H. F. Guggenheim Fundazioaren laguntzarekin egina da lan hau.
Mikel Azurmendi eta Joxe Azurmendiren laguntza eskergarria izan da.

 

        Bi helburu ditu lan honek: bata, bertsolaritzaren teorizaziorako ura bildu, kultura barneko beste ekintza-modeloen analogiak bertsogintzari ezarriaz; bestea berriz, bertsolari-txapelketen inguruan sortu den eztabaidan zenbait iritzi aurkeztu.

        Alde guztietatik txapelketaren aldeko bozak bakarrik entzuten direnez, lan honek txapelketaren kontrako posizioa arrazoitzen du. Ematen diren argumentuak ez dira, lehenik, sikologistak (bertsolariak pasa behar dituen «tratu txarrak» eta abar), ezta ere ez gara txapelketen inguruko kasuistikan sartzen. Bertsolaritza bera zer-nolako jarduna den aztertuz, txapelketa joko arrunt bat bihurtzea, epaimahai batek bertsoak juzgatuz eta mailakatuz bertsolarien artean norgehiagoketa bat finkatzeko, bertsogintzaren egiazko funtsaren ukazio bat dela arrazoitzen da.

        Bertsolari-txapelketak eratzen, epai-mahaietan parte hartzen, komunikabideetatik bertsolaritza zabaltzen, eta abar, diharduten guztiei errespeto handienarekin egina dago lan hau. Eurentzat gehienbat, eta bertsolari beraientzat, idazten dut nire kritika negatiboa, debate honetarako zenbait puntu argigarri izango direlakoaren ustetan, eta azken batetan bertsolaritza beraren defentsarako. Gertatu ohi da gai bati buruz gehien dakitenek, edo gai baten barruan gehien bizi direnek, beren pentsamoldeetan dagozkeen desbideraketez konturatzeko zailtasun handiagoa izatea, etorri-berri edo kanpotixeagotik begiratzen dion norbaitek baino. Txapelketa hauek bertsolaritzari zer suposatzen dioten inguruan ez dago pentsaera garbirik. Nire ustez, txapelketa hauen azpiko presuposamenduetan bertsogintza zer denari buruzko huts egite edo errore kontzeptualak aurkitzen dira, eta hauek argitzea da idazlan honen helburua.

 

 

 

© Joseba Zulaika

 

 

"Joseba Zulaika: Bertsolariaren jokoa eta jolasa" orrialde nagusia