Hitzaren literaltasuna eta anbiguedadea
Jokoaren eta jolasaren modeloak hitzaren literaltasun eta anbiguedadearekin zerikusi estua dute. Jokoa erabat zehatza eta literala da; jolasa erabat anbiguoa eta metaforikoa.
Gure kultura tradizionalean hitzaren ideologiak garrantzia izan du. Gizon izatea zer den adierazteko orduan, adibidez, hitza izan da karakteristika nagusi bat. «Hitzeko gizona» izan da gizon jatorraren definizio garbiena, zeren idia adarretik eta gizona mingainetik» lotzen baitira. Joxe Landak behin ondo esan zidanez, hitzak zorrotza izan behar du, banakatua, esanahiduna, inoiz ez betelanekoa. Ahozko kultura bati dagokionez, hor hitza baita komunikazio osoaren zutabea, literaltasuna azpimarratu du tradizionalki gure hitzari buruzko ideologiak. Gizon bat ezagutzeko orduan, bere gizatasuna eta hitza elkarren ispilu bezala ikusiak izan dira. Sarritan entzuten den bezala, euskaldunaren hitzak «kontrato bat bezala» izan behar du; hau da, idatzitako dokumentuaren esanahi aldaezineko bezala.
Tratantearen analogia ibili izan ohi da hitz faltsuaren adibide bezala. Tratanteak hemen erori eta han saldu egiten du, eta bitartean beretzako zerbait gorde, edozein negoziotan bezala. Salerosketaren pausoetan prezioak aldatu egiten direlarik, hara hor gauza beraren balioa nola den aldakorra, tratantearen abildadea dela medio; hortik dator tratantearen engainua eta faltsukeria, eta hortik gure artean izan duen fama txarra. Hitzarekin berarekin trafikatzen duena, hemen gauza bat esan eta han beste bat, hemen esanahi batekin eta han beste batekin, hemen helburu batekin eta han besterekin, hori ere tratante hutsa da.
Gauzen balio aldaezina eta hitzaren literaltasun zehatza oso ongi dago. Baina baita ere pentsa daiteke, tratantearen prezioak bezalaxe, hitzak ere esanahi diferenteak eta anbiguedade beharrezkoak badituela giza harremanetarako, besterik ezean noizean behin txisteren bat edo egin ahal izateko, besterik ez bada ere. Hitz guztiak kontrato konbertituko balitzaizkigu, kalamidade bat izango litzateke: ahoa zabaltzerako bakoitzean, mila aldiz pentsatu beharko genuke azken hitz aldaezin hori nola esan.
Bestalde, hitzak badu berezitasun guztiz aparteko bat: gezurraren posibilidadea. Egiaren eguzkiaren fanatiko hark ere, Gabriel Arestik alegia, «Beti esanen dut egia» harrokeriaz hasitako poema bera, gezurrak zein egoeratan esango zitueneko katalogo bat egiten amaitu zuen: «...eguzkia ilundu eztadin... krabelinak usainik gal eztezan...», eta abar. Bertsolariei jarri ohi zaien gai faborito bat izan da, hain zuzen, zeinek gezur handiago bota.
© Joseba Zulaika "Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia