Aingeru infidelen moduan jauzi ziren denbora, Dekameroi luktuoso batetik ostutako hitzak leku komunen amildegi bihotz gabekoetan. Sortaldeko eguzkiak homofagoen barrea egiten zuen. Itsuen begininietan ikasi zuen argi-ingurua. Zure imajina odolustu zen zisneen agonian eta hiriak zure ausentzia aireratu zuen. Nostalgia isiltasunezko bezpera da. (Arratsak traidoreek kolpatzean hauts gorria hedatzen zuela erakutsi zenidan).

        Kokodrilo-begirada mantsoak dira zuk nagiak ateratzen ez dizkiezun arratsaldeak, karilloi aurreratu batek kulunkatzen dituenak. Arbolen lumek itzal transfugoak gordetzen dituzte. Zuk ahaztutako samurtasunaren munduaren pisua, bakardadearen logika ezinesanezkoa harraskatzen dut, angelu errektoan erortzen den pentsamendu traketsaren simetriaz. Desioa mututu zen, zure ezpain, bular, aldaketetan bidaiatu zenean. (Esperantza etsipenaren ataria zela erakutsi zenidan. )

        Hiriaren baitan ezabatu nahi dut iragana, oraina, geroa; izan poema bukatugabea, hiriaren liburuko orri zuria.

        Ahantziko nau ahantziak, izenik gabeko gorputza abandonatuko dudanean.

 

Denbora, nostalgia 44.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia