IV. ATALA

 

        Igandea Hirutasun Santuaren misterioari eskainia, astelehena Espiritu Santuari, asteartea Aingeru Zaindariei, asteazkena san Joseri, osteguna Aldareko Sakramentu Santuari, ostirala Jesusen Nekaldiari, larunbata Birjina Maria Doneari.

        Goizero santifikatzen zen imajina edo misterio santuren baten aurrean. Aita Santuaren asmoen alde pentsamendu eta ekintza oro heroikoki eskainiz eta goiz-meza entzunez hasten zuen eguna. Goizeko aire gordinak zorrozten zion jaiera adoretsua, eta sarri askotan, aldameneko aldareko eliztar bakanen artean belauniko apaizaren murmurioa otoitz-liburu orriartetutik jarraitzen zuelarik, altxatzen zituen une batez begiak bi kandelen, itun zaharra eta berria adierazten zutenen artean zegoen figura beztituarengana, eta imajinatzen zuen katakonbetan zegoela mezatan.

        Eguneroko bizitza deboziozko sailetan banatua zuen. Jakulatoria eta otoitzen bidez berrogeika eta ehunka egun eta urte oso pilatzen zituen eskuzabaltasunez purgatorioko arimen alde; alabaina, penitentzia kanonikozko denboraldi itzel horiek hain erraz erdiestearekin sentitzen zuen garaipen izpiritualak ez zion otoitz-ardura erabat saritzen, ezin baitzuen inoiz jakin zenbat zigor-denbora gutxitu zien arima penatuei sufragioaren bidez; eta purgatorioko sutan, infernukotik betiraunekoa ez izatean soilik bereizten zenean bere penitentziak ur tanta baten balioa baino gehiagorik izango ez zuen beldurrez, egunean-egunean ohikoez gainera, gero eta obra gehiago egitera eraman zuen arima.

        Eguna, orain, bizitzako igaroaldiko betebehartzat jotzen zituenez osatzen zen eta egunaren zati bakoitzak bere energia izpiritualaren erdigunearen inguruan jiratzen zuen. Bere bizitzak betierera hurbildua zirudien; pentsamendu, hitz eta ekintza orok, gertaera kontziente orok zeruan oihartzun distiratsua izan zezala lortzen zuen, eta bat-bateko oihartzun horren sentipen hain bizia izaten zuen batzuetan, non iruditzen baitzitzaion arima, bere debozioan, kaxa erregistratzaile handi baten teklatua sakatzen duten behatzak bezala eta, bat-batean, irabazien zenbatekoa zeruan agertzen zela, ez zenbakitan, baizik eta intsentsu kolona mehe edo lore fin baten antzera.

        Arrosarioak ere, etengabe errezatzen zituenak —galtzetako poltsikoetan eramaten baitzituen aleak kaletik zihoanean esateko— lorezko koroa bihurtzen ziren, loreek zutelarik halako egitura ez-lurtarra, ezen izengabeak ziren bezain ñabarduragabeak eta usaingabeak iruditzen baitzitzaizkion. Egunean esaten zituen hiru arrosarioak arima hiru bertute teologaletan sendo zedin eskaintzen zituen: sortu zuen Aitarenganako sinesmenean, berrerosi zuen Semearenganako itxaropenean eta santifikatu zuen Espiritu Santuarenganako maitasunean; eta otoitz hiru aldiz hirukoitz hau Hiru Pertsonei eskaintzen zien Mariaren bitartez, beronen pozezko, nekezko eta aintzazko misterioen izenean.

        Astearen zazpi egunetako bakoitzean, gainera, Gurutze Santuaren zazpi dohainetako bat arimara jaitsi zekion eta iraganean zikindu zuten zazpi bekatu nagusiak egunez egun bertatik erauz zekizkion eskatzen zuen; egun bakoitzari zegokion dohaina eskatuz egiten zuen otoitz, bereganatuko zuen uste osoz, nahiz eta batzuetan estrainioa iruditzen zitzaion jakinduria, adimena eta jakintza, bakoitza besteetatik aparte eskatu behar izaterainoko izatasun ezberdinekoak izatea. Hala ere, sinetsita zegoen bere aurrerapen izpiritualaren geroagoko faseren batean desagertuko zela zailtasun hori, arima bekataria ahuleziatik suspertu eta Trinitate Santuaren Hirugarren Pertsonak argitzen zuenean. Honetan, gainera, indar gehiagoz sinesten zuen, eta dardaraz, zeren eta iluntasuna eta isiltasuna baitzituen egoitza Paraklitoak, usoa eta haize indartsua sinbolotzat zeuzkanak, eta Haren kontra egindako bekatuak ez baitzuen barkamenik eta Izaki betiereko, misteriotsu, sekretu hari, Jainko zenez, apaizek urtean meza bat eskaintzen zioten suzko mihiaren eskarlata kolorez jantzita.

        Irakurtzen zituen otoitz-liburuetan Trinitatearen Hiru Pertsonen izatasuna eta kidetasuna itzal ilunetan estaltzen zituen imajineria —Aita Bere Jainkozko Perfekzioari ispilu batean bezala betierean begira dagoena, hortik betierean sortzen duen Betiereko Semea, eta Espiritu Santua betiere guztian Aitarengandik eta Semearengandik datorrena— errazago onartzen zuen adimenak, zuen ulertezintasun bikainarengatik, Jainkoak arima betiere osoan, mundura jaio baino askoz lehenagotik, mundua bera ere sortu baino askoz lehenagotik, maite izana baino.

        Entzun zituen maitasun eta gorroto grinen izenak eszenatokian eta pulpituan solemneki esaten eta aurkitu zituen liburuetan ere solemneki idatziak, eta pentsatzen zuen zergatik ez ote zen bere arima haiek barruan hartzeko edo ezpainei haien izenak erabakigarritasunez esanarazteko gai. Haserrealdi labur bat askotan izaten bazuen ere, inoiz ez zuen lortu grina iraunkor bihurtzerik eta beti joan egiten zitzaiola sentitzen zuen, gorputzak erraz botatako azal zahar edo oskola bezala. Sentitzen zuen ere presentzia sotil, ilun eta murmurati bat barruratzen eta une bateko irrits gaizto bat pizten, baina hau ere labaindu egiten zitzaion helmenetik, adimena argi eta indiferente utzirik. Hau zen, antza, beregan ostatu har zezakeen maitasun bakarra eta hura gorroto bakarra.

        Baina ezin zen denbora gehiagoan maitasunaren errealitatean sinetsi gabe egon, zeren eta Jainkoak jainkozko maitasunez maite izan baitzuen betiere osoan bere arima banakoa. Gradualki, arima ezagutza izpiritualean aberasten zihoan neurrian, mundu osoa Jainkoaren indar eta maitasunaren adierazpen zabal simetrikoa zela ikusi zuen. Bizitzako une bakoitza jainkozko dohain bilakatu zen eta sentsazio bakoitzagatik, zuhaitz-adarrean hosto bat zintzilik ikusteagatik ere, arimak emailea goratu eta eskertu behar zuen. Mundua, bere substantzia solido eta konplexutasun eta guzti, ez zen existitzen beretzat, jainkozko botere, maitasun eta unibertsaltasunaren teorema bezala ezik. Hain osoa eta zalantzagabea zen natura guztiaren jainkozko esanahiaz arimak zeukan zentzua, ezen ez zuen ia ulertzen zer premia zegoen bizitzen jarraitzeko. Nolanahi ere, hori jainkozko xedearen parte zen eta ez zen ausartzen horren zergatia zalantzan jartzen, zein eta bera,jainkozko xedearen aurka hain bekatu latza eta lohia egin zuena. Errealitate betiereko, omnipresente eta perfektu honen kontzientziak otzandu eta beheititurik, arimak berriro bere deboziokizun, meza, otoitz, sakramentu eta penitentzien zamari heldu zion eta orduantxe sentitu zuen lehen aldiz, maitasunaren misterioa hausnartzen ziharduenetik, mugimendu epel bat bere baitan, bizitza jaioberri batena edo arimaren bertute batena bezalakoa. Arte sakratuetan agertzen zen estasi jarrera —eskuak apartatuak eta jasota, ezpainak erdi irekiak eta begiak konortea galtzera doanarenak bezala— arima, Egilearen aurrean apaldua eta indarge, otoitzean dagoeneko jarrera bilakatu zen beretzat.

        Baina ohartarazia zegoen goraldi izpiritualaren arriskuez eta ez zion bere buruari utzi deboziokizun txikienik edo apalenik ere bertan behera uzten, eta penitentzia jarraituaren bidez bekatuzko iragana kitatzen ahalegintzen zen, arriskuz beteriko santutasuna lortzen baino gehiago. Zentzumen guztiak diziplina zorrotzera lotu zituen. Ikusmenaren zentzua mortifikatzeko, kalean behera begira joateko araura makurtu zen, ezker-eskuinetara begiratu gabe eta inoiz ez atzera. Begiak emakumeen begiekin gurutzatzea ebitatzen zuen. Noizik eta behin borondatearen ahalegin batez ere saihesten zituen begiak, esaldi bukatu gabearen erdian bat-batean jaso eta liburua itxiz, kasu. Entzumena mortifikatzeko, bere ahotsa, aldatzen ari zitzaiona, aske uzten zuen; ez zuen abesten ez txistu egiten eta ez zen saiatzen nerbioak sumindu eta minberatzen zizkioten hotsetatik —hala nola, labanak arraitzean zorroztekotik, sutautsak palarekin jasotzekotik eta alfonbra jotzekotik— ihes egiten. Usaimena mortifikatzea zailagoa zen, usain txarrek ez baitzioten berez nazkarik ematen, ez kanpoko usainek, simaurrak nahiz bikeak, ez bere buruaren usainek, zeinen arteko alderaketa eta esperimentu bitxi ugari egin baitzuen. Azkenean, usaimenari nazkagarri gertatzen zitzaion usain bakarra halako arrain ustel kirats, txiza zaharrarena bezalako bat zela aurkitu zuen, eta ahal zen guztietan usain ezatsegin horren mende jartzen zen. Dastamena mortifikatzeko, ohitura zorrotzak hartu zituen mahaian; elizak jarritako barauak hitzez hitz jarraitzen zituen eta distrakzioaren bidez ahalegintzen zen janari ezberdinen zaporetik irudimena aldentzen. Ukimenaren mortifikaziorako erabiltzen zuen, ordea, injeinu eta asmamen gehien: ohean ez zuen inoiz berariaz postura aldatzen, posturarik ezerosoenetan esertzen zen, pazientziaz sufritzen zituen oinaze eta min guztiak, sutondorik urrun geratzen zen, belauniko egoten zen mezatako guztian, ebanjeliokoan salbu, lepoa eta aurpegia ondo lehortu gabe uzten zituen aireak ebaki ziezazkion, eta arrosarioa esaten ari ez zenetan, besoak aldamenetan behera eramaten zituen korrikalari batek bezala eta inoiz ez poltsikoetan sartuta edo atzealdean elkartuta.

        Ez zuen bekatu astunik egiteko tentaziorik. Harritzen zuen, halere, jaiera eta buru-euspen korapilatsu haien buruan, hutsegite kaxkar eta umekeriazkoen mende hain erraz erortzen zela ikusteak. Otoitz eta barauek ez zioten asko balio izan ama usin egiten entzutean edo deboziokizunetan ari zela higuintzen zutenean, haserrea deuseztatzeko. Borondate-indar izugarria behar izaten zuen sumindura haren kanpora-nahia menderatzeko. Maisuen artean sarritan nabaritu izan zituen haserrealdi arinen imajinak —aho kuzkurtuak, ezpain estutuak eta masaila gorrituak— gogorarazi zizkion eta, bere apaltasun ariketak eta guzti, bihozgabetu egin zuen konparazioak. Edozein barau edo otoitz baino zailagoa zitzaion bere bizimodua gainontzekoen bizimoduen itsasaldi komunera biltzea, eta hori inoiz bere gustura egin ezinak, azkenean ariman lehortasun izpiritualaren sentsazioa eta aldi berean zalantzak eta eskrupuluak sortu zizkion. Bere arima ilunaldi bat igarotzen ari zen, zeinetan sakramentuek beraiek ere iturburu agortuak baitziruditen. Aitortza eskrupulu eta akats damugabeen isurbide bilakatu zen. Eukaristia hartzeak orain ez zekarkion errenditze birjinalezko zorabioaldirik, batzuetan Sakramentu Santuari bisita egin ondorenean egin zituen jaunartze izpiritual haietan bezala. Bisitaldi haietarako erabiltzen zuen liburua san Alfonso Ligorik idatziriko liburu zahar, atzera utzitako bat zen, hizki histu eta orri horizta zimelduekikoa. Antza, maitasun gartsu eta ihardespen birjinalezko mundu hits bat gogorarazten zion arimari orrialde haien irakurketak, zeinetan kantuen imajineria jaunartzaileen otoitzekin bilbatzen baitzen. Mintzo adigaitz batek laztandu bezala egiten zuen anima, izenak eta loriak esaten zizkion, jaiki eta ezteietara irtetera gonbidatzen zuen, Amanatik eta lehoinabarren mendietatik esposoaren zelatan egotera gonbidatzen zuen; eta ematen zuen arimak, errenditurik, mintzo adigaitz berdinez erantzuten ziola: Inter ubera mea commorabitur.

        Errenditze ideia honek erakarpen arriskutsua zuen adimenarengan, orain, haragiaren mintzo setatiak berriro arimaren erasoan sentitzen zituen honetan, otoitz eta meditazioek zirautela hasi baitzitzaizkion berriro murmurioka. Botere zentzu handia ematen zion, nahi izate hutsez, pentsatzearekin bakarrik, egin zuen guztia desegin zezakeela jakiteak. Uholde bat poliki-poliki oin biluzietara hurreratzen balihoakio bezala nabaritzen zuen eta lehen olatuxka ahul, herabe, isilak larru sukartua noiz ukituko balego bezala. Orduan, ia ukitzera zihoakionean, ia bekatuari men egiteko unean, uholdetik urrun itsasertz lehorrean aurkitzen zuen bere burua, bat-bateko borondatezko ekintzak edo bat-bateko jakulatoria batek salbatuta; eta urrunean ur-ertz zilar kolorekoa ikustean eta berriro oinetarantz poliki-poliki aurreratzen hasten zitzaionean, botere eta atseginezko beste hotzikara batek dardaratzen zion arima, ez zuela amore eman eta ez zuela dena desegin jakinda.

        Tentazioren uholdeari zenbait aldiz itzuri egin zionean, kezka erne zitzaion eta pentsatzen jarri zen ea ez ote zitzaion apurka-apurka ebatsia izaten ari galdu nahi izan ez zuen grazia. Bere inmunitatean zuen ziurtasun garbia ilundu egin zitzaion eta ondotik arima oharkabean eroria izango ote zenaren beldur zehazgabe batek jarraitu zion. Kostata irabazi zuen berriro graziazko egoeran zegoeneko lehengo ezaguera, bere buruari esanez tentazio une guztietan erregutu ziola Jainkoari eta eskatu zuen grazia emanda izango ziola, Jainkoa ematera behartua zegoenez gero. Azkenean, tentaldien maiztasun eta bortiztasunak berak erakutsi zion egia santuen frogabideei buruz entzuna zuenaz. Tentaldi sarri eta bortitzek frogatzen zuten arimaren gaztelua ez zela erori eta deabrua eror erazteko ahaleginetan amorratzen zebilela.

        Askotan, bere zalantza eta eskrupuluak aitortzen zituenean —otoitzean izandako arreta-galtze uneren bat, arimako haserre bulkada funtsik gabekoren bat edo hitzezko nahiz egitezko gogokotasun armaren bat—, aitor-emaileak iraganeko bekaturen bat aipa zezala eskatzen zion absoluzioa eman baino lehen. Apaltasun eta lotsaz ipatzen zuen eta berriro haien damua egiten zuen. Umiliatu eta lotsatu egiten zen pentsatzen zuenean ez zela inoiz hartaz erabat libratuko, nahiz eta santutasun handienean bizi, nahiz zernahi bertute edo perfekzio lortu. Errudun sentitzearen desosegua izango zuen beti: aitortu, damutu eta absoluzioa hartu, berriz ere aitortu eta damutu eta berriz ere absoluzioa hartu; alferrik. Beharbada, presakako lehen aitortza hura, infernuaren beldurrak atera ziona, ez zen ona izan? Beharbada, gainean ikusten zuen kondenaz bakarrik kezkaturik, ez zuen bekatuen benetako damurik izan? Baina aitortza ona izan zela eta bekatuen benetako damua izan zuenaren seinalerik onena, ziur zegoen, bizitza zentzatu zuela zen.

        — Zentzatu dut bizitza, ezta? —galdetzen zion bere buruari.

 

 

        Zuzendaria leiho-markoaren ondoan zegoen, argiari bizkarrez zutik, ukondoa gortina marroian jarrita, irribarretsu hizketan, beste gortinaren soka emeki zabuka eta korapilatzen zerabilelarik, eta haren ondoan zegoen Stephen, batean teilatu gainetan ahultzen zihoan udako egun luzearen argiari begira eta bestean apaizaren behatzen mugimendu abilei begira. Apaizaren aurpegia guztiz ilunpetan zegoen, baina atzealdetik gutxitzen zihoan argiak loki sakonak eta garezurraren ingurubira ukitzen zizkion. Stephenen belarriak jarraitzen zituen apaizaren ahotsaren doinu eta isilaldiak ere, seriotasunez eta lagunkiro gai ezberdinetaz ari zen bitartean: oporraldi amaitu berria, ordenak atzerrian zituen ikastetxeak, irakasle-aldaketak. Ahots itzaltsu lagunkoiak eroso jarraitzen zuen kontakizuna, eta isiluneetan galdera errespetutsuekin berriro jarraipena ematera behartua sentitzen zen Stephen. Bazekien kontakizuna aitzinsolasa zela eta jarraipenaren zain zegoen. Zuzendariaren deialdi-abisua jaso zuenez geroztik, mezuaren esanahia aurkitzeko eginahalak egin zituen; eta zuzendaria sartu zain, ikastetxeko bisita-gelan eserita urduri eman zuen denbora luzean, begiak hormetako koadro soiletan batetik bestera erabili zituen eta burua asmakizunetan, harik eta abisuaren esanahia ia argi geratu zitzaion arte. Orduan, ustekaberen batek zuzendariaren etorrera eragotz zezala ia desiratzen zegoela, atearen eskulekua jiratzen entzun zuen eta sotanaren fris-frasa.

        Zuzendaria domingotarren eta frantziskotarren ordenaz eta santo Tomas eta san Buenabenturaren arteko adiskidetasunaz hasi zen hizketan. Kaputxino abitua, haren ustez, zeregia zen...

        Stephenen aurpegiak apaizaren irribarre barkakoia itzuli zuen eta, iritzia emateko irrikitzen ez zegoenez, ezpainekin duda-mudazko keinu bat egin zuen.

        — Uste dut —jarraitu zuen zuzendariak— kaputxinoen beraien artean darabiltela baztertzeko kontua eta gainontzeko frantziskotarren erara egitekoa.

        — Suposatzen dut komentuetan mantendu egingo dutela, ez? —esan zuen Stephenek.

        — A! Jakina! —esan zuen zuzendariak—. Komenturako ondo dago, baina kalerako zinez uste dut hobe litzatekeela kentzea, ez?

        — Gogaikarria izan behar du, nire ustetan.

        — Jakina, ba, jakina. Pentsa ezazu, Belgikan nengoela, bizikletan ikusten nituen, egiten zuen eguraldia egiten zuela, zera hori belaun pareraino igota. Itxuragabea zen erabat. Les jupes esaten zieten Belgikan.

        Bereizi ezin izateraino aldatzen zen bokala.

        — Nola esaten zietela?

        — Les jupes.

        — A!

        Stephenek berriz ere irribarrearekin erantzun zion apaizaren ilunpetako aurpegiko ikusi ezin zuen irribarreari, honen imajina edo espektro bizkorra soilik igaro baitzitzaion irudimenetik, azentu baxu eratsua belarrira heldu zenean. Zeru motelduari parez pare begira geratu zen isiltsu, arratseko freskura eta masailean pizturik zuen gartxoa ezkutatzen zion argitasun hori ahula eskertuz.

        Emakumeen janzkien izenek edo hauek egiteko erabiltzen ziren zenbait material leun eta delikaturenek perfume delikatu eta bekatuzko bat ekartzen zioten beti gogora. Umetan, zaldiak gidatzeko erabiltzen diren hedeak setazko banda finak zirela imajinatzen zuen eta desilusionatu egin zen Stradbrooken uhalen larru koipetsua ikustean. Orobat desilusionatu zen lehen aldiz behatz dardaratien artean emakumezkoen galtzerdiaren ehundura hauskorra sentitu zuenean, zeren eta, irakurtzen zuen guztitik bere egoeraren oihartzun edo profezia iruditzen zitzaiona beste ezer gogoan hartzen ez zuenez, hitz goxozko esaldi edo arrosaren leuntasunezko telen artean bakarrik ausartzen baitzen imajinatzen bizi zitezkeela emakumearen arima eta gorputz leunak.

        Baina esaldia ez zen tolesgabea apaizaren ezpainetan, bai baitzekien apaiz batek ez zuela arinki hitz egin behar gai horretaz. Esaldia berariaz izan zen arinki esana eta ilunpetako begiek bere aurpegia bilatzen zutela sentitu zuen. Jesuiten maltzurkeriaz entzun edo irakurri zuen guztia alde batera utzita zeukan, esperientzia propioz baieztatu gabea zen heinean. Maisu izan zituenak, begiko izan ez zituenak ere barne, beti apaiz buruargi eta serioak, prefektu atletiko eta alaitsuak iruditu zitzaizkion. Gorputza ur hotzez animotsu garbitu eta azpiko arropa hotz garbiak eramaten zituzten gizonak gogoratzen zituen. Clongowesen eta Belvederen haien artean bizi izan zen urte guztietan, bi jipoi hartu zituen, eta bidegabez emanak izan ziren arren, bazekien maiz libratu zela zigortua izatetik. Urte guzti horietan ez zuen inoiz bere maisuengandik arinkeriarik entzun; haiek izan ziren kristau ikasbidea irakatsi ziotenak eta bizitza on bat eramatera premiatu zutenak eta, bekatu astunean erori zenean, haiek izan ziren atzera graziara zuzendu zutenak. Haien presentziak herabetu egiten zuen, artean inozo bat besterik ez zela Clongowesen egon zenean, eta halaber herabetzen zuen Belvederen, jarrera ekibokoa mantendu zuenean. Etengabean iraun zion sentsazio horrek eskolako azken urtera arte. Behin ere ez zuen desobeditu ez eta utzi ere ikaskide nahastariek isil-isilik obeditzeko ohituratik aparta zezaten; eta inoiz maisuren baten esana zalantzan jarri bazuen, ez zuen sekula kanpora iragarri zalantzan jarri zuenik. Azkenaldi honetan haien zenbait iritzi infantil samarrak iruditu zitzaizkion eta pena eta gupida sentitu zuen, mundu ezagun bat uztera balihoa bezala eta hizkera hori azken aldiz entzuten balu bezala. Behin mutil batzuk kapera ondoko aterpean apaiz baten inguruan bildu zirelarik, apaiza honela esaten entzun zuen:

        — Uste dut Lord Macaulay bere bizitzan inoiz bekatu astunik egin ez zuen gizona izango dela ziur aski, berariazko bekatu astunik, alegia.

        Mutiletako batzuek, orduan, galdetu zioten ea ez al zen Victor Hugo frantziar idazlerik handiena. Apaizak erantzun zuen ez zuela Victor Hugok elizaren aurka jarri zenean, katolikoa zenean bezain ondo urrunetik ere idatzi.

        — Eta kritikari frantses gailen ugari dira —esan zuen apaizak irizten diotenak ez zuela Victor Hugok ere, zalantzarik gabe handia zen arren, Louis Veuillotek bezain frantses idazkera garbia.

        Apaizaren zeharresanak Stephenen masailean piztu zuen gartxoa itzali zen berriro eta begiak artean zeru koloregabetuan isiltsu finkaturik zituen. Baina zalantza egonezin bat zebilkion hara-hona buruan. Oroitzapen maskaratuak igarotzen zitzaizkion arin aurretik; lekuak eta pertsonak ezagutzen zituen, baina konturatzen zen ez zuela zenbait zirkunstantzia garrantzizko hautematen. Bere burua Clongoweseko kanpoetan ikusten zuen kirolei begira eta cricketeko kapelatik malba zurizko gozokiak jaten. Jesuita batzuk bizikleta-pistan paseatzen zebiltzan andere batzuekin. Clongowesen erabiltzen ziren zenbait esamolderen oihartzuna entzuten zuen adimenaren leize-zulo urrunetan.

        Belarrietan oihartzun urrunak entzuten zegoen bisita-gelako isiltasunean, apaiza beste tonu batean zuzendu zitzaiola konturatu zenean.

        — Etorri erazi zaitut gaur, Stephen, oso gai garrantzitsu batez hitz egin nahi dizudalako.

        — Bai, jauna.

        — Inoiz sentitu al duzu bokaziorik?

        Stephenek baietz esateko bezala mugitu zituen ezpainak, baina gero bat-batean eutsi egin zion hitzari. Apaiza erantzunaren zain zegoen eta erantsi zuen:

        — Esan nahi dut ea inoiz zure baitan, zure ariman izan duzun ordenan sartzeko desirarik. Pentsa ezazu.

        — Pentsatu dut batzuetan —esan zuen Stephenek.

        Jaregin zion apaizak gorrina-sokari alde batera eta, eskuak elkartuz, hauen gainean atseden zuen kokotsa serioski, bere artean baitaraturik bezala.

        — Ikastetxe hau bezalako batean —esan zuen azkenean— beti izaten da mutil bat edo bi edo hiru, Jainkoak erlijio-bizitzara deitzen dituenak. Halako mutila bere lagunetatik nabarmendu egiten da, duen jaieragatik, besteen aurrean erakusten duen etsenplu onagatik. Besteek begirunez begiratzen diote; batzuetan kongregazioko prefektu aukeratzen dute. Eta zu, Stephen, horrelako mutila izan zara ikastetxe honetan, Ama Birjina Donearen kongregazioko prefektu. Zu izan zaitezke, agian, ikastetxe honetan Jainkoak Beregana deitu duen mutila.

        Apaizaren ahotsaren seriotasuna indartzen zuen harrotasunezko nota gogor batek Stephenen bihotza bizkorrarazi zuen.

        — Dei hori jasotzea, Stephen, —esan zuen apaizak— Jainko Ahalguztidunak gizon bati egin diezaiokeen ohorerik handiena da. Ez da erregerik ez enperadorerik lurrean Jainkoaren apaiz baten boterea duenik. Ez aingerurik edo goiaingerurik zeruan, ez santurik, eta Andre Maria Doneak berak ere ez du Jainkoaren apaizaren ahalmenik: giltzen ahalmena, bekatuak lotu eta askatzeko ahalmena, exortzismo ahalmena, Jainkoaren kreaturengandik mendean hartuta dauzkaten izpiritu gaiztoak botatzeko ahalmena, zeruko Jainko handia aldarera ekartzeko eta ogi eta ardo bihurtzeko ahalmena eta eskubidea. Bai ahalmen ikaragarria, Stephen!

        Garra suspertzen hasi zen berriro Stephenen masailean, arenga harro honetan bere burutapen harroen oihartzun bat entzun zuenean. Zeinen sarritan ikusi zuen bere burua apaiz, baretsu eta apalki jarduten ahalmen izugarrian, zeinaren aurrean aingeru eta santuek gurretan erortzen baitziren! Atseginez egon izan zen arima desira horren ameskerietan. Ikusi izan zen, manera isilekiko apaiz gazte, aitorlekuan bizkor sartzen, aldareko mailak igotzen, intsentsua lurruntzen, jenuflexioa egiten, apaizgoaren eginkizun lausoak, zeinak errealitatearekin zuten antzagatik eta urruntasunagatik atsegin baitzituen, burutzen. Bere ameskerietan bizi izan zuen bizitza gandutu hartan zenbait apaizengan erreparatu zituen ahots eta keinuak bereganatzen zituen. Belauna alde baterantz tolestatzen zuen halakok bezala, intsentsu-ontzia arinki baizik ez zuen astintzen halakok bezala, kasula harrotu egiten zitzaion halako bati edo beste halakori bezala, jendeari bedeinkapena eman ondoren berriro aldarera jiratzen zenean. Eta, batez ere, bigarrengoaren lekua betetzea zuen atsegin irudimeneko eszena gandutu horietan. Muzin egiten zion meza-emailearen duintasunari, higuin ematen baitzion pentsatzeak ponpezia lauso guztia bere pertsonarengan amaitu behar zuela edota erlijiokizunak hain eginkizun jakina eta zehatza izendatzen ziola. Irrikitzen zituenak ofizio sakratu txikiak ziren, meza nagusian subdiakonoaren tunika jantzita egotea, aldaretik apartexe, jendearen arretarik gabe, sorbaldak belo humeralak estalita eta beronen izurduren artean patena sostengatzea, edota, oparia burutua zenean, urrezko telazko dalmatika soinean zuela, diakonotzan meza-emailearenaren behetiko mailan jarri eta, eskuak elkartuta eta aurpegia jendearengana itzulita, Ite missa est abestea. Inoiz bere burua meza-emaile gisara irudikatu bazuen, umetako meza-liburuan zegoen irudian agertzen zen bezala zen: eliztarrik gabeko elizan, opariko aingerua salbu, aldare biluzian eta bera baino zer edo zer gaztetxoagoko akolito batek lagunduta. Bazirudien bere borondatea opari eta sakramentuzko ekintza lausoetan soilik irteten zela errealitatearen bila; eta neurri batean, errito jakinik ezak mugatu zuen ekintzagabetasunera, hala haserrea edo harrotasuna isiltasunez estaltzen zuenean, nola eman nahi zuen besarkada hartu egiten zuenean.

        Isiltasun errespetuz betean entzuten zuen orain apaizaren deia eta hitzen artetik askoz garbiago entzuten zuen hurbiltzera gonbidatzen zuen ahots bat, jakintza sekretua eta ahalmen sekretua eskaintzen ziolarik. Orduan jakin ahal izango zuen zein zen Simon Magoren bekatua eta zein Espiritu Santuaren aurkako bekatu barkamenik ez zuena. Gauza ilunak jakingo zituen, besteentzat, hiraren seme-alaba sortu eta jaio zirenentzat, ezkutuak zirenak. Ezagutuko zituen bekatuak, besteen bekatuzko desirak, bekatuzko pentsamenduak eta bekatuzko ekintzak, aitorlekuan, kapera iluntsu baten lotsaren pean emakume eta nesken ezpainek belarrira xuxurlatuak; baina apaizgoa hartzean esku-ezarpenak misteriotsuki kutsaezina bihurturik, bere arima kutsatu gabe itzuliko zen berriro aldareko bake zurira. Ez zen bekatu arrastorik geratuko eskuetan, zeinekin jaso eta zatituko baitzuen ostia; ez zen bekatu arrastorik geratuko otoitzean zeuden ezpainetan, Jaunaren gorputza ez ezagutzeagatik kondena jan eta edan eraziko zionik. Jakintza sekretua eta ahalmen sekretua gordeko zituen, inuzentea bezain hobengabe izanik; eta apaiz izango zen betirako Melkisedeken ordenaren arabera.

        — Bihar goizeko meza —esan zuen zuzendariak— Jainko Ahalguztidunak Bere borondate santua ager diezagun eskainiko dut. Eta zuk, Stephen, egiozu bederatziurren bat zure santu zaindariari, Jainkoaren aurrean botere handia duen lehen martiriari, Jainkoak adimena argi diezazun. Baina ziur jakin behar duzu bokazioa duzula, Stephen, zeren ikaragarria izango litzateke gerora konturatzea ez duzula. Behin apaiz egitea, betirako apaiztea, gogoan izan. Dotrinak erakusten dizu Ordena Santuen sakramentua behin bakarrik bat daitekeenetakoa dela, kendu ezin den ezaugarri izpiritual ezabagaitza ezartzen diolako arimari. Aurretik hausnartu behar duzu ondo, ez ondoren. Gai solemnea da, Stephen, zure betiereko arimaren salbamena horretan egon baitaiteke. Baina biok erregutuko diogu Jainkoari.

        Ezkaratzeko ate astunari zabalik eusten ziolarik, esku eman zion, jada bizitza izpiritualean kide balu bezala. Eskailburuko zabalgune hedatsura irten zen Stephen eta arratsaldeko aire bigunaren fereka sentitu zuen. Findlatergo eliza aldera mutil gazte laukote bat zihoan zangokada luzeak emanez elkarri besotik helduta, buruak dantzan eta gidariaren eskusoinuaren melodia arinaren pausoan. Musika istant batean igaro zen, bat-bateko musikaren lehen konpasak beti ohi ziren bezala, Stephenen irudimenaren egitura fantastikoen gainetik, berauek oinaze gaberik eta zarata gaberik desegiten zizkiolarik, olatu kolpe batek haurren hareazko gazteluak desegiten dituen bezala. Doinu arinari irribarrez, jaso zituen begiak apaizaren aurpegira eta, beronetan egun sartuaren isla pozgabea ikusirik, kidetasun hari ahulki baietsi zion eskua poliki-poliki erretiratu zuen.

        Eskaileratan behera zihoala, bere baitaramendu nahasia ezabatu zion inpresioa ikastetxearen alartzetik zetorren egun sartuaren islaren maskara izan zen. Orduan, ikastetxeko bizitzaren errainua igaro zitzaion itzaltsu ezagumenetik. Bizimodu itzaltsu, ordenatu eta grinarik gabekoak espero zion, ardura materialik gabeko bizimoduak. Nobiziatuan lehen gaua nola pasatuko zuen eta lehen goizean logelan zeinen bihozgabeturik iratzarriko zen pentsatzen zuen. Clongowesko korridore luzeetako usain higuingarria etorri zitzaion eta gas-argien murmurio sotila entzun zuen. Bat-batean, egonezina hasi zitzaion barreiatzen izate osora. Pultsuaren bizkortze bizi batek jarraitu zion eta zentzugabezko hitzen zaratak batera eta bestera nahas-mahas eraman zizkion gogoetak. Birikak hanpatu eta kuzkurtu zerabiltzan aire bero, heze, pisua arnastuko balu bezala, eta berriro ere, Clongowesko bainuan, lur-koloreko ur geldiaren gainean zegoen aire heze beroa usaindu zuen.

        Senaren bat, oroitzapen hauek itzarria, heziketa eta errukia baino indartsuagoa, suspertzen zitzaion barrenean bizitza hartara hurbiltzen zen bakoitzean; sena fin eta aurkaria zen eta baiespenaren kontra armatzen zuen. Bizimodu haren hoztasunak eta ordenak atzera eragiten zion. Ikusten zuen bere burua goiz hotzean jaikitzen, besteekin batera ilaran goiz-mezatara jaisten eta urdaileko ondoez eroriaren aurka otoitzean saiatzeko alferrikako ahaleginetan. Ikusten zuen bere burua ikastetxeren bateko komunitatearekin eserita afaltzen. Non zen, bada, bere herabetasun sustraitu hura, teilatupe arrotzean jan eta edan egitea gorrotarazten ziona? Non zen bere izpirituaren harrotasuna, beti bere burua arlo guztietan apartekoa zela uste izatera eramaten zuen hura?

        Aita Agurgarri Stephen Dedalus, S. J.

        Bizitza berri hartako bere izenak hizkietan jauzi egiten zion begien aurrean eta ondoren, aurpegi zehazgabe edo aurpegi-kolore zehazgabe baten sentsazio mentalak jarraitzen zion. Kolorea histu eta indartu egiten zen adreilu gorriztaren distira aldakorra bezala. Neguko goizetan apaizen kokospe afeitatuetan hainbat aldiz ikusi zuen kolore gordin gorrizta ote zen? Begirik gabeko aurpegia zen, itxura garratz eta jaieratsukoa, haserre itoak eragindako ñabardura arrosez tindatua. Ez al zen hura mutil batzuek Matrail-Estu eta beste batzuek Azeri-Buztan esaten zioten jesuita baten aurpegiaren espektro mentala?

        Une horretan Gardiner kaleko jesuiten etxe paretik igarotzen ari zen eta zein leiho izango ote zen, berea pentsatu zuen lausoki, inoiz ordenan sartzen bazen. Hurrena, bere pentsamenduaren lausotasunean pentsatu zuen, arimak ordura arte santutegitzat eduki zuenetik sentitzen zuen urruntasunean, hainbeste urtetako diziplina eta obedientziari, behin-betiko ekintza erantzunezinaren ondotik askatasuna betirako —nola denboran hala betiraundean— kentzearekin mehatxatzen zuenean, zion atxikimen gutxian. Zuzendariaren ahotsa, elizaren eskubide hanpurutsuak eta apaizgintzaren misterio eta ahalmenak goraipatzen, alferrik errepikatzen zen oroimenean. Arima ez zegoen han entzuteko eta harrera egin ahal izateko, eta orain bazekien entzun zuen aholkualdia berriketa konbentzional hutsala bihurtua zela jadanik. Inoiz ez zuen apaiz bezala intsentsu-ontzia tabernakuluaren aurrean kulunkatuko. Bere patua ordena sozial nahiz erlijiozkoei itzuri egitea zen. Apaizaren deiaren jakituriak ez zuen giharrean ukitu. Destinatua zegoen bere jakituria bere kabuz, besteengandik aparte ikastera edo besteen jakituria bere kabuz ikastera, munduko segaden artean ibiliz.

        Munduko segadak bekaturako bideak ziren. Eroriko zen. Oraindik ez zen erori, baina isil-isilik eroriko zen, momentu batean. Zailegia zen ez erortzea, zailegia; eta arimaren irristada isila sentitu zuen, momenturen batean gertatuko zen bezala, erortzen, erortzen, baina oraindik erori gabe, tente oraindik, baina erortzeko zorian.

        Gurutzatu zuen Tolkaren ur-biziaren gaineko zubia eta une batez begiak itzuli zituen hoztasunez Andre Mariaren hornazina urdin koloregabetura, txerri-izter formako etxe txiro pila baten erdian hegaztia hagan bezala zegoenera. Gero, ezkerrera hartuta, etxera bidea jarraitu zuen. Aza ustel kirats min bat zetorkion erreka gaineko lur-sail aldapatsuetako baratzetatik. Irribarre egin zuen desordena hau, aitaren etxeko burubiderik eza eta nahaspila eta landare-bizitzaren hildura irtengo zirela bere ariman garaile pentsatzean. Eta algaratxo bat irten zitzaion ezpainetatik etxe atzeko baratzetan aritzen zen nekazari bakartiarengan, Txapelarekiko Gizona ezizena jarri ziotenarengan, pentsatu zuenean. Eta handik geroxeago, lehenengo algarak eragindako beste bat irten zitzaion oharkabean txapelarekiko gizonak nola lan egiten zuen pentsatzean: zeruaren lau aldeetara begiratzen zuen behin-banan eta ondoren atsekabez beterik lurrean sartzen zuen aitzur zabala.

        Krisketa gabeko atariko ateari bultza egin eta ezkaratze biluzitik sukaldean sartu zen. Anai-arreba taldea mahaiaren inguruan eserita zegoen. Te-otordua amaitzear zegoen eta bigarren urezko te hondarrak soilik geratzen ziren te-katiluen zerbitzua egiten zuten kristalezko antosin eta mermelada-flaskoen hondoan. Mahai gainean sakabanaturik azukre-ogi azalak eta apurrak ageri ziren, gainera isuritako tearen koloreko bihurturik. Te-putzutxoak zeuden han-hemen oholean eta marfilezko kirten puskatuarekiko labana tarta birrindu baten erdian sartuta.

        Arratsaldeko argitasun gris-urdinka, bare, tristea sartzen zen leihotik eta ate zabaldutik, Stephenen bihotzean bat-batean pizturiko aladura isilka estaliz eta arinduz. Haiei ukatu zitzaien guztia doan eman zitzaion berari, zaharrenari; baina arrats-argi baretsuak ez zuen erakusten inolako herraren seinalerik haien aurpegietan.

        Haien ondoan eseri zen mahaian eta aita eta ama non ziren galdetu zien. Batek erantzun zuen:

        — E-ta txe-ta bat-ta i-ta kus-ta te-ta ra-ta jo-ta an-ta di-ta ra-ta.

        Beste etxe-aldaketa bat! Fallon izeneko mutil batek, Belvederen, askotan galdetzen zion irribarre txepel batekin zergatik aldatzen ziren hain sarri. Berehalaxe destainazko bekozkoak ilundu zion bekokia, galdatzailearen irribarre txepela berriro entzuten zuelarik.

        Honela galdetu zuen:

        — Zergatik aldatu behar dugu berriro, jakin baliteke?

        — E-ta txe-ta ja-ta be-ta ak-ta bo-ta ta-ta ko-ta gai-ta tu-ta e-ta la-ta ko-ta.

        Anaia gazteenaren ahotsa tximinia ondoko muturretik «Maiz Gau Baretsuan» kanta abesten hasi zen. Banan-banan gainontzekoak elkartu zitzaizkion, ahots guztiek koru bat osatu zuten arte. Orduak eta orduak igaro zitzaketen horrela abesten, kanta kantaren atzetik, azken argi zurbila horizontean ezkutatzen zen arte, gaueko lehen hodei beltzak etorri eta gaua sartzen zen arte.

        Tarte batean entzuten egon zen, besteekin batera abesten hasi aurretik. Penaz entzuten zuen ahots errugabe, garbi, hauskorren atzetik nekadurazko harmonikoa. Bizitzako bidaiari ekin baino lehen, bideaz nekaturik ziruditen.

        Sukaldeko ahotsak haur belaunaldi amaigabeen koruen erreberberazio amaigabeetan errepikaturik eta anizturik entzuten zituen, eta oihartzun bakoitzean nekadura eta dolorezko nota errepikari baten oihartzuna. Denek bizitzaz nekaturik ziruditen, bizitzan sartu baino lehenagotik. Eta gogoratu zuen Newmanek ere nota hori entzun zuela Virjilioren lerro etenetan adieraziz, Natura beraren ahotsa bezala, dolore hura eta nekadura hura eta, halaber gauza hobeen itxaropena, zeina haren haurren sentipen izan baita garai guztietan.

 

 

        Ezin zuen denbora gehiagoan itxaron.

        Byron tabernako atetik Clontarf kaperara, Clontarf kaperako sarreratik Byron tabernako atera, eta handik berriro kaperara eta gero berriro tabernara ibili zen, hasieran astiro, urratsak espaloiko harlauzen artean tentu handiz emanez, gero, berriz, pausoa bertsoen neurrira egokituz. Ordubete osoa igaroa zen aita Dan Crosby tutorearekin unibertsitateari buruzko zerbait jakitera sartu zenetik. Ordubete osoz ibili zen gora eta behera, zain; baina ezin zuen denbora gehiagoan itxaron.

        Bull aldera abiatu zen berehalakoan, azkar ibiliz, aitaren txistu zoliak dei ziezaion beldurrez; handik une batzuetara poliziaren kuartel izkinan bira hartu zuenean, seguru zen.

        Bai, ama ideia horren kontra zegoen, haren isiltasun setatsutik atera ahal izan zuenez. Hala ere, amaren mesfidantzak zorrotzago eztentzen zuen aitaren harrokeriak baino, eta hoztasunez pentsatu zuen nola bere ariman desagertzen ari zen fedea gehitzen eta indartzen ikusten zuen amaren begietan. Antagonismo lauso bat indarra hartzen ari zen bere baitan eta adimena iluntzen zion, amaren desleialtasunaren aurkako lainoa bailitzan; eta, lainoen gisa, pasatzen zenean, adimena berriro bare eta amarekiko adeitsu utzirik, lausoki eta atsekaberik gabe ohartzen zen elkarren arteko lehen banantze isilaz.

        Unibertsitatea! Gainditua zuen, beraz, kontrazeinua, haurtzaroaren begirale izan zituen zelatariena, zeinek euren artean eutsi nahi izan baitzioten, haien menpean egon zedin eta haien helburuei zerbitza ziezaien. Harrotasunak eta satisfakzioak aupatzen zuten olatu luze geldiek bezala. Xede hark, zeinari zerbitzatzeko jaio baitzen, oraindik ikusi ez bazuen ere, eraman zuen ustekabeko bidetik ihes egitera eta orain keinu egiten zion berriro eta beste abentura bat zabaltzear zuen bere aurrean. Iruditzen zitzaion musika aldakor baten notak entzuten zituela jauzika, tonu bat gora eta laudun gutxitu bat behera, tonu bat gora eta hirudun maior bat behera, hiru mihiko garrak apetara saltari, garra garraren ondotik, gauerdiko basotik irtenda. Iratxo-preludio bat zen, amaigabea eta formagabea eta, basatiagotzen eta bizkorragotzen zihoan ahala, garrak denboraz kanpo saltari, iruditzen zitzaion sorkari basatiak entzuten zituela arbola-adarretan eta belar artean lasterka, euriak hostoetan bezalako hotsa hankekin ateratzen zutela. Tarrapatan igaro zitzaizkion hanka haiek burutik, untxi eta erbien hankak, orein, adarzabal eta antilopeen hankak; isildu ziren gero eta Newmanen pasarte bateko kadentzia gogoratzen zuen soilik:

        — Zeinaren oinak diren oreinarenak bezalakoak eta azpian betiereko besoak.

        Imajina lauso haren dotoretasunak errefusatu zuen eginkizunaren duintasuna ekarri zion berriro gogora. Haurtzaro guztian zehar fantasiatan ibili zen bere patua izango zela hainbat aldiz uste izan zuenarekin eta deiari obeditzeko garaia iritsi zenean, alde batera egin zuen, sena apetatsu bati obedituz. Orain, igaroa zen garaia: apaizgintzaren olioek ez zuten inoiz bere gorputza gantzutuko. Errefusatu egin zuen. Zergatik?

        Bidetik irten zen Dollymounten eta itsas aldera hartu zuen eta zurezko zubi atala igarotzerakoan, oinetako sendoen oinkaden dardarizoa sentitu zuen oholtzan. Kristau-ikasbideko anaia tropel bat zetorren Bulletik bueltan eta binaka-binaka zubia gurutzatzen hasiak ziren. Berehala zen zubi osoa dardara eta durundaz. Binaka pasa ziren bere ondotik aurpegi zakarrak, itsas aireak gorritu, horitu edo zurbilduak, eta, lasaitasunez eta indiferentziaz begiratzen ahalegintzen bazen ere, bere buruarekiko lotsa eta gupidak aurpegia tindatu zion arinki. Bere buruarekin haserre, saiatu zen aurpegia haien begietatik ezkutatzen, burua alde batera jira eta zubipeko ur azal zurrunbilotsuari begiratuz, baina han ere islatu egiten zitzaizkion setazko kapela astunak, zinta gisako anoki apalak eta habitu laxa dilingak.

        — Anaia Hickey.

        Anaia Quaid.

        Anaia MacArdle.

        Anaia Keogh.

        Jaiera ere izenak bezalakoa, aurpegiak bezalakoa, jantziak bezalakoa izango zuten; alferrik esaten zion bere buruari haien bihotz apal eta damutuek, agian, debozio-zerga aberatsagoa ordainduko zutela berea inoiz izan zen baino, opari hamar aldiz onargarriagoa bere adorazio landuaren aldean. Alferrikakoa zitzaion haiekin bihotz zabala izaten saiatzea, alferrikakoa bere buruari esatea inoiz haien atea jotzen bazuen, harrokeria galduta, porrokatua eta eskale, bihotz-zabaltasunez hartuko zutela eta euren buruak bezala maitatuko zutela. Alferrikakoa eta samingarria, finean, argudiatzea, bere ziurtasun grinagabearen kontra, maitasun aginduak ez digula agintzen maita dezagula lagun hurkoa geure buruak maite ditugun maitasun kantitate eta indar beraz, baizik eta maita dezagula geure buruari diogun maitasun mota beraz.

        Atera zuen esaldi bat bere altxorretik eta bere buruari esan zion bigunki:

        — Itsas hodeiz laiatu eguna.

        Esaldiak, egunak eta eszenak akorde batean harmonizatzen zuten. Hitzak. Koloreengatik ote zen? Utzi egin zien distira zezatela eta itzal zitezela ñabarduraz ñabardura: egunsentiko urrea, sagastietako gorri-berdea, olatuen urdina, hodei matazen ertz grisa. Ez, ez ziren koloreak: esaldiaren beraren jas eta oreka ziren. Maiteago al zuen, orduan, hitzen igoera eta erorkera erritmikoa, adiera eta kolorea baino? Edota, adimenez herabe zen bezain ikusmen ahulekoa zenez, atsegin gutxiago ateratzen al zuen hizkera koloretsu eta kontakizun aberatsen prismaren artetik ikusitako mundu sentigarriaren islatik, prosa-aldi argi, malgu batean ongi ispilututako emozio banakoen barne-mundua begiztatzetik baino?

        Zubi dardaratitik lur irmora igaro zen berriro. Une horretan iruditu zitzaion bezala, airea hozturik zen eta uraren aldera zeharka begiratu zuenean, haize-bolada baten hegada ikusi zuen ur-azala bat-batean iluntzen eta kizkurtzen. Bihotzean klaskada arin batek, eztarrian taupada arin batek esan zion beste behin nolako izua zion bere haragiak itsasoko usain hotz infrahumanoari; hala ere, ez zuen jo ezker aldeko dunen artetik, baizik eta zuzen jarraitu zuen errekaren ahoa seinalatzen zuten harkaitz ilararen gainetik.

        Eguzki-argi gandutu batek argitzen zuen ibai golkoratuaren ur-maindire grisa. Urrunean, Liffeyren ibaibide geldian aurrera, masta lirainek pintarratzen zuten zerua eta, oraindik urrunago, hiriaren oihala zetzan behe-lainotan. Tapiz lauso, gizonaren nekadura bezain zahar bateko eszena bailitzan, kristandadearen zazpigarren hiria ageri zitzaion aire denboragabearen artetik, ez zaharrago, ez nekatuago ez eta menderakuntzaren aurrean eramankortasun gutxiagoko erdi-aroko batzarren garaietan zena baino.

        Bihozgabeturik, begiak jaso zituen noragabe geldian zihoazen hodeietarantz, itsas hodei laiatuetarantz. Zeruaren basamortuetatik zehar zihoazen bidaian, nomada gudaroste bat martxan bezala, Irlandaren gainetik mendebal aldera. Europa, nondik baitzetozen, handik aldetik zegoen, Irlandako Itsasoaren bestaldetik: mintzaira arrotzen Europa, ibar, baso, gotorleku eta arraza trintxeratu eta formatuen Europa. Musika nahasi bat entzun zuen bere baitan oroitzapen eta izenez egina bezala, baina nahiz eta barruntatu, ezin zituen une batez ere atzeman; gero, musika urruntzen, urruntzen, urruntzen joan zen; eta urruntzen zihoan musika-ildo lainotsu bakoitzetik deiadar nota luze bat irteten zen, izar batek bezala gurutzatzen zuelarik ilunabar isila. Behin eta berriz! Behin eta berriz! Behin eta berriz! Munduz haraindiko ahots batek dei egiten zion.

        — Kaixo, Stephanos!

        — Hara hemen Dedalus!

        — Ai! ... E! Pasatzeko esaten diat, Dwyer, bestela muturreko bat emango diat... Ai!

        — Hori duk eta, Towser! Sar iezaiok burua uretan!

        — Hator, Dedalus! Bous Stephanoumenos! Bous Stephaneforos!

        — Sar ezak uretan! Edan dezala, Towser!

        — Lagundu! Lagundu!... Ai!

        Haien ahots multzoa ezagutu zuen, aurpegiak bereizi zizkien baino lehen. Biluztasun busti nahaspilatu hura ikuste hutsak hezurretarainoko zirrara eragin zion. Haien gorputzek, hilotzaren zuritasunezkoek, urre-koloreko argi zurbilez estaliek edo eguzkiak gordinki belztuek, dirdira egiten zuten itsasoko bustiarekin. Uretara jauzi egiteko harriak, euskarri sendoen gainean orekaturik pulunpaldi bakoitzeko dardara egiten zuenak eta astakilokerietan igotzen zituzten itsas hausi maldatsuko harkaitz mugerrek, brilu hotz bustiz dirdira egiten zuten. Toallak, gorputzak jipoitzeko zerabiltzatenak, astundurik ziren itsas ur hotzez, eta kresal hotzez blai zituzten ile nahastuak ere.

        Deiari adeiz gelditu zen eta hitz lasaiez buru egin zien txantxei. Zeinen nortasungabeak ziruditen! Shuley bere anoki zabal askatua gabe, Ennis bere suge itxurako lokarridun gerriko gorria gabe eta Connolly bere tapagabeko poltsikodun kazadora gabe! Erdiragarria zen, eta ezpataren zaztada bezain erdiragarria haien biluztasun deitoragarria nazkagarri bihurtzen zuten adoleszentziaren seinaleak ikustea. Beharbada, taldean eta zaratan babestuko ziren arimako izumen sekretutik ihes egiteko. Baina berak, haiengandik aparte eta isiltasunean, bere gorputzaren misterioaren aurrean nolako izumena sentitu zuen gogoratu zuen.

        — Stephanos Dedalos! Bous Stephanoumenos! Bous Stepheneforos!

        Haien txantxak ez ziren berriak eta orain lausengatu egiten zuten bere nagusitasun harro lasaia. Orain, lehen ez bezala, bere izen estrainioa profetikoa iruditzen zitzaion. Hain zirudien denboragabea aire gris epelak, hain labainkorra eta inpertsonala bere aldarteak, ezen garai guztiak bat baitziren beretzat. Lehentxoago danesen antzinako erresumaren izpiritua agertu zitzaion lainotan bilduriko hiriaren jantzien artetik. Orain, fabulazko antzelariaren izenaren aipura, olatu-hots urrun bat entzuten zuela iruditu zitzaion eta olatuen gainean eite hegaldun bat hegaka eta astiro airean igotzen ikusten zuela. Zer esan nahi zuen horrek? Erdiaroko profezia eta sinbolo-libururen bateko ezaugarri estrainio bat al zen aztore itxurako gizona itsasoaren gainean eguzkirantz hegaka? Jaiotzean izan zuen eta haurtzaroko eta mutiltzaroko lainoen artean jarraitu zion patuaren profezia bat? Bere tailerrean lurraren materia geldotik izaki goitar, ukiezin, hilezkorra berriro taxutzen duen artistaren sinbolo bat?

        Bihotzak dardara egin zion; arnasa bizkortu egin zitzaion eta indar oldartsu batek hartu zizkion soin-adarrak eguzkirantz igotzen balihoa bezala. Dardaraz zuen bihotza izumenezko estasian eta hegadan arima. Munduz haraindiko airetan goititua zuen arima eta gorputza arnasaldi batek garbitua, zalantzatik askatua, distiratsu bihurtua eta izpirituzko elementuarekin nahastua. Hegaldaren estasiaren eraginez dizdiz zituen begiak, arnasa azkartua eta haizeak igurzten zizkion soin-adar dardaratiak, kementsuak, distiraz beteak.

        — Bat! Bi!... Kontuz!

        — Jo! Cripes, ia ito ninduan!

        — Bat! Bi! Eta hiru!

        — Hurrengoa! Hurrengoa!

        — Bat! ... iup!

        — Stephaneforos!

        Eztarria erretzen zion garrasi egiteko gogoak, goialdeetako aztore edo arranoen garrasiaz bere askapena lau haizeetara oihukatzeko gogoak. Beretzat hau zen bizitzaren deia, ez eginbehar eta atsekabezko munduaren ahots zakar goibela, ez aldareko zerbitzu zurbilera deitu zion ahots ez-humanoa. Une bateko hegaldi bortitzak askatu zuen eta ezpainek kanporatu ez zuten garrasiak eztanda egiten zion buruan.

        — Stephaneforos!

        Zer ziren orain gau eta egun izan zuen beldurra, inguru egiten zion zalantza, kanpotik eta barrutik umilarazten zuen lotsa, gorputz hilkorrak botatako hil-jantziak baino? Hil-jantziak eta hilobiko ehun-zuriak!

        Mutiltzaroko hilobitik jaikia zen arima, hil-jantziak harrika botata. Bai! Bai! Bai! Harrotasunez sortuko zuen arimaren askatasun eta indarrez, izenkide zuen antzelari bikainaren gisa, izaki bizi bat, berri, goitar eta ederra, ukiezin eta hilezkorra.

        Aldendu egin zen urduri harkaitzetik, ezin baitzuen eztitu odolaren sua. Masailak garretan sentitzen zituen eta eztarrian kantaren bibrazioak. Batera eta bestera ibiltzeko irrits batean zituen oinak, lurraren mugetarantz abiatzeko irrikitzen. Aurrera! Aurrera! ematen zuen oihukatzen ziola bihotzak. Sartuko zen arratsa itsasoaren gainera, eroriko zen gaua lautadetan, dizdiz egingo zuen egunsentiak ibiltariaren aurrean eta landa, muino eta aurpegi arrotzak erakutsiko zizkion. Non?

        Ifarraldera, Howth aldera, begiratu zuen. Itsasoa jaitsia zen itsas hautsiaren behealdeko itsas belarren marraz azpitik eta itsasaldia dagoeneko urruntzen zihoan ertzetik. Dagoeneko harea-zirrindada obal bat ageri zen olatuxken artean. Han-hemenka hareazko irla lehorreratuek errainu sotila isurtzen zuten itsasaldi mehearen gainetik, eta irlen ondoan, zirrindada luzearen inguruan eta hondartzako ubide azalen artean jantzi argiekiko figurak zebiltzan ibia igarotzen eta harea miatzen.

        Berehala zen oinutsik; sartu zituen galtzerdiak poltsikoetan, zintzilikatu zituen lonazko oinetakoak lepotik behera lokarriak elkarri korapilatuta eta harkaitz arteko zaborra artetik gatzak jandako makila puntadun bat hartu eta itsas hautsiaren maldan behera jaitsi zen.

        Errekatxo luze bat zegoen hondarretan eta haren bidea astiro jarraitzen zuelarik, itsas belarren etengabeko emana miretsi zuen. Esmeralda kolorekoak, beltzak, gorriztak eta oliba kolorekoak korrontearen azpian mugitzen ziren harat-honat eta jira-biran. Errekatxoko ura belzturik zen etengabeko jarioaz eta hodei-jario garaia ispilatzen zuen. Isiltsu zihoan hodei-jarioa gainetik eta isiltsu itsas mataza-jarioa behetik. Aire epel grisa geldi zegoen eta bizi berri basati batek abesten zion zainetan.

        Non zen orain mutiltzaroa? Non, patuari jarraitzeari utzita, zaurien lotsa hausnartzen geratu zen arima hura? bere egoitza lohi eta ihesbidezkoan hil-jantzi hits eta ukitze hutsez zimeltzen ziren lore-koroez handiesten zen hura? Edo non zen bera?

        Hantxe, bakarrik. Inorengandiko arretarik gabe, zoriontsu eta bizitzaren bihotz basatiarengandik hurbil. Bakarrik zegoen, gazte, borondatetsu eta bihoztun. Bakarrik, haize indartsu eta ur gazitan, maskor eta algazko itsas uztaren erdian, eguzki-argi gris gandutsuaren erdian, haur eta nesken figura alai, argiez inguraturik eta airean haur eta neskatilen ahotsak entzunez.

        Neskatila bat zegoen bere aurrean errekatxoaren erdian, bakarrik eta geldi, itsasoari begira. Magiak itsastxori estrainio eta eder batean antzaldaturiko norbait zirudien. Haren zango luze, lirain, biluziak kurriloarenak bezain delikatu eta gardenak ziren, alga esmeralda izpi bat haragian seinale bat bezala geratu zitzaion unean ezik. Izterrak, beteagoak eta marfilaren kolore bigunekoak, agerian zituen ia mehaketaraino, non azpiko galtzen barren zuriek luma zuri leunezko apaingarriak ziruditen. Arbel koloreko gona urdina gerri aldean tolesturik zuen eta uso-isatsaren gisan erortzen zitzaion atzealdera. Bularra txoriaren paparra bezalakoa zuen, leuna eta txikia, uso luma-ilun baten papar txiki eta leuna. Ile luze horaila, ordea, neskarena zuen; eta neskarena, eta edertasun hilkorraren miresgarritasunak ukitua, aurpegia.

        Bakarrik zegoen eta geldi, itsasoari begira; eta Stephenen presentzia eta begien adorazioa sentitu zuenean, harengana itzuli zituen begiak, haren begiradari lasai, lotsarik gabe eta haragikoitasunik gabe eutsiz. Luzaroan, oso luzaroan eutsi zion begiradari eta gero, astiro erretiratu zituen begiak eta, errekatxorantz makurtuz, oinarekin ura poliki-poliki hara eta hona astintzen hasi zen. Ur poliki-poliki astinduaren lehen hots arinak urratu zuen isiltasuna: hots leun, arin eta xuxurlariak, loaren txilinak bezain arinak. Hara eta hona, hara eta hona; eta gar arin batek dardar egiten zuen neskatilaren masailean.

        — Jainko zerukoa! —egin zuen oihu Stephenen arimak, bozkario profano baten eztandan.

        Bat-batean neskarengandik aldendu eta hondartzan aurrera abiatu zen. Masailak garretan zituen, gorputza distiraz, soin-adarrak dar-dar. Aurrera eta aurrera, aurrera eta aurrera segi zuen ibiltzen hareak gaindi urrutiraino, itsasoari basatiki kantari, dei egin zion bizitzaren etorrerari ongietorria egiteko oihuka.

        Neskatilaren irudia ariman sartu zitzaion betirako eta hitz batek ere ez zuen hautsi bere estasiaren isiltasuna. Neskaren begiek dei egin zioten eta bere arima dei hartara lasterkatu zen. Bizi, huts egin, erori, garaitu, bizitzatik bizia birsortu! Aingeru basati bat azaldu zitzaion, gaztetasun eta edertasun hilkorraren aingerua, bizitzaren tribunal justuak igorria, estasi une batean errakuntza eta loria bideak parez pare ireki ziezazkion. Aurrera eta aurrera! Aurrera eta aurrera!

        Gelditu zen bat-batean eta bihotza entzun zuen isiltasunaren erdian. Noraino joan zen? Zer ordu zen?

        Ez zegoen giza figurarik inguruan ez eta hotsik airean. Baina itsasgora hastear zegoen eta eguna dagoeneko erortzen hasia zen. Lehorrerantz jiratu eta korrika ekin zion barrualdera eta, hondartzaren maldan gora harkaxkar zorrotzen axolarik gabe lasterka zihoala, txoko bat aurkitu zuen belarrez motosturiko harea-murko ingurubira baten erdian eta bertan etzan zen, arratseko bake eta isiltasunak odolaren aztoramena bare ziezaion.

        Gainean kupula indiferente hedatsua sentitu zuen eta gorputz zerutiarren joate naroa; eta azpian lurrak, bizia eman zion lurrak, altzoan hartuta zeukan.

        Begiak itxi zituen loguraren indargez. Betazalek dardara egiten zioten lurraren eta beronen begiraleen mugimendu zikliko hedatsua sentituko balute bezala, dar-dar, mundu berriren baten argi estrainioa sentituko balute bezala. Arima mundu berri batean murgiltzen zihoakion, mundu fantastiko, lauso, itsas azpikoa bezain zehazgabean, forma eta izaki lainotsuek zeharkaturikoan. Mundu bat, argi pirrinta edo lore bat? Ñirñirka eta dardaraz, dardaraz eta zabaltzen, egunsentiko argia, lehertzen ari den lorea, bere baitatik iragaite amaigabean sortzen dena, gorri bizienaz urratu, zabaldu eta arrosa zurbilenera histu, hostoz hosto eta argi-uhinez argi-uhin, argitasunaldi bat bestea baino trinkoagoz zeru guztia distira leunez gaineztuz.

        Arratsa eroria zen iratzarri zenean eta bere oheko harea eta belar lehorrek ez zuten jada distirarik. Jaiki zen astiro eta, lotako goraldia gogoratzean, pozkarioz hasperen egin zuen.

        Igo zen harea muinoaren tontorrera eta ingurura begiratu zuen. Sartua zen arratsa. Ilargi berriaren ertzak urratzen zuen ostertzaren idortasun zurbila, harea grisetan finkaturiko zilarrezko uztaia irudi; itsasoa lurrerantz igotzen zihoan arinki, olatuen xuxurla itzalia berekin zuela, azkeneko figura bakanak putzu aldenduetan isolatzen zituelarik.

 

 

 

© James Joyce

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"James Joyce / Artistaren gaztetako portreta" orrialde nagusia