III. ATALA

 

        Abenduko iluntze laburra danbalaka, baldar etorri zen egun goibelaren ondotik eta ikasgelako leiho-marko iluntsuaren tartetik begira zegoela, sabela janari irrikaz sentitu zuen. Afaltzeko gisatua egongo zela espero zuen, arbi, azenario eta patata maskilduekin eta ardiki pusketa handiak piper eta irinez eginiko saltsa loditan bustitzeko. Irentsi ezak esaten zion sabelak.

        Gau goibel sekretu bat izango zen. Iluna heltzean lanpara horiak piztuko ziren han-hemenka burdelen auzo lizunean. Saihesbideak jarraituko zituen kaleetan gora eta behera, gero eta itzulinguru itxiagoak emanez, beldurrak eta pozez dardaraz, harik eta oinek bat-batean zoko ilun batera eraman zezaten arte. Emagalduak euren etxeetatik irten eta gauerako prestatzen arituko ziren, loaren ondoren nagitasunez ahozabalka eta ileko urkilak adatsetan egokitzen. Haien ondotik igaroko zen lasai, gogoaren bat-bateko mugimendu baten zain edo haien haragi bigun perfumatuak bat-batean bere anima bekatariari dei egin zain. Alabaina, dei horren bila usmaketan zebilen bitartean, bere zentzumenek, desiraren desiraz tentelduek, ondo gogoan hartuko zuten mingarri edo lotsaizun zitzaien guztia; begiek, zerbeza apar oroi bat erreparatuko zuten zamau gabeko mahai batean edo irmo jarririko bi soldaduren argazkia antzerki txartel nibirri-nabarra batean; belarriek, ongietorri jerga narrastia:

        — Kaixo, Bertie, lantxo on bat egitea nahi?

        — Zu al zara, bihotza?

        — Hamargarrena. Nelly Mardula zain daukazu.

        — Gabon, senar! Tartetxo bat pasatzera sartu nahi?

        Borradoreko ekuazioa gero eta isats zabalagoa hedatzen hasi zen, paumarena bezain begitsu eta izartsua, eta, berretzaileen begi eta izarrak kentzean, tolesten hasten zen berriro. Berretzaileak agertzen eta desagertzen begiak ziren zabaltzen eta ixten; begiak zabaltzen eta ixten izarrak ziren jaiotzen eta itzaltzen. Izarren bizialdiaren ziklo zabalak kanpo-mugetaraino eta barne-erdiguneraino garraiatzen zion irudimen nekatua, harat-honat horretan musika urrun bat lagun zuelarik. Zer musika? Hurbilagotu zen musika eta hitzak gogoratu zituen, Shelleyren ahapaldiko ilargi alderrai, bakarti, nekaduraz beluriari buruzko hitzak. Izarrak apurtzen hasi ziren eta izar-hauts finezko laino bat jausi zen espazioan.

        Argi tristea motelagotu egiten zen orrialdearen gainean, non beste ekuazio bat hasia baitzen astiro askatzen eta isats zabala hedatzen. Esperientzia bila zihoan bere arima zen, bekatuz bekatu zabaltzen, bere izarren suaren argia zabaldu eta berriro bere baitara biltzen, astiro desagertzen, argi eta su propioak itzaltzen. Itzaliak ziren. Eta iluntasun hotzak betetzen zuen kaosa.

        Indiferentzia argi eta hotz bat erregetu zitzaion ariman. Lehen bekatu bortitzaren ondoren bizi-indar uhin bat kanporatu zitzaiola sentitu zuen eta beldur izan zen gehiegikeriak ez ote zion gorputza edo arima elbarrituko. Horren ordez, bizi-indarrak bere baitan hartuta eramaten zuen senetik aterata eta atzerakoan itzultzen zuen; ez zen gorputzaren ez arimaren atalik elbarritu, baizik eta bake ilun bat egin zen bien artean. Bere buruaren ezagutza indiferente eta hotzaren kaosean itzaltzen zen berotasuna. Bekatu astuna egin zuen, ez behin, askotan baizik, eta bazekien lehenengo bekatuagatik bakarrik betirako kondenatzeko arriskuan bazegoen, ondorengo bekatu guztien bidez kulpa eta zigorra gehitzen zituela. Egunek, lanek eta pentsamenduek ez zioten medeatuko, grazia santutzailearen iturriak arima freskatzeari utzi ziolarik. Gehienera ere, eskaleren bati limosna emanez, eta eskaleen bedeinkapenetatik ihes egiten zuen, eduki zezakeen itxaropen mehe bat grazia aktual izpi bat lortzeko. Debozioa kareletik joana zen. Zer balio zion otoitz egiteak, arimak bere hondamendia desio bazuen? Halako harrotasun batek, halako izu batek eragozten zion gauez Jainkoari otoitz bakar bat ere eskaintzea, nahiz eta jakin Jainkoak bere esku zuela loran zegoen bitartean bizia kendu eta arima infernura jaurtikitzea barkamena eskatzeko denborarik ere gabe. Bekatuaren harrotasunak, Jainkoarenganako beldur maitasunik gabeak esaten zion larriegia zela ofentsa, Oroikusle eta Orojakileari zuzenduriko goratzarre faltsu batek guztiz edo aldez medeatu ahal izateko.

        — Mesedez, Ennis, zertarako duzu burua? Edukitzez, badauka burua nire makilak ere. Zenbaki irrazional bat zer den ez dakizula esan nahi al duzu?

        Erantzun zentzugabeak suspertu egin zizkion ikaskideenganako zuen erdeinuaren sutautsak. Ez zuen beldurrik ez lotsarik besteen aurrean. Igande goizetan elizako atetik igarotzen zenean, hoztasunez begiratzen zien eliza-kanpotiko eliztarrei, buru-hutsik eta lau ilaratan, ez ikusi ez entzun egiten zuten mezatan moralki egon zeudenei. Haien debozio epelak eta burua gantzuturik zuten ile-ukendu merkearen usain goragalegarriak atzera eragiten zioten otoitz egiten zuten aldaretik. Besteekiko hipokresiaren gaizkira beheratu zen, inoren errugabetasuna, berak hain erraz itxuratzen zuena, zalantzan jarriz.

        Logelako horman zintzilik argiekiko pergamu erako bat zegoen: ikastetxeko Maria Birjina Donearen kongregazioko bere prefektu-diploma. Igande goizetan kongregaziokoak ofizio txikia errezatzeko kaperan biltzen zirenean, aldarearen eskuinaldeko belaun-aulki bigungarriduna zuen bere lekua, nondik zuzentzen baitzituen bere hegaleko mutilen erantzunak. Posizioaren faltsutasunak ez zuen atsekabetzen. Inoiz sentitzen bazuen ere zegoen ohorezko lekutik jaiki eta, denen aurrean bere ezgaitasuna aitortu ondoren, kaperatik irteteko gogoa, ikaskideen aurpegietara begirada bat luzatzea aski izaten zuen atzera egiteko. Profeziazko salmoen irudiek leuntzen zioten harrotasun elkorra. Mariaren loriek gatibatzen zioten arima: akara, mirra, intsentsua, erregezko leinua sinbolizatzen zutenak, haren enblemak, landare eta arbola berant-lorezkoak, gizonen artean menderik mende gradualki hazten joandako gurtza sinbolizatzen zutenak. Otoitzaren amaiera aldera ikasgaia irakurtzea egokitzen zitzaionean, ahots itzaliz irakurtzen zuen, musika harekin kontzientzia kulunkatuz:

 

        Quasi cedrus exaltata sum in Libanon et quasi cupressus in monte Sion. Quasi palma exaltata sum in Gades et quasi plantatio rosae in Jericho. Quasi uliva speciosa in campis et quasi platanus exaltata sum juxta aquam in plateis. Sicut cinnamomum et balsamum aromatizans odorem dedi et quasi myrrha electa dedi suavitatem odoris.

 

        Bekatuak, Jainkoaren ikusmenetik urrundu zuenak, bekatarien babesera hurbiltzera eraman zuen. Mariaren begiek erruki gozoz begiratzen ziotela ziruditen; haren santutasunak, haragi delikatuaren gainean argi estrainio baten argitasun suabeak, ez zuen lotsarazten hurbiltzen zitzaion bekataria. Inoiz bekatua beregandik erauzteko eta damutzeko eragina sentitzen bazuen, haren zaldun izateko desirak horretara mugitzen zuelako zen. Inoiz bere arima, gorputzaren haragikoitasunaren suminaldia ahitutakoan haren egoitzara herabe itzultzen bazen, goizeko izar distiraz betea eta musikala, zeruaren mintzo eta bake emailea enblematzat zuenarengana itzultzen bazen, artean hitz lohi eta lotsagarrien oihartzuna, musu lizun baten zaporea geratzen zitzaien ezpainek haren izenak emeki xuxurlatzen zituenean zen.

        Estrainioa zen. Hori nola ote zitekeen pentsatzen saiatu zen. Baina ilunabarrak, ikasgelan gero eta trinkoagotzen zihoanak, estali zizkion gogoetak. Kanpaiak jo zuen. Irakasleak seinalatu zituen hurrengo klaserako egin beharreko batuketak eta laburketak eta irten egin zen. Heron, Stephenen ondoan,tonuz kanpo ahopean abesten hasi zen:

 

                Nire lagun bikain Bombados

 

        Ennis, patiora irtena zena, zera esanez itzuli zen:

        — Egoitzako mutila errektorearen bila dator.

        Stephenen atzeko mutil garai batek eskuak igurtziz esan zuen:

        — Albiste ederra! Ordu osoa gitarra jotzeko izango diagu. Ez duk etorriko ordu bi t'erdien aurretik. Eta orduan dotrinari buruzko zalantzak galde diezazkiokek, Dedalus.

        Stephenek atzealdera bermaturik eta denbora-pasa borradorean marrazkiak eginez entzuten zuen inguruko hizketa. Heronek kontrolatzen zuen berbaroa, noizik eta behin esanez:

        — Isilduko al zarete? Ez ezazue hainbeste buila atera!

        Estrainioa zen ere nola aurkitzen zuen plazer idor bat elizaren dotrinaren bide zorrotzak azkeneraino jarraitzen eta puntu ilunetan sartzen, bere kondena sakonago entzun eta sentitzeko soilik. Mandamendu bat hausten duena denen errudun bihurtzen dela dioen Santiago apostoluaren esaera hura esaldi arola iruditu zitzaion basera batean, bere egoera propioaren belztasunei haztamuka hasi zitzaion arte. Haragikeriaren hazi txarretik erne ziren beste bekatu astun guztiak: bere buruarekiko harrotasuna eta besteenganako destaina, plazer debekatuak erosteko diruzalekeria, berak iritsi ezinezko bizioak zituztenenganako bekaitza eta jaieratsuen kontrako marmar kalumniatsua, janean sabelkeriazko gozamena, desirari kabi egiten zion kolera hitsa, bere izate guztia murgildurik zegoen gorputz eta arimako nagikeriaren zingira.

        Bankuan eserita lasaitasunez errektorearen aurpegi zorrotz maltzurrari begira zegoen bitartean, buruan jira eta bira zerabiltzan galdera bitxi haiek. Gizon batek gaztetan libra bat ostu balu eta libra horren bidez ondasun ikaragarri bat osatu balu, zenbat zegoen itzultzera behartua: ostutako libra bakarrik, librarekin batera haren gaineko interesak edo ondasun guztia? Laiko batek bataioa ematerakoan ura hitzak esan aurretik isurtzen badu, bataiaturik geratzen da haurra? Balio al du ur mineralez bataiatzeak? Nola liteke lehenengo zoriontasunak bihotzez behartsu direnei zeruetako erreinua agintzea eta bigarrenak otzanak lurraren jabe izango direla agintzea? Zergatik jarri zen eukaristia bi espezieren, ogi eta ardoaren antzirudipean, baldin Jesukristo gorputz eta odolez, izpirituz eta jainkotasunez ogian bakarrik eta ardoan bakarrik badago? Ogi sagaratu zatiki txiki batean Jesukristoren gorputz eta odola osorik al dago ala gorputz eta odolaren atal bat bakarrik? Ardoa ozpintzen bada eta ostia alferrik galduta apurtzen, Jesukristok jarraitzen al du, haatik, jainkotasunez eta gizatasunez espezien itxurapean egoten?

        — Badator! Badator!

        Leihoan jarririk zegoen mutilak errektorea egoitzatik irteten ikusi zuen. Dotrina guztiak zabaldu ziren eta buru guztiak haietara makurtu ziren isilik. Errektorea sartu eta tariman bere lekua hartu zuen. Atzeko bankuko mutil garaiaren ostiko arin batek galdera zail bat egitera premiatu zuen Stephen.

        Errektoreak ez zuen dotrinarik eskatu ikasgaia hartzeko. Mahai gainean eskuak elkartu eta esan zuen:

        — Asteazken arratsaldean hasiko da erretiroaldia San Frantzisko Jabierren omenez, haren jaieguna larunbatean ospatzen da eta. Erretiroaldia asteazkenetik ostiralera arte izango da. Ostiral arratsalde osoan aitortza orokorra egingo da arrosarioaren ondoren. Mutilen batzuek aitortzaile bereziak badituzte, onena, beharbada, ez aldatzea izango dute. Larunbat goizean bederatzietan izango da meza eta jaunartze orokorra ikastetxe guztiarentzat. Larunbata jai izango da. Baina larunbata eta igandea jai izanik, bakarren batzuk makur daitezke astelehena ere jai izango dela pentsatzera. Kontuz hutsegite horretan erori. Pentsatzen dut, zuk, Lawless, ziurrenera hutsegite hori egingo duzula.

        — Nik, jauna? Zergatik, jauna?

        Olgeta uhin eutsi bat zabaldu zen klasera errektorearen irribarre zorrotzetik. Stephenen bihotza poliki-poliki beldurrak zimurtzen eta koloregabetzen hasi zen, zimeltzen doan lorea bezala.

        Errektoreak serioski jarraitu zuen:

        — Ezagutzen duzue denok, nik uste, san Frantzisko Jabier gure ikastetxeko zaindariaren bizitza. Espainiar familia zahar eta noble baten jatorrikoa zen eta gogoratzen zarete san Inazioren lehenengo jarraitzaileetariko bat izan zela. Parisen ezagutu ziren, san Frantzisko hango unibertsitatean filosofiako irakasle zela. Aitoren seme eta letragizon gazte buruargi hau bihotz eta arimaz barneratu zen gure fundatzaile loriotsuaren ideietan, eta badakizue, berak hala nahita, Indiara bidali zuela San Inaziok predikatzera. Dakizuen bezala, Indietako Apostolu deitzen zaio. Lurraldez lurralde ibili zen ekialdean, Afrikatik Indiara, Indiatik Japonera, jendeak bataiatzen. Hamar mila idolatra bataiatu omen zituen hilabetean. Esaten dute eskuineko besoa maingu geratu zitzaiola bataiatzen zituenen buruetara hainbat aldiz jaso izanaz. Gero Txinara joan nahi izan zuen Jainkoarentzat oraindik arima gehiago irabaztera, baina sukarrez hil zen Sanzian uhartean. Bai santu handia, san Frantzisko Jabier! Bai Jainkoaren soldadu bikaina!

        Errektoreak atsedenaldi bat egin eta esku elkartuak aurrean astintzen zituela jarraitu zuen:

        — Mendiak mugitzen dituen fedea zeukan. Hamar mula arima hilabete bakar batean Jainkoarentzat irabaziak! Hori da benetako konkistatzailea, ad majorem Dei gloriam gure lemari leial! Zeruan ahalmen handia duen santua da, ez ahaztu. Gure estualdietan bitartekotza egiteko ahalmena, eskatzen diogun guztia lortzeko ahalmena, gure arimaren onerako baldin bada, eta, batez ere, bekatuan bagaude damutzeko grazia lortzeko ahalmena. Bai santu handia, San Frantzisko Jabier! Bai arima-arrantzale bikaina!

        Utzi zion esku elkartuak astintzeari eta, bekokian jartzen zituelarik, eskuen ezker-eskuin begiratu zien tinko entzuleei bere begi ilun zorrotzekin.

        Isiltasunean, begi haien gar ilunak ilunabarra argitasun gorriztaz pizten zuen. Stephenen bihotza zimeldurik zen, urrunetik simuna badatorrela sumatu duen basamortuko lorea bezala.

 

 

        — Oroi zaitez zure ekintza orotan azken egunaz, eta ez duzu inoiz bekaturik egingo. —Eklesiastesetik hartutako hitzak, Kristorengan anaia maiteok, zazpigarren kapitulua, berrogeigarren bersikulua. Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

        Stephen kaperako aurreko bankuan eserita zegoen. Aita Arnall, berriz, aldarearen ezkerraldeko mahai baten aurrean. Kapa astun bat zeraman bizkarretik behera; aurpegi zurbil iharra zuen eta erreumak lakartutako ahotsa. Bere maisu ohiaren figuraren hain berragerpen estrainioak Clongoweseko bizitzako oroitzapenak ekarri zizkion Stepheni: jolastoki zabalak mutikoz bir-bir, erretena, ezkien ibilbide nagusiaren ondoko kanposantu txikia, ehortzi zutela amets egin zuena, gaixo eraman zutenean enfermeriako horman zebilen suaren errainua, Anaia Michaelen aurpegi atsekabetua. Eta oroitzapen hauek zetozkiolarik, bere arima haur baten arima bihurtu zen berriro.

        — Hemen bildu gara gaur, Kristorengan anaiatxo maiteok, une labur batez kanpoko munduko zalaparta atazatsutik urrun, santurik handienetako bat ospatzeko eta omentzeko: Indietako apostolua eta baita ere zuen ikastetxeko zaindari santua den san Frantzisko Jabier. Urtez urte, zuetariko inork, nire mutil maiteok, gogora dezakezuen eta neuk ere gogora dezakedan baino lehenagotik hasita, bildu izan dira ikastetxe honetako mutilak kapera honetan bertan euren zaindari santuaren jaiegunaren aurretik urteko erretiroaldia egitera. Denborak, igaro ahala, aldakuntzak ekarri ditu. Azken urteotan ere zenbat aldaketa ez dituzue gogoan gehientsuenok? Duela urte batzuk aurreko banku horietan esertzen ziren mutil asko orain, beharbada, lurralde urrutietan, tropiko kiskalgarrietan edo eginkizun profesionaletan, mintegietan murgildurik edo itsas sakon zabaletan zehar ibiliko dira edo, agian, Jainko handiak beste bizitzara deituak izango ditu euren zerbitzuen kontu ematera. Eta hala ere, urteak aurrera doazen eran, onerako edo txarrerako aldakuntzak eurekin dakartzatelarik, santu honen izena goratzen dute ikastetxe honetako ikasleek, gure Eliza Ama Santuak Espainia katolikoaren seme handienetarikoaren izena eta ospea mende guztietara zabaltzeko jarri zuen jaiegunaren aurreko egunetan urtero-urtero erretiroaldia eginez.

        — Eta zer esan nahi du erretiroaldi hitzak eta zergatik onartzen da alde guztietan jarduera osasungarriena dela Jainkoaren aurrean eta gizonen begietan egiazko kristau bizitza eraman nahi duten guztientzat? Erretiroaldiak, nire mutil maiteok, esan nahi du gure bizitzako arduretatik, eguneroko lanen arduretatik une batez aldentzea, gure kontzientziaren egoera aztertzeko, erlijio santuaren misterioak bertan islatzeko eta hemen mundu honetan zertarako gauden hobeto ulertzeko. Egun hauetan lau azkenkien inguruko pentsamendu batzuk agertzen saiatuko naiz. Dotrinatik ikasi duzuen bezala, lau azkenkiak hauek dira: heriotza, epaia, infernua eta zerua. Horiek osotoro ulertzen ahaleginduko gara egun apur hauetan, ulermen horretatik onura iraunkorra eratorri ahal dezagun gure arimarentzat. Eta gogoratu, nire mutil maiteok, gauza baterako, eta gauza baterako bakarrik, izan garela mundu honetara bidaliak: Jainkoaren borondate santua betetzeko eta gure arima hilezkorrak salbatzeko. Gainontzeko guztiak ez du baliorik. Gauza bat bakarra da beharrezkoa: nork bere arima salbatzea. Zer balio dio gizonari mundu osoa irabazteak, arima hilezkorra galtzen badu? Ai, mutil maiteok, sinets iezadazue ez dela mundu kaskar honetan horrelako galera berdin dezakeen gauzarik.

        — Beraz, eskatzen dizuet, mutil maiteok, urrun dezazuela egun hauetan zuen buruetatik pentsamendu mundutar oro, ikasketak direla, plazera edo anbizioa dela, eta kontzientziaren egoeran jar dezazuela arreta guztia. Ez dizuet gogorarazi beharrik izango egun hauetan jarrera isil eta jaieratsua mantentzea eskatzen zaizuela, olgeta zaratatsu eragabeak baztertuz. Zaharrenek, noski, ohitura hau hauts ez dadin begiratuko dute eta batez ere Ama Birjina Donearen eta Aingeru Santuen kongregazioko prefektu eta ofizialei zuzentzen natzaie, euren ikaskideen aurrean etsenplu ona eman dezaten.

        — Saia gaitezen, beraz, San Frantziskoren omenezko erretiroaldi hau bihotz eta adimen osoz egiten. Horrela, Jainkoaren bedeinkapena izango duzue zuen ikasketetan. Baina, batik bat eta gauza guztien gainetik, gerta dakizuela erretiroaldi hau gogoangarri urteen buruan, ikastetxe honetatik urruti, agian beste ingurune batzuetan zabiltzatenean, alaitasun eta eskerronez oroi dezazuen eta Jainkoari eskerrak eman diezazkiozuen jaierazko kristau bizitza zintzo ohoragarri baten lehen oinarria jartzeko aukera eman izanaz. Eta baldin, gerta litekeen moduan, Jainkoaren grazia galdu eta bekatu astunean erortzeko zorigaitz adierazezina izan duen arima gaixorik une honetan banku hauen artean balego, bihotz bihotzez itxaroten dut eta erregutzen diot Jainkoari erretiroaldi hau izan dadila arima horrentzat itzulgune. Erregutzen diot Jainkoari Bere zerbitzari zintzo Frantzisko Jabierren merezimenduen bitartez ekar dezala delako arima egiazko damutasunera eta aurtengo san Frantziskoren eguneko jaunartzea izan dadila Jainkoaren eta arima horren arteko hitzarmen iraunkorra. Justuarentzat eta ez-justuarentzat, santuarentzat bezala bekatariarentzat, bedi erretiroaldi hau gogoangarri.

        — Lagun iezadazue, Kristorengan anaia maiteok. Lagun iezadazue zuen arreta jaieratsuz, zuen debozioz, zuen kanpoalderako jarreraz. Aiena ezazue zuen adimenetatik gogoeta mundutar oro eta pentsa soilik azken gauzetan: heriotza, epaia, infernua eta zerua. Gauza horiek gogoan dituenak, dio Eklesiastesek, ez du inoiz bekaturik egingo. Azkenkiak gogoan dituenak, begien aurrean izango ditu beti ekintzetan eta pentsamenduetan. Bizitza on bat eta heriotza on bat izango ditu, sinesten duelako eta dakielako lurreko bizitza honetan asko sakrifikatu badu, ehun aldiz gehiago eta mila aldiz gehiago emango zaiola ondorengo bizitzan, amaierarik gabeko erreinuan. Zorion horixe opa dizuet bihotz bihotzetik, mutil maiteok, denoi eta bakoitzari, Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

        Beste lagunkide isiltsuekin batera etxera zihoala, laino trinko batek inguratua bezala zuen gogoa. Irudimena sorgorturik itxaron zuen, harik eta, jaso zezanean, ezkutatzen zuena ager zedin arte. Apetitu zakarrez afaldu zuen eta afaria bukatu eta grasaz beteriko platerak mahai gainean abandonaturik geratu zirenean, jaiki eta leihora joan zen, ahoko koipe lodia mingainarekin garbituz eta ezpainak miaztuz. Hartaraino erori zen, beraz, janda gero haragi hondarrak miazten dituen piztiaren mailaraino. Bereak egin zuen. Izuaren zantzu arin bat hasi zen gogoa estaltzen zion lainoa zulatzen. Aurpegia leihoko kristalaren kontra estutu zuen eta iluntzen ari zen kalera begiratu zuen. Formak igarotzen ziren hara eta hona argi moteletan. Eta hura zen bizitza. Dublin izenaren hizkiak zebilzkion astunki buruan, elkarri batera eta bestera gogor bultzaka, setakeria pisu eta zakarrez. Arima, grasa mordo bihurturik, loditzen eta gogortzen ari zitzaion, izu ilunez gero eta sakonago murgiltzen ilunabar beltz amenazuti batean, bere gorputz hura, eroria eta ohoregabetua, begi lauso, desanparatu, nahastu eta humanoz jainko abelgorri baten ikusmiran begira zegoen bitartean.

        Biharamunak heriotza eta epaia ekarri zituen, arima desesperazio erori hartatik poliki-poliki esnatuz. Izuaren zantzu arina laborri bilakatu zen predikariaren ahots erlatsak ariman heriotzari hats eman zionean. Pairatu zuen agonia hori. Sentitu zuen heriotza-kirria gorputz-adarretan gora bihotzerantz lerratzen, heriotzaren beloa begiak gandutzen, garunaren zentro biziak lanparak bezala banan-banan itzaltzen, azken izerdi likitsa azalaren gainean, hiltamuango gorputz-atalen indargetasuna, mingaina loditzen eta hitza moteldu eta galtzen, bihotz ahula gero eta ahulago taupaka, ia menderatua, eta arnasa, arnasa gaixoa, giza arnasa gaixo desanparatua, zotin eta hasperenka, eztarrian borbor eta korronka. Ez zen sorospenik! Ez zen sorospenik! Bera —bai, berbera— amore emana zion bere gorputza hiltzen zegoen. Hartu eta hilobira! Sartu gorpu hori egurrezko kaxa batean! Atera etxetik saripekoen bizkarrean! Jaurtiki gizonen ikusmenetik at lurrean egindako zulo luze batera, hilobira, usteltzera, bere bar mordo borbortiak bazka ditzan eta arratoi hanka-arin tripoilek jan dezaten!

        Eta lagunak artean ohe ondoan negarrez zeudela epaitu zen arima. Azken ezaguera unean lurreko bizitza guztia igaro zen arimaren begien aurretik, eta pentsatzeko astirik gabe, hil zen gorputza eta anima laborriz beterik geratu zen tribunalaren aurrean. Jainkoa, luzaroan errukior izana, justua izango zen orain. Luzaroan izan zen eramankorra, arimari erreguka, damutzeko astia emanez, beste pixka baterako epea luzatuz. Baina amaitu zen denbora. Izan zen denbora bekaturako eta gozamenerako, izan zen denbora Jainkoari eta Bere Eliza santuaren oharrei iseka egiteko, izan zen denbora Haren maiestateari axut egiteko eta Haren aginduak desobeditzeko, lagun hurkoa engainatzeko, bekatua bekatuaren ondoren egiteko eta norberaren ustelkeria gizonen ikusmenetik ezkutatzeko. Baina amaitu zen denbora. Orain Jainkoaren txanda zen: eta Hura ez zegoen engainatzerik ez atzipetzerik. Bekatu guztiak irtengo ziren beren ezkutalekutik: jainkozko borondatearen aurka errebeldeena eta gure izate kaskar hilkorrarentzat lotsagarriena, hutsegiterik txikiena eta ankerkeriarik lazgarriena. Zer balio zuen orduan enperadore, jeneral ospetsu, asmatzaile miresgarri edo jakintsuen artean jakintsuena izana? Denak bat ziren Jainkoaren tribunalaren aurrean. Onak saritu eta gaiztoak zigortu egingo zituen. Istant bakar bat aski zen gizonaren anima epaitzeko. Gorputza hil eta istant bakar batera, balantzan pisatuta zegoen anima. Banakako epaia amaiturik zen eta arima zorion-argizko egoitzara edo purgatorioko presondegira igaroa, edo auhenka infernura jaurtikia.

        Baina hori ez zen dena. Jainkoaren justizia gizonen aurrean frogatu behar zen oraindik: banakako epaiaren ondoren epai unibertsala geratzen zen. Gertu zen azken-juizio eguna. Zeruko izarrak lurrera erortzen ari ziren, haizeak astindu duen pikondoak isurtzen dituen pikuak bezala. Eguzkia, unibertsoko argia, ilezko zakuaren antzeko bilakatu zen. Ilargia odolgorrizturik zegoen. Ortzia pergamu bildura bezala askatzen zihoan. Migel goiaingerua, saldo zerutiarren printzea, ageri zen loriotsu eta beldurgarri zeruan. Oin bat itsasoan eta bestea lurrean, turuta goiaingeruzkotik jo zuen denboren amaiera. Aingeruaren hiru joaldiek betetzen zuten unibertsoa. Denbora bada, denbora izan da, baina ez da gehiago denborarik izango. Azken joaldiarekin gizadi unibertsalaren arimak Josafateko zelaira pilatzen dira, aberats eta txiro, noble eta xume, zuhur eta ero, on eta gaizto. Izan diren gizaki guztien arimak, eta oraindik jaiotzeko daudenen arimak; Adanen seme eta alaba guztiak, denak daude bildurik azken egun handi hartan. Badator epaile gorena! Ez Jainkoaren Bildots apala, ez Nazareteko Jesus otzana, ez Oinazeen Gizona, ez Artzain Ona. Orain hodeien gainean etortzen ikusten da, ahalmen eta maiestate handiz, bederatzi koru aingerurekin, aingeruekin eta goiaingeruekin, nagusiekin, agintedun eta bertuteekin, aulki eta jaunekin, kerubin eta serafinekin, Jainko Ahalguztiduna, Jainko Betierekoa. Mintzo da. Eta Haren ahotsa entzuten da espazioko mugarik urrunenetan eta halaber hondogabeko leizeetan. Epaile Gorenena, zeinaren epaiari ez zaion egingo, ezingo zaion egin apelaziorik. Justuak bere albora deitzen ditu eta haientzat prestatua duen Erreinura, betiereko zorionera sartzera konbidatzen ditu. Injustuak, berriz, Bere ondotik botatzen ditu, Bere maiestatean haserreturik deiadar egiten duelarik: Zoazte nigandik, madarikatuok, zoazte deabruaren eta haren aingeruentzat prestatua izan den betiereko sutara. Oi! Nolako agonia orduan bekatari zorigaiztokoentzat! Laguna lagunarengandik banandua, haurrak gurasoengandik, senarrak emazteengandik. Besoak luzatzen ditu bekatari dohakabeak lurreko bizitzan maite izan zituenengana, erruki sinplea erakutsi ziotenean, agian irri egin zien haiengana, bide onera ekartzen saiatu zirenengana, anaia on batengana, arreba txeratsu batengana, hain maite izan zuten aita eta amarengana. Baina beranduegi da: justua aldendu egiten da gaiztoaren arima kondenatuarengandik, zeina orain bere itxura lazgarri eta gaiztoan agertzen baita guztien begietara. Ai, zuek, hipokritok! Ai, zuek hilobi zurituok! Ai, zuek, munduari aurpegi leun irribarretsua erakusten diozuenok, zuen arimaren barrena bekatu zingira lohitsua izanik! Zer izango da zuetaz egun lazgarri hartan?

        Eta etorriko da, etortzekoa da, etorri behar du egun horrek: heriotza-egunak, epai egunak. Ezarririk zaio gizonari heriotza eta heriotzaren ondoren epaia. Heriotza ziurra da. Noiz eta nola da ezagutzen ez dena: hilko den gaixotasun luze baten ondoren edo ustekabeko istripuz; Jainkoaren Semea gutxiena espero duzuenean etorriko da. Zaudete, beraz, prest uneoro, edozein unetan hil zaitezketenez. Heriotza da guztion amaiera. Heriotza eta epaia, gure lehen gurasoen bekatuak mundura ekarriak, gure munduko bizitza ixten duten ate ilunak dira, ezezagunera eta ikusi gabera ematen duten ateak, zeinetatik igaro behar baitu arima orok, bakarrik, bere ekintza onak beste laguntzarik gabe, lagunik, anaiarik, gurasorik edo maisurik laguntzeko ez duela, bakarrik eta ikarati. Izan dezagun beti pentsamendu hau gogoan eta ezingo dugu bekaturik egin. Heriotza, bekatariari izua sortzen diona, une zorionezkoa da bide zuzenetik ibili denarentzat, bizitzako igaroaldiko eginbeharrak osotoro betez, goizeko eta gaueko otoitzak eginez, sarri jaunartuz eta obra on eta miserikordiazkoak burutuz. Katoliko debot eta sinestunarentzat, gizon justuarentzat, heriotza ez da izumen kausa. Ez al zuen Addison idazle ingeles handiak, herio-ohean zegoela, Warwick konde gazte gaiztoa ondora deitu, kristauak bere amaierari buru nola egiten zion ikus zezan? Hark eta ez bestek, kristau debot eta sinestunak bakarrik esan ahal du bere bihotzean:

 

                Oi, hilobi, non da zure garaipena?

                Oi, herio, non da zure miztoa?

 

        Hitz guztiak beretzat ziren. Jainkoaren haserre guztia bere bekatu zikin eta sekretuaren kontra zuzentzen zen. Predikariaren labana bere kontzientzia agerian sakon sartu zen eta orain arima bekatuz zornaturik sentitzen zuen. Bai, predikariak arrazoi zuen. Heldu zen Jainkoaren txanda. Piztia etzalekuan bezala iraulikatu zen bere zikinkerian, baina aingeruaren turuta hotsak bekatuaren ilunpetik argitara atera zuen. Aingeruak oihukatutako juizioaren iragarpenak istant batean apurtu zuen bere bake hanpurutsua. Azken egunaren haizeak jotzen zuen bere gogoan; irudimeneko ematxar harribitxizko begidunak ihesi zihoazen aldagoiaren aurrean, sagu izutuen gisa kirrinka eta ile tximapean pilaturik.

        Etxerakoan, enparantza gurutzatzean, neska baten barre alaia iritsi zitzaion belarri beroetara. Soinu alai hauskorrak turuta hotsak baino gogorrago kolpatu zion bihotza, eta, begiak jasotzera ausartu gabe, alde batera jiratu eta, ibiltzen segituz, zuhaixka matazen errainuari begiratu zion. Lotsa bihotzetik jalgi eta bere izate guztira zabaldu zen. Emmaren irudia agertu zitzaion aurrean eta begi haien pean lotsa-bafada jalgi zen berriro bihotzetik. Baldin baleki zeren menera jarri zuen irudimenak eta nola urratu eta zapaldu zuen haren inozentzia irrits aberekoiak! Hori al zen mutiltzaroko maitasuna? Hori al zen zalduntasuna? Hori al zen poesia? Bere orgien xehetasun lizunen kiratsa sudurzuloen parean zeukan. Tximini zuloan ezkutatuta zeuzkan marrazki sorta kedarreztatua, zeinen gordinkeria lotsagabe eta lotsagarriaren aurrean orduak igaro baitzituen pentsamenduz eta egitez bekatu egiten; amets munstrozko haiek, tximu tankerako sorkariz eta ematxar harribitxizko begi distiratsudunez beteak; gutun luze haragikoi haiek, errudun aitortzearen pozetan idatzi zituenak eta egunetan eta egunetan isilka aldean eraman zituenak, gero gauaren babesean zelai bazter batean belar artera edo ate koloka azpiren batetik edo hesi zirrikituren batetik, neskaren batek pasaeran aurkitu eta ezkutuan irakur zitzakeen lekuren batera botatzeko. Zoroa! Zoroa! Posible al zen berak horrelakoak egin izana? Izerdi hotza bekokiratu zitzaion oroitzapen nazkagarriak garunean kondentsatzen zitzaizkion bitartean.

        Lotsaren agonia pasa zitzaionean, arima jasotzen saiatu zen zegoen ahulezia doilorretik. Jainkoa eta Andre Maria urrunegi zeuden beregandik: Jainkoa handiegia eta zorrotzegia zen eta Andre Maria garbiegia eta santuegia. Baina imajinatu zuen Emmaren ondoan zegoela landa zabal batean eta, apalki eta malkoz beterik, makurtu eta maukaren ukondoan muin ematen ziola.

        Landa zabalean arrastiriko zeruaren argitasun samurrean, laino bat zeruko itsaso berde zurbilean mendebalerantz, elkarrekin zeuden, okerra egin duten haurrak bezala. Beren okerrak sakonki mindu zuen Jainkoaren maiestatea, nahiz eta zen bi haurren okerra. Ez zuen mindu, ordea, Andrea, zeinaren edertasuna ez den edertasun lurtarra bezalakoa, arriskugarria begiratzeko, baizik eta enblematzat duen goizeko izarra bezalakoa, argitsua eta musikala. Andreak begiratu zionean, haren begietan ez zen haserrerik ez eta ahakarrik. Eskuak elkartu zizkien, eskua eskuan, eta bihotzetara mintzatuz esan zien:

        — Elkar itzazue eskuak, Stephen eta Emma. Arrastiri ederra da gaur zeruan. Okerra egin duzue, baina nire seme-alabak zarete, hala ere. Hona hemen bihotz bat beste bihotz bat maite duena. Elkar itzazue eskuak, seme-alaba maiteok, eta zoriontsuak izango zarete elkarrekin eta zuen bihotzek elkar maitatuko dute.

        Argi eskarlata motel batek betetzen zuen kapera pertsiana beheratuen artetik iragazita; eta azken pertsiana eta leiho markoaren arteko zirrikitutik argi-gezi mehe bat sartzen zen eta lantza batek bezala jotzen zuen aldareko kandela-ontzien latoi landuan, aingeruen soin-burdina batailetan mazatuak bezala distiraz.

        Euria ari zuen kaperan, jardinean, ikastetxean. Betiere guztian egingo zuen euria, hotsik gabe. Ura altxatzen joango zen pulgadaz pulgada, belarra eta zuhaixkak estaliz, zuhaitz eta etxeak estaliz, monumentuak eta mendi gailurrak estaliz. Bizitza oro itoko zen, hotsik gabe: txoriak, gizonak, elefanteak, zerriak, haurrak: gorpu isilak munduaren hondoraketaren hondakinen gainean flotatzen. Berrogei egunez eta berrogei gauez egingo zuen euria, urek lurraren aurpegia estal zezaten arte.

        Bazitekeen. Zergatik ez?

        — Infernuak zabalagotu du barrena eta neurririk gabe ireki du ahoa. Isaiasen liburutik hartutako hitzak, Jesukristogan anaiatxo maiteok, bosgarren kapitulua, hamalaugarren bertsikulua. Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

        Predikariak katea gabeko erloju bat atera zuen sotanako patrikatik eta tarte batean isilik esferari begira egon ondoren, ezer esan gabe bere aurrean jarri zuen mahaian.

        Tonu lasaian hasi zen hizketan:

        — Adan eta Eba, dakizuen bezala, mutil maiteok, gure lehen gurasoak ziren, eta gogoratuko zarete Luzifer eta honen aingeru errebeldeek zeruan utzitako eserlekuak betetzeko sortu zituela Jainkoak. Esaten zaigunez, Luzifer goizaren seme omen zen, aingeru eder eta ahaltsua; eta hala ere, erori egin zen; erori zen eta harekin batera erori ere zeruetako saldoaren heren bat. Erori egin zen eta infernura jaurtikia izan zen berarekin altxatu ziren aingeruekin batera. Ez dakigu zer bekatu egin zuen. Teologoek uste dute harrokeriaren bekatua izan zela, une batean sortutako bekatuzko pentsamendua: non serviam: ez dut zerbitzatuko. Une horrek ekarri zion hondamendia. Une bakar bateko bekatuzko pentsamenduz Jainkoaren maiestatea mindu zuen eta Jainkoak zerutik infernura bota zuen betirako.

        — Orduan, Adan eta Eba sortu zituen eta Edenen jarri zituen, Damaskoko lautadan, eguzki eta kolorez beteriko jardin zoragarri eta landare joriz gainezkako hartan. Lur oparoak fruitu ugariz hornitzen zituen; pizti eta txoriek gogoz obeditzen zieten; ez zituzten ezagutzen gure haragiak heredatzen dituen gaitzak: gaixotasuna, txirotasuna eta heriotza. Jainko handi eta eskuzabal batek eman ziezaiekeen guztia zeukaten. Baina Jainkoak baldintza bat jarri zien: bete zezatela Haren esana eta ez zezatela jan arbola debekatutako frutatik.

        — Ai! mutil maiteok, haiek ere erori egin ziren. Deabrua, behin batean aingeru distiratsu, goizaren seme, orain etsai gaizto, sugearen, lur gaineko pizti guztietarik maltzurrenaren itxuran etorri zitzaien. Inbidia zien. Ezin zuen eraman, berari, bikaintasun eroriari, bekatuak betirako kendua zion oinordekotza, gizonak, lokatzezko izakiak, izan zezan. Joan zen emakumearengana, ontzi hauskorrena berau, eta hitz ederren pozoia isuri zion belarrira, agintzen ziolarik —Oi, aginduaren biraoa— Adanek eta biek fruta debekatutik jaten bazuten jainkoen antzeko, gehiago oraindik, Jainkoa Bera bezalako bihurtuko zirela. Ebak amore eman zien tentatzaileetan tentatzaileenaren amarrukeriei. Jan zuen sagarra eta eman zion Adani ere, zeinak ez zuen izan Ebari kontra egiteko adorerik. Satanen mihi pozoitsuak egina zuen bere lana. Eta erori egin ziren.

        — Eta orduan Jainkoaren ahotsa entzun zen jardinean, bere kreatura gizonari kontu ematera deitzen ziolarik. Eta Migel, saldo zerutiarren printzea azaldu zen, suzko ezpata eskuan, bikote errudunaren aurrean eta Edenetik mundura atera zituen, gaixotasun eta gatazka, krudelitate eta etsipen, lan eta nekeen mundura, bekokiko izerdiz ogia irabaz zezaten. Baina orduan ere bai errukiorra izan zela Jainkoa! Kupitu egin zen gure guraso degradatuez eta agindu zien epe betean igorriko ziela berrerosiko zituen Bat, berriro Jainkoaren seme-alaba eta zeruetako erreinuaren oinordeko egingo zituen Bat: eta Bat hori, gizon eroriaren Berreroslea, Jainkoaren Seme bakarra izango zen, Hirutasun Santuaren Bigarren Pertsona, Betiereko Hitza.

        — Etorri zen. Birjina garbi batengandik jaio zen, Maria birjina eta amarengandik. Judeako estalpe txiro batean jaio zen eta arotz apal bezala bizi izan zen bere eginkizunaren ordua heldu zen arte. Eta orduan, gizonenganako maitasunez beterik, irten eta gizonak deitu zituen itun berria entzutera.

        — Entzun al zuten? Bai, entzun zuten baina ez zioten aditu nahi izan. Gaizkile arrunt baten gisara indarrez hartua izan zen, ero bat bezala trufatua, lapur publiko bati leku egiteko baztertua, bost mila zigorkadaz azotatua, arantzazko koroez koroatua, judutar populuxkak eta erromatar soldadutzak kaleetan bultzaka erabilia, jantziez biluzia eta urkamendian zintzilikatua eta saihetsaldea lantza batez zulatu zioten eta gure Jaunaren gorputz zauritutik ura eta odola irteten ziren etengabe.

        — Baina orduan ere, agonia goreneko ordu hartan, Gure Berrerosle Errukiorra gizakiaz errukitu zen. Baina orduan ere, Kalbarioko tontorrean zegoela, eliza katoliko santua fundatu zuen, zeinaren aurka, hala dago aginduta, infernuko ateak ez diren garaituko. Denboren harkaitzaren gainean fundatu zuen eta Bere graziaz, sakramentuz eta opariaz hornitu, eta agindu zuen gizonek elizaren esana betetzen bazuten, sartu ahal izango zirela betiereko bizitzan, baina, haiengatik egin zen guztia eginda gero, gaiztakerian jarraitzen bazuten, betiereko tormentua, infernua, izango zutela.

        Predikariaren ahotsa hondoratu egin zen. Atsedenaldi bat egin, une batez esku-ahurrak elkartu eta gero berriro banandu eta jarraitu zuen:

        — Orain une batez saia gaitezen irudikatzen, ahal dugun neurrian, Jainko minduaren justiziak bekatarien betiko zigorrerako sorturiko kondenatuen egoitza. Infernua presondegi estu, ilun eta kiratsu bat da, deabruen eta arima galduen egoitza suz eta kez betea. Presondegi horren estuera Jainkoak espreski Bere legeen mugetara lotu ez direnak zigortzeko ideiatua da. Lurreko presondegietan preso gaixoak badu gutxienez nolabaiteko mugimendu-askatasuna gelako lau hormaren artean edo presondegiko patio tristean, besterik ez bada. Ez hala infernuan. Han, kondenatuen kopuru handiaren kariaz, presoak elkarren gainean pilaturik daude presondegi lazgarrian, zeinetako hormak lau mila miliatako lodiera dutela esaten baita. Eta hain daude lotuak eta ezinduak kondenatuak, ezen, san Anselmo santu dohatsuak bere irudien liburuan idazten duen bezala, ez diren gauza ezta begia kirrikatzen ari zaien barra kentzeko ere.

        — Kanpoko iluntasunean dautza. Zeren eta gogora ezazue infernuko suak ez duela argirik egiten. Nola Jainkoaren aginduz Babiloniako labeko suak berotasuna galdu zuen baina ez argitasuna, hala infernuko suak, berotasunaren indar guztia gordetzen duelarik, iluntasunean erretzen du betierean. Iluntasun-ekaitz atergabea da han, sufre-harri errearen gar eta ke ilunak, eta horien artean pilatzen dira gorputzak bata bestearen gainean aire zantzurik ere gabe. Faraoien lurra eraso zuten izurrite guztietatik bati bakarrik, iluntasunarenari, eman zitzaion lazgarriaren deitura. Nola deitu behar diogu guk, orduan, ez hiru egun bakarrik, betiere osoa baizik iraun behar duen iluntasunari?

        — Presondegi estu eta ilun honen laztura bertako kirats izugarriak areagotzen du. Esaten zaigu munduko zikinkeria guztia, munduko barruki eta bits guztiak hara joango direla estolda zabal lurruntsu batera bezala, azken eguneko sute beldurgarriak mundua garbitzen duenean. Sufreak ere, han kantitate miresgarrietan erretzen denak, kirats jasanezinez betetzen du infernua; eta kondenatuen gorputzak beraiek ere halakoxe usain nazkagarria botatzen dute, ezen, san Buenabenturak dioen bezala, haietako bakar bat aski litzatekeen mundu osoa kutsatzeko. Mundu honetako airea bera, hain elementu xahua, kutsatua eta arnasezina bihurtzen da denbora luzean itxirik egon denean. Atera kontuak zenbaterainoko usain txarrekoa izango den infernuko airea. Imajinatu hilobian usteltzen eta desegiten egon den gorpu kiratsu eta andegatu bat, jelatina antzeko masa likido ustel bat. Imajinatu gorpu hori garrek hartuta, sufre-harriaren suak erretzen eta usteldura goragalegarri eta nazkagarrizko ke lodi itogarria dariola. Eta biderkatu gero kirats okarazle hori miloi bat aldiz eta beste miloi bat aldiz ilunpe lurruntsuan pilatutako milioika eta milioika gorpu zikin, giza baltsa ustel itzela osatzen dutenez. Imajinatu hori dena eta izango duzue infernuko kiratsaren ideia bat.

        — Baina ez da kirats hori, lazgarria izanik ere, kondenatuek nozitu behar duten tormentu fisiko handiena. Suaren tormentua da tiranoek euren gizakideei inoiz jasan erazi dien tormenturik handiena. Jar ezazue une batez behatza kandelaren garretan eta sentituko duzue suaren oinazea. Baina lurreko sua gizonen onerako sortu zuen Jainkoak, biziaren txinparta gorde zezan eta antze onuragarrietan lagun ziezaion; infernuko sua, aitzitik, beste nolakotasun batekoa da eta Jainkoak bekatari damu gabea torturatzeko eta zigortzeko sortua. Gure su lurtarrak ere kontsumitzen du azkarrago edo geldiago, erasotzen dion objektua erre-errazagoa edo erregaitzagoa den, eta horrela, giza asmamena iritsi ere egin da suaren ekintza kontrolatu edo gabetuko duten prestakin kimikoak asmatzera. Baina infernuan erretzen den sufre-harri sulfurotsua betiere guztian esan ahal ezinezko indarrez erre eta erre egoteko bereziki prestatua da. Are gehiago, gure su lurtarrak erretzen duenarekin bat desegin egiten du, hau da, zenbat eta indar handiagoa eta iraupen laburragoa; baina infernuko suak duen apartekotasuna da erretzearekin bat gorde egiten duela eta nahiz eta sinetsezinezko indarrez erre, beti erretzen jarraitzen duela.

        — Gure su lurtarrak gainera, nolanahiko indarra eta hedadura duela ere, eremu mugatua du beti; baina infernuko suzko lakuak ez du mugarik, ez ertzik ez hondorik. Esaten da deabruak berak aitortu zuela, soldadu baten galderari erantzunez, mendi oso bat infernuko ozeano kiskalgarrira botako balitz, argizagi pusketa bezala urtuko litzatekeela istant batean. Eta su beldurgarri honek ez ditu kondenatuen gorputzak kanpotik soilik penatuko, baizik eta arima galdu bakoitza beste infernu bat izango da bere baitan, mugagabeko suak zentro bitalak beraiek kontsumitzen dizkiola. Oi; zeinen lazgarria den izaki dohakabe horien zoria! Odola borbor zainetan irakiten, burmuina garezurrean egosten, bihotza bularrean galdatan lehertzen, hesteak zuku erregarrizko masa gori, begi samurrak bola galdatuak bezala garretan.

        — Eta hala ere, su honen indarraz, nolakotasunaz eta mugagabetasunaz esan dudana ez da ezer intentsitatearekin alderatzen bada, duen intentsitate hori baita jainkozko borondateak aukeraturiko tresna arimaren eta aldi berean gorputzaren zigortzeko. Jainkoaren haserretik zuzenean datorren sua da, ekintza propioz ez baino,Jainkoaren mendekuzko tresnaren legez obratzen duena. Bataioko urek gorputzarekin batera arima garbitzen duten bezala, zigorraren suek haragiarekin batera torturatzen dute izpiritua. Haragiaren zentzumen guztiak torturatzen dira eta arimaren ahalmen guztiak harekin: begiak iluntasun oso eta sartezinarekin, sudurra usain ezatseginekin, belarriak garrasi, orro eta madarikazioekin, dastamena gai nazkagarriekin, legen-usteldurarekin, esanezinezko zikinkeria itogarriarekin, ukimena ezten eta punta gorituekin eta garren mihi krudelarekin. Zentzumenen anitz tormenturen bidez torturatzen da betiere guztian arima hilezkorra izate berean, Jainko Ahalguztidunaren maiestate minduak amildegian sutu eta Jainkotasun haserrearen arnasak bizitasun iraunkor eta gero eta handiagora hauspotzen dituen leguak eta leguetako su gorien artean.

        — Pentsa, azkenik, presondegi infernutar honetako tormentua areagotu egiten duela kondenatuen beraien elkarkidetzak. Lurrean ere elkarkidetza txarra hain da kaltegarria, non landareek, senak eraginda bezala, zaputz egiten dioten hilgarri edo kaltegarri zaien orori. Infernuan lege guztiak azpikoz gora daude, han ez da familiaren ez herriaren ezagupenik, ez loturenik, ez ahaidetasunarenik. Kondenatuek orro eta garrasi egiten diote elkarri, euren tortura eta amorrua gehitzen baitie eurak bezala torturatu eta amorratuak dauden beste izakien presentziak. Humanitate zentzu oro ahazturik dago han. Bekatarien sufrimenduzko garrasiek betetzen dituzte amildegi zabalaren bazter urrunenak. Kondenatuen ahoak Jainkoaren aurkako biraoz, hurko penatuenganako gorrotoz eta bekatuan lagunkide izan zituzten arimen aurkako madarikazioz beterik daude. Antzinako garaietan ohitura zen guraso-erailea, aitaren aurka esku hiltzailea jaso zuen gizona, zaku batean oilar batekin, tximu batekin eta suge batekin batera sartu eta itsaso sakonera botatzea. Halako legea, gaur egun krudela iruditzen zaiguna, egin zuten legegileen asmoa pizti kaltegarri eta gorrotagarrien elkarkidetzarekin kriminala zigortzea zen. Zer da, ordea, pizti mutu horien furia, infernuko kondenatuen eztarri minbera eta ezpain lehorretatik irtendako madarikazioen furiarekin alderatuta, zorigazkideengan ikusten dituztenean bekatura bultzatu eta lagundu zituztenak, pentsamendu gaiztoaren eta bizimodu gaiztoaren lehen hazia hitzen bidez gogoan erein zietenak, iradokizun nabarmenen bitartez bekatura zuzendu zituztenak, begi tentagarri eta liluratzailez bertutearen bidetik atera zituztenak? Itzultzen dira bekatukide horiengana eta ahakar egiten diete eta madarikatzen dituzte. Baina ez dute laguntzarik ez itxaropenik: beranduegi da damutzeko.

        — Pentsa, azken-azkenik, arima kondenatu horiek, nola tentatzaile hala tentatuek, duten tormentu izugarria: deabruekin egotearena. Deabru hauek bi eratan sufriarazten diete: euren presentziaz eta euren ahakarrez. Ezin dugu imajinatu ere egin zeinen espantagarriak diren deabru hauek. Santa Katalina Sienakoak ikusi zuen behin deabru bat eta idatzi zuen nahiago zukeela halako munstro espantagarria istant bakar batez berriro ikusi baino, bizitzaren amaierara arte txingar gorizko bidean ibili. Deabru hauek, behin aingeru ederrak izanak, lehen eder ziren bezain nazkagarri eta itsusi bihurtu dira. Iseka eta barre egiten diete hondamendira arrastatu zituzten arima galduei. Eurak dira, demonio zikinak, infernuan kontzientziaren mintzoarena egiten dutenak. Zergatik egin zenuen bekatu? Zergatik aditu zenituen lagunen tentaketak? Zergatik baztertu zenituen jaierazko jardun eta obra onak? Zergatik ez zenituen bekaturako bideak eragotzi? Zergatik ez zenuen laga lagun txar hura? Zergatik ez zenion utzi ohitura haragikoi hari, ohitura lohi hari? Zergatik ez zenituen entzun aitor-entzulearen aholkuak? Zergatik ez zinen lehen aldiz edo bigarren aldiz edo hirugarren aldiz edo laugarren aldiz edo ehungarren aldiz erori zinenean, zure gaiztakeriaz damutu eta Jainkoarengana, bekatuak barkatzeko zure damutasuna besterik itxaroten ez zuenarengana itzuli? Pasatu da orain damutzeko denbora. Denbora bada, denbora izan da, baina ez da gehiago denborarik izango! Izan da denbora isilpean bekatu egiteko, nagikeria eta harrokeriari bide emateko, legez kanpokoa irrikitzeko, zure izate baxuaren eraginei amore emateko, kanpoko piztiak bezala bizi izateko, ez, kanpoko piztiak baino okerrago, zeren eta haiek, behinik behin, animaliak baitira eta gidatuko dituen, adimenik gabeak. Izan da debora, baina ez da gehiago denborarik izango. Jainkoa anitz ahotsez mintzatu zitzaizun, baina ez zenuen entzun nahi izan. Ez zenituen bihotzeko harrokeria eta kolera zapaldu nahi izan, ez zenituen ezbidez eskuratutako ondasunak itzuli nahi izan, ez zenituen eliza santuaren aginduak ez zure erlijioaren betebeharrak bete nahi izan, ez zenituen lagun txarrak bertan behera utzi nahi izan, ez zenituen tentazio arriskugarriak baztertu nahi izan. Horrelakoa da tormentatzaile donge bajen hizkera, iseka eta ahakar, gorroto eta nazka hitzak. Nazka, bai! Zeren eta haiek ere, deabruek beraiek ere, bekatu egin zutenean, aingeruzko izateari bakarrik egotz dakioken bekatua egin baitzuten: intelektualen errebelioarena; eta haiek, baita haiek ere, deabru nazkagarriek ere, nazkaz eta higuinez itzultzen dira esanezinezko bekatu horien aurrean, zeinekin narriotu eta orbantzen baitu gizon degradatuak Izpiritu Santuaren tenplua eta orbantzen eta kutsatzen bere burua.

        — Ai, Kristorengan anaiatxo maiteok, ez dezagula inoiz hizkera hori entzuteko zorigaiztoa izan! Ez dezagula inoiz zorigaizto honi izan, diotsuet! Bihotz-bihotzez erregutzen diot Jainkoari kontu emate izugarriaren azken egunean ez dadila aurki gaur kapera honetan dagoen arima bakar bat ere Epaile Handiak bere bistatik betirako aldentzeko aginduko dien izaki zorigabeko haien artean, ez dezala gutariko inoren belarriak entzun behar izan ezespen-epai beldurgarria: Zoazte nigandik, madarikatuok, zoazte deabruaren eta haren aingeruentzat prestatua izan den betiereko sutara.

        Kaperaren aldamen batetik behera etorri zen Stephen, zangoak dardara eta buru-larrua ikaraz, izpirituzko behatzek ukitu balute bezala. Eskailerak igo eta korridorean aurrera joan zen, zeinetako hormetan soingaineko eta inpermeableak zeuden zintzilik gaizkile urkatuen gisara, bururik gabe, tantonka eta deformaturik. Eta urrats bakoitzeko beldur zen hilik ez ote zegoen, arima gorputzaren zorrotik erauzirik ez ote zuen, buruz behera espazioan murgiltzen ari ez ote zen.

        Ez zuen zorurik zapaltzen oinekin eta astunki eseri zen mahaian, liburu bat non-edo-han zabaldu eta haren gainera murgilduz. Hitz guztiak beretzat! Egia zen. Ahalguztiduna zen Jainkoa. Oraintxe dei ziezaiokeen Jainkoak, mahaian eserita zegoela dei ziezaiokeen, deiaz jabetzeko denbora izan zezan baino lehen. Dei egin zion Jainkoak. Bai? Zer? Bai? Haragia kizkurtu egin zitzaion garren mihi suntsikorrak gerturatzen sentitu balitu bezala, lehortu, aire itogarriaren zurrunbiloa inguruan sentitu balu bezala. Hila zen. Bai. Epaiturik zen. Su olatu batek korritu zion gorputza: lehenengoa. Beste olatu bat. Burmuina erretzen hasi zitzaion. Beste bat. Burmuina irakiten eta borborka zuen garezurraren egoitza zartatuaren barruan. Garrak irteten zitzaizkion garezurretik argi-koroa bat bezala, ahotsak bailiran oihuka:

        — Infernua! Infernua! Infernua! Infernua! Infernua!

        Ahotsak entzun zituen ondoan:

        — Infernuari buruz.

        — Pentsatzen dut ondo barrura sartuko zizuela.

        — Horixe barrura! Denok beldurrez aldean jarri gaitu.

        — Hori da zuek behar duzuena, eta asko gainera, lan egin eraziko bazaizue.

        Atzealdera bermatu zen makal mahaian. Ez zen hil. Jainkoak utzi egin zion oraindik. Eskola-giro ezagunean zegoen oraindik. Tate jauna eta Vincent Heron leihoan zeuden, hizketan, txantxetan, euri hotzari begira eta buruak astinka.

        — Nahiago nuke argituko balu. Erabakita neukan ikasle batzuekin txirrinduan buelta bat matera joatea. Baina belaunetaraino sartuko gara bideetan.

        — Argitu lezake, jauna.

        Ondo asko ezagutzen zituen ahotsak; betiko hitzak, ahotsak isiltzen zireneko ikasgelako isiltasunak, eta, beste mutilak hamaiketakoa patxadaz marruskatzen ari zirela isiltasuna betetzen zuen ganadua gogo-gozo larrean dabilenean bezalako soinuak baretu zioten arima minberatua.

        Bazen oraindik denbora. O! Maria, bekatarien babesa, erregutu ezazu bere alde! O! Birjina Kutsugabea, salba ezazu herioaren amildegitik!

        Ingelesezko klasea historiaren azalpenarekin hasi zen. Erregezko pertsonak, faboritoak, intrigatzaileak, gotzainak, mamu mutuak bezala pasa ziren euren izenen beloaren atzetik. Denak hilak ziren: denak epaituak ziren jada. Zer balio dio gizonari mundu osoa irabazteak arima galtzen badu? Azkenean, ulertu zuen: giza bizitza bere inguruan zabaltzen zen bake-lautada bat zen, inurri antzeko gizonek anaitasunean lan egiten zutena, euren hildakoak harmuino lasaien azpian lo zeudelarik. Aldamenekoak ukalondoaz ukitu zuen eta bihotzean sentitu zuen ukitua. Eta maisuaren galderari erantzuteko hitz egin zuenean, bere ahotsa baretasun, apaltasun eta damuz beterik entzun zuen.

        Damutasunaren bakean sakonago murgildu zitzaion berriro arima, izumenaren oinazea denbora gehiagoz jasan ezinda, eta murgiltzen zihoalarik, otoitz ahul bat igorri zuen. Bai, emango zion denbora; bihotzez damutuko zen eta barkatuko zitzaion; eta orduan goikoek, zeruan zeudenek, ikusiko zuten zer egingo zuen iraganarekin kitatzeko, bizitza osoan, bizitzako ordu bakoitzean. Ikusiko zuten.

        — Dena, Jainkoa! Dena, dena!

        Mezulari bat etorri zen atera aitortzak kaperan izango zirela esatera. Lau mutil irten ziren gelatik; eta beste batzuk entzun zituen korridorean barrena joaten. Hotzikara batek inguratu zion bihotza, ez haize leun bat baino indartsuagoak, baina, hala ere, isiltasunean entzunez eta sufrituz, bihotzaren muskuluaren kontra belarria jarrita bezala entzuten zuen bentrikuluen pilpira hurbil eta ikaratua.

        Ez zegoen ihesbiderik. Aitortu egin behar zuen, hitzetan adierazi behar zuen egin eta pentsatu zuena, bekatuz bekatu. Nola? Nola?

        — Aita, ni...

        Pentsamendu hura gerren hotz distiratsu bat bezala labaintzen zitzaion haragi samurrean barrena: aitortza! Baina ez hemen ikastetxeko kaperan. Dena aitortuko zuen, egitezko eta pentsamenduzko bekatu guztiak, zinez: baina ez han eskola-lagunen artean. Handik urrun leku ilunen batean xuxurlatuko zuen bere lotsa; eta apalki erregutu zion Jainkoari ez zedila berarekin haserre, ikastetxeko kaperan aitortzen ausartzen ez bazen; eta gogoa guztiz abaildurik, inguruko haur-bihotz haiengandiko barkamena eskatu zuen mutuki.

        Denbora aurrera zihoan.

        Kaperako lehen bankuan eserita zegoen berriz ere. Egunaren argia moteltzen hasia zen jada eta pertsiana gorri-ilunen artetik astiro erortzen zelarik, ematen zuen azken eguneko eguzkia sartzen ari zela eta arimak epairako biltzen ari zirela.

        — Alderatua naiz Zure begien ikusmenetik. Kristorengan anaiatxo maiteok, Salmoen Liburutik hartutako hitzak, hamahirugarren kapitulua, hogeita hirugarren bertsikulua. Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

        Predikaria tonu lasai adiskidetsuan hasi zen hizketan. Aurpegi maitakorra zuen eta astiro elkartzen zituen bi eskuetako behatzak, hazpuruen lotuneekin kaiola delikatu bat osatuz.

        — Goizean ahalegindu gara, infernuari buruzko gogoetan, gure fundatzaile santuak gogo-jardunen liburuan lekuaren konposaketa deitzen diona egiten. Hau da, ahalegindu gara adimenaren zentzumenen bidez leku espantagarri horren izate materiala eta infernuan dauden guztiek pairatzen dituzten tormentu fisikoak irudikatzen. Arratsalde honetan infernuko tormentu izpiritualen nolakotasuna hausnartzeari eskainiko diogu tarte bat.

        — Gogora ezazue bekatua gaiztakeria bikoitza dela. Gure izate ustelak sena behetarretarako, zatar eta aberekoia denerako dituen joerak ederrestea da; eta aldi berean, gure izate goitiarretik, garbia eta santua den guztitik, Jainko Santu Berarengandik aldentzea ere bada. Horregatik zigortzen da bekatu astuna infernuan bi zigor mota desberdinez: zigor fisikoz eta izpiritualez.

        — Baina zigor izpiritual guzti hauetatik inondik ere handiena kalte pena da, hain handia, ezen bera bakarrik den beste guztiak baino handiagoa. Santo Tomas elizaren doktore handiak, doktore aingeru deitzen zaionak, dio kondenarik okerrena gizonaren entendimendua jainkozko argiaz zeharo gabeturik eta sentimena Jainkoaren onberatasunetik ezinbestez aldendurik egotea dela. Gogoan izan Jainkoa izaki mugagabez ona dela eta, beraz, horrelako izakia galtzeak galera mugagabez mingarria izan behar duela. Bizitza honetan ez dugu ideia garbiegirik galera hori nolakoa izango denez, baina infernuan diren kondenatuek, euren tormentu handienerako, galdu dutenaren ezaguera osoa dute eta badakite euren bekatuengatik galdu dutela eta betirako galdu dutela. Heriotzako une berean gorputzarekiko loturak eten egiten dira eta arima bat-batean hegaldatzen da Jainkoarengana bere existentziaren erdigunera bezala. Gogoan izan, mutil maiteok, gure arimak Jainkoarekin egotea irrikitzen duela. Jainkoarengandik gatoz, Jainkoagatik bizi gara, Jainkoarenak gara: Bereak gara, ezinbestez bereak. Jainkoak jainkozko maitasunez maite ditu giza arima guztiak eta giza arima guztiak maitasun horregatik bizi dira. Nola izan zitekeen bestela? Hartzen dugun arnasaldi bakoitza, gure garuneko pentsamendu bakoitza, bizitzako une bakoitza Jainkoaren onberatasun agortezinetik dator. Eta mingarria bazaio ama bati haurrarengandik banandua izatea, gizonari lur eta etxetik erbesteratua izatea, lagunari lagunarengandik bereizia izatea, O!, pentsa nolako mina, nolako atsekabea izan behar duen arimarentzat ontasun gorena eta Egile maitakorraren presentziatik, ezerezetik sortu, bizitzan sostengatu eta maitasun neurtezinez maitatu zuenarengandik botea izatea. Beraz, hau, bere ongi handienarengandik, Jainkoarengandik, betirako bereizia izatea, eta bereizkuntza horren larritasuna sentitzea, aldaezina dela garbiro jakinez, hau da arima sortuak jasan dezakeen tormenturik handiena, poena damni, kaltearen pena.

        — Infernuko kondenatuek jasango duten bigarren zigorra kontzientziaren pena da. Gorputz hiletan usteldurak harrak sortzen dituen bezala, galduen arimetan ere bekatuaren ustelduratik etengabeko aladura jaiotzen da, kontzientziaren miztoa, Inozenzio Hirugarrena Aita Santuak deitzen dion bezala, ausiki hirukoitzeko harra. Har krudel honek emandako lehen ausikia iraganeko plazeren oroitzapenarena izango da. O! Zeinen oroitzapen izugarria izan behar duen horrek! Gar oroiresleen lakuan errege harroak gogora ekarriko ditu bere gorteko ponpak, gizon buruargi baina gaiztoak bere liburutegi eta ikerketarako tresnak, plazer artistikoen zaleak bere marmol, pintura eta gainontzeko arte altxorrak, mahaiko plazeretan gozatzen zenak bere festa zoragarriak, hain delikatuki prestaturiko platoak, ardo aukeratuak, urrezaleak metaturiko urreak gogoratuko ditu, lapurrak ezbidez lortutako ondasuna, hiltzaile haserrekoi, mendekatzaile, gupidagabeek gozagarri izan zituzten odol-ekintza eta bortizkeriak, lizun eta ezkon-nahasleek gozatu izan zituzten plazer lohi izendaezinak. Hori dena gogoratuko dute eta gorrotatuko dituzte euren buruak eta bekatuak. Izan ere, bai ziztrinak irudituko zaizkiola plazer guzti honek mendeetan eta mendeetan infernuko sutan sufritzera kondenatutako arimari. Nolako amorrua eta sua lurreko hondakinengatik, metal puska batzuengatik, ohore banoengatik, gorputzaren aisetasunengatik, nerbioen gutizia batengatik zeruko argia galdu dutela pentsatzean. Damutuko dira, bai, eta hau da kontzientziaren harraren bigarren ausikia: egindako bekatuen damu berantiar eta alferrikakoa. Jainkozko justiziak zorigaiztoko donge horien adimenak egin zituzten bekatuetan etengabe finkaturik egotera behartzen ditu eta are gehiago, San Agustinek erakusten duen bezala, Jainkoak berak bekatuaz duen ezagutza emango die, era horretan bekatua bere zatartasun gorrotagarri osoan ager dakien Jainko Beraren begietara agertzen den bezalaxe. Duten doilorkeria osoan ikusiko dituzte euren bekatuak eta damutuko dira, baina beranduegi izango da eta orduan deitoratuko dituzte arbuiatu zituzten onbide aukerak. Kontzientziaren barraren azken ausiki hau da sakonena eta krudelena. Honela esango du kontzientziak: Izan zenuen damutzeko denbora eta aukera eta ez zenuen nahi izan. Gurasoek erlijioan hazi zintuzten. Izan zenituen elizaren sakramentuak, graziak eta induljentziak lagungarri. Izan zenuen Jainkoaren ministroa predikari, bidea erratu zenuenean dei egin zizuna, bekatuak barkatuko zizuna, ziren hainbat zirela, gorrotagarrienak zirela, aitortu eta damutu soilik egin bazina. Ez. Ez zenuen nahi izan. Iseka egin zenien erlijio santuaren ministroei, bizkarra eman zenion aitorlekuari, gero eta sakonago irauli zinen bekatuaren lohietan. Jainkoak erregutu zizun, mehatxatu zintuen, arren eskatu zizun. O! A zer lotsa! A zer doilorkeria! Unibertsoaren Gobernariak arren eskatu zizun zuri, lokatzezko kreatura horri, maite zenezala zure Egilea eta gorde zenezala Haren agindua. Ez. Ez zenuen nahi izan. Eta orain, infernu guztia malkoz itoko bazenu ere, oraindik negar egiteko gauza bazina, damutasun-itsaso guzti horrek ez lizuke profitatuko bizitza hilkorrean isuritako egiazko damutasun-malko bakar batek profitatuko zizukeena. Orain bizitza lurtarreko une bat erregutzen duzu damutzeko: alferrik. Igaro da denbora: betirako igaro.

        — Horrelakoa da kontzientziaren ausiki hirukoitza, infernuko kondenatuen bihotzaren muin-muina kirrikatzen duen sugegorria, eta horregatik infernuzko amorruz beterik madarikatzen dituzte euten buruak beren erokeriagatik, eta madarikatzen dituzte hondamendi honetara arrastatu zituzten kide gaiztoak, eta madarikatzen dituzte deabruak, bizitzan tentatzaile eta betierean isekari dituztenak eta halaber iraintzen eta madarikatzen dute Izaki Gorena, zeinaren justizia eta botereari ezin dioten itzuri egin.

        — Kondenatuak loturik dagozkion hurrengo zigor izpirituala hedadura-pena da. Gizona bizitza lurtarrean gaiztakeria askotarako gai bada ere, ez da denak batera egiteko gai, izan ere, gaiztakeria bat besteari jazartzen eta kontrajartzen baitzaio, maiz pozoi bat beste bati jazartzen zaion bezala. Infernuan, aitzitik, tormentu batek bestea ahuldu ordez, oraindik ere indar handiagoa ematen dio. Eta are gehiago: barne-ahalmenak kanpo-zentzumenak baino perfektuagoak direnez, gaitasun handiagoa dute sufritzeko. Nola zentzumen bakoitza dagokion tormentuarekin zigortzen den, hala ahalmen izpiritual bakoitza ere: irudimena irudi lazgarriekin; sentimena batean desirarekin bestean amorruarekin; gogoa eta adimena barne-iluntasunarekin, presondegi ikaragarriaren kanpo-iluntasuna baino ere lazgarriagoarekin. Demoniozko arima hauek mendean dauzkan malezia, nahiz eta ezindua egon, hedadura neurrigabea eta iraupen neurrigabea dituen gaizki bat da, gaiztotasun egoera beldurgarri bat, nekez imajina dezakeguna, baldin bekatuaren izugarrikeria eta Jainkoak dion gorrotoa gogoan ez baditugu.

        — Hedadura-penaren kontrakoa eta, halere, honen izakide dugu intentsitate pena. Infernua da gaitzen erdigunea eta, dakizuen bezala, biziagoak izaten dira gauzak erdigunean puntu urrunetan baino. Ez da inolako antidotorik ez sendagairik infernuko oinazeak txikienean ere arindu edo leun ditzakeenik. Ez hori bakarrik, berez onak diren gauzak ere txar bihurtzen dira infernuan. Lagunartea, sufritzen dagoenari beste edonon adoregarri zaiona, etengabeko tormentua izango da han; jakituria, intelektuaren ontasun nagusi bezala hain desiratua, ezjakintasuna baino gorrotatuago izango da han; argia, izaki guztiek izadiko erregerengandik hasi eta basoko landare apalenerainokoek hain gura dutena, biziro arbuiatuko da. Bizitza honetan ditugun atsekabeak ez dira oso luzeak ez oso handiak, izatasunak ohituraren bidez gainditzen dituelako edo haien pisuaren azpian hondoratuz amaiera ematen dielako. Baina infernuan ez dago tormentuak ohituraren bidez gainditzerik, zeren eta bizitasun izugarrizkoak direnarekin batera etengabe aldatzen baitira, nolabait esateko, oinaze batek beste bati su ematen dio eta suspertu duen honek, berriz, oraindik ere gar bortitzagoa pizten aurrekoari. Ihes ere ezin diezaieke egin izatasunak tortura bizi eta aldakor hauei berauen pean suntsituz, zeren eta arima bere gaitzean sostengaturik eta mantendurik baitago, era horretara sufrimendua ahalik eta handiena izan dadin. Tormentuaren hedadura mugagabea, sufrimenduaren bizitasun izugarria, torturaren etengabeko aldaketa: hau eskatzen du jainkozko maiestate bekatariek hain narriotuak, hau behar du zeruko santutasunak, haragi galduaren irrits eta plazer behetarrek baztertu eta alderatuak; hau da Jainkoaren Bildots errugabearen odolak, bekatariak berrerosteko isuriak, erreklamatzen duena.

        — Azkena eta leku ikaragarri horretako tortura guztiak koroatzen dituen tortura, infernuko betieretasunarena da. Betierea! Zeinen hitz ikaragarri eta lazgarria! Betierea! Zer giza adimenek uler dezake hori? Eta ez ahaztu oinazezko betierea dela. Infernuko oinazeak, diren bezain izugarriak ez balira ere, neurrigabeak bihurtuko lirateke betierean irauteko eginak direnagatik. Baina betierean irauten dutenak izateaz gain, dakizuen bezala, jasanezin hainbat biziak eta aldi berean eramanezin hainbat zabalak dira. Intsektu baten ziztada ere tormentu ikaragarria litzateke betiererako izatera. Zer izango da, orduan, infernuko tortura anizkunak betierean jasatea? Sala zaitezte irudikatzen honen esanahi ikaragarria. Zuek askotan ikusi duzue hondartzako harea. Zeinen finak diren ale ñimiñoak! Eta ale ñimiño horietako zenbat behar diren haurrak jolaserako hartzen duen eskutada bat osatzeko! Imajina ezazue harea-horretazko mendi bat, milioi milia garai, lurretik zeru goienetaraino iristen dena eta milioi milia zabal, espazio urrunetaraino zabaltzen dena eta milioi milia lodi; eta imajinatu kontaezin hainbat zatikiz osaturiko masa eskerga hori basoan den bezainbat orriz, ozeano zabalean bezainbat ur tantaz, txoriengan bezainbat lumaz, arrainengan bezainbat ezkataz, animaliengan bezainbat ilez, aire zabalean bezainbat atomoz biderkaturik; eta imajinatu milioi bat urteren buruan txori txiki bat mendi horretara etorri eta harea-ale ñimiño bat eramaten duela mokoan. Zenbat milioika eta milioika ehunkada igaroko lirateke txori horrek mendiaren oin karratu bat ere eraman aurretik? Zenbat denboraldi eta denboraldi sekulazkoak dena eraman aurretik? Eta, hala ere, denboraldi itzel horren buruan, betierearen istant bat ere igaro denik ezin esan ahal izango litzateke. Bilioika eta trilioika urte horien buruan ozta-ozta hasia litzateke betierea. Eta txoriak eramanda gero, mendia berriro egingo balitz eta txoria berriro etorri eta dena eramango balu aleka-aleka, egin eta desegingo balitz zeruan den hainbat izar, airean den hainbat atomo, itsasoan den hainbat urtanta, zuhaitzetan den hainbat orri, txoriengan den hainbat luma, arrainengan den hainbat ezkata, animaliengan den hainbat ile bezainbestean, mendi eskerga neurtezin horren kontaezin hainbat egite eta desegite guztien buruan, betierearen istant bakar bat ere amaitu denik ezin esan ahal izango litzateke; orduan ere, halako denboraldia amaitzean ere, pentsatze hutsez burua zorabioan jartzen digun denboraldi neurtezin horren ondoren ere, betierea ozta-ozta hasia litzateke.

        — Santu done bati (eta geure aitetariko bat zela uste dut) infernuaren ikusmen baten mesedea eman zitzaion behin. Iruditu zitzaion ezkaratz handi, ilun eta erloju handi baten tik-taka beste hotsik gabeko baten erdian zegoela. Tik-takak etengabe jarraitzen zuen; eta iruditu zitzaion santuari tik-tak hotsa honako hitz hauen errepikapen jarraitua zela: beti, inoiz ez, beti, inoiz ez. Beti infernuan, inoiz ez zeruan; beti Jainkoaren presentziari itxia, inoiz ez ikusmen dohatsuaren gozamenik; beti garrek jana, bar piloak ausikia, gerren goriek zulatua, inoiz ez oinaze horietatik libro; beti kontzientzia ahakarka, oroimena amorratua, adimena iluntasun eta desesperazioz beterik, inoiz ezin ihes egin, beti demonio nazkagarriak, euren engainuen biktimen zorigaiztoaz atsegin ankerra hartzen dutenak, madarikazioka eta irainka, inoiz ez izpiritu dohatsuen jantzi distiratsua ikusterik, beti suzko amildegitik Jainkoari oihuka une bateko, une bakar bateko agonia ikaragarriaren etenaldi baten eske, inoiz ezin iritsi, ezta istant batez ere, Jainkoaren barkamenik, beti sufritzen, inoiz ez atseginik, beti kondenatua, inoiz ez salbatzerik; beti, inoiz ez; beti, inoiz ez. Oi! zeinen zigor lazgarria! Sekula guztiko agonia amaigabea, gorputz eta arimako tormentu amaigabea, itxaropen errainurik gabe, une bateko etenaldirik ere gabe, agonia neurrigabez bizia, tormentu infinituki aldakorra, betierean irensten duena betierean mantentzen duen tortura, betiraunean izpiritua kirrikatu eta haragia tormentatzen duen angustia, betierea, zeinaren istant bakoitza bera baden berez atsekabezko betiere bat. Horrelakoa da Jainko ahalguztidun eta justuak ezarri duen zigorra bekatu astunean hiltzen direnentzat.

        —Jainko justua, bai! Gizonak, beti gizonek bezala arrazoituz, harritu egiten dira Jainkoak infernuko sutan betirauneko zigor neurrigabea jarri izanaz bekatu astun bakar batengatik. Horrela arrazoitzen dute, haragiaren ilusio handiak eta giza entendimenduaren iluntasunak itsuturik, bekatu astunaren txartasun gorrotagarria ulertzeko gauza ez direlako. Horrela arrazoitzen dute ez direlako gauza ulertzeko bekatu arin ere hain dela nardagarria eta gorrotagarria izatez, ezen nahiz eta Egile ahalguztidunak munduko txarkeria eta zorigaitz guztiei —gudate, gaixotasun, lapurreta, krimen, heriotza, hiltzaile— amaiera emango balie ere, ezingo lukeen Jainko ahalguztidun handiak bekatu arin bat, bekatu arin bakar bat, —gezur bat, begirakune haserre bat, berariazko nagikeria une bat— zigorrik gabe utzi, zeren eta bekatua, nahiz pentsamenduzkoa nahiz egitezkoa, Haren legearen hauste bat baita eta Jainkoa ez litzateke Jainko izango lege-hauslea zigortuko ez balu.

        — Bekatu batek, intelektuaren errebeldiazko harrotasun une batek, eror erazi zituen loriatik Luzifer eta aingeru kohorteen herena. Bekatu batek, eromen eta ahulezia une batek, atera zituen Adan eta Eba Edenetik eta ekarri zuen heriotza eta sufrimendua mundura. Bekatu horren ondorioak ordaintzera Jainkoaren Seme Bakarra etorri zen lurrera; bizi, sufritu eta heriotza mingarrienaz hil zen, hiru orduz gurutzean zintzilik.

        — O! Jesukristorengan anaiatxo maiteok, nahigabetu egin behar al dugu Berrerosle ona? Bere haserrea piztu? Berriro zapaldu behar al dugu gorpu urratu eta hautsi hori? Tu egingo al diogu nahigabe eta maitasunez beteriko aurpegi horri? Guk ere, judutar krudelak eta soldadu basatiak bezala, iseka egingo al diogu Salbatzaile maitati eta errukior horri, atsekabearen dolare lazgarria berak bakarrik gugatik zanpatu zuenari? Bekatuzko hitz bakoitza Haren saihets samurrari zauri bat zaio. Bekatuzko ekintza bakoitza Haren burua zulatzen duen arantza bat da. Pentsamendu lohi bakoitza, nahita bide eman zaiona, bihotz sakratu eta maitati hura erdibitzen duen lantza zorrotza. Ez. Ez. Ez da posible gizakiak jainkozko maiestatea horren sakonki mintzen duen zerbait egitea, betiereko agoniaz zigortzen den zerbait egitea, Jainkoaren Semea berriro gurutzeratzen duen eta iseka egiten dion zerbait egitea.

        — Erregutzen diot Jainkoari nire hitz xumeek balio izan zezatela gaur grazian daudenen santutasuna baieztatzeko, ahulak sendotzeko, erratu den arima gaixoa, baldin zuen artean horrelakorik balego, berriro graziara ekartzeko. Erregutzen diot Jainkoari, eta erregu iezaiozue nirekin batera, damu gaitezela gure bekatuez. Eta orain eskatzen dizuet esan dezazuela nirekin batera damu-otoitza, hemen kapera apal honetan Jainkoaren aurrean belaunikaturik. Bera hor dago sagrarioan gizakiarenganako maitasunez erretzen, nahigabetua bihotz-berotzeko gertu. Ez izan beldur. Ez dio axolarik asko diren edo izugarriak diren: damutze soilarekin barkatuko zaizkizue. Ez diezazuela inolako lotsa mundutarrek atzera eragin. Jainkoa Jaun errukiorra da oraindik, bekatariaren betirako heriotza ez baino, bide onera itzuli eta bizi dadila nahi duena.

        — Beregana deitzen zaituzte. Bereak zarete. Ezerezetik egin zintuzten. Jainkoak bakarrik dezakeen bezala maite izan zintuzten. Besoak zabalik ditu zuek hartzeko, bere aurka bekatu egin baduzue ere. Zatoz Beregana, bekatari gaixoa, bekatari bano eta erratu gaixoa. Orain da garai egokia. Orain da ordua.

        Altxatu zen apaiza eta aldare aldera jiratuz sagrario aurreko mailan belaunikatu zen arratseko erdi-ilunpetan. Kaperako guztiak belaunikatu eta hotsik txikiena isildu zen arte itxaron zuen. Orduan, burua jasorik, damu-otoitza esan zuen esaldiz esaldi sutsuki. Mutilek esaldiz esaldi erantzun zioten. Stephenek, mingaina ahosabaiari erantsita zuenez, burua makurtu eta bihotzarekin egin zuen otoitz:

 

                — Nire Jainkoa!

                — Nire Jainkoa!

                — damu dut bihotz-bihotzez

                — damu dut bihotz-bihotzez

                — Zu nahigabetu izana

                — Zu nahigabetu izana

                — eta gaitzesten ditut nire bekatuak

                — eta gaitzesten ditut nire bekatuak

                — beste gaitz guztien gainetik

                — beste gaitz guztien gainetik

                — higuintzen zaituztelako, nire Jainkoa

                — higuintzen zaituztelako, nire Jainkoa

                — nire maitasun guztia

                — nire maitasun guztia

                — hain merezi duzun hori

                — hain merezi duzun hori

                — eta asmo sendoa hartzen dut

                — eta asmo sendoa hartzen dut

                — zure jainkozko graziaren laguntzaz

                — zure jainkozko graziaren laguntzaz

                — ez gehiago Zu mintzeko

                — ez gehiago Zu mintzeko

                — eta nire bizitza zuzentzeko

                — eta nire bizitza zuzentzeko.

 

        Afal ondoren gelara igo zen arimarekin bakartasunean egoteko, eta pauso bakoitzeko hasperen egiten ziola zirudien arimak; pauso bakoitzeko oinekin batera igotzen zitzaion arima, erdi-ilunpe likan zeharreko igoeran hasperenka. Eskailburuan ate aurrean geratu zen eta ondoren, portzelanazko tiragailuari helduz, atea ireki zuen bizkor. Beldurrez beterik itxaron zuen, arima barrenari iltzaturik zuela, bere artean erreguka ez zezala herioak bekokian uki atalburua igarotzerakoan, ez zezatela ilunpea populatzen duten demonioek beregan indarrik izan. Geldi itxaron zuen alartzean leize ilun bateko sarreran bezala. Aurpegiak zeuden han, begiak; zain zeuden zelatan.

        — Jakin bagenekien ondo asko ere hori argitara irtetera destinatua bazegoen ere zailtasun handiak aurkituko zituela botereguztidun izpirituala aurkitzen saiatzeko ahaleginetara bere burua konbentzitzen saiatzeko ahaleginetan eta jakina jakin bagenekien ondo asko ere...

        Aurpegi murmuratiak zain zeuden zelatan; murmurio ahotsek betetzen zuten leizearen maskor iluna. Beldur bizia sentitzen zuen izpirituan eta haragian, baina, burua ausarki jasoz, gela barrura sartu zen tinko. Ate bat, gela bat, betiko gela, betiko leihoa. Eta esan zion bere buruari ilunpetatik irtenak ziruditen hitz murmurati haiek ez zutela inolako zentzurik. Esan zion bere buruari hura ez zela bere gela atea irekita beste ezer.

        Itxi zuen atea eta, berehalakoan ohera zuzenduz, ondoan belaunikatu eta aurpegia estali zuen eskuekin. Esku hotz eta bustiak zeuzkan eta soin-adarrak minbera hotzikaraz. Gorputzeko desoseguak, hotzikarak eta ahuldurak erasotzen zioten, gogoetak porrokatuz. Zergatik zegoen han belauniko, haurra gaueko otoitzak egiten bezala? Arimarekin bakarrik egoteko, kontzientzia aztertzeko, bekatuak aurrez aurre ikusteko, haien noiz-nola eta xehetasunak gogoratzeko, haiengatik negar egiteko. Ezin zuen negarrik egin. Ezin zituen gogora ekarri. Ez zuen sentitzen gorputz eta arimako mina besterik: bere izate osoa —oroimen, borondate, adimen eta haragi-sorgorturik eta nekaturik.

        Deabruen lana zen hori, gogoetak barreiatzea eta ezagumena lainotzea, bekatuz galduriko haragi koldarraren ateetan erasoz; eta Jainkoari herabeti erregutzen ziolarik barka ziezaiola bere ahulezia, ohera sartu zen eta, izaretan bil-bil eginez, berriro aurpegia estali zuen eskuekin. Bekatu egin zuen. Hain bekatu handia egin ere zeruaren aurka eta Jainkoaren aurrean, ezen ez zen duin Jainkoaren seme deitua izateko.

        Nola zitekeen berak, Stephen Dedalusek, horrelakoak egin izana? Kontzientziak hasperen batekin erantzun zion. Bai, egin egin zituen, ezkutuka, zatarki, behin eta berriz eta, bekatuaren damugabekerian gogorturik, sagrarioaren beraren aurrean santutasun maskaraz agertzeko ausardia izan zuen, barrutik arima masa ustel bizi bat baino ez zelarik. Nolatan ez zuen Jainkoak bertan hil? Bere bekatuen kidetasun legentsuak erdian hartuta zeukan, arnasa isurtzen zion, gainera zetorkion alde guztietatik. Ahaleginak egin zituen otoitzaren bidez ahazten, soin-adarrak elkarganatuta kuzkurtuz eta begiak itxiz, baina arimaren zentzumenak menderatzerik ez zegoen eta, begiak gogor itxita zituen arren, bekatu egin zueneko lekuak ikusten zituen eta, belarriak ondo estaliak zituen arren, entzun egiten zuen. Indar guztiez desiratu zuen ez entzutea eta ez ikustea. Eta desiratzen jarraitu zuen desiraren tenkaldiaren pean hezurdurak dardara egin zion arte eta arimaren zentzumenak itxi ziren arte. Itxi ziren une batez eta berriro ireki ziren. Eta ikusi egin zuen.

        Belar txar lakatz, gardu eta asun-sasiz beteriko landa. Sastraka eta landare mordo lakatzen artean latontzi mazatuak eta gorotz lehor bikorrak eta kiribilak zeuden lodi. Padura-argi hits bat igotzen zen nekez zaborreria guztitik belartxar berde-urdinxka lakatzen artetik. Usain zikin bat, argia bezain hits eta nazkagarria, goratzen zen geldiro bihurrika latontzietatik eta simaur kostra zaharretik.

        Sorkariak zebiltzan landan: bat, hiru, sei; sorkariak mugitzen ziren landan hara-hona. Ahuntz tankerako sorkariak giza aurpegiekin, adarrak kopetan, ile urri eta kautxua bezain grisarekin. Gaizkiaren maleziak egiten zien dirdira begi gogorretan hara-hona zebiltzala, euren buztan luzeak atzetik arrastaka. Gaiztotasun krudelezko imintzio baten argi grisak argitzen zizkien aurpegi zahar hezurtsuak. Batek saihetsen kontra estutzen zuen franelazko txaleko zarpail bat, beste batek kexu monotonoa zerion, bizarra belar txar sastrakan katramilatzen zitzaionean. Hizkera uher bat irteten zen haien ezpain listugabeetatik, landaren inguruan fris-fras jira eta jira zirkuluak geldiro osatuz zebiltzala, latontzien artetik kinkilin-kankalan buztanak arrastan. Zirkulu geldietan mugitzen ziren, gero eta zirkulu itxiagoak eginez, hurbiltzen eta hurbiltzen, hizkera uherra ezpainetatik zeriela, kakatan lardaskatu buztan luzeak fristi-frasta, aurpegi beldurgarriak gorantz jasota...

        Lagundu!

        Eroturik bezala bota zituen izarak gainetik aurpegia eta lepoa libratzeko. Hura zen bere infernua. Bere bekatuentzat gordetako infernua ikusten utzi zion Jainkoak: infernu kiratsua, piztikoia, makurra, ahuntz tankerako deabru haragikoiekiko infernua. Beretzat! Beretzat!

        Saltatu zuen ohetik, eztarrian behera isuriz zihoakion kirats nazkagarriak erraiak trabatu eta nahastatzen zizkiolarik. Airea! Zeruko airea! Leihorantz egin zuen estropezuka, auhenka eta ondoezaz ia konortea galdurik. Lababoan barne-dardarizo batek hartu zuen; eta, bekoki hotza gogor estutuz, agonian, larriak bota zituen oparo.

        Ondoezaldia pasa zenean, leihora joan zen ahulduraz eta orria jasoz leiho ertzean eseri zen ukondoa leiho-apalean bermatuz. Euria aterturik zen; eta hiria, lurrun higikorren artean argiunetik argiunera lanbro horixkazko kusku fin bat iruntzen ari zen inguruan. Zerua bare eta argitasun motel batekin zegoen eta airea atsegina arnasteko, euri-zaparradak bainatu arboladi batean bezala; eta bakearen, argi dardaratien eta usain gozo geldiaren artean hitzarmen bat egin zuen bihotzarekin.

        Otoitz egin zuen:

        — Behin lurrera etorri nahi izan zuen loria zerutiarrez beterik, baina bekatu egin genuen, eta ezin izan gintuen agerian bisitatu, maiestate estali eta distira lainotu batez baizik, Jainkoa zelako. Horrela bada, apal eta botererik gabe etorri zen eta Zu bidali zintuen, Haren ordezko kreatura, gure egoerari dagokion kreaturaren xarma eta distiraz. Eta orain Zure aurpegi eta irudiak, ama maitea, hitz egiten digu Betierekoaz; ez edertasun lurtarra bezalakoa, arriskugarria begiratzeko, baizik eta enblematzat duen goizeko izarra bezalakoa, argitsua eta musikala, araztasuna arnasten duena, zeruaz mintzo eta bakea ematen duena. O! Egunaren aitzindari! Erromesaren argi! Jarrai ezazu orain arte bezala gu gidatzen. Gau beltzean, basamortu gorrian zehar, gida gaitzazu gure Jaun Jesukristorengana, gida gaitzazu etxera.

        Begiak malkoz bustirik zituen eta, apalki zerura begiratuz, inozentzia galduagatik negar egin zuen.

        Arratsa etorri zenean, etxetik irten zen eta aire hezearen lehen ukituak eta atea atzetik itxi zenean atera zuen hotsak minberatu zioten berriro kontzientzia, otoitzez eta malkoz baretua. Aitortu! Aitortu! Ez zen aski kontzientzia malko batekin eta otoitz batekin baretzea. Belaunikatu egin behar zuen Jainkoaren ministroaren aurrean eta bekatu ezkutuak egiaz eta damuz esan. Berriro atearen orria, etxean sartzeko irekitzean, alartzearen gainean jiratzen entzun zezan baino lehen, berriro sukaldeko mahaia afaltzeko antolaturik ikus zezan baino lehen, belaunikatu eta aitortza eginda izango zen. Oso gauza sinplea zen.

        Kontzientziako mina atertu zitzaion eta ibiltzen jarraitu zuen bizkor kale ilunetan aurrera. Hainbeste har-lauza zegoen kale hartako espaloian eta hainbeste kale hiri hartan eta hainbeste hiri munduan! Eta hala ere, betiereak ez zuen amaierarik. Bekatu astunean zegoen. Behingoa ere bekatu astuna zen. Istant batean gerta zitekeen. Baina nola hain azkar? Ikusiz edo ikustea pentsatuz. Begiek ikusi egiten dute, ikusi nahi izan gabe, hasera batean. Gero, istant batean gertatzen da. Baina gorputzaren zati horrek ulertu egiten al du edo zer? Sugea, lurreko piztiarik sumariena. Ulertu egin beharko du, horrela istant batean desiratzeko, eta gero bere desira luzatu egiten du istantez istant, bekatu eginez. Sentitu, ulertu eta desiratu egiten du. Bai gauza lazgarria! Nork egin zuen horrelakoa gorputzeko zati aberekoia, aberekoitasunez ulertu eta aberekoitasunez desiratzeko gai? Bera al zen hori ala izaki ez-humanoren bat arima behetarrago batek mugitua? Arima okitu egin zitzaion suge-bizitza geldo bat bere bizitzaren muin bigunetik bazkatzen zela eta haragikoitasunaren basatzetan gizentzen zela pentsatzean. Baina zergatik hori horrela? Baina zergatik?

        Pentsamenduaren itzalean bildu zen, gauza guztiak eta gizon guztiak egin zituen Jainkoarenganako beldurrean apaltzen zelarik. Zentzugabekeria. Nor zen horrelako gogoetarik egiteko gai? Eta iluntasunean kuzkurtu eta bere burua makurturik, otoitz egin zion mutuki aingeru zaindariari alden zezala ezpataz burmuinean xuxurlatzen ari zitzaion demonioa.

        Isildu zen xuxurla eta orduan ulertu zuen argi eta garbi bere arimak bekatu egin zuela, nahita, gogapen, hitz eta egitez gorputzaren bidez. Aitortu! Bekatu guztiak aitortu behar zituen. Nola hitzetan adierazi apaizari egin zuena? Egin behar. Egin behar. Eta nola adierazi lotsaz hil gabe? Eroa! Aitortu! O! Berriro ere libro eta bekaturik gabe izango zen horratik! Beharbada, apaizak jakingo zuen. O! Jainko maitea!

        Aurrera eta aurrera jarraitu zuen gaizki argiztatutako kaleetan, geraldirik txikiena egiteko beldurrez, ez zezan irudi atzera egiten zuela espero zionetik, iritsi nahi zuen hartara iristeko beldurrez. Zeinen edema izan behar duen grazian dagoen arima, Jainkoak maitasunez begiratzen dionean!

        Neska narras batzuk zeuden espaloi ertzetan eserita otarrak aurrean zituztela. Ile hezea bekokian behera erortzen zitzaien. Ez zuten ederrak ematen zikinkeria artean kukulduta. Baina Jainkoak ikusten zituen haien arimak; eta arima haiek grazian bazeuden, ikusgarri distiratsuak ziren eta Jainkoak, ikustean, maite egiten zituen.

        Umiliapenezko haize-bolada xahugarri batek ugertu zion arima zeinen baxu erori zen pentsatzean, Jainkoak arima haiek berea baino maiteago zituela sentitzean. Igaro zen haizea bere buruaz gaindi eta beste miriadaka eta miriadaka arimatan jo zuen, zeinetan Jainkoaren mesedeak argi egiten baitzuen batean gehiago bestean gutxiago, izar argitsuagoak zein motelagoak bailiran, irauten eta gutxitzen. Han pasatu ziren arima dirdiratzaileak, iraunkorrak eta gutxituak arnas higikor batean bat eginik. Arima bat zen galdua, arima ñimiño bat: berea. Ñirñir egin zuen une batean eta itzali, ahaztu, galdu egin zen. Amaiera: desolazio beltz, hotz, hutsa.

        Zegoen lekuaren ezaguerara itzuli zen poliki-poliki, ez ikusi, ez sentitu, ez bizitu egin zuen tarte luzearen ondoren. Eszena lohia osaturik zuen inguruan: ohiko azentuak, dendetako gas-argiak piztuta, arrain, pattar eta zerrauts usainak, gizon-emakumeen joan-etorria. Andre zahar bat zihoan kalea gurutzatzera, olio-lata bat eskuan zuela. Andrearengana makurtu eta inguruan kaperarik bazen galdetu zion.

        — Kapera, jauna? Bai,jauna. Church kaleko kapera.

        — Church?

        Latontzia beste eskura pasatu eta erakutsi zion. Eta eskuineko esku zikin zimela mantoiaren litsen azpitik atera zuenean, andrearengana makurtu zen, haren ahotsak gupida eragin eta bigundurik.

        — Eskerrik asko.

        — Ez da zeri, jauna.

        Aldareko kandelak itzalirik ziren, baina bazen artean intsentsu-usaina eliza barneko airean. Langile bizardun aurpegi jaieratsu batzuk palio bat ateratzen ari ziren aldameneko atetik, sakristauak keinu eta hitz lasaiez laguntzen ziela. Artean eliztar bakan batzuk geratzen ziren, aldamenetako aldare baten aurrean otoitzean batzuk, aitorlekuen ondoko bankuetan belauniko besteak. Hurreratu zen herabeti eta saileko azken bankuan belaunikatu zen elizako bakea, isiltasuna eta itzalpe aromatsua eskertuz. Belauniko zegoen ohola estua eta higatua zen eta bere ondoan belauniko zeudenak Jesusen jarraitzaile apalak ziren. Jesus ere txirotasunean jaio zen eta arotz baten tailerrean lan egin zuen, oholak zerratu eta zepillatzen, eta arrantzale txiroei hitz egin zien estreinako Jainkoaren erreinuaz, gizon guztiei bihotzez otzanak eta apalak izaten irakatsiz.

        Eskuen gainera makurtu zuen burua, bihotzari otzana eta apala izateko eskatuz, ondoan belauniko zeudenak bezalakoa izan zedin eta bere otoitza haiena bezain onargarria. Haien ondoan egiten zuen otoitz, baina zaila zen. Bekatuak zikindurik zuen arima eta ez zen ausartzen barkamena eskatzen, Jesusek, Jainkoaren bide misteriotsuez, Bere ondora lehenengo deitu zituen arotz, arrantzale, zuhaitz-egurra landu eta forma eman, sareak pazientziaz konpondu, eta lan apaletan ziharduen jende behartsu eta xehearen konfiantza sinplearekin.

        Figura garai bat aurreratu zen aldamenetik behera eta aitortzeko zeudenak mugitu egin ziren. Azken momentuan begirada azkar bat luzatuz bizar gris luze bat ikusi zuen eta kaputxino abitu gaztaina-koloreko bat. Apaiza kaxan sartu eta ezkutatu zen. Bi aitorle jaiki eta aitorlekuaren alde banatan sartu ziren. Egurrezko tapakia korritu zen eta ahots baten murmurio hilak nahastu zuen isiltasuna.

        Odola murmurka hasi zitzaion zainetan, lotatik azken-epaia entzutera deitua izan den hiri bekatari bat bezala murmurka. Su-matazatxoak erortzen ziren eta errautsa erortzen zen mara-mara gizonen etxe gainetan garra piztuz. Zalapartaka zebiltzan, lotatik esnatzen, aire beroak larriturik.

        Tapakia itxi egin zen. Aitorlea kabinaren alde batetik irten zen. Beste aldea zabaldu zen. Emakume bat sartu zen geldiro eta taiuz aurreko aitorlea belaunikatu zen lekura. Murmurio hilak ekin zion berriro.

        Bazuen oraindik kaperatik irtetea. Zuti zitekeen, oin bat bestearen aurrean jarri eta astiro kanpora zitekeen eta gero korri, korri, korri kale ilunetan zehar lasterka. Oraindik ihes egin ziezaiokeen lotsaizunari. Beste edozein krimen izugarri izan balitz eta ez bekatu hura! Erailketa izan balitz! Suzko matazatxoak erortzen ziren eta gune guztiak ukitzen zizkioten: gogoeta lotsagarriak, hitz lotsagarriak, ekintza lotsagarriak. Lotsak estaltzen zuen erabat, atergabeko txinpart xehe erauntsi batek bezala. Hitzetan adierazi! Bere arimak, itota eta zurtz, bizitzeari utzi nahi zion.

        Tapakia itxi egin zen berriro. Aitorle bat irten zen kabinaren handik aldetik. Alde honetako tapakia korritu zen. Aitorle bat sartu zen bestea irten zenetiko lekura. Aitorlekutik kanpora xuxurla hots arin bat zegoen lainoxka lurruntsuetan airean. Emakumea zen: xuxurla-lainoxka arinak, xuxurla-lurrun arma, xuxurla eta aiena. Bularra jo zuen eskumuturrarekin, gordeka, bankuaren beso-lekuaren babesean. Bakeak egingo zituen besteekin eta Jainkoarekin. Maitatuko zuen lagun hurkoa. Maitatuko zuen Jainkoa, bera sortu zuena eta maite izan zuena. Besteekin batera belaunikatu eta errezatuko zuen eta zoriontsu izango zen. Jainkoak begiratuko zion eta begiratuko zien besteei eta denak maiteko zituen.

        Erraza zen ona izatea. Jainkoaren uztarria leuna eta arma zen. Hobe zen inoiz bekaturik ez egitea, beti haur irautea, zeren Jainkoak haur txikiak maite baitzituen eta Beregana etortzen uzten zien. Gauza lazgarria eta tristea zen bekatu egitea. Baina Jainkoa errukiorra zen benetan damutzen ziren bekatarienganako. Bai egiazkoa zela hori! Hori bai zela ontasuna!

        Tapakia itxi zen bat-batean. Aitorlea irten egin zen. Bera zen hurrengoa. Izuturik jaiki zen eta itsumustuan joan zen aitorlekura.

        Iritsi zen azkenean. Belaunikatu zen ilunpe isilean eta begiak jaso zituen goian esekirik zegoen gurutze zurira. Jainkoak ikusiko zuen damuturik zegoela. Bekatu guztiak esango zituen. Aitortza luzea izango zen, luzea. Kaperan ziren guztiak jabetuko ziren nolako bekataria izan zen. Jakin zezatela. Egia zen. Baina Jainkoak barkamena agindu zion damutzen bazen. Elkartu zituen eskuak eta gurutze zurirantz jaso zituen, begi ilunduekin, gorputz dardarati osoarekin erregutuz, burua batera eta bestera kreatura galdu batek bezala zabuka zuela erregutuz, ezpain hasperentiekin erregutuz.

        — Barka! Barka! Barka!

        Tapakiak klask egin zuen korritzean eta bihotzak jauzi egin zion bularrean. Apaiz zahar baten aurpegia zegoen sarearen atzetik, beregandik bereizirik, esku batean bermaturik. Stephenek gurutze santuaren egin zuen eta apaizaren bedeinkapena eskatu zuen bekatu egin zuelako. Ondoren, burua makurturik, Ni Bekataria esan zuen beldurrak aldean. Nire erru handiz hitzetara iristean gelditu egin zen arnasgabe.

        — Zenbat denbora da azkena aitortu zinela, seme?

        — Denbora luzea, aita.

        — Hilabete, seme?

        — Gehiago, aita.

        — Hiru hilabete, seme?

        — Gehiago, aita.

        — Sei hilabete?

        — Zortzi hilabete, aita.

        Hasia zen. Apaizak galdetu zion:

        — Eta zer duzu gogoan ordutik hona?

        Bekatuak aitortzen hasi zen: galdutako mezak, egin gabeko otoitzak, gezurrak.

        — Beste ezer, seme?

        Haserrea, besteren inbidia, sabelkeria, handikeria, desobedientziazko bekatuak.

        — Beste ezer, seme?

        — E... lizunkeriazko bekatuak egin ditut, aita.

        Apaizak ez zuen bururik jira.

        — Zeure buruarekin, seme?

        — Eta... besterekin.

        — Emakumeekin, seme?

        — Bai, aita.

        — Emakume ezkonduak al ziren, seme?

        Ez zekien. Bekatuek tantaka zerien ezpainetatik, banan-banan, tanta lotsagarrietan zerien arimatik, bizio-errekasto hits eta gaiztotu batetik bezala zornatzen eta iragazten. Iragaziak ziren azken bekatuak, geldoak, nazkagarriak. Ez zegoen ezer gehiago esateko. Burua makurtu zuen, bentzuturik.

        Apaiza isilik zegoen. Gero galdetu nion:

        — Zenbat urte dituzu, seme?

        — Hamasei, aita.

        Apaizak eskua pasa zuen zenbait aldiz aurpegitik. Ondoren, bekokia eskuan atsedenez, sarean bermatu zuen burua eta, begiak saihesturik jarraituz, astiro hitz egin zuen. Ahots nekatu eta zaharra zuen.

        — Oso gaztea zara, seme —esan zuen— eta arren eskatzen dizut utz dezazula bekatu hori. Bekatu ikaragarria da. Gorputza hiltzen du eta arima hiltzen du. Krimen eta ezbehar askoren kausa da. Utz ezazu, seme, Jainkoaren izenean. Desohoragarria da eta ez dagokio gizontasunari. Ez dakizu nora eraman zaitzakeen ohitura gaizto horrek eta zenbaterainoko kaltea egingo dizun. Bekatu hori egiten duzun bitartean, seme gaixo hori, ez duzu sosik balioko Jainkoaren aurrean. Erregutu iezaiozu Ama Mariari lagun zaitzan. Berak lagunduko zaitu, seme. Egiozu otoitz Birjina Doneari bekatu hori irudimenera etortzen zaizunean. Ziur naiz egingo duzula, ezta? Damutzen zara bekatu guztiez. Ziur naiz baietz. Eta orain promes egiozu Jainkoari Bere graziaren bitartez ez duzula gehiago nahigabetuko bekatu gaizto horrekin. Egingo diozu promes solemne hori, ezta?

        — Bai, aita.

        Ahots zahar nekatua euri gozoa bezala erortzen zen bere bihotz dardarati eta sukartuaren gainera. Zeinen gozo eta tristea!

        — Egizu horrela, seme. Deabruak bide txarrera eraman zaitu. Bidal ezazu infernura era horretan gorputza desohoratzera tentatzen zaituenean, gure Jauna gorrotatzen duen izpiritu nardagarri hori. Promes egiozu Jainkoari utziko duzula bekatu hori, bekatu gaizto-gaizto hori.

        Malkoek eta Jainkoaren argi errukiorrak itsuturik, makurtu zuen burua eta absoluzio-hitz itzaltsuak entzun zituen eta apaizaren eskua beregana jasota ikusi zuen barkamen seinale gisara.

        — Jainkoak bedeinka zaitzala, seme. Erregutu nigatik.

        Penitentzia errezatzeko belaunikatu zen eliza-barruko zoko ilun batean; eta otoitzak zerura igotzen ziren bihotz garbitutik arrosa zuri baten bihotzak gorantz isuritako perfumea bezala.

        Kale lokaztuak alai ziren. Oinkada handia zeraman etxera bidean, soin-adarrak blaitu eta arinagotzen zizkion grazia ikusiezin bat nabariz. Hala eta guztiz ere, egin zuen. Aitortu zen. Barkatu zion Jainkoak. Arima, berriz ere, eder eta santu zuen, santu eta zoriontsu.

        Zoragarria zatekeen hiltzea, Jainkoak hala nahi balu. Zoragarria zen besteekin batera bizitza baketsu, zintzo eta eramaneko bat grazian bizi izatea.

        Sutondoan eseri zen sukaldean, zorionaren zorionez hitz egitera ausartu gabe. Ordura arte ez zuen jakin zeinen ederra eta baketsua izan zitekeen bizitza. Lanpararen bueltan orratzez jositako paper karratu berdeak errainu samurra isurtzen zuen. Arasan saltxitxa plater bat eta pudding zuria zeuden eta apalean arrautzak. Goizean gosaltzeko izango ziren ikastetxeko jaunartzearen ondorenean. Pudding zuria, arrautzak, saltxitxak eta katilu teak. Bai sinplea eta ederra zela bizitza azken finean! Eta bizitza guztia aurretik zuen.

        Ametsetan lo hartu zuen. Ametsetan iratzarri zen eta goiza zela ikusi zuen. Esne-ametsetan joan zen goiz lasaian ikastetxe aldera.

        Mutilak han zeuden denak, euren lekuetan belauniko. Haien artean belaunikatu zen, zoriontsu eta herabe. Aldarea lore zuri mordo usaintsuz metaturik zegoen; eta goizeko argitan lore arteko kandeletako gar zurbilak garbiak eta isiltsuak ziren bere arima bezala.

        Aldarearen aurrean belaunikatu zen ikaskideekin batera, denen artean aldareko zapiari eskuz osaturiko eskudel biziaren gainean eusten ziotelarik. Eskuak dardaraz zituen eta arimak ere dardara egin zion apaiza kopoiarekin jaunartzaile batengandik beste batengana zihoala.

        — Corpus Domini nostri

        Posible ote zen? Han zegoen belauniko bekaturik gabe eta herabe. Mingainean sostengatuko zuen ostia eta Jainkoa sartuko zen bere gorputz garbituan.

        — In Vitam eternam. Amen

        Bizi berri bat. Grazia, bertute eta zorion bizi bat! Egia zen. Ez zen amets batetik iratzarri. Joanak joan ziren.

        — Corpus Domini nostri

        Kopoia beregana iritsia zen.

 

 

 

© James Joyce

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"James Joyce / Artistaren gaztetako portreta" orrialde nagusia