Jokoa eta jolasaren modeloak euskal kulturan

 

        Bertsolaritzari leporatzen zaion definizio nagusi bat jokoarena da. Lehen eratzen ziren bertsolarien arteko apustuak dira joko honen adierazpen nabarmenenak. Bertsolaritza «kirol nazional» bezala hartzeak ere joko konpetitibo baten egitura inposatzen dio bertsogintzari. Nolakoa da joko bat? Tradizionalki gure jokoak erabat bipolarrak izan dira: harrijasotzaile bat beste baten aurka, idi pare bat beste idi parearen aurka, pilotari bat edo bikotea beste baten aurka. Jokoak hauetako bat irabazle eta bestea galtzaile egiten ditu. Jokoak neurketa zehatz bat erabiltzen du, luzera espazial, altzada-zenbaki, tanto-kopuru, eta abar, bitarteko dituelarik. Beraz jokoak testuinguru esperimental bat ezartzen du, neurketa kuantitatibo zehatz bat ematea posible egingo duena, bi konpetitzaileen norgehiagoka erabaki ahal izateko. Jokoak ez du zalantzarik uzten nor den irabazle eta nor galtzaile jakiteko. Joko aurretik zalantzan zegoen nork ote zuen indar edo abildade gehiago, eta jokoak bi lehiakideen arteko badaezpada guztiak amaitzen ditu, erresultadu positibo eta negatibo bat zehatz-mehatz emanaz.

        Jokoaren emaitzak zenbateraino diren anbiguedaderik gabeak ohartzeko, jolasaren modelo kulturalarekin kontrastatu besterik ez dago. Jolasean ez dago jokoan bezalako irabazle eta galtzailerik; azken momentuko irabazi edo galtzeak ez du definitzen jolasa, eta irabazle edo galtzaile gertatzea akzidental dira jolasaren dibertimenduan. Jokoan dena bai-ala-ez, galdu-ala-irabazi, gehiago-ala-gutxiago diren bezala, jolasean dena badaezpada, bai-ta-ez, gaizki-ta-ondo da. Jokoan galtzaile ala irabazle ezinbestez gertatu behar den bezala, jolasean biak suertatu daitezke irabazle eta galtzaile, edo inor ere ez bat-ala-bestea. Neurtzeko arauak ikutu ezinak dira jokoan; jolasean arauak aitzaki bat besterik ez dira, normak haustea bera jolas-iturri bihurtzen da, bat-batean asmatzen segi behar da jolasak bizirik iraun dezan. Jokoan ez bezala, jolasean ez dago aurrez erabakita noiz hasi eta noiz amaitu, zer egin edo esan eta zer ez egin edo ez esan. Jolasak erabat apurtzen du jokoaren prozedura lineala, bat-ala-bestearen garaitza, testuinguru esperimental baten neurketa zehatza, azken emaitzak erabakitako erresultadu zalantzarik gabea.

        Jokoaren eta jolasaren «egia» erabat desberdinak dira. Jolasean egindakoak eta esandakoak ez dira benetan hartu behar; hau da, jolasean ari dena gezurretan ari da beti. Hitzek ez dute esan nahi esan behar zutena, baizik eta beste zerbait. Jokoan esandakoa erabat eta zehazki literala bada, jolasean guztia alegiazkoa edo metaforikoa da (ipuin, edo broma, edo konparazio batetan bezala). Jolasaren arau orokor bezala honelako zerbait jar daiteke: «Hemen egiten edo esaten den guztia alderantziz entenditu behar da». Jolasaren funtsa hortxe dago hain zuzen: dena gezur handi bat dela, baina halaz ere egiaz betea, eta horretxegatik ematen digu hainbeste atsegin. Jokoaren «egia» erabat literala da: hitzek adierazten dute benetan, esaten dutena; benetan egiten du batek galdu ala irabazi. Jolasaren «egia» berriz gezurra bera da: jolasean esaten badira «jan egingo zaitut» edo «itsusi hutsa zara», esaldi kuttun eta kariñosoak dira; joko edo burruka batetan esaldi berdinak amenazoak dira. Segun kontestua jokoa ala jolasa den, mensaje berdinek esanahi desberdina adierazten dute.

 

 

 

© Joseba Zulaika

 

 

"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia