Jende ona nekez da aurkitzen

 

Amonak ez zuen Floridara joan nahi. Zera nahi zuen, Tennessee ekialderantz bere familia ikustera joan, eta eginahalak eta bi egiten ari zen Baileyren erabakia aldatzeko. Bailey bere semea zen, izan zuen bakarra, eta haren etxean bizi zen. Mahaiaren aurrean zegoen Bailey eserita, aulki punttan, Journal-eko kirol orrialde laranjetatik zintzilik. «Adi ezak, Bailey, irakurri hau» bota zuen amonak. Amona zutik zegoen semearen ondoan, esku bat gerri ahulean itsatsia eta besteaz papera ximurtuz egunkaria semearen burusoileraino altxatzen ari zen. «Entzun ezak hau, Bailey; bere buruari «desorekatua» goitizenez deitzen dion tipo horrek kartzela federaletik ihes egin omen dik eta Floridarantz omen ziek; irakurri ezak bestela eta ikusiko duk zer egin dien gizajo horiei; nik ez nitizkek semeak eramango halako erailea asean eta betean dabilen lekura. Nola eduki, ba, neure barrena lasai!».

        Baileyk, burua ere jaso gabe bira-erdi egin zuen haurren amarengana; galtza luzeko emazte gaztea zen, ilargi baten antzeko aurpegi ttattar eta borobila bufanda berde batez inguratua, puntak koneju-belarri bi ziruditela. Sofan ezarrita zegoen, katilu bat eskutan, besoetako haurrari albarikoke zukua ematen. «Inondik inora haurrak izanak dira Floridan, jarraitzen zen amona; hobe litzateke orain beste norabait eramatea, gutxienez aldatu egingo lukete, zera. Bazter berriak ikusi eta burua pixka bat argituko lukete. Tennessee aldera, eguzkialdera, ez dira egundaino joan». Amak entzuten ez zuenarena egin zuen; John Wesley ordea, pottolo, gafadun eta zortzi urteko mutil koskor hark «Floridara joan nahi ez baduzu, zergatik ez zara etxean gelditzen?» esan zion. Lurrean exerita zegoen, June Star bere arreba gaztearekin batera komikiak irakurtzen.

        — Bai zera; ezta munduko urrearen truke ere amona ez litzateke etxean geldituko, esan zuen June Starrek bere buru zurigorria altxatu gabe.

        — A, bai e? eta zer egingo huke hik Desorekatuak harrapatuko bahindu? galdetu zion amonak.

        — Nik belarrondoko bat eman, esan zuen John Wesleyk.

        — Milioi bat dolar emanda ere, ez genuke amona etxean utziko, esan zuen June Starrek. Noranahi goazelarik goazela, bera ere etorri egin behar du. Ezta kanoiarekin botako bagenio ere ez luke bere lekua hutsik utziko.

        — Ondo zegon, ttikitto! esan zuen amonak. Gogoan edukiko dinat, bai, ileak kizkurtzeko eskatuko dian hurrengorako.

        Ileak berez kizkurtzen zitzaizkiola, eraso zuen June Starrek.

        Biharamun goizean, amona lehena zen automobilean joateko prest. Bazter batean ezarria zeukan bere poltsa, hipopotamo buruaren antzeko fardeltzar bat, eta horren azpian Pitty Sing, bere katua gorderik zeukan otarrea ezkutaturik zeraman. Nola demontre egongo zen katua hiru egunez etxean bakar bakarrik! A, zenbat aspertu beharko zen bera gabe! eta gainera, beldur zen gaseko erregailuren batean igurtzi eta ez ote zen ittoko. Katu bat eramanaz Motel batean sartzea Baileyri gustatzen ez berriz.

        Amona atzealdean zegoen eserita, Wesley eta June Star alboan zituela, Bailey eta haurren ama aurrealdean, besotako haurrarekin. Bederatziak laurden gutxitan irten ziren, automobilaren kontagailuak 55.890 mila adierazten zituela. Zifra hauek idatzi egin zituen amonak: garrantzizkoa izango zen zenbat mila ibiliko ziren kalkulatzeko eta. Hogeita bost minutu behar izan zuten Atlantako hiriaren bazterretaraino irteteko.

        Patxada-patxadan ezarri zen andere zaharra, bere algodoizko goante zuriak erantzi eta esku-poltsarekin batera atzealdeko kristalaren kontra ipini zituen. Haurren ama galtza luzetan zegoen, bufanda batez buru ingurua loturik zuela, baina amonak lastozko kanotier itsasurdina zeukan, zinta batez kulunkan eutsi eta bioleta xuri xorta bat ertzean josirik. Bere ttantta zuriko soineko itsasurdina soinean zeraman. Puntillaz orraztutako organdi zurizkoak ziren eskumuturrak; lepondoa ere berdin, gezurrezko bioleta xorta perfumatu bat itsatsia zeramala. Nolanahiko istripurik gerta balekio, eta karreteran hilik aurki balezate, etxe oneko señora zela berehala igarriko litzateke.

        Zera esan zuen gero, bide egiteko egun aproposa zela bere ustez, ez baitzen ez bero ez hotz: abiadura 55 miliatara mugaturik zegoela eta kontuz hi, Bailey, motoristak ezkutuan publizitate iragarpenen azpian edota basotxoetan zehar gordeta daudela eta hiri atzaparra bai laster asko erantsi haiek, azeleradoretik oina altxatzeko astirik eman gabe ere, zera! Gero paisajearen inguruko ikuspegi bereziak adierazi zituen: Stone Mountain; granito urdinak karretera han hemenka errenkadetan banatzen; malba-koloreko zain ttiki-ttikiez bizkorturiko buztin gorriko bide-bazterrak; eta hainbat eta hainbat baratze lurrean marra berde askoren tolestura aurkezten zutela. Eguzkiak zilarrezko argiz janzten zituen zuhaitzak, eta basabera ixilenari ere sua zerion. Haurrak komikiak irakurri eta beren ama lo.

        — Pasa! pasa azkar Georgiatik! esan zuen John Wesleyk; honela puska batean behintzat ez dugu ikusiko eta!

        — Ni mutil koxkorra banintz, esan zion amonak, jaio naizen lurraldeaz ez nuke horrela hitz egingo. Tennesseek bere mendiak ditu eta Georgiak bere muinoak.

        — Tennessee astakirten-zuloa besterik ez da, esan zuen John Wesleyk, eta Georgia herri zikoitza.

        — Jakina!, hitzartu zuen June Starrek.

        — Gure garaian, esan zuen amonak eskuak tolestuz zainak ageri zitzaizkiola, gure garaian haurrek lotsa pixka bat gehiago genion jaioterriari, bai gurasoei eta beste guztiari ere, horixe baietz. Beste era batera hazi izan gintuzten... O, ikus ezazue nini beltz eder hori! esan zuen txabola baten atarian mutiko beltz bat eskuz erakutsiz. «Nola ez da ba ederra izango horrelakorik ikustea?» galdetu zuen, eta denek burua itzuli zuten atzealdeko kristaletik mutiko-ttiki beltzari begiratzeko. Eta hark eskuarekin agur-agur egiten zien.

        — Prakarik ez zeraman, esan zuen June Starrek.

        — Litekeena da, bai. Baserriko beltz koxkorrak, argitu zuen amonak, ez du soinean ezer eramaten. Ez da gu bezala. Pintatzen baneki, ikuspegi horixe da pintatuko nukeena.

        Haurrek beren komikiak trukatu zituzten. Amonak haur besoetakoari eutsiko ziola eta amak haurra eman zion eserleku gainetik. Bere belaunetan eseri egin zuen amonak, xalto-xalto haurra erabiliz eta ezker-eskubi desfilean igaro zen guztia adieraziaz. Gero begiak bildu, ahoarekin sino-minoka ibili eta bere aurpegi mehar eta pergaminozkoa haurraren aurpegi goxo eta satinatuarekin bat egin zuen. Aldian behin, besoetakoak irriño antzeko bat edo egiten zion. Algodoi soro baten ondotik pasatu ziren; bazen erdi erdian bost edo sei hilobi zeuzkan esparru bat. Ugarte ttiki bat. «Begira kanposantua!» esan zuen amonak, behatz erakuslea tenk. Horixe omen zen familia osoa hilobiratzeko lekua. Etxeko ondarea omen; plantazioarena alegia.

        — Non da plantazioa? galdegin zuen John Wesleyk.

        — Haizeak eraman! erantzun zion amonak, «Ja, ja».

        Ekarritako komiki guztiak bukatu zituztenean, janari zorroa ireki zuten eta bazkaltzen hasi ziren. Azeituna bakarra eta kakahuete-gurinaz igurtzitako sandwich bat jan zuen amonak eta haurrei paperezko serbilletak eta zorroa bidera ez botatzeko agindu zien. Beste zereginik ez zutelarik, haurrak jolasten hasi ziren, hodei bat aukeratu eta haren itxura batak besteari adieraztera hain zuzen ere. Behi-itxura zeukan bat aurkitu zuen John Wesleyk, baina June Starrek asmatu egin ziolarik, ezetz-ezetz, kotxe itxura zeukala esaten zion John Wesleyk. Tranpatan ari zela zioen June Starrek eta elkarren artean zaplaztaka hasi ziren, amona azpian zutela.

        Geldik egoteko eta ipuin bat kontatuko ziela amonak. Amona ixtorioak kontatzen ari zenean, sino-minoka ezartzen zen, keinuz, begiz eta gorputz osoz. Zioenez, bere gazte denboretan, Georgiako Jasper herrian ba omen zen gorteiatzen zuen Mr. Edgar Atkins Teagarden zeritzan bat. Planta ederreko gizona, esan zuen, eta ongi bizitzen zekien horietakoa: larunbatero arratsaldez sandia bat omen zekarkion, bakoitzean E.A.T. bere hitz hasierakoak tink ezarrita, alajaina. Halako larunbat batean ere Mr. Teagardenek, sandia ekarri omen zion, baina etxean inor aurkitu ez, eta etxeko ateondoan utziz, Jasperrera berriro itzuli omen zen. Inork ez omen zuen ordea sandia haren aztarrenik izan, nola izango zuen ba, mutiko beltz batek E.A.T. hizkiak ikusi eta jan egin baitzuen!. Barrez hesteak botarazi zizkion John Wesleyri ixtorio honek, baina June Starrek ez omen zion gatz zipitzik ere aurkitzen. Larunbatero sandia bat ekartzearekin konformatzen zen gizonarekin inoiz ez zela bera ezkonduko, esan zuen. Amonak ordea gizon harekin ezkondu behar zukeela esan zuen, oso bizkorra baitzen; lehendabiziko Coca-Cola deposituak erosi zituena bera, eta ondasun ederra utziaz oraindik orain urte gutti hil zela, alegia.

        Sandwich erreak erosteko La Tour-en gelditu ziren. Gasolindegi bat zen La Tour, dancing ere izan ohi zen. Egurrez eta estukoz egina, erdi eta erdi, Timothy pasa eta baso soilgune batean zegoen. Red Sammy izeneko mamijario onbera batek zeraman martxa hura. Etxe drangala hura iragarkiz josita zegoen, eta etxerako bideak ere ezker eskubi bazituen iragarkiok:

 

PROBA EZAZU SAMMYren BARBAKOA.
BEREALDIKOA DA, ONA BAINO HOBEA.
GELDITU ZAITEZ SAMMYrenean.

SAMMY ZURE LAGUN ZAHARRA
BEHIN ETORRI BAZARA,
BERRIZ ERE ETORRIKO ZARA

 

        Kanpoan etzanda zegoen Red Sammy, atarian bertan, lurrean burua kamioi baten azpian; ondo ondoan tximu gris bat, oinbete bat luze, txor-txor ari zen zintziligailuak zeuzkan zuhaitz ttipi bati lotuta. Tximua salto bat egin eta zuhaitzean gorde zen, baina automobiletik haurrak irten eta berarengana korrika zetozela ikusi orduko, adarrik goreneraino igo zen.

        Barnetik, La Tour, gela bakar bat besterik ez zen, luze eta iluna, mostradore bat punta batean eta bestean mahaiak; erdian dantza egiteko pista. Denak juke-box ondoan oholez egindako mahai batean eseri ziren. Zer hartuko ote zuten galdezka Red Sammyren anderea heldu zitzaien, beltzaran handi bat, azala mate, ileak eta begiak baino beltxunago. Haurren amak bost zentaboko txanpona makinan sartu eta Tennesseeko vals-a ipini zuen; doinu hark dantzan ezartzen zuela, esan zuen amonak. Dantza egin nahi ote zuen galdetu zion Baileyri, baina honi aski izan zitzaion begirada kopetilun batekin erantzutea. Semeak ez zuen amaren izate alaia eta, gainera, atzera-aurreraka horiek bere onetik atera ohi zuten. Amonaren begi beltzak txingarretan zeuden; musikaren erritmoaz buruari eragiten eta aulkiari ere irri-arraka. June Starrek takoi zurrumaketa bat egin behar omen zuela eta disko bat eskatu zuen. Amak beste txanpon bat sartu eta doinu biziki lasterra aukeratu zuen. June Starrek pistara hurbildu eta bere ohizko emanaldia egin zuen.

        — Hori poxpolina, hori! esan zuen Red Samen andereak, mostradore gainean agertuz. Nahi al dun hemen gurekin gelditu eta nire alabatxoa izan... ?

        — Ezta pentsatu ere! erantzun zion June Starrek. Ezta milioi bat dolarrengatik ere ez nintzateke honelako etxezuloan biziko. Eta mahairaino joan zen korrika.

        — Hori poxpolina, hori! berresan zuen andereak modu oneko muzin batez.

        — Lotsarik bai al dun, June Star! garrasi egin zion amonak.

        Red Sam sartu zen eta bere andereari mostradore gainean zabal-zabal ez egoteko esan zion eta bezeroei azkar zerbitzeko. Gerriraino ia ailegatzen ez zitzaizkion praka kaki batzuk zeramatzan gizonak eta bere sabeltzarra ageri-agerian irin zaku baten antzera alkandora azpian dinbili-danbala.

        «Ederra sartu didate berriz ere! Ez dago zereginik!» Bere aurpegi gorrimina, izerditan pats, zapi gris batekin igurtzi zuen. «A zer nolakoak garai hauek! bai al daki batek nortaz bete betean fidatu?».

        — Horixe ezetz; jendea ez da garai batean bezain jatorra, esan zuen amonak.

        — Joan den astean bi gazte etorri ziren, esan zuen Red Samek; Chrisler bat zeukaten, traste zahar eta urratu xamarra zen, baina ongi zebilena, eta gazteak oniritzi egin nituen. Ziotenez, fabrikan lana egiten omen zuten. Eta? sinesten al didazue zorretan saldu niela? Zergatik egin ote nuen hori, esadazue, zergatik?

        — Bihotz oneko gizona zarelako! erantzun zion amonak batere zalantzarik gabe. Erantzun honetaz harriturik zirudien Red Samek.

        — Agian ez zabiltza oker, esan zuen.

        Bere anderea eskatutakoarekin heldu zen, azpiko bandejarik gabe, bost platerak batera zekarzkiela, esku bakoitzean bina eta bestea besagainean oreka-orekan. «Mundu azpi honetan ez dagoela inorrez fidatzerik! esan zuen. Inorrez ere ez» errepikatu zuen Red Sammyri begiratuaz.

        — Irakurri al duzu egunerokoetan kaletik baserrirantz hanka egin duen Desorekatu delako horretaz aipatzen dena? galdetu zuen amonak.

        — Ez nintzateke batere harrituko hona bertara gure kontra baletor, esan zuen andereak. Hemen gaudela baleki, bidean izango genuke, ni behintzat ez nintzateke harrituko. Kaxan bi txanpon badagoela hark jakin eta... ez nintzateke batere harrituko, baina batere...

        — Nahikoa da, esan zuen Red Samek, beren Coca-Colaren bila zoaz. Andereak entzun bezala egin zuen.

        — Jende ona nekez da aurkitzen, esan zuen Red Samek. Mundua ezinezkoa bihurtzen ari da. Oroitzen naiz giltza atean utzi eta alde egin zenezakeen garai haietaz, ederki oroitu ere. «Ez dugu gehiago horrelakorik ikusiko». Amona eta biak aspaldiko kontuak kontatzen hasi ziren. Amonaren ustez, gaurko gorabehera hauen errua Europak bakarrik zeukan: Europa ikusita, Amerikarrak oro aberats hutsak direla sinetsi behar baita, baina guzti hauetaz jarduteak ez duela merezi esan zuen Red Sammyk, amonak arrazoi osoa zuen eta. Haurrak korrika irten ziren argi zuri eta distiratsurantz eta tximuari begira egon ziren zintziligailuak zeuzkan zuhaitzaren hosto belaxken artean. Arreta handiz zorri bila zebilen tximua, litxarkeriak balira bezala banan-banan marruskatuz.

        Handik, eguerdiko bero bizian alde egin zuten. Amona ez lo bai lo zegoen baina bere zurrungak minutuka esnarazten zuen. Toomsboro pasa eta gero, guztiz iratzarri zen eta inguru haietako aspaldiko plantazio batetaz oroitzen omen zela zioen, bere gaztaroan hura ikustera joaten zela-eta. Etxeko portalak sei zutabe ba omen zituen eta, haritzez babesturik, bide zabal batek omen zeraman bertaraino; egur sarez inguratutako bi txabolatxo, alde bakoitzean bana, bai omen. Haietan etzatera senargaia eta biak joaten omen ziren, jardinean zehar paseatu ondoren. Argi eta garbi oroitzen omen zen oraindik amona haraino joateko bidegurutzeaz. Berak bazekien Baileyk ez zuela inondik inora etxe zahar bati begira egoten une bat ere galdu nahi izango, baina zenbait eta gehiago hitz egin, gura handiago zuen etxea ikusteko, baieta txabolatxo birixkiak bertan ote zeuden jakiteko ere. «Etxe hartako egur eta zurerian ba zegoen ohol sekretu bat» esan zuen propio. Asmakizun hutsa zen, baina zorabiatzen duen horietakoa izanik, jarraitu egin zen: «Sherman gure herrian sartu eta puntatik puntara pasa zenean, etxe hartako zilarreria ohol haren atzean ezkutatu zuteneko surmurra sortu zen, eta inork ezin izan zuen inoiz hura aurkitu...

        — To! esan zuen John Wesleyk, goazen hura ikustera! Geuk aurkitu baietz! Zureria guztia zehatz-mehatz miatu eta atzaparra erantsiko diogu. Nor bizi ote da etxe horretan? Non da bidegurutzea? Adizu, aita, hara itzuliko gara, ezta?

        — Egundaino ez dugu inoiz zureria sekreturik ikusi! Garrasi egin zuen June Starren eztarri burrunbatsuak. Goazen zureria sekretu bat daukan etxea ikustera! Aita, zureria sekretua daukan etxea ikusi nahi nuke!

        — Badakit ez dagoela hemendik oso urrun. Hogeiren bat minutu galduko genuke gehienik jota ere, esan zuen amonak.

        Baileyk begi aurrean karretera bakarrik zeukan eta masaila zurrun, zaldiperraren gisa. «Ez», esan zuen.

        Haurrak oihu eta arrantzaka hasi ziren, zureria sekretu bat zeukan etxea ikusi nahi zutela eta ikusi nahi zutela. John aurrealdeko aulkiaren kontra ostikoka eta June Star, bere amaren sorbaldari itsatsirik, belarri zuloan negarrez zera esaten ari zitzaion, ezin dibertitu zirela, ezta oporretan ere, inoiz ezin zutela BERAIEK nahi zutena egin. Haur besoetakoa marrumaka eta John Wesley aurrealdeko jarlekuaren kontra gogor jarraitu zen, oso gogor, bere ostikoak aitaren giltzurrunak goldatzen hasiak baitziren.

        — Bueno! garrasia bota eta automobila bazter bateko parking batean gelditu zuen.

        — Ixildu behar al duzue? Ixilduko al zarete minutu bat behintzat? Ixiltzen ez bazarete, ez gara inora joango.

        — Asko ikasiko dute, esan zuen ixil-mixilka amonak.

        — Ongi da! Baileyk. Baina etzazuela ahaztu: horrelako txorakeriarengatik gelditzen garen lehendabiziko aldia eta azkena izango dela; lehena eta azkena.

        — Hartu behar dugun lurrezko bidea, mila bat atzerago dago gutti gorabehera, esan zuen amonak; pasatzerakoan ezagutu dut. Hots emango dizut, adierazi zuen.

        — Lurrezko bidexka bat! karrak egin zuen Baileyk.

        Itzulerdi egin eta lurrezko biderantz abiatu ziren bitartean, etxe hartako xehetasun gehiago burura zetorkion amonari, sarrerako portxe gaineko badaezpadako bidriera hura, eta hall hartako kandelairua. Ohol sekretua su-bajuaren barnean edo egongo zela, esan zuen Johnek.

        — Ezin izango duzue etxean sartu, esan zuen Baileyk, ez dakizue eta, nor bizi den.

        — Jendearekin hizketan ari zareten bitartean, neroni atzetik joan eta leihotik barrena sartuko naiz, gogora eman zuen John Wesleyk.

        — Denak geldi geldirik egongo zarete kotxe barnean, esan zuen amak.

        Lurrezko bidea hartu eta automobila bide sotoetan saltoka zihoan, atzetik hauts arrosazko zurrunbiloak altxatzen zituela. Bide asfaltaturik ez zegoen garaia gogoratu zitzaion amonari, egunean hogeita hamar mila baino gehiago egiten ez zen garai hura, alegia. Malkarra zen bidea, zulo ikaragarriak han eta hemen, itzulinguru izugarriak, bazter txarrak. Noizean noiz, mendi muino batean azaltzen ziren, eta zuhaitz gain-urdinak beren azpian ikusten zituzten makina bat miliatan zehar; handik laster berriz, zoko bazter gorri batean zeuden, eta inguruan hautsez jositako zuhaitzek azpiratu egiten zituzten.

        — Ditxosozko etxe honek bere buztana azkar asko beharko luke erakutsi, esan zuen Baileyk, ze bestela atzera egingo dut berriro.

        Bazirudien hilabete askotan bide hura inork ez zuela erabili.

        — Hemendik gertu behar da, esan zuen amonak, baina hitzok esan bezainbatean, zerbait ikaragarria bururatu zitzaion. Masailak guztiz gorriztatu zitzaizkion, hain baitzegoen bere onetik aterata, begiak zabaldu eta oinak ikara bizian ezarri, ertzean eusten zion poltsa lurrera bultzatuz. Erortze hartan, katua ezkutatzeko otarrea estaltzen zuen egunkariak irrista egin zuen, eta Pitty Singek, haserre, Baileyren bizkarrera salto egin zuen. Haurrak aulkitik behera erori ziren eta beren ama, haur besoetakoa lotu lotua zuela, atetik kanpora jaurtikia izan zen; amonak aurrealdeko eserlekua jo zuen. Automobilak itzulipurdi egin eta ezkerraldera etzanda, haitzarte sakan batean lurrartu zuen, bidetik harantz xamar. Iltze batek josia bezala, Bailey bolantean tenk, katua lepoan estekatua zeukala. Marra grisezko katua zen, mutur laranja, buru zurixka bat.

        Besoak eta zangoak higitzerik bazutela ikusi orduko, haurrak lau hankan irten ziren automobiletik, «ixtripua izan dugu» oihukatuz. Aurrealdeko zango-lekuan kuxkur-kuxkur eginik zegoen amona, egon ere zaurituaren zoria antsiatzen zegoen, hartara, puska batean sikiera, Baileyren amorrazioari gibel emango zion ustetan. Ixtripua izan aurretik bururatu zitzaion zerbait izugarri hura zera zen, hain garbi oroitzen ari zen etxea Georgian ez baino Tennesseen zegoela alegia. Bayleyk bere lepotik Pitty Sing bi eskuez askatu eta leihoz kanpo pinu baten kontra bota zuen. Gero automobiletik irten eta haurren amaren bila hasi zen. Ama, lurgorri hartan egindako zuloaren lurpiloan zegoen eserita, haur besoetakoa aiuma betean altzoan zuelarik; aurpegian ebaki bat eta sorbaldako hezurra hautsia, besterik ez zuen. «Ixtripua izan dugu» iji-ajaka zebiltzan haurrak, poz pozez.

        — «Inor ez da ordea hil esan zuen etsiturik June Starrek, hartan, amona xinpili-xanpala automobiletik irteten ari zen sonbreirua buruan tink oraindik, baina aurreko hegala apurtua zeraman eta angelu zuzena eginaz gora altxatzen zitzaion, konkistadore balitz bezala; halere oso gloria guttiz zeraman, bioleta xorta hura alde batean zintzilik. Haurrak ez beste guztiak zuloaren hegian, lurpiloan, eseri ziren kolpe hartatik beren onera itzuli arte; hostoen antzera zeuden denak, dardara batean.

        — Baliteke kotxeren bat pasatzea edo, esan zuen ahots min batez haurren amak.

        — Zerbait apurturik badaukadala deritzat, esan zuen amonak gerria ukituz, baina inork ez zion erantzun. Baileyri hortzak kalaka ari zitzaizkion. Kamiseta hori bat zeraman urdin argitan papagayoz inprimaturik eta aurpegia kamiseta bezain hori zeukan. Ditxosozko etxea Tennesseen zela ez adieraztea erabaki zuen amonak.

        Guttienez hamar bat oin gorago zegoen bidea eta, handik behetik, bidearen beste ertzeko zuhaitz puntak bakarrik ikusten zituzten. Eserita zeuden, zuloz bestalde bazen beste zenbait zuhaitz ere, mardul, ilun eta korapilaturik.

        Berehala automobil bat sumatu zuten urrutian, han, muino baten gainean; beraiengana zetorkien asti-astiro, barnekoak heiei begira baleude bezala. Amona zutitu egin zen eta bi eskuz keinu galantak egiten zituen beste haien aurrean nabarmentzeko edo. Bazetorren kotxea ttapala-ttapala; itzulinguru batean desagertu eta oraindik astiroago ibiliz agertu zen, besteak erori ziren aldapa gain hartan. Kotxe handi beltz bat zen, urratu xamarra; funerariakoa zirudien. Barnean hiru gizon zeraman.

        Kotxea buru gainean gelditu zitzaien, eta minutu batzuetan txoferra erreparatzen egon zitzaien, begirada tenk, adiera gabea, isilik. Gero burua okertu eta beste biekin mar-mar egon zen; hauek jaitsi egin ziren. Bata gaztea zen, ale bikaina: soinean praka beltzak eta sweater gorri bat, honek bazuen aurrealdean koxka ttiki bat eginaz zaldi bat. Beraienganaino hurbildu eta, atzealdean, eskubi aldera gelditu zitzaien, zutik, begirada alper, ahoa erdi irekirik keinu motel antzeko batean. Besteak praka kaki batzuek zeramatzan, marra urdineko txaketa eta sonbreiru gris bat, guztiz sartua, ia aurpegi osoa estaltzen baitzion. Atzean ezkerraldera ezarri zitzaien beste hau batere presarik gabe. Ez batak ez besteak hitz handirik ez.

        Txoferra kotxetik jaitsi eta alde batean egon zen begira eta begira. Beste biak baino larriagoa zen. Ileak zuritzen hasiak eta unibertsitario itxura ematen zioten zilarrezko monturako betaurrekoak ere bazituen. Aurpegia pitzatuta zeukan eta ez zeraman ez atorrarik ezta txalekorik ere soinean. Bere blue-jean estuegi zegokion nonbait, eta sonbreiru beltz bat eta errebolberra zituen eskuetan. Beste biak ere armatuak zeuden.

        — Istripua izan dugu, garrasi egin zuten haurrek.

        Betaurrekoduna ezaguna egiten ez ote zitzaioneko susmo arraroa izan zuen amonak. Haren aurpegiak aspaldikoren bat oroitarazten zion, baina ezin izan zuen nortu. Noizbait kotxe ondotik alde egin eta ezpondatik behera jaisten hasi zen, ez irrits egiteko oinak non ipintzen zituen kontu eginaz. Zapata habano txuriak zituen, galtzerdirik ez, orkatila gorrixka eta meharrak.

        — Arratsalde on, esan zuen. Salto bikaina egin duzuela, horratio!

        — Bi itzulipurdika egin ditugu, esan zuen amonak.

        — Bakarra, zuzendu zuen beste hark. Nola izan den ikusi baitugu. Hiram, proba ezak beren kotxea, ea badabilen, esan zion lasai asko sonbreiru grisa zeraman gazteari.

        — Zertarako daramazu pistola? galdegin zion John Wesleyk. Ze demontre behar duzu katxarro horrekin?

        — Etxekoandre, esan zion gizonak haurren amari, haur hauei zure alboan esertzeko esan al zeniezaieke? Haurrak, horrexek bai ni nire onetik atera! Nonahi zaudetela ere, denok eserita ikusi nahi zaituztet.

        — Zergatik agindu behar diguzu zer egin? galdetu zuen June Starrek.

        Beren atzetik, aho ilun bat balitz bezala, zuhaitzen errenkada beltza zabaltzen zen.

        — Zatozte hona, nire umeok, esan zuen amak.

        — Orain entzun niri, moztu zuen ustekabean Baileyk. Egoera ederrean gaude, ederrean gaudenez... Amonak garrasi bat bota zuen. Salto eginaz, zutitu eta gizona peto-peto eduki zuen begitan goiti hartuta. «Zu, Desorekatua zara», esan zion. «Berehalaxe jabetu naiz, bai».

        — Bai amonatxo, esan zuen gizonak, irri abar baten zirriborroa ezpainetan, ezagutu zuelako haserre ez balego bezala. Baina guztioi askoz ere hobeago litzaizueke, nor naizen jakin izan ez bazenute, amonatxo».

        Baileyk amonarengana burua okertu eta haurrak berak aztoratzeko adinako zerbait esan zion. Amona negarrez hasi zen eta Desorekatuaren aurpegia gorritzen.

        — Ez zaitez arduratu, emakume: pentsatzen ez dituenak esatea, maiz gertatu ohi zaio gizonari eta. Nik ez dut uste hainbesteraino mindu nahi zintuenik.

        — Zuk ez zenuke emakume baten kontra disparatuko, ezta? galdetu zion amonak eta besartetik zapi garbi bat atera zuen begiak estaltzeko.

        — Adizu, oihu bizian amona berriro: badakit errai onekoa zarela. Ez duzu itxura arruntik. Etxe oneko seme zarela ziur nago!

        — Horixe baietz, erantzun besteak, munduan hobeagorik ba al zegoen, ba! bere irribarreak hortz errenka zuri mardula erakusten zuen. «Jainkoak inoiz ez du nire ama adinakorik egin, eta aita zena bera, urrea diamanterekin zen», adierazi zuen. Sweater gorriko mutila pistola gerrian, atzealdean ipini zitzaien.

        Desorekatua orpo-hezurren gainean eseri zen. «Bobby Lee, hakio haurrei —esan zuen— nire onetik ateratzen nautela badakik eta». Denei begiratu zien, seiak bildu bildurik zeuden Bata bestearen kontra, eta larritu xamarra zirudien ezer esateko gai ez balitz bezala edo. «Ez da hodeirik zeruan, azpimarratu zuen zeruari so eginaz. Ez dut eguzkia ikusten, baina hodeirik ere ez».

        — Bai, ederra da eguna, esan zuen amonak. Adizu, zu izenez ez zinateke Desorekatua izan behar, funtsean gizaseme jatorra zarela bai baitakit. Agerian dago.

        — Ixo! oihu egin zuen Baileyk. Ixilik! Txintik ere ez egin eta utzi niri honetaz arduratzen!». Sprint egiteko prest dagoen korrikalariaren taxua zeukan, baina bertan zegoen, kieto.

        — Oso hunkitua nauzu, etxekoandre, esan zuen Desorekatuak eta bere errebolberraren kanoiarekin lurrean zirkulutxo bat marraztu zuen.

        — Ordu erdiren bat beharko da katxarro hau konpontzeko, esan zuen deiadarka Hiramek kapotaren azpitik burua altxatuz.

        — Bale. Baina lehendabizi hori eta mutikoa paseotxo bat egitera eraman itzazue hemendik, Bobby Leek eta biok», esan zuen Desorekatuak, Bailey eta John Wesley erakutsiz. «Gazteok ba omen dute zuei galdetzeko zertxobait, esan zion Baileyri. Basoan zehar beraiekin bizpahiru urrats egitea ez litzaizueke asko axola izango, ezta?

        — Adizue, hasi zen Bailey, gure egoera benetan larria da eta inor ere ez da konturatzen, gero. Hartan, eztarriak pott egin zion eta bere begiek atorrako papagayoen urdin gordina hartu zuten. Zur eta lur zirudien.

        Amonak eskua altxatu zuen sonbreiruaren ertza bere lekuan ipintzeko, semeari basora lagundu behar balio bezala edo, baina ertza eskuartean gelditu zitzaion; harriturik segundo batean begirada bat bota eta, gero, lurrera erortzen utzi zuen. Zahar bati laguntzen zaion bezala Hiramek Bailey zutiarazi zuen besotik eutsiz. John Wesleyk aitari eskua eman eta basorantz jo zuten, Bobby Leek ibilaldia itxiz. Basaguren ospelera iritsi orduko, Baileyk atzealdera begiratu, pinu gris biluts baten enborraren kontra jarri eta deiadar egin zuen: «Berehalaxe itzuliko naiz, ama, itxoin!

        — Hator segituan, garrasi egin zion zain eta muin bere amak, baina besteak basoan desagertu ziren.

        — Bailey, nire seme laztana! deitu zion eztarri garratzez amonak, baina begiz begi bere aurrean pikotxean zegoen Desorekatuari begira zegoela ohartu zen. «Badakit bihotz onekoa zarela, esan zion etsipenak dakarren kemenez, zu ez zara edozein, horixe ezetz».

        — Ez, ni ez naiz ona, esan zuen Desorekatuak ixilune baten ondoren, amonaren hitzak ahalegin handiz neurtu izan balitu bezala; baina munduan dagoen okerrena ere ez. Ba zioen, bai, aita zenak, ez nintzela anai-arreben azal berekoa. «Badakizue ba, esaten zuen hark, bi motatako jendea dago, bata inoiz ezer galdetuko ez duena, eta bestea, zergatik zertarako eta nola beti jakin nahi duena; horietakoa da mutiko hau: bazter guzietan sudurra sartu baietz!».

        Bere sonbreiru beltza jantzi eta, brast, gora altxatu zituen begiak; gero baso barrenera begira egon zen, ostera amorru bizian balego bezala.

        — Sentitzen dut zuen aurrean atorrarik gabe agertu beharra, andereok, esan eta bere burua sorbalda artean sartu zuen pixka bat. Lurperatu egin ditugu janzkiak ihes egiterakoan, eta ezer hobeagorik eduki arte, ahal den bezala beharko dugu. Aurkitutako jendearenetik jantzi gara, adierazi zuen.

        — Oso ongi zaude horrela, esan zion amonak, Baileyk izango du atorraren bat edo bere maletan.

        — Nora daramate? garrasi egin zuen haurren amak.

        — Aita zena ere ez zen edozein gizon! esan zuen Desorekatuak. Inondik ere ezin hari ziria sartu. Halere agintariei inoiz ez zien lanik eman; baina ederki sartzen zien eztena, gero.

        — Zeu ere, indarkadatxo bat egin nahi izanez gero, gizon ona izango zinateke. Hartara, a zein eder izango litzatekeen txukun-txukun bizitzea, behar bezala, zera, eta ez beti atzetik jarraitzen zaituzten ez zaituzten begira egoten... Desorekatua errebolberraren kanoiarekin lurra hazkatzen zebilen, burutaziotan murgildua, itxuraz. «Egia da, emakume, badugu beti norbait orpoz orpo gure atzean» marmaratu zuen.

        Bere lepa-uztaien mehartasuna erreparatzen egon zen amona, bazirudien hezur haiek sonbreiru atzetik sortzen zitzaizkiola: zutiturik zegoen amona eta orain bere azpian zeukan bestea. Inoiz edo behin egiten al duzu zure otoitza?» galdetu zion.

        Sonbreiru beltza lepa-uztaien artean higitzen ikusi zuen. Inoiz ez» erantzun besteak.

        Pistola tiro bat izan zen basoan, haren atzetik berehala beste bat. Gero dena ixildu zen. Amonaren burua basorantz jira biratu zen, eta haizearen hotsa entzun zuen zuhaitzen punttetan irristaka, hats beherapen boluptuoso eta luzearen gisa. «Bailey seme laztana!» hots egin zuen.

        — Elizako kantaria izana naiz inoiz, esan zuen Desorekatuak, ofizio gehientsuenak pasa ditut. Bitan soldadu, infanterian eta marinan, hemen eta erbestetan; bitan ezkondu ere. Hobiratzaile izana naiz eta gero trenbidean lan egin dut, gure lur zaharra ere goldatu dut, zikloi batek harrapatu nau, gizona bizirik erretzen ikusia dut». Begiak haurren amarengana jaso zituen, eserita zegoen June Starren kontra, zein baino zein ubelago, begirada inon ez beste nonbait. «Emakume bat zigortzen ere ikusia dut», esan zuen.

        — Otoitz egizu, otoitz! esan zuen amonak, otoitz egizu! ...

        — Oroitzen naizenez, beti ez ditut barrabaskeriak egin, esan zuen Desorekatuak ametsetan zirudien ahotsez, baina bidean zehar zerbait gaizki egina beharko nuen, kartzela eman baitidate. Bizirik lurperatu naute. Amonak ezin zituen begiak haren aurpegitik hastandu, horren bortitz heltzen zion-eta haren begiradak.

        — Huraxe zen otoitz egin behar zen garaia, esan zuen amonak. Zertan ibili zinen kartzelara lehen aldiz joateko?

        — Ezker eskubira begiratu eta beti horma bat zegoen, esan zuen Desorekatuak laino gabeko zerurantz begiak altxatuz. Gora begiratu eta sabaia, behera begiratu eta zorua. Zer egin ote nuen ez dut gogoratzen, anderea. Eseri eta hartaz pentsatzen egonda ere, ezin nuen gogoratu; gaurdaino ezin izan dut. Zenbaitetan badirudi lortu egingo dudala, baina ez dago modurik.

        — Baliteke sartu zintuztenek huts egitea ere, burua eman zuen amonak.

        — Ez, anderea, ez, erantzun besteak, ez zuten huts egin, nitaz bazuten dossier bat eta.

        — Zerbait lapurtu egingo zenuen edo, esan hari amonak.

        Desorekatuak irribarre trufari bat egin eta «inork ez zuen ordea nik behar nuena» esan zuen. «Kartzelako mediku nagusia izan da nik zer egin nuen esan duena, aita hil egin omen dut, alegia; baina ongi nekien nik hori gezur hutsa zela. Aita 19an hil zen gripe izurri hartan, eta harekin ez nuen nik zerikusirik. Mount Hopewell-eko kanposantu batetan hobiratu Jute, zerori joan zaitezke hara, jakin nahi baduzu».

        — Otoitz egin nahi bazenu, esan zuen atsoak, Jesusek lagunduko lizuke.

        — Horrelaxe da, bai, erantzun zion besteak.

        — Zergatik ez duzu ba otoitz egiten? galdetu zion amonak atsedenezko dardarizo bat eginaz.

        — Ez dut inork laguntzerik nahi; ni bakar bakarrik moldatzen naiz-eta. Bobby Lee eta Hiram basotik zetozen lasai asko. Bobby Leek papagayo urdin biziko kamiseta hori bat zekarren lurrean arrastaka.

        — Bota egidak alkandora hori, Bobby Lee, esan zion Desorekatuak. Alkandora bere bizkarreraino etorri zen, eta berak soinean jantzi eta lotu egin zuen. Alkondara hark zer gogoratzen zion ezin asma zebilen amona. «Ez, anderea, azkenean jakin dut erailketak batere garrantzirik ez duela. Zernahi egiten duzula ere, norbait hil edota bere kotxeko gurpila izorratu edo, ahaztu egingo duzu lehenago edo beranduago, baina berdin-berdin zigortuko zaituzte horratio!

        Haurren ama hatsbeherapen sakonak ematen hasi zen, arnasarik izango ez balu bezala. «Etxekoandre, galdetu zion besteak, Bobby Lee eta Hiramekin batera joango bazina, zer?

        — Bai, eskerrak, esan zuen arnasaldi batean amak. Ezkerreko besoa zintzilik zeraman, penagarri, eta haur besoetakoa lo zeukan bestean,

        — Andere horri lagundu egiok, Hiram! esan zuen Desorekatuak, anderea nekez baino nekezago zulotik irteten saiatzen ari zen bitartean. Eta heuk, Bobby Lee, har ezak neskatoa eskutik.

        — Nik ez diot eskua eman nahi, esan zuen June Starrek. Txerria gogorarazten dit eta.

        Mutil puska hura gorri-gorri jarri zen eta parrez-parrez eskutik heldu eta basora eraman zuen, Hiram eta amaren atzetik.

        Desorekatuaren ondoan bakar-bakarrik, amona ahotsik gabe zegoela konturatu zen. Bat ere hodei izpirik ez zen zeruan eta eguzkia desagertua zen. Amonaren inguruan basoa baizik ez zegoen. Besteari otoitz egiteko mehatxu egin nahi zion, baina behin eta berriz ahoa ireki eta itxi ondoren, ahotsik ez. Harritu egin zen noizbait «Jesus»! esatean. Hitz hark berekiko «Jesusek lagunduko dizu» adierazi nahi zuen, baina esateko itxuragatik biraoa zatekeen.

        — Bai, anderea, amore eman zuen gizonak, Jesusek den dena hankaz gora ipini zuen. Bera eta ni istorio berdina gara, bereizketa bat ez-ezik, BERAK ez baitu erailketarik egin eta nik berriz, probatu dutenez, bat egina omen dut, hala diote behintzat nitaz delako dossier hori eskuratu dutenek. Niri ez didate, ez, dossier santu hori sekulan erakutsi, ez eta gutxiagorik ere. Horretxegatik nabil orain neure izenpea utziaz. Banengoen bai aspaldidanik: asmatu behar duk izenpe bat, egiten ari haizena izenpetu beharrean hago, motel, dena gogoan hartu behar duk. Era honetan bakarrik jakin bailiteke zertan habilen, eta gero nire gaiztakeria eta beren zigorra neurri berdinean ipini eta parekatuz doi-doi dauden ikusteko modua izango diat; eta azken finean, horixe dukezu zurekin zuzen ibili diren ez diren seinalea. «Desorekatua» goitizena hartu badut, esan zuen, balantza txar horretan neuk egindako gaiztakeriari eta jasotako zigorrari orekan eutsi ezinean nabilelako da.

        Deiadar batek zizta egin zuen basoan, eta gero, ia berehala, tiro bat izan zen.

        — Zuzen al deritzazu zuk, anderea, zigor guztiak halako baten bizkarrera bakarrik erortzeari eta beste halakoren gainera ezer ez?

        — Ene Jesus, garrasi egin zuen atsoak, hazi oneko semeak gezurrik ez! Zeuk ez zenuke emakumerik hilko, ezetz. Badakit etxe oneko seme zarela! otoitz egizu! Ene Jesus, ez zenioke emakume bati disparatu behar. Dudan diru guztia emango nizuke, gero!

        — Adizu, esan zuen Desorekatuak begirada baso sakoneraino sartzen zuelarik, zerraldoak ehortzaileari txanpona eman dionik ez dut sekulan entzun. Beste bi tiro izan ziren eta amonak burua gora altxatu zuen, oilo zahar agortuak ur eske txio-txioka ohi duen antzera: «Bailey, nire seme hori, Bailey, laztana!» garrasi egin zuen bihotza lehertzear.

        — Jesus izan da hilak piztu dituen BAKARRA, jarraitu zuen Desorekatuak, eta HARK ez zuen horrelakorik egin behar. Dena desorekatu egin du. Esan duen guztia BERAK bete badu, dena pikutara bidali behar dugu eta BERARI jarraitzea besterik ez dugu. Bete ez badu, berriz, gelditzen zaigun denbora apurrari guztiz onura ateratzea dugu onena nornahi akabatu, bere etxea erre edota beste edozer txerrikeriatan aritu. Beste ezertan ba ahal dago, ba, pozik! esan zuen hortz karraska muzin batetaz.

        — Baina hark hilak piztu ez baditu, zer? ahapeka esan zuen atsoak, zer esaten zuen ere ez zekiela; burua jira-biraka zebilkion eta hutsunean blaust lur jo zuen, zangoak soinaren kontra tolestuz.

        — Han ez nintzen ni eta ezin esan dezaket hark horrelakorik egin ez duenik, esan zuen Desorekatuak. A ze poza han izan banintz! jarraitu zen lurrean zartako bat joaz. Ni han ez egoteko eskubiderik ba aldago, ba? Han izan banintz, orain jakin egingo nuke, jakingo nukeenez, eta ez nintzatekeen orain nagoen bezala egongo». Bazirudien ahotsa apurtu egin behar zitzaiola, eta amona, minutu batez, bizkortu egin zen. Bere aurpegiaren ondo ondoan gizon harena ikusi zuen, zekena oso, astun bezala negar egitera zihoan aurpegia zirudien. Amonak marmarka zera bota zion:

        — Baina zu guretakoren bat zara, ezta? nire seme laztanen bat, ala? Besoa luzatu eta bizkarrean ukitu zuen. Desorekatuak atzera salto egin zuen, suge batek miztoa sartu balio bezala, eta hiru tiro bota zizkion. Gero errebolberra lurrean utzi, betaurrekoak kendu eta garbitzen hasi zen.

        Hiram eta Bobby Lee basotik zetozen; zanga inguruan gelditu eta amonari begira egon ziren, erdi eseri-etzana odol putzu batean, zangoak bere azpian tolestaturik zeuzkalarik, haur jaioberriarenak bezala, eta aurpegia hodei gabeko zeruari irribarrez.

        Betaurrekorik gabe, Desorekatuaren begi zurbilak gorriz borobildurik zeuden eta gaitzgabeak ziruditen «Atera ezazue hortik eta besteak botatako lekura bota» esan zuen, bere hanka igurtziaz zebilen katua jasoaz.

        Bobby Lee, abestuz, zangara irrista batean jaitsi zen.

        — Lepo leporaino betetzen duten zirtzil horietakoa zuan! —esan zuen.

        — Ez zuan andere txarra izango, esan zuen Desorekatuak, baldin eta asto zuriarenak eta beltzarenak sarri-sarri hartu izan balitu.

        — Xelebrea! esan zuen Bobby Leek.

        — Sartzak mingaina ipurtuzuloan, Bobby Lee! esan zuen Desorekatuak. Bizitzan ez zegok benetako atseginik.

 

 

© Flannery O'Connor
© itzulpenarena: Mikel Azurmendi

 

 

"Flannery O'Connor: Jende ona nekez da aurkitzen" orrialde nagusia