Bertsolariak etsaminetan
Intentziorik onenez dudarik gabe, baina bertsolaritzarekin zer nolako disparateak egin ditzakegun ondo ikusteko, hor daukagu bertsolariek bertsoak puntuatzeko hartu duten modalitate berria: bertsolari eta entzulegoaren artean agertokian epaimahaikoek, eta bertso bakoitzari, entzuleak ikus dezakeen eran baina ez bertsolariak, nota jartzen diote: 6, 5,5, 7... Zer ikusi behar genuen eta, bertsolariak etsaminetan eskola-umeen pare. Ez da esaten ze notatik behera den «suspentso», baina 5etik behera hor nonbait...
Azken batetan puntuazioa begi-bistan ematea bertso-neurketaren ondorio bat besterik ez da, eta eskertzekoa da, prozedura guztiaren bidegabekeria argiago agertzen digulako. Badago ironiarik hemen, zeren modalitate berri hau bertsolariak eurak aukeratu omen dute, juradukoek ezkutuan zer ote zebiltzan konforme ez zeudelako. Azkenean, gauzak argitzen hasi bide dira. Edozein bertsozalek ondo dakien bezala, bertso bakoitzak du bere «sekretoa» (hain neurtezin den «grazia» hori), eta bertsolariek arrazoi osoa dute, juradukoek beren bertsoen sekretoa ondo neurtu ote duten ala ez, duda egitean. Hori argitan erakutsi nahi izana laudagarria da, baina puntuazioa jendaurrean emanaz, zera argitzen da ordea: zein absurdoa den bertsoaren «sekretoaren» kalifikazio baten neurriz desbelatzea.
Eskolan eta unibertsitatean etsaminak pasa behar izaten dira gradu bat lortzeko. Edozein ofizio-ikasteak froga batzuk gainditzea eskatzen du, eta bere garaian bere etsaminak pasa ez zituen mediku edo maisua ez genuke nahi izango. Beraz, jakituria edo abildade profesionalak neur daitezke, eta konpetentzia derrigorrezkoa da zeure lanean «konpetente» izateko. Ideien mailan, adibidez, joko dialektikoa nahitaezkoa da ideiarik egokienak garaile atera daitezen. Zergatik ez orduan bertsolariak ere bertso-burruka batetan jarri, onenek aurrera egin dezaten? Eskola garaian etsaminak jartzea ondo egon arren, ez zaigu burutik pasatzen eskola edo unibertsitateko irakasleak Victoria Eugenian norgehiagoka jartzea, juraduaren eta publikoaren etsamina jasanaz, irakasle prestuena nor den jakiteko eta txapeldun bat erabakitzeko. Irakaskintzaren desbideratze bezala ikusiko genuke irakasleren arteko txapelketa hau. Eta ez litzateke izango irakaskintzaren mundua gure artean ezin hobeagotu delako, edo bertsolaritzarena baino gorago dagoelako. (Honen lekuko, eta bertsolaritzaren teorizazio alorrean, etsenplu bat jar genezake. 1918an Lekuona zaharrak estudio paregabe bat argitaratu zuen, Literatura oral vasca izenburuarekin, bertsolaritzaren alde formalak eta barne-logika aztertuz. Aurten Euskal Unibertsitateko publikazio batetan beste liburu bat atera da izenburu honekin: Bertsolaritza: forma gabeko heziketa. Begi-bistan dagoenez, bertsolaritzari buruz definizio hau baino disparate handiagorik asmatzea ez da erraza izango, baina gure unibertsitateko irakasleek hitzaldi, mahainguru, eta liburuak ere egin ditzakete definizio horrekin. Badirudi «forma» beraren kontzeptua, kontzepturik elementalena edozein zientzia klasetan, ezezaguna zaiela gure bertsolaritzaren teorikoei. Agian txapelketaren bidez susper daitezke gure irakaskintza eta inbestigazioa ere!
Euskal kulturaren onerako maisuei norgehiagokaren bat exijitzea ez dugu imajinatu ere egiten, baina antzeko zerbait bertsolariei aho batez eskatzen zaie euskarak eta euskal kulturak beharrezko dutela-eta. Maisu batentzat umilazioa litzateke berak dakizkienak eta ez dakizkienak etsamina publiko batetan azaldu beharra. Bertsolariarentzat ere errebajatze hutsa da bere artezia eta hitza juradu baten notaren bila kantatzea. Irakasleek esango lukete: gizarteak ez du mediorik edo eskubiderik gu juzgatzeko, gu geu baikara jakintzaren juezak eta maisuak. Era berean bertsolariek esan behar lukete: geu gara hitzaren maisuak, eta ez dugu onartzen geure gainetik juradu edo publikorik geu epai gaitzakeenik. Etsaminetara ikaslea makurtzen da, gizarteak hala exijitzen diolako, eta irakasle espezializatuaren aprobazioa eskuratu nahi duelako. Bertsolariak ikasle mailara, etsamina eta guzti, rebajatzen baditugu, bertsolarien maisutzaren autoridadea lapurtzen zaigu. Hitzaren, imajinen, metaforen, hau da, bertsoaren maisu nahi ditugu bertsolariak, ez etsamina nola pasako ote duten kezkaz galdutako estudiante larrituak.
Bestalde bertsolariak ere ez dira egun batetan jaiotzen. Eurak ere «ikasle» dira maisu izan aurretik. Neurri hortan bidezko da froga batzuk jasan beharra beren artezia demostratzeko eta mejoratzeko. Plazaratzea da froga nagusi hori; norberarentzat eta lagunen artean kantatu ohi dituen horien antzekoak plaza batetan bota ahal izateko konfiantza hartu behar da. Bertsolari eder asko geldituko ziren bazterretan ezagutu gabeak, plazaratzeko ausardia aurkitu ez zutelako. Zentzu honetan ezin uka Euskadi Irratiak eratutako herrien arteko txapelketak ondorio on hori behintzat baduela. Plazaratzea ere modu desberdinetan egin daiteke, ordea, eta erarik egokiena aurkitzen saiatu behar litzateke.
Azken batean nola erabakitzen da bertsolari baten lehen maila? Entzuleak ondo daki, eta kito. Inoiz txapel bat irabazi ez izan arren, Lasarte, Xalbador, edo Lazkao Txiki baten bertsoak gorengo mailakoak direla edozein bertso entzulek daki. Txapel bat buru gainean jartzeak ezer gutxi erantsiko zien. Bertsolaria euskararen maisu izanik, euskara erabiltzen dugunok ezinbestean dakigu zer den hizkuntzaren itzulinguruak azkeneraino aprobetxatzea. Hau ez da lehenik ezagutza «tekniko» bat, eskola edo ofizio batetarako behar den antzera, baizik eta hizkuntz arruntaren ezagutza da lehenik, hizkuntza bera baita gure komunikazio-sistemarik harrigarriena, konplexuena, teknikoena, bide batez esanahi literala eta metaforikoa, gramatika eta sinbolismoa sustraitik uztartzen dituena. Hizkuntzaren konpetentzia, gaitasuna, du mintzaleak, eta horrekin ikasten du sistema linguistiko konplexu hori erabiltzen; norberarena ez den hizkuntza ikasterakoan konturatzen gara zenbateraino den hieroglifikoa edozein hizkuntza, eta euskara zer esanik ez. Hizkuntzaren laberinto horretan da bertsolaria maisu; ez gramatiko edo fonologo edo historiagile baten antzo, hizkuntza beraren barne-posibilitateen erabilkeran baizik. Hizkuntzaren barnea ez da sintaxia edo sufijazioa bakarrik; hizkuntza bakoitzak du bere imajinazio linguistikoa ere, bere egituren arteko jokoa, norma baten harrapatu ezin den hitzen sutilezia. Inportantzia esajeratua ematen zaio gaur egunean bertsolaria eskolatua ala eskolatu gabea izateari: hizkuntzaren maisutza hori ez da eskolan bakarrik irabazten, edonon hitz eginaz baizik; abokatu edo ingeniari izan beharrik ez badago txiste edo poesia on bat osatzeko, ezta ere bertso on bat egiteko.
Hitzaren artezi horretan denok gara maisu, ezin agerraraz genezakeen artezia izanik ere, eta horren arabera dakigu bertsolariaren abilezia neurtzen eta apreziatzen. Norberaren hizkuntza-baliotasuna eta subjektibitatea parte nagusi dira apreziazio honetan. Norberak ezin du utzi bertsoaren artegintza horren balioa juradu batek erabaki diezaion. Arte hori gozatu egin behar da, bakoitzaren hizkuntzaren konpetentziarekin jolasean suertatzen da, eta ez du zentzurik notaren bidez bertso bat bestearekin konparatzen hastea, edo epaimahaiko bati bertso hobea zein den galdezka gelditzea. Norberak bakarrik daki, norberak ere jakin dezakeen neurrian, zergatik den bertsoaren kreazioa hain betegarri, edo nolatan gertatzen den hain joko aparta. Dantza edo ipuin batek bezala, bertsoak ez du kalifikaziorik ametitzen. Bertsoaren esanahia ezagutzeko, norberak egin behar du bertsolariarekin dantza. Isadora Duncan dantzariari galdetu omen zioten ia bere dantzak zer esanahi zuen esplikatzeko; bere erantzuna adierazgarria da: «Jakingo banu hitzez esaten, ez nuke dantzatuko.» Bertsolari eta entzulearen artean gertatzen dena ere ezin da esan, gutxiago neurtu, dantzatu egin behar da bertsoaren konpasean. Bertsolariarentzat ere hitzak eta imajinak aitzaki bat gertatzen dira bere kantua osatzeko.
© Joseba Zulaika "Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia