Apustuetatik txapelketara

 

        Sarritan entzuten da: Euskaldunak jokozaleak gara»; «Apustuak halako indar berezi bat ematen digu». Eta honen lekuko bertsolaritzaren historian ere jokoak bere tokia baduela gogoratzen da. Gure aurrekoek ere bertso apustuak egiten zituzten, nola ez. Kasu famatuak badira, milaka pertsona bildu zutenak. Eta gure aurrekoek hala egiten bazuten, gure izatea halakoxea da eta kito. Tradizio bati eusten ari gara, bertsolaritza apustu bihurtuaz.

        Konpetizioak eta apustuak bere tokia beharko du edozein gizartetan. Mentalidade jokozaleak, halaz ere, edozer har dezake apustu-gaitzat, eta agian gauzarik desegokienak ere bai. Halako mendira ordu erdian iritsi bai ala ez, joko polita da. Zeinek irrintzi luzeago eta dotoreago botako duen lehiaketa antolatzeak badu bere musika. Baina, goian esanda bezala, zeinek txiste ederragoa bota edo gezur borobilagoa nork esango-txapelketa montatzea nolabait zentzugabekeria litzateke, ez baitago txistearen ziria neurtuko duen pisurik edo gezur baten distantzia agertuko duen metrorik. Nola esan, non esan, norentzat esan, ze egoeratan esan, horien arabera dago erabat gauza neurtezin hauen «balioa», eta txapelketa bat montatzeak zera inplikatuko luke: txiste edo gezur baten funtsa zer den ahaztea, alegia. Bertso apustu edo txapelketa bat antzeko disparatea da neurri handi batetan.

        Dena den, lehengo bertso-apustu famatu haietan badira datu interesgarriak apustuaren beraren ukazioa suposatzen dutenak. Zabala Amezketakoa eta Txabalategi Hernanikoaren artean jokatutakoa da agian ezagunena: 1801 urtean Billabonan 4.000 entzule bildu omen zituen! Saioa amaitu omen zen; nork irabaziko eta juezek beren epaia eman aurretik, publikoak oihuka eman erabakia: enpate. Gertakizun honexek adierazten du ezerk baino hobeto bertsozaleek badakitela bertsolaritza benetako apustu bat ez dela. Joko bat ezin da enpatean amaitu: batak ala besteak irabazi behar du jokoa amaitzeko eta txapeldun bat erabakitzeko. Bi segalari, bi pilotari, bi muslari ezin dira enpatean gelditu. Esprint guztietan bat bakarrik da irabazle. Futbol-liga bezalako lehiaketa luze batetan enpate parzialak egongo dira igande bakoitzean, baina sailkapen nagusian garbi mailakatua geldituko da erresultado bakoitza. Kopako partiduetan binaka erabakiko da irabazlea; enpatean luzapena eskatuko du, luzapeneko enpatea penaltietara erabakiko da; penaltien enpatea kara-kruz batekin. «Enpaterik ez beste edozer!», izan daiteke jokoaren lema, enpatea jokoaren ukazioa baita. Billabonako bertso apustua ez zela benetan apustu, garbi adierazi zuen publikoak enpate eskatze horrekin.

        Beste bertso apustu ospetsuenetako bat Zabala eta Fernando Amezketarrak Txabalategi eta Altamira Tolosakoari egindakoa da. Arratsalde osoan aritu omen ziren, jendea ezin ase, goizaldera arte segi, eta publikoak ezin alde. Hara hor jokoaren beste ukazio garbia, zeren jokoak amaiera zehatza behar du. Ordu erdian zenbat altzada; hamar plaza nork lehenago; 22 tantora nor iritsi: denbora, espazioa, zenbakiak zehatzak dira. Bertsolari hauen amaitu ezina, publikoa ase ezin zelako, horixe da apustu baten ukazioa.

        Eta Xenpelar eta Juxto-ren arteko desafioan gertatua nola ahaztuko? Lezo-Errenderi aldean ba omen zeuden Xenpelar bezain bertsolari famatu bi, Juxto eta Lonjinos, baina ez buru eta ez ipurdi ez zuten bertsoak kantatzen zituztelako omen zetorkien izena. Txarrak baino txarrago izanagatik ere, jendeak txalotu egiten zien, beren bertsoen aldrebeskeriaz ohartzen ez zirelako. Hitz gutxitan esanda, jabetzen ez ziren komediante-itxura zeukaten. Egun batetan, Xenpelarri berari bota omen zion Juxtok desafioa, eta hark onartu, bere asmoa Juxto bera imitatzea izango zen-eta. Esanda bezala, Santa Kruz egunean, Lezon zeuden gure bi bertsolariak, eta plaza jendez gainezka Xenpelarren asmo «zoroaz» aldez aurre abisatua baitzegoen. Txalorik handiena jendeak aldrebeskeriarik izugarriena esango zuenari. Xenpelar saiatzen omen zen, bai, Juxto imitatzen, baina hau bezain aldrebesa izaten zaila oso. Jendea algara hutsean, irri eta barre. Halako batean sekulako hau bota zuen Xenpelarrek: «Txantxangorri batenak/sei libra tripaki; txingurri batek berriz zazpi arto-jaki./ Bayak iriña iyo, / errotak iralki,/ ganibetak erre ta / labiak ebaki.../oyen madria nun dan! Xenpelarrek daki». Baina Juxtok honela erantzun: «Neguan otzak eta/udan txingurriyak/ orbela ta zipotza/denak ziyatuak./ Sugia ta ziraba/dauskat inguruan.../ beldur-beldurrak nago/ sartzeko mixtua». Hura zen jendearen barreak sena galdu beharra! Hura hesteak bota beharra! Bertsolariek ez omen zuten jarraitzerik izan, jendea lurrean botata baitzebilen algara izugarrian. Honela amaitu zen desafioa, garailerik ez eta azken bertsorik ere ez. Jendeak aski omen zuen.

        Izuelako Artzaiak ezezagun den beste bertsolari batekin egindako desafioa da liburuetan agertzen den beste kasu famatu bat. Hemen ere saioa bukatu eta epailariek erabaki ezin nor zen garaile. Xelebrea da benetan apustu bat jokatu eta irabazlerik gabe gelditzea! Kasu honetan, futbolean penaltietara bezala, estratagema memoristiko bat jarri omen zuten irabazlea aukeratzeko: azkenengo 50 bertsoak berriro kantatzea. Baina argi dago, hau tranpa bat zela, edozein bertsozalek ondo bai baitaki bertsolari baten balioa ez dagoela inolaz ere behin botatako bertsoak buruz memorian gordetzen. Bertsoen beraien norgehiagokako balioa erabaki ezin zelarik, memoriaren repetizio mekanikoa hartu behar izan zen neurgailutzat. Kara-kruz bat jatorragoa izango zen jokoa erabakitzeko eta bertso-apustu baten absurdoa adierazteko.

        Apustu jator dikotomiko haiek orain, neurri handi batetan, lehiaketa eta txapelketekin ordezkatu dira. Adibidez, lehen, idi pare bat beste idi pare baten kontra jokatzen zen eran, orain 30 idi parek hartzen dute parte liga antzeko batetan. Baina, behin Mendatako Ikeriak esaten zidanez, «hauek ez dira benetako jokoak, bat bestearen kontra egiten ziren lehengo haiek baizik» Arrazoia sinplea da: bien artean garbi gelditzen da nor den irabazle eta nor galtzaile, baina 30 pareen artean irabazi eta galdu nozioak erlatibizatu egiten dira. Adibidez, laugarren gelditu denak zer egin du, irabazi ala galdu? Joko tradizional polarizatuak azken erresultado garbia nahi du, ez galtze edo irabazle erlatibizatu bat. Bertso txapelketek ere, konpetizio-formak euskal gizartean aurreratzen doazen eran, lehengo apustu haien berriratze bat suposatzen dute. Kirol-konpetizioetan futbol ligaren progresiora eta txirrindulari eta maratoien pelotoietara ohitu garelarik, bat-bestearen aurkako desafioak herri ruraletan bakarrik ematen dira, eta orain euskal alorrean ere gehiago aipatzen dugu Arkonada edo Cabestany bat trontzari edo segalari on bat baino. Era berean, bertso-desafio bat gauza bitxi xamarra gertatuko litzaiguke, eta tabernan kantatu ala plazan edo irratian, hemen edo hango euskalkian ala euskara batuan, baserri kulturako imajinez ala industria-giroko arazoez, nolabait bertsolaritzaren salto kualitatibo bezala ikusi nahi ditugu. Modernizatzen ari gara konpetizio-formei esker.

        Goran esan bezala, lehengo bertso apustuak «apustu» izango ziren, baina kasu ospetsuenetan publikoak berak apustua deuseztatu egin ohi zuen enpatea oihukatuz edo besterik gabe, jokoari amaiera ukatuz. Gaur eguneko txapelketetan, bikotea pelotoi ugaria bihurtu eta bi orduko saioa igande eta igande zerrenda luze batetako liga bihurtu zaizkigunean, konpetizio formak errefinatuagoak dira, eta jokoak ez du bere arauen kontra inolako hutsunerik permitituko. Azken saioan bi bertsolarien artean txapelduna erabakitzeak badirudi joko tradizionalaren dikotomia lortzeko intento bat dela, txapeldunaren garaipena garbiago ulertzen baita biren artean askoren artean baino. Lehengo publiko apustuzale hark bazekien behintzat idi dema bat eta bertsolarien hitzeko jokoa bereizten, hauen apustua enpateaz edo beste nolabait neutralizatuz. Gaurko txapelketen publikoak galdu du parte-hartze aktibo hura, juraduak zer erabakiko dion zain dago, ez daki jadanik mus txapelketa bat bertsolari txapelketa batetik bereizten, ahazten ari da zein den bertsolariaren benetako jokoa.

        Gerra aurreko berotasun abertzale hartan, 1935ean antolatu zen lehenengo bertsolari txapelketa: Basarri atera zen irabazle. 1936ko Urtarrilean eratu zen bigarrena, eta bada hemen ere gertakizun aipagarri bat: Txirrita eta Uztapide enpate antzean geratu omen ziren, eta Txirritari eman zioten txapela, baina epaimahaiko batek Uztapideri aitortu zion bera zela irabazle eta ia bigarren sariarekin konforme al zen, ze hurrengo urteetan ere Txirrita zaharra baino itxura hobean izango omen zen bera txapela ateratzeko-eta. Txapelketa batetik ezin, ba, bi txapeldun atera! Zabala Amezketako eta Txabalategi Hernanikoaren publikoak enpatea erabakiko zukeen lasai askorik, apustuaren norma guztiak hautsiaz baina bertsoaren jokoa hobeki ulertuaz. Uztapidek ere seguruenik ez zuen gogoko izango Txirritari txapela kentzerik; izan ere, Txirrita handiari bere bertsolari bizitzan zehar irabazitako txapela bakarra ukatzea, ofentsa eta irain izango zitzaion edozein bertsozaleri. Uztapide bera txapel hori gabe 1962ko Abendu arte egon zen. Eta 1965ko txapelketan ere txapelaren pisua eraman behar izan zuen: «Berriz ere txapela niri uzten didate. Bildur dira burua hoztuko ote zaidan.» 1967ko txapelketa izan zen Xalbadorri txistua jo zioteneko hura, eta Uztapidek momentu lotsagarri haren berri ematean, zorrozki komentatzen du: «Gure egoera ederra zen orduan! Gu biok giñan an, jendearen aurrean txutik jarrita, txistuak noiz ixilduko ziran zai. Nola nai dezute, ba, pakea izatea? Gero esan zutenez, bost minutu ta erdi iraun zuen txistu-aldi arek. Gu bezelaxe urtero or txapelketa ortan kantatzen izaten ziranak berak ikusi giñuzen okerrenak, eta iñola ere gauza onik ez. » Txapelketa hauek hilabetetan zehar bertsolariei ematen dizkieten larridura etengabeak gogor salatzen ditu Uztapidek; tratu txar hauek gogoan harturik, damua zuela berak bertsolari izana aitortu zidan behin hil aurretik. Beste inork baino urte gehiagotan txapelaren ohorea dastatu izan arren, bere autobiografian Uztapidek ez ditu inon aipatzen txapelketak bertsolaritzari erantsi dizkion alderdi on hoiek. 1967-koaren ondorenez, gehiago ez antolatzeaz hauxe dio: «Geroztik ez da txapelketarik egin, eta alde batera ez egitea ere obe, ala ibiltzekotan.»

 

 

 

© Joseba Zulaika

 

 

"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia