2. ANIANO ERREKARDARIA

 

Hanka egin nuen egunean, bizkiak lo zeuden, biak burdinazko ohe zaharrean, eta bekokian muin eman nienean, Klara, begi bat lo eta bestea, urdina, hunkigarriro geldi-geldi niri begira zuela, higitu egin zen eta muelleek kirrinka hotsa atera zuten, beraiek ere agur egin nahiez-edo. Aitari ez nion ezer esan, ezta ikusten saiatu ere, zeren eta aurrez abertentzia emana baitzidan: «Etxetik alde egiten baduk, egizak kontu ez nauala ezagutu». Eta nik, orduantxe bertan atera nituen nire kontuak, eta kito. Eta Elizioren makalondoaren babesean Anianorekin topo egin ondoren, Pozal de la Culebrarako bidea hartu nuen, pardela bizkarrean, Errekardariarekin berriketan, zeren eta nire herrian horrelako gauzei ez baitzaie garrantzi handirik ematen, eta norbait hortik zehar abiatzen bada, ba, itzuliko da; eta norbait gaixotzen bada, ba, sendatuko da, eta sendatzen ez bada hil dadila eta ehortzi egingo dute. Betiere horratio, herriak hor iraungo du, eta norberaren zerbait hor geratzen da beti, muinoetan eta makalondoetan eta galtzutan kateaturik, kiribildurik, trabaturik, atxikirik. Hirian gizona erabat, zeharo, hiltzen da heriotzan. Herrietan, ez; eta hezurrak eta haragia lur bihurtzen dira, eta gariak eta garagarrak eta beleak eta lapartxoriak garatzen eta hazten eta ugaltzen badira, norberak bere odola eta kutsua eta beroa eman zielako da, eta kito, besterik ez.

        Aniano eta biok bagindoazen bidean aurrera eta nik esan nion: «Ordu onik ba al duzu?». Eta berak begiak erdi-itxirik eguzkiari begira erantzun zidan: «Oraindik erdiak jo gabe». Eta nik haserre-antzean: «Autobusa harrapatzeko, eguzkiaz ez zaitez fida». Eta berak orduan bota zidan: «Horregatik baldin bada, ez zaitez kezka. Orestesek badaki ni joatekotan naizela eta autobusak ez du Aniano utzita alde egingo». Bihotzondoan atsekaberen baten zama nabari nuen eta isildu egin nintzen. Larretxoriak Tadeo zaharraren lurretan zebiltzan simaur-pila artean tatezka, sokorrik sokor, handienen bila, haien gailurretan pausatuz, eta gu bidearen bihurgunera heltzearekin batera, bi galeper hegalez hegal hegaztatu ziren. Eta Anianok esan zuen: «Antoniok harrapatuko balitu». Baina Antoniok ezin harrapa zitzakeen sarez baino, zeren eta, udaberrian, galeper batengatik kartutxo bat ez baitzuen alferrik galtzen, baina ez nuen ezer esan, bihotzondoko zama bainuen, eta ordurako, Kastilan herri txiki batekoa izatea gauza handia zela ulertzen hasia nintzen. Eta Viudaren bidezidorrera ailegatu orduko, atzera begira pausatu nintzen, ordekara begira, eta han zihoan zeharka-meharka hautsez betetako bide hura, eta ezkerretan, Poncianoren hiru arbeldonondoak ikusi nituen, eta eskuinetan, Olinpioren hiru arbeldonondoak, eta galtzu horien atzean herria, erdi-erdian elizako dorre zapala zuela, eta Karen inguruan, txiten gisa, buztin-zoiezko etxetxoak. Hiruzpalau etxe besterik ez, baina herri bat zen, eta hara begira eskubitara, artean ere nabari ziren Elizioren makalondoa eta Zenona atsoaren usategia eta uso-sail ugaria bidearen azken bihurgunearen gainean hegan. Herriaren atzean hasten ziren mendi-bizkarrak errautsezko tontor gisa, eta Fortuna mendi-lepoaren oinean, ipar-haize zakar eta hotzetatik babestuko ote duen-edo, Encapuchados basoa altxatzen zen. Hain zuzen San Vitotan, ni haurra nintzela, eta ama artean bizi zela, hantxe meriendatu ohi genituen aitak errekan harrapatzen zituen karramarroak, eskabetxe tortillarekin. Oraindik begien bistan dut aita zahatotik zurrutean luze eta sarri, eta amak esaten zion: «Utz ezazu zahato hori, Isidoro, gaitz egingo dizu-ta». Eta aita haserretu egiten zen. Aita amarekin haserre zebilen beti, lau kandelaren artean, lurrean luze etzanik, hilda ikusi zuenean ezik. Egun hartan negarrari eman zion eta «Munduan ez da emakume zintzoagorik izan», esaten zuen. Gero, Bizkiak besarkatu eta hala esan zien: (Jainkoari ez diot besterik eskatzen. Zuen ama bezain zintzoak izan zaitezte». Eta Bizkiek, oraindik oso umeak, ahopean barre egiten zuten, tuntun gisa esanez: «Begira zenbat jende datorren gaur gure etxera».

        Bide-okerraren bazterreko kareharriaren gainean sugetxori bat zegoen balantzaka, eta nire herriko ikusi nuen azkena huraxe izan zen, Aniano Errekardaria ordurako deiadarka bainuen mendibizkar gainetik: «Bazatoz ala etzatoz? Orestes-ek itxoiten du baina berantaraziz gero ipurterre hutsa da».

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia