Bertsolariaren askatasuna festa
Txapelik ez duenak bilatzen du txapela. Euskaltzaindiak edo epaimahairen batek emandako txapela ere ohoragarri izango zaio, baina bertsolariak ez du bere publiko bertsozalearen atsegina eta txaloa baino ohore gorenagorik. Uztapidek komentatzen zuen bezala, beldur dira bertsolariei burua hoztuko ote zaien. Egon daitezela lasai bertsolariak.
Poztu gara bertsolariek Euskaltzaindiak osatutako epaimahaiari uko egitearekin, eta inolaz ere ez euskaltzale horien gaitasuna eta bertsolaritzari buruzko ezagutza zalantzan jartzen dugulako. Bertsolariak, halere, ez dira ausartu benetako arrazoia ematera: ez dugu onartzen gure bertsoen balioa neur dezakeen inolako epaimahairik. Eurak honela esatea, harrokeria bezala, edo euskararen aldeko burrukan desertzio bat bezala interpretatua izan daitekeeneko beldurra dute agian. Eta jarrera rebelde horren ordez, epaimahaia eurak berak hautatuko dutela jarri dute aitzakia. Baina honek ez du ezer konponduko, berriro lehen bezala geldituko baikara: berriro ere txapelketak norbait utziko du txapeldun, eta beste guztiak buru hutsik. Epaimahaikoek bertso bakoitzari nota publikoan azaldu beharrak gauzak oraindik gehiago aldrebestuko ditu. Juraduaren lanetan argitasun osoa lortzearren pentsatua egongo da hau, baina argi gelditzen ez dena zera da: ia bertsolariak neurri honekin adarra jotzen ari ez ote zaizkigun, behingoan kontura gaitezen puntuazio horien disparateaz eta, hala, bakean utz ditzagun; edo epaimahaian parte hartzeko prest dagoen edonori amenazo ezkuturen bat ez ote den, zeren bertsolari bakoitzaren jarraitzaile eta tiffosien aurrean ebidentzian geldituko baita epaimahaiko zeinek ekarri zuen bere faboritoaren hondamendia.
Idazlan honetako argudioak eta iritziak egokiak balira, lotsarik gabe beren rebeldia kontsumatu dezaten eskatuko genieke bertsolariei: «Ez dugu onartzen gure bertsoak etsaminatzeko eta kalifikatzeko konpetentziarik lukeen juradurik; ez dugu onartzen bertsogintza norgehiagokaren joko bihurtu nahi duen publikorik.»
Eta kito. Egiazko bertsozaleak ez du bertsoak entzuteko irrika galduko. Eta denok txapeldun geldituko gara.
Bertsolariek eurek dakite ondoen eta eurek erabaki behar dute zein eginkizun tokatzen zaien euskararen eta euskal kultura aurrerakoi baten alde. Hitzaren, ironiaren, imajinazioaren, gizatasunaren maisuak nahi ditugu bertsolariak. Hor dago bertsoaren jokoa eta jolasa, askatasuna eta festa.
Itziar, 1985eko Ekainean
© Joseba Zulaika
"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia