Testugintza idatzia eta ahozkoa
Bertso txapelketen normaltasuna azpimarratzeko, gogora ekartzen da beste zenbait tokitan ere konpetizio literario eta artistikoak eratzen dituztela. Denek dute euren disparateak egiteko baimena, baina diferentzia inportante bat egin beharra dago hemen ere. Testugintza idatzia eta ahozkoa bi testugintza-mota oinarriz desberdinak dira. Bertsolariaren eta bertso idatziaren arteko diferentziak desegiten ari direla ere entzun ohi da: hau ezinezkoa da, bi bertsogintzen teknikak eta esanahi-munduak erabat desberdinak baitira. Arazo hontan klasiko bihurtu dira Parry eta Lorden eskolako estudioak Jugoslaviako epikari buruz (Homeroren testugintza nolakoa zen ezagutzeko argibide funtsezkoak eskaini dituzte hauek Jugoslaviako gaur eguneko bertsogintza epikoa analizatuz). Teknika idatzia eta ahozkoa «kontrajarriak eta bata bestearen baztertzaile» direla azpimarratzen du Lordek (bere The Singer of Tales liburuan) zeren poetaren bat literario bihurtzeko «ahozko tradizioa utzi, eta idazterik gabe ezinezkoa den edota idazteagatik bilakatzen den konposaketa-teknika ikasi behar baita.» Jugoslaviarren epikan, testuaren alderdi formulaikoek adierazten omen dute ahozkoa den ala ez.
Arazo hau ez da nahasi behar bertsolariak beren bertsoak paperean idatzi ohi dituzteneko arazoarekin. Bertsolariak bere bertsoak kopista bati diktatzeak ez du esan nahi teknika orala aldatu egin duenik: funtsean berdin-berdinak dira, eta bertsolariak ez du poetika berririk hartzen bere bertsoak paper gainean idazterakoan. Bertsolariarentzako oztopo bat ere izan daiteke diktatzeko denbora libre hori edukitzea, bere bertsoak ez baitu deus ere irabaziko kontenido edo edukiaren aldetik, baina bai galanki galdu bat-batekotasun hori gabe. Uztapidek bere autobiografian arazo hau ikutzen du, eta honen etsenplu ederra hark «Ama»-gaiari bat-batean eta idatzian egindako bertsoak dira: idatzitakoak ez dute egiatan ezer berririk eransten, eta bai ordea plazan kantatutako beste haien bat-batekotasuna galtzen.
Idazteak testua finkatu eta tinkatu egiten du. Bertsoa berriz, Uztapideren hitzetan, «aizeak eramaten du.» Idaztearen fijazio tinko honek teknika guztiz desberdina inposatzen dio testugintzari. Bertsolaria «denboragabea» da bere bat-batekotasunean; idazleak berriz denbora redundante nahi hainbat du, eta honek beste konposaketa-modu bat eskatzen dio idazleari: tematika, jenero literarioa, gaiaren tratamendua, pertsonaia bakoitzaren aukeraketa, eta abar, idazleak berak egin behar baititu. Bertsolariari bat-bateko momentuak ematen dio guzti hori; inprobisazioak libratzen du bertsolaria, idazlearentzat dezisibo diren mila arazoetatik eta.
Bestalde testu idatziak eta bertsoak erreferentzia-modu desberdina dute: testu idatzian erreferentzia finkaturik gelditzen da, eta ez du momentuko akto ostensibo baten seinale beharrik; bertsoak berriz, aldi bakoitzean bertsolariaren presentzia, boza, eta asmaketa etengabea exijitzen ditu. Idazle eta bertsolariaren ejerzizio mentalak ere erabat desberdinak dira. Adibidez, esaten da bertsolariak izugarrizko memoria duela behar beharrezko; baina ez da espezifikatzen ze memoria-klase den bertsolariarena, bertsolariak ez baititu bere bertsoak buruz memorizatzen, inoiz ez ditu eta berriro bertso berdinak botako. Bere memoria beste era batetakoa da: hizkuntzaren hiztegia, sufijazioa, errima bukaerak, eta abar, gogoan izango dituena; hau da, hizkuntza osoa klasifikaturik eduki behar du bere memorian, baina inoiz ez bertso-forma aldez aurretik konkretuki fijatuta. Bertsolaritzaren azkena izango litzateke bertsolariak beren bertsoak memorizatzen hasiko balira. (Lordek dioenez, Jugoslavian honelako zerbait gertatu omen da).
Ez da berdin testu finkatu bat (obra literario eta artistiko guztiak finkaturik daude) edo memoria retentibo baten edukia neurtu eta «aizeak daraman» bat-bateko testua neurtzea. Musean ere enbido arrunt batek «bat» edo «bi» edo «bost» balio du, baina hordagoaren balioa (hau ere «denboragabea», tantoen prozesu progresiboa eliminatzen duelako) ezin da aurrez jakin, jokaldi bakoitzean balio diferentea baitu. Musa zehazki neur daitekeen jokoa delako, hordagoari ere azken batetan balio berezi eta konkretua emango zaio jokaldi bakoitzean; baina, berriro lehengora itzuliaz, musarena ez bezala delarik, bertsoaren hordagoa ezin da zehazki neurtu, puntu ordinario batetara traduzitzeko sistemarik ez duelako. Testu idatzi batek (hor denboraren redundantzia dago, estiloen alternatibak, gai finkatu baten erabilketa, erretorika edo poetika berri baten bilakuntza) testu oralak ez dituen posibilitateak dauzka neurketa konparatu bat egiteko. Sinfonia on bat beti da ona; jazz-emanaldi bat momentuan bakarrik da ona. Istant hori metro batekin neurtzen hastea bezala da bertso baten balioa puntuazioz erabakitzea norgehiagorako. Bertsoaren denboragabetasun hori dela-eta, bertsoen arteko konparaketa eta testu idatzien edo finkatuen arteko konparaketa maila desberdinekoak dirateke.
© Joseba Zulaika "Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia