Bertsolariaren hitza

 

        Zertan dabil bertsolaria, jokoan ala jolasean? Zein da bere hitza, literala ala metaforikoa? Nolakoak dira bere ofizioak, egiazkoak ala gezurrezkoak? Dikotomia hauek forzatzen ari naiz, bertso-txapelketak bertsogintzari zein aurredefinizio ezartzen dion ikusia izan dadin.

        Lekuona zaharrak bere 1918.eko bertsolaritzari buruzko azalpenean garbi utzi zuen: bertso baitako harremanak imajinatik imajinara sortzen dira. Bertsolariaren «arrazoia» imajina-ilara batek osatzen du; imajina horiek, bertsoaren lokera formalak direla medio, elkarren artean bat bestean txertatzen dira, eta hortxe gertatzen da bertsoaren grazia. Kopla batekin garbi agertzen da puntu hau. Zubeltzu bertsolariak kantatu zuen ondorengo hau santeskean joan zaren batean, bere lagunak moteldu zirelarik: «Altuan dago Errenteriya/ altuaguan Oiartzun./ Ia ba, nere mutil maitiak/ altu ta berdin erantzun.» Lehenik bi herrien arteko alturak konparatzen dira; eta bigarren puntuan harreman geografiko hori lagunarteari aplikatzen zaio. Bi domeinu desberdinetako imajinak elkarren ispilu, konparazio, metafora, aurkitzen dira bertsoaren baitan.

        Imajinen arteko mugimendu berezi hau gerta dadin, Lekuonak baliabide tekniko hauek aipatu zituen: elipsiaren ugaritasuna; lokera gramatikalen ausentzia; orden-lojiko-kronolojikoaz axolagabezia; itxuraz imajina eta bertsoaren gaiaren artean kohesio logikorik eza. Zubeltzuren koplan azaltzen den bezala, bi imajinen arteko katea ez da medio erretoriko edo sintaktikoez egiten, baizik eta elipsia eta imajinen arteko harreman metaforikoak dira lokarri.

        Nolakoa da bertsolariaren hitza? zen gure galdera. Zubeltzuren hitzak lehenik esanahi literal bat dute. Eta neurri formal zehatzen baitan daude (erritmoa, errima, eta etenak inposatzen dituzten muga formalak). Baina Zubeltzuren hitzen esanahia ez da beren literaltasunean gelditzen, baizik eta bi imajinen arteko harreman «imajinario» berri bat gertatzen da koplaren baitan. Era berean koplaren alde formalak neur daitezke, baina harreman imajinario horien esanahi metaforikoak ezin daitezke neur. Beraz, bertsolariaren hitzak eta imajinak ez dira beren esanahi soilean gelditzen. Edozein literaturgintzak edo artegintzak duten eran, bertsoaren esanahiak edo mensajeak ez dira kodigo linguistiko hutsaren erreferentzian gelditzen, baizik eta ebokazio metaforikoa, multierreferentzia sinbolikoa, errealitate estetikoaren anbiguedade eta orokortasun neurtezina dauzka berarekin. Hortik dator bertsoaren grazia eta atsegina, edozein bertsozalek sobera dakienez.

 

 

 

© Joseba Zulaika

 

 

"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia