondoaren alerik ez baitzuen sekulan gehiago probatu, kalanbrea ematen omen zutelako. Eta benetan lastima zen zeren eta Bibiana atsoarena baitzen herriko intxaurrondo bakarra, eta klima gogorra izanik, urte banaka batzuetan bakarrik ematen zuen fruiturik. Don Benjaminek zioenez, hau beti bere Hunter ingelesaren gainean joan ohi zen inguruetako baso eta eremuetara, bere erbizakur arabiarra, nahiko makurra, atzetik zuela, ehiza garaia ez bazen kollaretik balazta zintzilik, ba Don Benjamin honek zioenez berantizozteengatik gertatzen zen zaila nire herrian intxaurrak lortzea. Eta egia zen. Nire herrian urtaroek ez dute inolako formalidaderik, eta udaberria eta uda eta udazkena eta negua arduragabeki zabartzen eta elkarren artean nahasten dira. Horrela, ez bat eta ez bi, Otsailean sargori itoa izan dezakezu, eta Maiatzean elurra. Eta San Ziriakoak joan eta gero, dagoeneko zuhaitzak ernamuinetan hasi direnean, izozteari ekiten badio, dena erre-zimeldurik utziko du, eta horrela harrapatzen duenak hurrengo urtera arte jai du. Baina Bibiana atsoa ordea, zeharo kaskagorra baitzen, eta intxaurrondoa argindarrak kiskaltzen zuela esaten zuen ziur baino ziurrago, nahiz eta herrian kriseilu-argitan ibili ohi ginen garaietan ere izozte beltza ezaguna izan. Dena den, uda denboran mozoloa intxaurrondoaren adarretan kokatzen zen eta ilargiari goibelki uhuka igarotzen zituen gauak. Emekiro egiten zuen hegan eta punta inguruko adarretan pausatzen zen eta ilargia handia zegoenean bere belarri luzeak argiaren kontra islatzen ziren. Gau batzuetan, mutikook zuhaizpean jarri eta harrika ekiten genion, eta orduan hura itzal bat bezalaxe hegaztatzen zen intxaurrondotik, isil-isilik, baina pixka bat goratu orduko bere «kiu-kiu» zorrotz samindua botatzen zuen aiuma baten gisa. Hala eta guzti ere, herrian ez genuen sekulan lortu mozoloak bere habia non egiten zuen jakiterik. Halere Don Benjaminek horratio esan ohi zuen, oso jakitun, usapalak eta mikak zapuzturik abandonatzen zituzten habietan egin ohi zuela, segur aski basaburuan, edo eta belatxingarenean, kanpandorreko hormazuloetan.

        Argi-hariak hedatu zituztenean, erlatxoriak ere azaldu ziren herrian. Udaberrian heltzen ziren sailka sakabanaturik hegan, txorrotxio xaramelatu leunen artean. Ni, sarritan, murkoaren ondoan etzaten nintzen ahoz gora, haien kolore distiratsuak eta hegakera airosoa, enararen antzekoa, ikusteko plazerarengatik, beste gabe. Denbora luzez segitzen zuten hegan eta pausatzera argi-harietara jaisten ziren, eta orduan beren kantuak isildu egiten ziren, baina koloreak ordea, beren bizkarreko urre-iluna, beren isatseko berde nabarra eta paparreko hori bizia, indar itsugarriz nabarmentzen ziren, dir-dir, eguzkiaren argitan. Don Justo del Espiritu Santok, herriko bikarioak, esan ohi zuen pulpitutik erlatxoriak ederrak zirela Goiaingeruak bezalaxe edo Goiaingeruak ederrak zirela erlatxoriak bezalaxe, segun eta nola zetorkion egokien bata nahiz bestea; baina Antoniok halere ez zion horratio muzin egin, ehiza-itxiaren asperrari debekuaren nagiak ateratzearren-edo,egun batez hamar milimetrotako karabinaz haietako bat botatzeko aukerari. Gero, Balentin sekretarioari eman zion disekatzeko, eta Eguberrietan izeba Martzelinari bidali zion, txukun-txukun bildurik, inolaz ere mesederen batengatik bueltak zor izango baitzizkion.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia