L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh Euzkadi (1979-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Markesenea

 

Markesak aspaldi aldegin zuen "Markesenea"tik. Badakigu, saloi zabalean, hormatik zintzilik zuen ezpata kamutsa handik kendu eta baratzeko zoko batetan ehortzi zuela, begirada goibel hura ezin aldaturik. Geroztik inor ez da hura bilatzen ausartu. Egun menda usaina inguruan.

        Baina badirudi ordurako zerbait somatu zuela markesak. Bazekien ongi zer uzten zien gero etorriko zirenei eta eskuak garbitu aurretik, etxearen izena grabatu zuen bere hamar seme-alaben buruetan, eta baita seguruasko esan: "ez nik adina haur ukan". Oraingo neskazahar bakartia konturatu da eta ez daki merezi zuen ala ez. Halere Mexicoraino iritsi ziren, iristen dira, odol urdinik gabe, eta artzainak egin dira. Haiek ez dakite, nik ez dakit, zergatik loratu diren, Markesenean, baratzetik errekondoraino jetxi diren loreak.

        Baina astin ditzagun buruak, historio honek ez du ia magiarik, ezta oroitzapen motelen beharrik, negar melankolikoen kontsolamendurik. Markesak, ezpata ehortzerakoan, ez zuen herdoilduko zenik ere pentsatu. Hurrengo belaunaldiek ez zuten etorkizun hitza aipatu, eta guttiago asmatu. Betiko txotxoloak hasi gara guzei bere hautsa kentzen, markesaren etxeari so. Baserriak hain dira xarmantak! Ez dago Parte Zaharrera jo besterik. Hemen entzungo ditugu hainbat gazteen asmoak, laster asmatuko dugu baserri bat bi taberna arteko bidean. Baina non erre librekiago gure larunbat eta igandetako porroak, non lasaiago praktikatu Wilhem Reitch lagunaren ikaskuntzak.

        Haize preskoak birikak zabaltzen dizkigu, belarraren berdeak gure begiak eta sensibilitatea berpizten ditu. Honela, beharbada, poema beltz batekin itzuliko gara hiri zikinetara. Behin eta berriro bizi berri bat... "Markesenea"ra joan, etxe ondoko erreka entzun, markesari itxoin asuinak kontatzen... eta gero diezquinientas, quinceseiscientas eta veinteochocientas diotenek dena eramango dutela jakin, gu berriz beldurtuko garela hamar mila pezeta esaterakoan, beraienak izango direla larunbat eta igande gehienak. Ez dut ahanzten gainera berak izango direla lozorroan egongo direnak bere hamaka plegableetan, baratzean, markesaren ezpata gainean. Bueno, baina ezdakit ezer, ez naiz oso trebea. . .

        Ni maiz kontsolatzen naiz, saiatzen naiz behintzat. Goiz batzutan autobusean sartzen naiz poltsa batekin eta herri bakoitzean galdetzen hasten natzaie... badakizue, pertsonai famatu hoiei, apaizari, estankokoari, tabernakoari, baserritar bati edo Maria zaharrari. Beti aurkitzen dut zer edo zer, herri ttiki hauk oso bereziak baitira batzutan. Eta badakite oso dramatikoak izaten beste batzutan, ohartuko zarete, suizidio esporadiko bat... Baina azkenik beti jakiten dut gauza garrantzitsuren bat: "...pues saltzeko tratoan dago"... ondoren bi miloiak ahantzi, baratzetik zehar ibili, ordu erdi bat zelaiean etzan, bidexur ilunean dagoen menda usaintsua hartu eta patrikan sartzen dut, Markesenean. . .

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.