Aldegingo duzu
(agurtu zaitez gelako arbel berrian,
horretarako erosi genuen).
Zure ezpainak musukatuko ditut
ez burkoko zure ezpainen itzala musukatzean,
nireak erreko direneko beste ezpain ezin zehaztuetan barrena baizik.
(eraman itzazu liburuak, gutunak,
oparitutako larrosaren petaloak,
nitaz oroitaraziko dizun guztia
alperrik galdu baino lehen!).
Eraman dezakezu nire haragia ere,
zure atzekoak soberakoa bait dakar.
Eta gorputz estrainoa errekorrituko dut
bulebar paraleloetatik zehar
maiz hiri galduan egiten genuen bezala,
puntu ezezagunean zurea aurkitzeko.
(zu identifikatzekorik ez utzi!
ez da berehala ezabatuko zure arnasaren silueta).
Nire behatzak beste baten adatsaren saihetsean galduko dira
eta ezaguna, bizitakoa irudituko zait
hainbestetan marratutako bideak bezala,
zugan sortalde duenaren luzagarri gisa
(joan aurretik irakur itzazu
azkenez zugatik erditu nituen poemak!).
Begiratuko zaitut ordutik ezkero
ibaiko hegi batetik bestea bezala.
Bestearekin egingo dut maitasuna
bereiztuko gaituen ura gainditzeko.
Begiak itxiko ditut orduan.
Denbora, nostalgia 50.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia