1. BASERRIA AURPEGIAN

 

Nire jaioterria utzi nuenean, berrogeita zortzi urtez gazteago nintzen orduan, Aniano Errekardariarekin topo egin nuen Elizioren makalondoaren itzalean, Zenona andrearen usategiko atarian, Pozal de la Culebra-rako bide ertzean. Eta Aniano hurbildu zitzaidan eta «Nora abiatu zaigu gure estudiantea?» galdetu zidan. Eta nik, «Ez dakit ba, gizona. Urrutira». «Luzarorako asmoz?», berak. Eta nik; «Ez ba jakin». Eta bere ohizko sotiltasunaz esan zidan orduan: «Kapitalera noa. Zerbait behar bazenu...». «Ez, ez. Eskerrik asko, Aniano».

        Jadanik mende honetako bosgarren urtean batxilerra-edo estudiatzeko asmoz hirira joan nintzenean, nahiko lotsa pasatu nuen herri txiki batetik nentorrelako, batez ere irakasleek galdetzen zidatenean (hiritarra ala herrikoa ote nintzen jakiten aurrez saiatu beharrik gabe, jakina): «Isidoro, zein herritakoa zara?». Bestalde, externoak beren artean ahopean zirika eta adarra jotzen hasten zitzaizkidanean, oso mingarri gertatzen zitzaidan «Ikusten al duzue zer kankailu aurpegia duen Isidorok», edo eta beste gabe, pilotarako edo korrikapustu baterako nahiz txapatara jolasteko oinetara jokatzerakoan, isekaz erabakitzen zutenean: «Hori ez. Hori baserritar kankailu bat besterik ez da». Eta ni, argi ere argi ibili beharrean gertatzen nintzen, «Gure baserrian hau edo hura» edo «Herrira joaterakoan...» esanez oharkabean neure burua ez salatzeko. Baina halere, Satorrak, Aritmetika eta Geometriako irakasleak alegia, triangelu baten angeluek bi rekto balio zutela frogatzen ezin asmatuz nire buruhausteak nabarmen ziren arratsalde batean, hala esan zidan «Eser zaitez, baserria aurpegian pintaturik daramazu-ta». Eta harez gero, baserritar izan behar hori, egundoko kalbarioa zen niretzat; eta hormatxoriak galbahez edo kardantxiloak ligan nola harrapatzen ziren kontatzeko biderik, ez eskurik, ez nuen; edo eta errekaldeko lur harrotan esparragoak zaldi-simaurra emanez gero bikainagoak hazten zirela esplikatzeko; estudiante-lagunek nire lepotik barre egin eta mespretxatu egiten baininduten. Garai hartan nire ilusiorik handiena, kale-umeekin nahastea izaten zen, eta ganadua bezala harik eta hil arte guztirako markaturik uzten zuen herri-txiki hura zenik ere ahaztea. Eta oporretan-edo herrira itzultzen nintzen bakoitzean, oraindik tiragomaz zozoak botatzen edo orratz batez eta trapu gorri batez aintzirako igelak harrapatzen segitzen zuten nire txikitako lagunek: «Hor zetorrek Isi, bere kaleume planta nola erakutsi ez dakiela murmurikatzen zutenean, atsegin izaten nuen. Horrela ba, aukera presentatu zen bezain pronto, Bilbora alde egin nuen, zeren eta han, Panamako kanalera joan nahi zuten mutilak ontzietan debalde hartzen zituztela baitzioten, bidaiaren prezioa gero soldatatik deskontatzekotan. Baina hangoa ez zitzaidan gustatu. Zeren eta ordurako bizkarrezurrak nahiko lan ematen baitzidan eta nekez makurtzen bainintzen, eta lan gogorretarako egina ez nintzela iruditzen zitzaidan, eta, iritsi eta berehalaxe, trenbideko orratzain lana lortu nuen, eta gero Eskola Normalean atezain, eta handik zenbait denboratara Philips irratiak montatu nahiz konpontzeari ekin nion, txukun eta garbi sos batzuk poltsikoratzeko lanbide egokia hain zuzen. Baina kuriosoa zera da: jaioterritzat herri txiki bat izatea han ez zitzaidan mingarri gertatzen, aitzitik, norbaitek zerbait galdetu zain egoten nintzen, kontatu ahal izateko: «Han, gure herrian, zerria hiltzea honela eta hala egin ohi dugu» edo eta «Han, nire herrian, gizonak panazko traje raiatuz jantzi ohi dira, eta emakumeak oinetarainoko gona beltz luzez». Edo «Han nire herrian, ura eta lurra oso karetsuak baitira, txitak arrautza barruan itorik geratzen dira azala ezin puskaturik». Edo eta «Han nire herrian, erlebatzak alde egiten badu, lastozko otarre zulatu bat arteadar batetik zintzilik gerturatzea aski izaten da, erlategira itzultzeko». Eta orduan hasi nintzen, herri txiki batekoa izatea Jainkoaren erregalua dela, eta kaleume izatea berriz nolabait ere sasikume izatea zela, konturatzen; eta muinobizkarrek eta zikoinaren habiak eta makalek eta errekatxoak eta basaburuak betiere berean irauten zutela, baina hiriko adreilu-piloak, porlanezko mokorrak eta harri-metak egunetik egunera etengabeko aldaketan doazela eta, zenbait urteren buruan, norberaren jaiotza lekuaren inolako testigurik ez dela geratzen, zeren eta herri txikiena irautea den bezalaxe, hiriari etengabeko desegiketa eta xehaketa baitagokio, aurrerapena eta etorkizunaren irrika edo horregatik, alegia.

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia