Konpetizioaren funtzioa kulturaren baitan

 

        Gizarte bakoitzaren baitan alderdi konpetitiboak, kooperaziozkoak eta indibidualistak azter daitezke. Forma hauen arteko harremanetan diferentzia nabariak ageri dira kultura batetik bestera. Kultur-aztertzaileek azpimarratzen duten puntu nagusi bat hau da: sistema kultural baten baitan alderdi desberdin eta elkarren aurkako hauek bata bestearekin harremanetan eta dependentzian aurkitzen direla. Kultura batek hobekiago funtzionatuko du zenbat eta egokiago integratuko dituen bere alderdi indibidualistak, konpetitiboak, kooperaziozkoak, eta abar. Euskal kulturaren kasuan estudio serio bat falta da bariable hauek nola elkar lotzen diren eta zein tendentziak nagusi diren ikusteko. Alde batetik, auzolanak eta holakoak sarritan aipatzen dira gure kooperaziozko forma tradizionalen aberastasuna azaltzeko. Bestetik, gure indibidualismo zuzentezinaz ere asko idatzi da. Arrasate bezalako kasu bat daukagu Euskal Herrian, kooperatibismo industrial mailan orain arte munduan eman den lorpen garaienik bezala kontsideratua dagoena. Bestalde baserri-kooperatibismoak ez du inolaz ere funtzionatu, nahiz eta auzolan eta antzeko tradizio kolektiboetatik baserria industria baino hurbilago egon. Maila desberdinetako kooperazio-formak dira hauek, eta gerta daiteke solidaritate mekaniko batean ohiturik dauden forma kulturalek beste eraketa organikoago batetan funtzionatzen ez asmatzea. Eta abar, eta abar. Indibiduo baten portaera bere sistema sozial eta ekonomikoaren baitan ulertzea derrigorrezko den bezala, era berean konpetizio eta kolaborazio-formak kultur-sistema orokorraren baitako funtzionamenduan ikusi behar dira.

        Beraz egin beharreko galdera hau da: Euskal kultura orokorki harturik, ze neurritan eta ze mailatan tokatzen zaio bertsolaritzari joko konpetitibo izatea? Hor ikusi behar dira txapelketaren alde eta kontrako argumentuak. Bertsoak kantatzea ez da, berez, bertsoak kantatzea besterik. Ez du nahitaez izan behar burruka, joko, jolas, edo beste edozein jokaerarik; ez du zergatik izan behar konpetitzeko edo kolaboratzeko; ez da ekintza-modu indibidualista edo taldekoa nahitaez. Forma sozial guzti hauetatik zeozer eduki dezake, eta hauetakorik gabe ere bertsoa litzateke.

        Bertsolaritza joko arrunt bihurtzearen aurkako iritziak azpimarratzen ari naizenez, Zuberoatik jasotako bertso-ohitura bat ekarriko dut gogora nire puntua adierazteko, hau da, bertsolaritza sistema kulturalaren baitan kokatu behar dela. Badute han, txikitoak izeneko ohitura bat: bi artzain elkarren artean haserretzen direnean, elkarri bertsoka hasten dira kristorenak eta bi esaten, zeinek astakeria handiagoa eta itsusiagoa bestearengatik botako. Halako batetan, elkarren kontrako zaborkeria eta doilorkeria zikinak entzutea gehiago ezin eramanaz, biak barre-algara batetan erortzen dira, eta hola elkarrenganako haserrea amaiturik gelditzen da. Bertso-ohitura honek ager dezake bertsogintza ze joko-klase izan daitekeen: ez inondik ere bi gizon elkarrekin burrukan nor gehiago edo nor hobea den jakiteko, baizik eta bi gizon, ekintzaz eta hitzez elkargana ezin direnak, bertsogintzaren kontestu berezira joaz, komunikabide berri bat aurkitzerik badutenekoa. Txikitoak ere norgehiagoka batetan sartzen dira (nork astakeria handiagoa esan bestearengatik), baina maila desberdineko burruka konpetitiboa da hau: benetako burruka aldenduko duen fikziozko burruka bat, jokoaren distantziamendua gaindituko duen joko aldrebesa, haserrearen eta ezin-ikusiaren hitzaz barre egingo duen beste hitz klasea, alegia. («Zeinek gezur handiagoa esan» egindako bertsoak ere txikitoen manera gogoratzen dute).

        Lekuona zaharrak berak badakarkigu txikito-giroarekin zerikusirik baduen aspaldiko gertakari bat. Errenteriako oihal-fabrika handian, besteren artean Xenpelar eta Musarro ere aritzen omen ziren lanean. Oihala ehundu ohi zuten tailerretan galarazirik zegoen erretzea, baina Musarro pipa erretzaile amorratu horietakoa omen zen, eta aitzaki bikainak ba omen zekizkien bazter batera joan eta petakako belar goxotik zurrupada batzuk lasai botatzen. Xenpelar ordea enkargatua izan, eta nola-hala langileak lanean ikusi nahi! Bazter gorde batetan bere lurrezko pipa xuria ahoan eta eskuak gurutze zegoela ikusi omen zuen behin batean Musarro. Errieta nola egingo eta bertsotan hasi zitzaion: «Aizak, Manuel mañontzi / urrengorako goraintzi. / Ez al-akiken or pipa artzia / etzela lizentzi? / Ijeniyo txarrak utzi, / bestela ezurrak autsi. / Gizalegia nola biar dan / ezin erakutsi». Baina Musarro ez zen isildu, eta bertsotan erantzun omen zion. Honela aritu omen ziren beren arteko legeak eta haserreak bata besteari aurpegira botatzen, Musarro lasai arraio lanera itzuli arte.

        Txikitoen etsenpluak adierazten duenez, bertso kantatzeak komunikazio-testuinguru berezi bat sortzen du. Zenbat aldiz lagun artean bertsotan esaten dira bestela inoiz esango ez liratekeen «egiak». Bertsoak komunikazioari kontestu formalizatu bat ematen dio, eta aparato formal horri makurturik hitz egiteak exijitzen duen artearen truke, beste maila batetan komunikatzeko libertadea irabazten da. Elkarrizketa arrunt batetan «gu lagunak gara» esatea, txorakeria bezala edo esaldi ez-normal bezala har daiteke auzoko bi lagunen artean, baina bertsoaren inguru giroan mensaje oso egokia gerta daiteke, taberna giroan bertsotan aritu den edonork konproba dezakeen bezala. Edo talde baten aurrean kantari dagoen bertsolaria komunikazio-giro berezi batetan ari denez, «Gu euskaldunak gara» eta antzeko mensaje kolektiboak beren toki egokia aurkitzen dute, bertsoaren kontestu formalizatuan aritzeak eskatzen duen abildadearen garantia dutelarik.

        Giro berezi hau sortzea eta kontestu horretan denen gogotan dauden sentimenduak eta egiak ebokatzea eta kantatzea da bertsolariaren merito paregabea euskal kulturaren baitan. Gure galdera hau da: kontestu hau konpetiziokoa al da? Bertsolariak sortzen duen komunikazio-giro berezi hori «joko» arrunt baten norgehiagokan kabitzen ote da? Gai-jartzaileari, momentuko giroari, edo alboko bertsolariari erantzuten dionean, ze erantzun-klase ematen du bertsolariak, ze mailatako norgehiagoka sortzen du? Pilotari batek beste pilotariari erantzuten dionean, pilota berdinarekin, frontoi berdinean, eta arau berdinen arabera ematen du erantzuna: pilota, frontoia, arauak, tantoak, eta abar, bi jokalarientzat berdinak dira, eta dena zehazki neur daiteke. Hitza denean pilota, bertsoa denean frontoia, imajinen arteko harremanak direnean arauak, metaforazko loturak eta ebokazio kulturalak direnean tantoak, jokoa erabat beste maila batetan ari da. Frontoi bateko distantziak eta imajinaziozko distantziak ezin dira metro berdinarekin neurtu. Pilota batekin ala hitzarekin izan, irabaztearen zentzua diferente da. Eta ez dira «egia» berdinak, bertsolari batek imajinez, konparaketaz eta gezurrez esandakoak, eta jokalari batek trebetasunez edo indarrez azaldutakoak.

        Beren portaera publikoan ere jokalaria eta bertsolaria arras desberdinak izan dira tradizionalki. Jokalariak desafioa du maite, eta erronka eta harrokeria pixka bat beharrezko zaizkio. Kikildu ohi den jokalaria ez da gogozko, bere indarretan konfiantza osoa izanik, ahaleginez irabaztera saia dadin eskatzen diogu jokalariari. Bertsolariari, alderantziz, portaera apalagoa tokatzen zaio; harrokeria eta handi-ustetik ihes egin behar du. Sarritan bertsolariak hasera edo amaierako agurrean gaizki esanak barkatzeko eskatuko du, eta umiltasun itxurak ondo erabiltzen dakizki, entzulegoa bereganatzeko. Bertso-txapelketetan jokalari baten portaera ausarta egokiago dirudi, eta hauetan bertsolaria tradizioz berea ez den jokaera konpetitiboa hartzera beharturik dagoela esan genezake.

        Gure galdera zen: Zein da bertsolariaren funtzioa euskal kulturaren baitan? Behin Itziarko plazan galdera horixe jarri genien kantagaitzat Lopategiri eta Lasarteri. Launa bertso ederretan beren erantzunak adierazgarriak izan ziren: «Esperantza bat sortu nai luke / bertsolarien abotsak»; «Al baldin bada herri batean / umore pixka bat jarri»; «Nai genduke ondo asetu / anai denen egarria; / sendimenduen negarra edo / umore onez irria»; «Nunnai ditugu diskurso ederrak / nunnai ditugu mitinak. / Biotza baino ez lezake eman / bertsolari ezjakinak». Agian azkenik bururatuko zitzaiena izango zen beren zeregina herriaren aurrean bien arteko norgehiagoka batetan aritzea zela.

        Umorea, esperantza, bihotza, sentimenduen negarra: bertsolariak sortu nahi dituenak. Esan genezake gure kultura tradizionalean bertsolaria izan dela hitzaren literaltasuna eta jokoaren galdu-ala-irabazia superatzen erakutsi diguna. Euskaldunak hitzari dion seriotasunean, jokoari dion afizioan, benetakotasunari dion debozioan, bertso kantatzea agertzen da umorearen eta ironiaren leku berezi bezala, hitzaren jolasean eta fikziozko ofizioak norberaganatuz, edozein egia edo giza-egoera bizitzeko modua. Hitzak esplikatu ezin duena, jokoak irabazi ezin duena, burrukak bentzutu ezin duena, bertsolariak kantu bihurtzen du.

        Hortxe dago bertsoaren indarra eta subertsioa: gezurren bidez egiak esatea, fikziozko ofizioak harturik pertsonen benetako egoerak agertzea, eguneroko harremanetako jokoaren gal-irabaziak hitzezko joko baten medioz konpontzea, ukabilez erabakitzera zihoan burruka disparatatua hitzaren disparatez algara batetan erabakitzea, bizitza bere alderdi tragikoetatik purifikatzea kantu batetan esperimentatuz eta ulertuz, berez, ulermenetik harantzago dagoena. Bertsolariaren mesedea eta aurrerapena nahi duenak, ezin du zeregin kultural ordeztezin hau arriskuan jarri, bere kantua norgehiagoka batetara reduziturik, bere jolasa joko konpetitibo bat bihurturik, bere harreman imajinarioak neurtu daitezkeen harreman literaltzat harturik.

 

 

 

© Joseba Zulaika

 

 

"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia