www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iru gudari
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1933

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Antzerkia, Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

   

IRU GUDARI

(atal bidun antzerkija)

 

Sota eta Aburtotar Imanol

«Lauaxeta»k euzkeralduba

 

 

ANTZEZNOTIÑAK:

 

        Euzko-amea

        Eguzkiñe

        Barkaiztegi buruzagija

        Gudalburuba

        Lenengo buruzagija

        Bigarren buruzagija

        Argidun

        Ganitz

        Saltakaballo

        Lenengo gudarija

        Bigarren gudarija

        Irugarren gudarija

        Gudarijak

 

 

LENENGO ANTZEZKIJA

 

(Nabarrako mendi-artian kikildduta dagon basetxetzar bateko atondo txirua. Autsa, zoritxarra ta txirotasuna baño eztagerz; armarmasariak, zura lokeak, leyar ataltxubak... Barrenean leyo ausijak eta udagoyeneko ittunpian datzan lurraldia ikusteko eran dagon ate zabal bat. Etxe barrura juateko diran ate andi bi, eskumaezker-aldetan. Ikusliaren eskuma-aldera sukaldetxu bat, baña kanpai eder baten azpijan datzan subak dirdir egitten daun bittartez sutondo osua argittu dua. An-emenka banandurik maya ta lau alki.

Sutonduan kutxatxu bat eta antzinako kurtzuluba kanpattik dindilizka. Lur-ganeko loikeri-artian ingi ataltxuba, eta okuluban idazkuronztizija ta idazkortza begoz.

Su-txingar-onduan, buruba lur-ganian, gudalburuba lotan datza bere soinganekuaren berotasunean. Goxaldeko ordubakarrena; gau itzalak oro zadorrez estaldu darua. Negarrezko abestaldi batek, ixadijaren otsa balitzan, antzokiko ezer-eza atzaldu darna. Ernai egon dagixantzat ots-dagi gauzanak eta batak bestiari erantzuna jaurtitten dautsoelarik urrun-urrunan dana galduten da. Bertan bera euzko-mendijetan galduta dabillan abesti baten eresija entzuten da. Lotan eguan gudalburuba ikeraz jagitten da ta belarrijak luzatuten dauz. Amen baten zutunduten da, soinganekuaz estalduten dalarik. Leyoruntz dua ta leyar triskatubetatik adi-adi dago bere belarrijak luze dauzala. Ixillunia. Lengo abesti axe barriro entzuten da piska bat ixilago. Ikusliaren ezker-aldeko atetik buruzagi bi sartuko dira arin-arinka ta euren sonanzkijak jantzitten dabezan artian buruzagijoren ondura duaz).

 

BGN. BURUZAGIJA: (Joranez) Ikurra! Orixe euren ikurra bide da!

LGO. BURUZAGIJA: (Joranez) Bai; etoi orrein abots ezaugarrija!

BAZKAIZTEGI: (Ozki) Euzko-abestija; orixe baño ezta... Ondo baño obeto ezagutu daruat.

BGN. BURUZAGIJA: Urrunduten dala dirudi...

LGO. BURUZAGIJA: Eurena baño ezin ixango litzake! (Iru buruzagijok belarrijak luze entzuten dagoz, entzun. Onetan lengua eztan abesti bat abestuten daunaren abotsa entzuten da).

BAZKAIZTEGI: Lengo abestija bere ez, baña, bai a baxen euzko-abestija. Bilddurra aldenduteko basarrittarren batek abestu darua.

LGO. BURUZAGIJA: Ikurra ulertu dabenen abotsa da; laster batuko dira.

BGN. BURUZAGIJA: Lotan datzan gudarostia iratxartu dagigun.

LGO. BURUZAGIJA: Sagubak legetxe lakirijuan jausiko dira.

 

(Abestija ixilddu da. Barreneko atetik arin-arinka buruzagi bi aldenduten dira).

 

BAZKAIZTEGI: (Arinketa-barik baña urteterakuan) Zer jazoten dan ikusten juan gadixan, juan. (Barkaiztegi urten zorijan dagola, ikusliaren eskuma-aldeko atetik erdi-lotan daguan gudalburuba sartuten da).

GUDALBURUA: (Deika) Barkaiztegi: mesedez!... (Oyeski nagijak ateraten dauz eta arrauzi-dagi).

BAZKAIZTEGI: (Atzekoz aurrera-egitten daula ta labankeri-barik agur-egitten dautsola) Zeure aginduben zain, ene gudalburuba!

GUDALBURUA: Oraingoz ezadi juan, Barkaiztegi. Zarata gusti oneikaz, Zumalatruki gudalburuba baño be bulartsubagua nazan-arren!...

BAZKAIZTEGI: (Berekiko) Au dan astua! Zumalakarregi esan gura ixango eban-edo...

GUDALBURUA: ...Sartu yat sonean...

BAZKAIZTEGI: (Berekiko) Bilddurra!

GUDALBURUA: Kurtzulu ori ixijotu egixu, itzal onekaz, ba...

BAZKAIZTEGI: (Sutondora duala. Berekiko) Gudalburubak olluak lakoxiak dira. (Kurtzuluba ixijotuten dau) Errittarako olarraen aztakalak baño eztaukoz).

GUDALBURUA: Gabaren gaba! (Arki baten jezarten da) Emeko ameskatxak! Neure emaztia baño eneban ikusten eta zelan ikusi gero! Lodikote, uliak nastuta, surpule baltzagaz...; emaztia baño urzaldija irudijan.

BAZKAIZTEGI: (Irrika) Ene gudalburume samurra! Gotzon bat zalako ustia neukan baña txarrikuma bat baño eztala entzun dot.

GUDALBURUA: Barkaiztegi, emakumiak atzipetu, ixorratuten gabez! Lamin bategaz ezkonduten gara ta lau urte barru urzaldi bat etxian aurkittuko dogu.

BAZKAIZTEGI: Zeure lo-zurrustadeak entzutian lumixar baten antzera lotan zenguala uste neban.

GUDALBURUA: (Zutunduten dalarik) Barkaiztegi, lo-purrustadaka gudari onak lo-egitten dau! Orretan gixon diran gixonak igarten dira. (Orruka, ara-ona arro-arro. Gero mattekortxubago) Baña ez, lorik ezin egin ixan dot... (Eskutik oratuten dautso Barkaiztegiri; txitxuputxuka) Begi bat zabalik neukela gau osuan ixan naz abesti madarikatu on noiz entzungo neban...(Alde gustijetara zadorrez legetxe begiratuten dau eta Barkaiztegik entzungarrijen bat esango dautsola uste daunian, soinganekotik zatotxu bat ateraten dau ikeragarrizko dangada bat egitteko. Gero eskubakaz legortuten dauz espanak) Orain bai... orain sabelari ondo yatorko au! (Tripe-ganian zatua darabil) Gudarijari adoria emoteko txintxon langorik eztago. (Beste dangada bat egin-ostian arduraz gordeten dau).

BAZKAIZTEGI: (Berekiko) Txarri aundi onek eskeñi bere ez, eskeñi; ortzagindun urde bat baño ezta, txarri ederra...!

GUDALBURUA: (Arro-arro) Errekonde! Oraintxe betorz etoyak, masoyak eta txerrenak eurak be, gura ba-dabe! (Onetantxe astrapaladaka gudari batzuk igaroko dira. Gudalburubak artuko daun ikerea, ikara makala ezta ixango. Arrizkurik eztala uste daunian lasai-lasai arnasea artuten dau ta jarlekuban jezarten da).

BAZKAIZTEGI: Eta zer jazoten da-edo, ene gudalburu ori? Leba andiko gauzaren bat, ezta?

GUDALBURUA: (Gixon bulartsuben itxurabaz) Tira! Burubako matxinada bat ezin ixan litzake gauza aztuna. (Abotsa aldatuten daula) Eta zinez, ene adizkide ori, zeure aberkide diran euzkotarrak...

BAZKAIZTEGI:(Jakin-nayez) Zer?

GUDALBURUA: Uste leuguban baxen zintzuak eztirala.

BAZKAIZTEGI: Eztot ulertuten.

GUDALBURUA: (Zutunduten dala) Barkaiztegi!, esan egistazu: Gudu onetan zer dala-ta ibilli zabiltz? Geure bakaldunagattik eta Jaungoikuagattik, ezta ala?

BAZKAIZTEGI: (Axola-barik) Bai-edo...

GUDALBURUA: (Izlari baten putsez) Eta euzkotar orrein lagi-zarrak ontzat-artuko dauzala eskeñi dautzubelako esku-zabal dan geure bakaldunak. Goikuak zaindu begi! (Berak itz gurenak dirala uste dauzan onetariko berbak esatian, barregarri dan itxura baldarra emongo dautse. Batzutan zutunduten da arrosko, eta jarlekuban jezarriko da eperdi-zabal).

BAZKAIZTEGI: Biztoki onetan azke dabiltzazan astotzar gustijak zainduten Jainkorik eztala ibilliko uste dot...

GUDALBURUA: (Asarrez zutunduten da) Barkaiztegi, zigortauko zaut!

BAZKAIZTEGI: (Tinko) Azketsi, arren, ene gudalburu orrek!

GUDALBURUA: (Nasai-nasai) Ori beste lelo bat da. (Barriro jezarten da ta bere zatotxutik danga-danga edaten dau Barkaiztegiren itzai jaramon andirik egin-barik).

BAZKAIZTEGI: Zubekaz gudu onetan nabil, neure ustez ortik okela zatirik andijena artuko dodalako. Gudaritzatzazko daukodazan gogayak, bakanak dira; gudarijen eginbiarra ta aintzea itz laban eta txukunak dirala uste dot, baña bake-aruan esateko itzak. Guduban dabillan gixonaren zereginik biarrena da norberaren bixitzea zaindu ta bestiak erail eta menperatubari daukona kendu. Zubek diñozun bezan abertzaletasunkeri gustijak azaletiko itzak baño eztira ameak atzipetu ta semiak kendu-nayez. Aintzea, zuzentasuna eta kistar erakutsijak alde batera jaurtitten dauzan gudarostiak irabaziko dau guduba.

GUDALBURUA: (Barkaiztegik zer esan daun, be, konturatu-barik) Olantxe, ba; geure euzkotar gudaroste batzutako zorigaiztokuak aberrijaren gogai deun eta ikutu ezinaren gottik erki onetako lagi-zarren mattasuna jarri dabe...

BAZKAIZTEGI: Errurik eztauke! Amuzki orregaz zeben gudarostietara etorri-eragin dautsozubez...

GUDALBURUA: Barkaiztegi lagun ori, gudu gustijetan abintzeak aldezlari onak dira.

BAZKAIZTEGI: Bai..., gixonak erailtia, eta aberrijaren ixenian eta bakaldunaren ordez lapurretan egittia, be, gauza donian... ba-nekijan...

GUDALBURUA: (Zutunduten dala) Pernanda deunaren bakaulkirako eskubidiak nori zor yakezan erabagitten dan aldijan, ostera, erkijetako norberakoittasunak, txatxar donge ta uskurtzaren kaltezkuak baño eztira.

BAZKAIZTEGI: (Txaluak joten dautsez) Ederto, neure gudalburu orrek!

GUDALBURUA: Eskarrik asko, Barkaiztegi! (Eperdi-zabal jezarten da).

BAZKAIZTEGI: Ezetzaz ardurarik eztaukon ara-ona dabillan bat baña enaz. Baña zinez erri baten azkatasunen aldez jokatu edo ostuta daukoen bakaulki baten eperdi zabal batek jarlekuba aurkittu dagijan...

GUDALBURUA: (Amorruz zutunduten dalarik) Barkaiztegi, zigortauko zaut, zigortauko zaut eta zigortauko zaut!

BAZKAIZTEGI: (Tinko) Zeure aginduben zain, zeure aginduben zain eta zeure aginduben zain, neure gudalburu ori!

GUDALBURUA: (Zatua zabalduten daun artian ara-ona dabil) Gottik beranoko gudalburuba nazala adirazoten dautzut, eta gudaltzako arabak aginduten ba-dauste erailleraziko dodaz zeure abendako anayok. (Txintxon ardauari dangada onak emoten dautsoz).

BAZKAIZTEGI: Gaxuak! Bixi diran legez bixi ixatia baño erijotzea onagua ixango yake. (Turuta otsak entzuten dira urrunetan. Zatua laga darua gudalburubak eta arro ate-ondora dua zabalduteko asmoz).

GUDALBURUA: (Didarka) Emen dira! Aberrijaren etoyak jausi dira! Gora bakalduna! (Ixillunia).

BAZKAIZTEGI: Iñok eztautso erantzuten. Dirudijanez bakalduntarra eztogu gaba.

GUDALBURUA: (Adorez, oinkada galantak jaurtitten dauzala Barkaiztegiri oratuten dautso eskutik eta zadorrez dirautso) Ikeragarrizko gaiztakerija egin dabe; euzko-erkijaen azkatasuna lortuteko matxinada bat gertauta eukoen. Baña euretariko batek salatu dauz; leyal batek.

BAZKAIZTEGI: Etoi batek!

GUDALBURUA: Mutil on batek... Castellon de la Plana edo Cadizkua dan eztakit.

BAZKAIZTEGI: Cadizkua eskijer-eskijer.

GUDALBURUA: Zegattik Barkaiztegi?

BAZKAIZTEGI: (Azikera onez) Ene gudalburu orrek, jarrai begi!

GUDALBURUA: (Lengo abots ikeragarrijaz) Tira, ba; iratzartu gattuzan eta entzun dozun abesti orrek salatu dauz eurek be ezer ezekijela, abesti on matxintzaliak alkarganatuteko ikurra baño etzalako.

BAZKAIZTEGI: Euzko-abesti batek euzkotarrak salatu dauzala!

GUDALBURUA: (Amorruz) Baña argija sortuko daneko izkillubak euren zeregina betetuko dabe. Geure bakaldun nagosijaren ixenian zuzentasuna egingo dogu.

BAZKAIZTEGI: Zuzentasuna esan dozu, gudalburu orrek? Arra baten baño eztago guduko zuzentasuna; arra orren alde batetik gixurentasuna dago, bestetik gixonak iltia dongakerija baño ezta. Mugeak egitten dabezan alatzak. Eta gusti au bixardun emakumetzar bategattik...

GUDALBURUA: (Ketan) Barkaiztegi, erailko zaut gero!

BAZKAIZTEGI: (Tinko) Azketsi egistazu, gudalburu orrek!

GUDALBURUA: (Nasai-nasai) Beste lelo bat dozu. (Indarrez) Eta arin baño arinago gertau egixu aretua gudu-epakettarako.

BAZKAIZTEGI: (Berekiko) Antzerkirako... Gixerailketa bat geyago, besterik ezerez (Gudalburubak Txintxon arduari dangadaka onak emoten dautsozan artian, zenbatuko dauzan gauza oneik Barkaiztegik iminiko dauz).

BAZKAIZTEGI: Maya... lau arki... idazkurontzija... idazkortza... Laztasun geyagorik.

GUDALBURUA: Baserrijan baserriko otturaz. Gudubetako gudutxu onetan, epayak eztira epaitxubak baño. Iñok ezer eztakijala amaikatxu erail doguz...

BAZKAIZTEGI: (Lurrian datzan ingitxu bat jasoten daularik mai-ganian jarriko dau) Epaya idazteko ingija.

GUDALBURUA: Epattuta dagozanak epattuteko "confetti" bat naiko dogu.

BAZKAIZTEGI: Epattuta dagozan batzuk epattuteko gudu-epai au alperrikua dogu.

GUDALBURUA: (Arki nogosijan jezarten dala) Pim.... pam... pum! Auxe neure ixenpia! (Txintxon deda).

BAZKAIZTEGI: Ezer geyago, ene gudalburuba?

GUDALBURUA: Kutxa orretan gordeta bide dagon gurutza.

BAZKAIZTEGI: (Sutonduan dagon kutxea arakatu-ostian gurutza loi ta autsez bete bat aterako dau. So dagijo) Odolezko oñatzaen bidez gixonai egizko bide bakarra erakuste-arren untzatubak ixan ziran onak!... Ludiko anai gustijai on egin dagijen geuriak, zulatubak ixan ziran eskubak!... Iñor gorrota ez eban bijotza ikusi dagiguntzat apurtuba ixan zan bularra! "Eztozu erailko" asmau eban arantzaz josittako buruba!... Zelan guzurtauten dogun agindu zeuskun maittasun ta bakezko deya! Gixonak garan gaiztuak! Gixonen artian iraindubena ixan zintzan ori, epaikarijen dongakeri gustijan estalgarritzat imini gura zattugu... Eta geu-arren bixitza emon ebanaren ixunian erailten dogu. Azketsi begist Urtzi urkatu orrek, gudari baten españak zeure zaurijak laztanduten badauz! (Mosu-dagijo).

GUDALBURUA: Errudunak baño eztira uts.

BAZKAIZTEGI: Ortxe edo-dira, ba. (Atian otsak entzuten dira. Gudalburuba bilddurrez kikildduten da eta zatua eskutauten dau).

GUDALBURUA: Eurek...

BAZKAIZTEGI: (Gurutza emoten dautsola) Ene gudalburu orrek, artu begi eta gogoko begijakaz begiratu begijo! Orren onaze betikorra ulertuten ba-dau, dongakeririk eztau egingo. Zeuk egin etzenduzan iru bixitza gaste zeure eskubetan dagozala, ez aztu.

GUDALBURUA: (Baldarkiro gurutza, artuko dau ta mai-ganian itxi-ostian amorruz agindu darua) Barkaiztegi, zabaldu egixu! (Barkaiztegik atia zabalduko dau).

LGO. BURUZAGIJA: (Sartu da eta tinko-tinko) Ene gudalburu orrek! baimenik emongo daust?

GUDALBURUA: (Sonanzkijan estalduten da) Arin, arin otz andija sartuten da-ta! (Lenengo ta bigarren buruzagijak sartuten dira; urrengo izkilludun lau gudari, ostian gudari jantzittako iru gaste estuntzakaz ondo lotuta. Onein zaindari izkilludun biko bi datorz. Zaindari diran zortzi gudari oneik aldenduko dabez izkillubak eta beste alapidiak eta lauko bi egitten dabezala sutondo-ertzetan jezarten dira).

GUDALBURUA: Aurpegijak ikusi dagijedazan, aurreratu bediz errudunak. (Gudalburuba dagon mai-ondorantza duaz).

LENENGO GUDARIJA: Karrete, berrogeikua atera egik.

BIGARREN GUDARIJA: Karreteren berrogeikuakaz etxuat jokatu nai, beti galduten yuat-eta.

LENENGO GUDARIJA: Euriakin, ba, Petroleo, orixe jazoten yatak.

IRUGARREN GUDARIJA: Orduban Karreteren ogeigaz ta Petroleoren beste ogeigaz jokatuko yoguk. (Berrogeikua atonduten dabe ta jokatuten dira).

BAZKAIZTEGI: (Ixututa iruretariko bati begira) Josebatxu az?... Argidun! (Oneganuntz dua ta sorbaldatik oratuten dautso).

ARGIDUN: (Begijak ittun jasoten dauzalarik) Bai, Gorka jauna; Elkorrelatar Josebatxu naz; Argidun.

GUDALBURUA: Kakanarru on ezagututen dozu? (Barkaiztegiri).

BAZKAIZTEGI: Ezagutu daruat, baña Kakanarruba ezta. (Argiduneri, mattekiro) Zenbat pelota eskuraldizko jokatu doguzan Elixondoko pelota-tokijan! ezta Argidun?

ARGIDUN: Asko! Beti irabazten zeustan. Jokaldi gustijak bixitza onetan irabazten daustez.

BAZKAIZTEGI: Baña zorigaiztoko orrek, zer egin dozu?

ARGIDUN: Ezerez ta asko! Zeuk be ezeunke ulertuko.

BAZKAIZTEGI: Gogai bixijegijak beti euki dozuz. Argidun.

ARGIDUN: Zuzentasunezkuak, baño ez, Goiko jauna! Euzkotar gustijak euki biar leukezanak.

BAZKAIZTEGI: Eta orreik nortzuk dira?

ARGIDUN: Au, Ganitz da, neure lengusuba, Franceko euzkotarra. Ori Saltakaballo, bizkattarra, Santander-aldekua.

GUDALBURUA: (Larri bailegon) Ia, ia, asiko ba-gara, asi gadixan! (Bigarren buruzagijari) Ementxe jezarri zadi. (Lenengo buruzagijari) Zeu ementxe, ostera; idazkari ixango zara, asko idatzi biarrik eztozu ixango baña. (Barkaiztegiri) Eta zeu, Barkaiztegi zeure eskuman jezarri zadi, Epailari ixango zara-ta.

BAZKAIZTEGI: (Arki bat artuten daun artian eta gudalburubaren onduan jezarten dalarik) Lapur ona legetxe. (Jezarten da. Argiduneri) Ikusten dozu, Josebatxu, barriz aurrez-aurre.

ARGIDUN: Bai, baña orainguan pelota-tokijan nago ta epalle zara neure azkenengo eskuraldiko utsak epattuteko asmoz, biar, ba.

LENENGO GUDARIJA: (Asarrez) Eskuturragaz iru amarreko ostu daustazuz! Maltzur bat zara Karrete.

BIGARREN GUDARIJA: Petroleo, enagixu zirikatu, enagixu zirikatu, ezna bere!...

LENENGO GUDARIJA: Neure amarrekuak ekarri egistazuz!

BIGARREN GUDARIJA: Begijetatik sartuko dautzudaz!

GUDALBURUA: (Mai-ganian zarata derditzedu bat egin eta zutunduten dala) Ixilik! (Gustijak ixilddu dira) Gudu-epaiketia oraintxe asiko da. (Lenengo buruzagijari) Laburkiro atzaldu egiskuzuz onein ogenak (Jezarten da).

LENENGO BURUZAGIJA: (Zutunduten dala) Zeure baimenagaz. (Estul-dagi) Euzkotarrak geyen diran gudarostietan artegatasun andija nabattuten ixan dogu aspaldijon. Euzkotarrak ezkintzan garattiko espanarroi susmoz begiratuten ixan dauskube eta lotsa-barik euren Lagi-Zarratzaz eta azkatasunetzaz mintzatuten ixan dira.

BIGARREN BURUZAGIJA: Ikeragarrijetan be ikeragarrijena, neure gudalburu ori! Legenarrak ixan baigintzan, euzkotarrak ezkaranoi begiratuten ixan dauskube. Eta malarik ez dedurik onartu-barik edonortzaz txarto mintzatuten ixan dira euren izkuntza barrabas orretan. Izkuntza on txerrenak be ezin ulertu dagike!

GUDALBURUA: Ola, ola euzkotartxubakin! Beste gustijoi kuku-egitten dauskube antzez.

BAZKAIZTEGI: Nardarik ezta, neure gudalburuba. Berak baño iñok agindu dagijon gura eztaun abenda ezkaitz baten semiak gara. Españak olakorik eztau ulertuten eta azi biar dan antzinako abenda zar bat legetxe garabiltz, bera India-aldiak billa juan zanian, euzkotarrak amaikatxu bidar ludija gernkautu ebela orottu-barik. Ikus-nairik ezta, abendearen deduba baño.

GUDALBURUA: Euzkotarrak diranen eta eztiranen artian emen eztago alderik. Españako bakaldunaren gudarijak gara.

BAZKAIZTEGI: Zoritxarrez, uliak margotuten diran legez odolik ezin margotu dagikegu. Zinistu egistazu gudalburu orrek, olako alatza egitteko Jaungoikua zeu ixan ezegittiak minduten naula.

GUDALBURUA: Eskerrik asko, Barkaiztegi.

BIGARREN BURUZAGIJA: Gora Lagi-Zarrak! eta Gora Euzkel-Erria! oyu egitten ebela azkenengo gudaketean sartu ziran. Lotsarik bere eztauke!

GUDALBURUA: (Arrittuta) Euzkal-Erria? Olako ixenik iñoiz eztot entzun.

BAZKAIZTEGI: (Otzez) Eta zegattik ez?

LENENGO BURUZAGIJA: Geuk "Gora bakalduna!" esaten leugubanian iñok ezlebalako erantzuten.

ARGIDUN: Geure aurkako zemai bat legetxe didar on jaurtitten zenduben, geure aberrijaren aitzi.

GANITZ: Ni euzkotarra naz, Franceko euzkotarra Euzkal-Erriko azkatasunak lortu nayez gudu onetan ibilli nabil. Zeben ustez pantzetarra ba-naz zelan españar orrein bakalduna neuria be ixan litzake? Batzutan aberri bi euki daiguzala gura dozube, beste batzutan bakarra euki daigula, orrelan ba, bapere-barik geratuko garalako. Ara ba. Ez Españako bakaldunarena, ez Franceko erkalarena, euzkotarrak, euzkotarrak uts-utsik.

GUDALBURUA: (Amorruz) Ixilik zagoz, Franceko txakur ori!

BAZKAIZTEGI: (Ardura andi-barik) Txakurra danentz eztakit; baña Franceko semia ez, ene gudalburu ori. Euzkotar utsa esan daun legez. Zelako buru-austiak, dirana ta ixan gura dabena ixaten itxi ezegitteko. Bide oneko ottura dozube zubek karlatarren ikurrinpian euzkotar gustijak artuteko. Auñamendiz beste aldian jayo badira be, bardin. Eta egitten dozuben au ezta euzkotarren mattasuna edo ederragattik, bulartsubak eta zinduak diralako baño. Eta bai-dira. Baña odolaren batasuna ulertu dabenian karlatar baño lenago euzkotar dan barrunbia iagi yake. Eta euzko-azkatasunak Españako bakaldun eta bakaleme gustijak baño geyago yuakezala nabattu dabe.

LENENGO BURUZAGIJA: Ori astakeri bat baño ezin ixan dattekela edonok daki!

ARGIDUN: Barrabaskeri bat? Ori baño geyagorik gura dogu, ba; bein eta betiko euzkotarrak alkartu gura doguz, españar ta parantzetarrakandik azke; arrotzak aginduten eztauskubela aberri bakarra ta geuria eratu nai dogu. Euzkotarrena euzkotarrentzat eta euzkotarren zainpian!

SALTAKABALLO: Eta entzun gura eztaunak azkurea kendu dagijala!

GUDALBURUA: (Ikeraz adi-adi) Ene bada-ta gor edo mututxu onegaz! Azikera onekua dogu!

GANITZ: (Sututa) Erri donge bat legetxe banandu gattube baña barriro batu gura dogu; geure sendi sakabanatuba barriz sendotu gura dogu. Ori da...

LENENGO BURUZAGIJA: (Amorruz zutunduten dala) Lotsagarrikeri bat!

BIGARREN BURUZAGIJA: (Bardin) Salkeri bat!

ARGIDUN: (Oyuka) Zuzentasunik eztagon tokijan zuzentasuna jartia!

GANITZ: (Bardin) Guzurrak ezereztuteko!

SALTAKABALLO: (Bardin) Txorimalu batzuk zarien orrek urrun jaurtitteko! (Ixugarrizko zaratea ateraten dabe. Berrogeikuaz jokatuten ziran gudarijak euren izkillubakaz zutunduten dira).

GUDALBURUA: (Maya joten dau oska ta oyuka) Ixilik! Ixilik lapurrok! (Gustijak baretuten dira).

ARGIDUN: (Arrosko) Buruba aldeztuteko emen gagoz!

BIGARREN BURUZAGIJA: Gudaltzan aurka-egin biar da; koldarrak aldeztuten dira.

GANITZ: Geu lango ezer ezin daben gixonak lotutia lako koldarkeririk.

ARGIDUN: Lotuta!

SALTAKABALLO: Nor, nor dan jakitteko irurok ukubilka egingo dautzubegu. (Gudalburuba ta buruzagi bijak asarratuten dira).

BAZKAIZTEGI: (Zutunik) Bakia gixonok, bakia! Gustijak errasoya dabe; baña bakotxak bere begiz. Zubok epattu biar dozubez españar gudari oneik ikeragarrizko salkeri bat egin dabelako. Gudu-epai au orretarako dogu. Baña eurek erakutsi dautzube argi-argi euzkotarrak baño eztirala. Orrelan ba españar edo parantzetar gudaritzat ezin artu zeinkiez. Zubek dongakeri ta salkeri bat dala uste dozubena, eurek gauza anditzat daukoe, euzkotar gustijak egin biar leukien gauza edertzat. Epai gusti onetan olantxe ibilliko garala uste dot, alkar ulertu eziñik, gela illun baten egongo bagintzan. Eta zubok, neure lagunak, (buruzagijai) zuzentasuna egitteko asmo bixija dozube, baña geuk gura ez-arren be, gauza bat dagola etzarie konturatu; mutil oneik aberri bakar baten semiak dirala. Gauza gatxa ixango yatzube zuzentasuna egittia, zuzentasuna azpiratu biarko dozubelako zeben ustia betetuteko.

GUDALBURUA: Olan bada, gudu-epai au amattuko dogu eta etoi oneikaz nai doguna egingo dogu. (Kirijotsu).

BAZKAIZTEGI: (Irrika) Neure gudalburu orrek, bake geyago, bake andija artu begi. Gudu garrantzitsubak arin ibilli-biarrak galdu daruaz. Kirijo orreik baretuteko Txintxon ardauari dangada bat emon begijo.

BIGARREN BURUZAGIJA: Bai apurtxu bat gustijoi ondo yatorku! (Gudalburubarren zatotik edaten dabe).

BAZKAIZTEGI: (Argidunenaganuntz duala) Argidun, ezadi berotu, burubakokerija ezta aldezlari ona.

ARGIDUN: Iltiak eztaust lebarik emoten, oneik ez, baña erijotza onein bittartez egija geuriak ezaguteko ba-dabe.

BAZKAIZTEGI: Errudun batek bere lepo-ganetik zigorra aldenduteko erabilli leikezan izkillurik txarrenak, egija ta adoria dira. Zoritxarrez! Gurutza bat aurrijan dan-arren, epayetan, ene adizkide ori, maltzurkerija ta iruxurra baño eztagoz; zuzentasunaren morroi, guzurra dabil.

ARGIDUN: Olakorik sekulan eztogu egingo ba.

BAZKAIZTEGI: (Mattekiro burutik elduten dautso) Ogetabost urteko buru gaxua, zorakeri andijegijak artu eziñik!

ARGIDUN: (Negarrez) Zorakerijak ez. Gorka jauna: egi andijak. Eurek egiztautearren oñaziak senti biar dirala-ta, lotsatu ta adoretuten naz. (Buruba eutsitten dau. Barkaiztegiren sorbalda-ganian eta negar-dagi, sendo egin be. Buruzagijak alborantza begiratuten dabe).

GANITZ: (Sutan) Buruzagijen odol gustijak baño geyago onen malko bakotxak balijo dau! Azke baneukaz neure eskubak! (Ikeragarrizko zaratea egitten dau Saltakaballok bere eskubetako estuntzakaz eta ixututen da gudalburuba).

GUDALBURUA: Ia, ia, itz gitxi emen gero!

SALTAKABALLO: Ixil nago, baña sentitten dot! Txarrenak gara.

LENENGO BURUZAGIJA: Egija danentz ikusteko, torixu, ba (Matraleko bat emoten dautso).

SALTAKABALLO: Orain beste matrail onetan, kementsu orrek! (Beste matrala opalduten dautso).

BAZKAIZTEGI: (Amorruz zutunduten dabe) Ori ez, buruzagi orrek, ori ez! (Saltakaballogana dua ta eskubakaz laztanduten dau).

SALTAKABALLO: Ezta ardurarik, ene jauna (Buruba jatsitten dau ezpanak amorruz jaten dauzala).

BAZKAIZTEGI: (Begijetara adittuten dautsola) Euzko-malkuak diran ederrak! (Bere zapiñuaz legortuten dautsoz) Gordeko dodaz; kementsu baten malkuak dira. (Lenengo buruzagiari begira) Zeure antzeko bati on egittiaz etzara lotsatuten? Ain uskurtzazalia zaran orrek? Goizparkijak eztozuz iñoiz irakurri?

LENENGO BURUZAGIJA: Eta zeuk, Barkaiztegi, ain gudari ona zaran orrek, gudari-arabak eztozuz iñoiz irakurri?

BAZKAIZTEGI: (Jezarten dala) Egija diñozu; ostez-oste dagozan idazti bi dira.

GUDALBURUA: Tira, tira, eztabaidarik eztogu gura. Arira, arira gixonak!

LENENGO BURUZAGIJA: (Zutunik) Ia, ba amattu dagigun bein da betiko. Iru zoro dira.

BAZKAIZTEGI: Zentzunari, be bidia erakusten dautsen zoruak.

GUDALBURUA: Benetako iru zoro! Zoruak bailiran epattu biar dira.

BIGARREN BURUZAGIJA: Epattu biarrik eztogu. Eurek atzaldu dauskube egin daben ogena.

GANITZ: Egija ogen bat bada, ogendunak gara. Maltzurkerijak itxi alde batera ta apattu gagixubez.

GUDALBURUA: (Indarrez) Ixillik, barriro dirautzubet! Eta zeuk (lenengo buruzagijari) esan biar dozuna esan egixu.

LENENGO BURUZAGIJA: Itz batez; ikeragarrizko zabalgundia egitten ixan dabe euzkotar gudarijen artian iru errudunok, euren erkijai sekulan be eztautsezala Lagi-Zarrak emongo geure bakaldunak-ta. Baña au baño andijagorik ba-dago: matxinada banatzale andi bat gertuta eukoen geure gudarostietan ziran gudarijak alkartu ta Bakaldun jaunaren aurka jagi-ostian euzko-erkijakaz aberri azke bat eratuteko asmoz.

GUDALBURUA: Kontxo! Entzungarrija dogu auxe! Zigarrotxu bat, Barkaiztegi? (Opalduten dautso).

BAZKAIZTEGI: Eskerrik asko. Ezer erretako gogorik eztaukot.

SALTAKABALLO: Neuk bai.

GUDALBURUA: Iru ordu barru ez, eta betiko ganera. (Lenengo buruzagijari) Aurrera.

LENENGO BURUZAGIJA: Ondotxu gertuta eukoen euren matxinada au. Euzko-gudarostietan zabalgunde andija egitten ixan dabe beste errudun batzuk; aberrijaren aurkako zabalgunde onegaz gudaroste osua lokatuta eukoen. Zorijonez azkenengo egun onetan jakin al ixan leuguban adizkide baten bitartez...

GUDALBURUA: Zalatarija aintzalduba ixango da.

ARGIDUN: Etoi bat sarittu! Au txarrikerija!

GUDALBURUA: (Ukubilkada bat joten dau) Bai orixe! Eta eguneroko agirijan bere ixena agertuko da.

SALTAKABALLO: Domina asko eta attonenseme diranen dedu asko dozubez, baña edontzi baten makarrak ana lotsa eztozube. (Gudalburu ta buruzagi bijak jagitten dira ta izkanbillatan gordinena egitten dabe. Gudarijak jagi dira euren izkiliubak eskubetan dabezala).

LENENGO BURUZAGIJA: Olakorik ezin jasan dagikegu!

BIGARREN BURUZAGIJA: Etoyak! Lapurrak!

GUDALBURUA: Beriala erailgo doguz! (Irurak era batera itz-egingo dabe).

BAZKAIZTEGI: (Naro-naro, bakia egitteko eran) Bakia ene jaunok, bakia! (Gudalburubari) Kirijoen osakaya dan ardau orrez dangada batzuk artu begiz. (Gudarijai) Eta zubok jezarri zadixe, bai?, gudu-arabak eztabelako galerazoten iruxurrak egittia.

BIGARREN BURUZAGIJA: (Asarrez) Olakorik ezin jasan dagikegulako aurrerantzian.

BAZKAIZTEGI: Bijotz zabalaguak zadixe, ene lagunok eta orrelan ezadixe egon, mutillok errasoi apur bat ba-dauke-ta. Euren aldetik egija eta zintzotasuna dirala ta orregatik dongetsitten dozubezala uste ba-dabe gogortxubegi itz-egin biar dautzube.

GUDALBURUA: (Barkaiztegiri) Eta zer deritxazu?

BAZKAIZTEGI: Batez-be guduban dabiltzazan gudaritzaz gogairik kazkarrena daukot. Etoitzat epattuten ba-doguz gaste oneik, eurek be zijo bardina dauke gixerailetzat geu dongetsitteko.

LENENGO GUDARIA: Ordago!

GUDALBURUA: Eta benetan ordago! Arteztu ezin zaran bat zarala, Barkaiztegi oraintxe ikusten dogu. (Lenengo buruzagijari gogorkiro) Amattuko ba-dozu, amattu egixu!

LENENGO BURUZAGIJA: Niñuan legetxe, ba aldiz jakin leuguban matxinada onetako buru ziranak garrantzizko batzar bat egitteko zirala goxion; nabartar ordezkuak, bizkattarrak, gipuzkoarrak, arabarrak eta France-aldeko batzuk be etorteko ziran eta abestuko eben abestija zein zan jakin leuguban. Lakirijua atondu...

BIGARREN BURUZAGIJA: Eta or dozuz txorijak atrapauta.

LENENGO BURUZAGIJA: Zoritxarrez, Argidun, Franceko au eta bizkattarra baño eztoguz atzemon. Bestiak iges-egin ziran txarto ulertu bat bide zala.

BAZKAIZTEGI: Betiko lelua! Gurendaen egilliak geu gara, baña menperatziak iñoren lepora jaurtitten doguz.

BIGARREN BURUZAGIJA: Baña laster atzemongo dautse, geure gudarijak, atzian yuakez-ta .

LENENGO BURUZAGIJA: Olan, ba, ene gudalburu ori, ikeragarrizko ogen baten egilletzat dongetsitten dodaz geure jauna dan bakaldunaren aurkako matxinada baten asmatzaletzat eta aberri-batasunaren arerijotzat.

ARGIDUN: Aberrijaren batasunaren aurka gabiltzala, baña aberri bakarrean euzkotarrak batu gura badoguz!

BAZKAIZTEGI: Barriro lengo korapillua agertuten yaku eta olantxe amai-barik ibilliko gara arazo onetan. Epalla diran oneintzat ixugarrizko ogena dan aberrijaren batasun aurka ibiltia, errudun oneintzat goralgarrija dan ekintzea baño ezta. Orra or erabagi eztagikegun eztabaidea. Bere amatasuna erakutsi gura dauna, lagijak aldeztuten daulako eta ixadijaren lagijak emon dautzezalako semiak, benetako amea dan baten eskubidiak. Eztabaida au erabagitteko Salomon ixango bazintz, poztuko nintzake, ene gudalburuba.

GUDALBURUA: Eskerrik asko Barkaiztegi, baña emen aberri bakarra baño eztago, España!

GANITZ: Zeure ustez aberri bakarra baño ezta ixango, baña esan dozubenez Francen jayua naz.

BAZKAIZTEGI: Ixadijaren lagijak ezetarako balijoko balebe gudu-epayetan, beriala gixon oneik azkatuko litzakez.

BIGARREN BURUZAGIJA: Gixonak legez edozein aberri eukiko dabe, baña gudarijak diran ezkero, aberri bat baño eztauke, España.

LENENGO BURUZAGIJA: Eta bakaldun bat!

SALTAKABALLO: Ez bakaldunik eta ez txorimalurik! Edozein astokilloren esanak ezin ontzat artu dagikiez azke diran gixonak, bere attaren seme edo erdi-seme dan baten esanak egitteko ezkara jayo.

GUDALBURUA: (Aurrez-aurre begiratuten dautso) Eta zelan dozu zeure abixena?

SALTAKABALLO: (Bardin) Eta zeuk?

GUDALBURUA: Eztautzu ardurarik.

SALTAKABALLO: Eta zeuri zer ardura dautzu neuriak, ba?

BIGARREN BURUZAGIJA: (Asarre jagitten da) Beriala erantzun egijozu gudalburubaren ittaunari, lotsabako orrek!

SALTAKABALLO: Imanol deritxat.

GUDALBURUA: Ezerez geyago?

SALTAKABALLO: Eizagirre eta Marrokin. Euzkotarrak ondo dakigu noren semiak garan. Castro-Urdialeskua.

GUDALBURUA: Santander-errikua.

SALTAKABALLO: Bizkaikua; lutelestija ikasi egixu. Euzkotarra: edestija ikasi egixu.

GUDALBURUA: Ixilddu zadi! Azikera ona ikasi egixu. (Argiduni) Zeuk?

ARGIDUN: Lekorreta eta Urtxoegiatar Joseba, nabartarra. Mendijetakua.

GUDALBURUA: (Gantzeri) Orain zeuk.

GANITZ: Lekorreta eta Urtxegiatarr Ganitz.

GUDALBURUA: (Ikeraz) Bere bai! Guzurra dirudi!. Zeure aberrija zein dala diñozu?

ARGIDUN: Egija esateko Ganitz eta neuk zer garan be eztakigu. España eta Franceko mugea igaroten dan toki baten jayuak gara, euzko-lurraldeko okulu baten, muga on ezta ikusten baña gixonak diñuenez antxe dago eta ludiko muga gustijak baño banandubagatuten gauz. Geure atteak anayak eta ameak aizteak dira; olan ba Ganitz eta neu be anayak gara. Arrikada bat inguru geure basetxiak dagoz eta ekandu bardinak doguz, ele bardinan mintzatuten gara. Baña au ta gusti be, españarra nazala ni ta au parantzetarra dirauskube. (Apalkiro) Etzara konturatuten ene gudalburuba, euzkotarrak garala, anayak garala? Ezta bidezkua euzkotarrak zauri ixugarri ori kendu gura ixatia, geure lurrian datzan zauri on atzindugura ixatia, bijotzian eruango bageu minduten gauzan ezkero? Zuzena ez ete-da, ba-euzkotarrak sendi bakarrean alkartutia bein da betiko? Atzerritarren artean banandu barik bixi diran beste ludiko erri gustijak baño txarraguak zegattik ixango ete gara? España eta Franceren artian gudu bat ixango balitz, zer egingo geunke euzkotarrak? Anayak anaya erailgo leuke? (Belaunbiko) Jauna, eztozu ulertuten odolak eta ixadijak, Jaungoikuak berak alkartuten gauzala eta genre zanetatik dabillan odolaren erruba eztaukogu? (Ixilik geratuko dira).

BAZKAIZTEGI: Eta oneri zer erantzungo dautsozu gudalburu orrek?

GUDALBURUA: Epai-maya asmua-artutera dua. (Baldakiro jagitten da eta gurutza lurrera jauoten da).

BAZKAIZTEGI: (Artuko dau eta mai-ganian iminden dau) Gurutza lurrian! Dirudijenez zuzentasuna be lurrian dabil.

GUDALBURUA: (Aldenduten dala) Guazen Barkaiztegi. (Gudalburuba eta buruzagi bijak ikuslien ezker-aldeko atetik aldenduten dira).

BAZKAIZTEGI: (Belaunbiko eguan Argidun jasoten daula) Jagi adi Josebatxu, lurrian entzunda egoteko astirik lar eukiko dot-eta.

ARGIDUN: (Zutunduten dala) Bai ain matte dodan neure lurraldian!

BAZKAIZTEGI: Ezadi neketu zeben zuzentasuna erakutsi nairik; errasoyakaz ezkara zentzunduten izkillubakaz baño. (Ezkerreko atetik dua) Kanpuan egun-sentija argittuten argittuten dua. Leyoko leyar triskatubetatik larrosazko argija sartuten da. Argidun, Ganitz eta Saltakaballo argiaren deyari erantzungo baleuskije lez leyoruntz duaz).

LENENGO GUDARIJA: Buruko amesak kendu egixak Karrete, i lako gixon txikerrak etxakoez atsegin emakumiai. Okotzeragiño eldu biar yakek, gitxijenez. Gixon antzeko bat baño ezaz.

BIGARREN GUDARIJA: Baña zer diñok ik, ilda dagon artxo baten begijakaz? Begi-ninijak koliko bategaz daukozakala dirudik eta. Petroleo onek bigarren Elixabetek baño arrokeri andijaguak yaukozak.

LENENGO GUDARIJA: Gura dokana, baña jolasetan baserriko neskakin dantzan egitten yokana neu nok.

BIGARREN GUDARIJA: Dantzan euk, baña euren basetxera lagunduten yautzekana neu nok. Eta artegatuteko diran txakurrak langua az... baña eiztarija neu nok. (Argi-argittuten da. "Itxarkundia"ren eresijak entzungo dira urruneko zarata bigunak bailiran).

GANITZ: Ara Argidun; eguna argittuten da; iñoiz ezta goxeko argirik ain zoragarri sortu ixan, laster Oriko goi-edertuba agertuko yaku. Bera nor litzaken lurralde onetan beti azke bixi ixateko!

ARGIDUN: Eta geure basarrijetan eztabe ezertxu jakingo minduten gauzan onaze bixi onetzaz!

GANITZ: Geure ameak igarriko dabe zerbait; euren semien gauzak urrunetik ikusi ta entzuten dabez amearen bijotzak.

SALTAKABALLO: Neuriak gustija jakingo dau; gaxua an goyan dago...

ARGIDUN: Itxartuten diran mamorruak mendijak dirudije!

GANITZ: Ara basetxe zuri ori; begijak daukozala dirudi... barre dagisku...

SALTAKABALLO: Neuria baltzagua da, itxas-onduan datza, emetik urrun-urrun... bide-ertzan... lander bat legetxe...

GANITZ: (Gauza ixugarri bat ikusi baleban) Gixon bat! Gudarija eztan gixon bat! Azke! Oyezkua dala dirudit!

SALTAKABALLO: Bixitza-erdi emongo neuke azkatasunaren ordez!

ARGIDUN: Euzko-lunaldia... euzko-lunaldia... gustijetan ederrena... neuria zaralako! (Ixillunian galdu dua eresija. Gudalburuba ta buruzagi bijak sartuko dira, euren atzian Barkaiztegi dator, baña zelako itxura dakanen! Mai-onduan jarriko dira. Argidun, Ganitz eta Saltakaballok eztabez ikusi, leyora adi dagozalako).

IRUGARREN GUDARIJA: Lauziriko bat eneuke iru orein bixitzeagattik emongo; epallak itxura txana dakarre.

GUDALBURUA: Errudunak aurreratu bediz. (Ikeraz itzulitten dira) Epai-mayak oraintxe bere epaya irakuniko dautzube. (Gudalburuba jagi tta burutzik jarriko da. Barkaiztegi eta buruzagijak aren antzera dagoz. Zaindari dagozan gudarijak tinko dagoz eta burutzik).

ARGIDUN: (Oyuka larrijaren larriz) Zegattik burutzik zagoze?... Ilgo gattuzube? Ez, aberiak legetxe ezkattuzube erailko!... Ludi osuak entzun dagijantzat diadar-egingo dot... egingo dozuben lango txarkerija egitten laketu eztagitzuben... Gixonak erailten dozubezan batzuk baño etzarie!... Koldarrak, gudari-jantzijakaz jantzitta gixonak erailten dozubezalako! (Derdittizeduzko diadarrakaz) Euzkuak!... Geure aberrija matte dogulako erailten gattubez eta erdu zadixe azkatutera.

BAZKAIZTEGI: (Beraganuntz dua ta eskutik oratuten dautso) Baretu zadi Josebatxu, onuzkero ezer ezin egingo zeinke! Kementsubak legez ezaxol zagoz eta Josuk legez gurutza artu egixu zuzentasunaren aurka emoten dautzugun-amen...

ARGIDUN: Baña geyago ezin dot, Gorka jauna; zoratuko nazala uste dot!

BAZKAIZTEGI: (Bere tokijara itzuli da) Euzkuak amairarte; ezegixube aiztu! (Itz oneik entzutean irurak jagitten dira kementsu atan be).

GUDALBURUA: (Lenengo buruzagijari) Epaya irakurri egijezu.

LENENGO BURUZAGIJA: (Nausikiro dirakur) Lekometatar Joseba. Eizagirretar Imanol eta Lekorretatar Ganitz; Gudu-epai-batzarrak epairik laburrenan epattu-ostian eta zeben atzalpenaen bittartez errudunak zariela egiztau-ostian geure bakaldunaren kaltezko ogenik andijenaren gaizkinetzat autetsitten zattube, geure aberrijaren eta Jaungoikuaren aurkako...

ARGIDUN: (Amorruz) Guzurra! Jaungoikuaren aurka zebek zabiltze, edozelako gaiztakerija egitteko bere ixen donia artuten dozuben orreik!

GUDALBURUA: (Ukubilkada bat mai-ganian joten daula) Ixilik zagoz! (Gurutza barriro maipera jausten da).

GANITZ: Zeben ogenaen eginkide eztaula ixan gura atzalduten dautzube.

BAZKAIZTEGI: (Errukijor aurreratuten da) Erruki zadi ene gudalburu ori, azketsi egijezu!

SALTAKABALLO: Emen azketsi dagikegunak geu baño ezkara, zuben azkespenik eztogu gura!

GUDALBURUA: Bein ixilddu zadiz. (Lenengo buruzagijari) Jarrai!

LENENGO BURUZAGIJA: Geure bakaldunaren ixenian epattuten zatubegu...

BAZKAIZTEGI: (Epai-mairagiño aurreratuten dala) Ludiko laterri eta bakaldun gustijen ganettik dagozan kistar mattasunaren eta gixaraben ixenian eskatuten dautzut ene jauna, gogai guren baten jarrai juan diran gaste onei parkatu dagijezubela. Gudarijari barik gixonari dei-egitten dautsot, erijotzea dan bilddurgarrija dakijan gixonari. Baña erijotzea gastaruan dan bilddurgarri dakijanari. Zeure bijotz berakor orreri deika naukozu, gaste onein erijotzeak iru ama gaxoen bijotzak zatittuko dauzalako, iru euzko-sendi on... errurik eztaukoelako. (Belaunbiko) Bixitza onetan enaz iñoren aurrian belaunbikotu! Baña zeure aurrian gaur belaunbikotuten naz neure-neuriak diran iru euzko-anai onein azkespena eskatu, emon-eragin dagitzudala odolak eskatuten daustalako. Neure abendakuak diralako, euzkotarrak banandutean abenda au abendarik gaxoena egitten daun mugearen aurka jagi dira-ta zigortubak ixango diralako! Euzko-lurralde osuak eskatuten dautzu, ene jauna bixitza oneik adittu dagixuzala, gixurentzat onuzkero gurtuten dauzalako.

GUDALBURUA: Barkaiztegi, jadi zadi; azkespenerako belubegi da. (Ixillunian zarata bat be ezta entzuten, onetan Barkaiztegi, geldiro eta buruba makurtuta lengo tokira dua).

LENENGO BURUZAGIJA: (Abots geldiz) Bakaldunaren ixenian izkilluben bittartez iru ordu-barru erail zagijazala, epattuten dogu. (Esku-artian aurpegija daukola Barkaiztegi jarlekuban jausiko da. Argidun, Saltakaballo eta Ganitz ikeraren ikeraz atzeruntz duaz, leyo ondoko ormaragiño. Zain dagozan gudarijak moltsoka dagoz euren aurpegijak ixututa bailiran. Gudalburu ta buruzagijak aldenduteko eran dagoz).

GUDALBURUA: (Abots sakonaz bigarren buruzagijari) Gertau dagijezala.

BIGARREN BURUZAGIJA: Jon abea atzo aldendu zan eta larunbata egunerarte ezta etorriko, ene gudalburuba.

GUDALBURUA: Orduban!... Au ezpiarra!

LENENGO BURUZAGIJA: Zein gudarijak ixango dira?

GUDALBURUA: Tokaten yakenak!

BAZKAIZTEGI: (Bixikiro) Ori ez; euzkuak badira, ez! Anayak anairik eztagijala erail.

GUDALBURUA: Gaztelarrak baño eztadixala ixan, ba. (Gudalburuba eta buruzagijak aldenduten dira. Iru epattuben aurrez-aurre igaroten diranian, oneik arro-arro begiratuten dautse).

SALTAKABALLO: Gero arte, an alkar ikusiko gara begiz-begi!

ARGIDUN: Euzkotarrak, ez españarrak!

GANITZ: Euzkotarrak, parantzetarrak bere ez! (Gudalburu ta buruzagijak duaz).

 

(Sortu-barri dan eguzkijaren izpijak leyotik sartuten dira ta areto txirua edertuten dabe. Barkaiztegik gurutza jasoko dau ta adi-adi dagokijo).

 

GANITZ: Ara Argidun, geure aberri osua argijak zelan diz-diz edertu daruan! Azkatasun-eguzkija ete-da? Geure erijotzea argituko dauna! Egunen baten, biar ba... (Ezerezetik sortuko bailitzan zerutar abestalde baten otsak entzuten dira. "Itxarkundia" abestuten dabe, itxaropen ereserkija legetxe).

ARGIDUN: (Eguzkijari otoika zeruko agerpen bat ixango balitz) Azkatasun-eguzkija!... Azkatasun-eguzkija!

BAZKAIZTEGI: (Gurutzari begira beti) Odolezko oñatzak alperrik itxi zendubezan onak!

ARGIDUN: Azkatasun-eguzkija, aberrijagattik dan erijotzean argittu gagixuz!

BAZKAIZTEGI: Geure onerako zulatubak ixan zintzen eskubok!

ARGIDUN: Geure odola euzko-lurraldian jausiko danian lotan datzan abendea iratxartu dagijala egixu.

BAZKAIZTEGI: Zabalduten dan bularra, mattasun zaurija!

ARGIDUN: (Belaunbiko) Euzkotar gustijak aberrijaren mattasunean matte-ixan dadixala egixu!

BAZKAIZTEGI: Eztozu erailko, agindu eben españak!

ARGIDUN: Geure Jaungoikuaren eguzkija, euzko-lurra argittu egixu!

BAZKAIZTEGI: Buru saminduba, azkespen gogaiz betia!

ARGIDUN: Aberrijaren eguzkija zeugattik ildden garanoi-argi-egiskuzu.

BAZKAIZTEGI: Ikusi dagidala, jauna!

ARGIDUN: Azkatasun-eguzkija, ludiko ederrena!

BAZKAIZTEGI: Neure aberri egizkua ezagutu dagidala!

ARGIDUN: Geure illen eguzkija! Azkatasun-eguzkija! (Antzoyala jausten da " Itxarkundia" entzuten dan artian. Aintzazko abesti bat legez entzungo da).

 

 

BIGARREN ANTZEZKIJA

 

(Egun beratako goxeko seigarrena da. Argi ta alai itxartuten dira zelayak eguzkijaren izpijetan bigundurik. Urruneko mendijak urreztauten dauz argijak. Euzko-lurraldia ederrago iñoiz etzan ixango. Lau gudari bi bikotan ara-ona ibilli dabiltz antzokijan. Bi alde batera duezanian bestiak bestera duaz).

 

LENENGO GUDARIJA: (Ikusliaren eskumako aldetik sartuten dala) Ogeigarren urtian, gaurko lango egun eder baten... Erijotzea dan ittuna!

IRUGARREN GUDARIJA: Eurek batez-bere ain matte aberrija dabenak! Zorigaiztokuak!

LENENGO GUDARIJA: Gudarosteko gaxuenak ziran-eta!... Beti bakarrik... iñok ulertuten eztaun izkuntzean mintzatuten zirala. (Ezkerretik aldenduten dira).

BIGARREN GUDARIJA: (Ikuslien ezkerreko aldetik sartuko dira) Ametsak kendu egixak, geure buruba dan gudarijak ezpatea jauoko daunian erailgo doguz. Egitten doguna gixonak erailtia dala, ondo yakiguk baña... Gudari ixateko biarrezkua koldarkerija yoguk.

LAUGARREN GUDARIJA: Egija dok: izkillubak eta ostarantzekuak eurrez yoguzak, baña geure naimenaren jaube ezkozak.

BIGARREN GUDARIJA: Dantzan dakijen tximinuak legetxe! (Eskumatik duaz).

LENENGO GUDARIJA: (Eskumatik sartuten dira) Gibel andiko gixonak dozak. Gudu-epaya amattu dokanian ittuntxu egon dozak, baña beriala sendotu dozak. Gero otoi-egin yuek eta euretariko bi abesten eztozak asi, ba, ta irugarrenak dantzan egin yok... "Bana oindiño dantzan eta abestuteko gogarua daukozube?" ittaundu yautset. Eta euretariko astokilloenak erantzun yaustak: "Eta zegattik ez? Geu baño besterik eztala il ludi onetan dirudi-edo. Iltia agura gustijak be ondo dakije, ta nasai-nasai egin be".

IRUGARREN GUDARIJA: Españarrak ezirala dinuenian egi galanta diñoe. Abenda bakanan bateko semiak dozak. (Ezkerretik duaz).

BIGARREN GUDARIJA: (Ezkerretik sartuten dira) Bilddurtijak baño ezkozak... Baña beste lagun batek jarrai gura ba-yaustak ezkayoezak iraunduko.

LAUGARREN GUDARIJA: Eu baxen gixasemia nok eta gura dokana egingo yuaguk!

BIGARREN GUDARIJA: Lenengo irana egingo daukubenian, txorijak barik gixonak gozakala erakutsiko yautzubeguk.

LAUGARREN GUDARIJA: Lagunai esango yautzubeguk arazo onetan geure kidekuak ixan dadixan.

BIGARREN GUDARIJA: Ortxe yatorzak bi orreik! Diadar egingo yautzubeguk. (Lenengo eta irugarren gudarijak eskumatik datorz).

LAUGARREN GUDARIJA: Tira, papauok, erduze arin!

LENENGO GUDARIJA: Zer dok, bilddurtijok? (Alkarregaz).

BIGARREN GUDARIJA: Onetzaz jardungo gozak. Txakurren mantsotasuna alde batera jaurti biar yoguk. Zor yauskubena ordaindu biarrian iraundu eta joten gattubezak eta ezerezagattik espetxian gozak. Gixonari zor yakon aintza etxubek zapaldu biar aurrerantzian.

IRUGARREN GUDARIJA: Ori dok itz egittia, ori!

BIGARREN GUDARIJA: Lenengo irana entzun ordukoxe ostez-oste egingo yuaguk.

LENENGO GUDARIJA: Neuk bere bai!

IRUGARREN GUDARIJA: Gudalburuba lez bera bada be bai!

LAUGARREN GUDARIJA: Eta gustijok batera! Kementsubak garala erakutsi biar yuaguk!

BIGARREN GUDARIJA: Gudalburu papau orrek zeozer esan dagistala ia!

LENENGO GUDARIJA: Edo buruzagi lixun orrettariko batek!

GUDALBURUA: (Ezkerreko aldetik sartuko da bera lagun bigarren buruzagija datorrela) Astotzarrok! Txorimaluak legetxe zer-dagixube emen? Lerdo antza dozube! (Lau gudarijok ixilik, ba, ixilik dagoz adurra darijela, itz erdi eztinoe).

BIGARREN BURUZAGIJA: Gudalburubaren aurrian zagoze-ta tinkotu zadixe papau galantok! (Lau gudarijok tinko-tinko dagoz ixututa dagozan gixonak legez).

GUDALBURUA: Ia zeben lanetara alperrok! Arin gero, ezpa-bere espetxeratuko zattuet! (Bustana ankartian daruan txakurra legez arin duaz) Lotsa-galduko onei olakoxe azikerea emon biar yake, osterantzian kuku-egingo dauskube!

BIGARREN BURUZAGIJA: Ene gudalburuba! Euzkotarrak zalatu dauzan Cadizittar orregaz zer egingo dogu? Ortxe ditxaro, aurrera datorrela?

GUDALBURUA: (Bilddurrez) Goikua-arren ez olakorik! Gura dauna emon egijoxu baña eztagidala ikusi... Iru gaste orrein begijak adi-adi yagodaz. Neure barrunbia artegatuten dabe... Ixugarrija da! (Eskubakaz estaldu dauz begi bijak).

BIGARREN BURUZAGIJA: (Barreka) Ezerezeko ametsak, gudalburu ori! Lorik eztozu egin eta kirijotsu zagoz...

GUDALBURUA: Ez, ez ona buruzagi ori...

BIGARREN BURUZAGIJA: Amaikatxu gauza ikusi dauzan zeu tango gudalburu bat ezin ikeratu datteke oraingo gixerailketa bat gora-bera.

GUDALBURUA: (Ikaraz) Ixilik zagoz, ixilik! Toki gustijetan iru orrein begijak ikusten dodaz ikusi, euzkotar zoro orrein begijak! Odolezko sei ixar lako begijak!... Bilddurgarrija da!

BIGARREN BURUZAGIJA: Baretu zadi baretu! (Ixillunia ixango da ta bittartian bijok ara-ona dabiltz).

GUDALBURUA: Eta beste euzkotarrak, zer diñoe? Zer dagije?

BIGARREN BURUZAGIJA: Zer esango dabe, ba: ixilik jasan. Lenengo zarata bat egingo dabenian beste onein bidez juango dirala ondo dakije-ta... Etoi orrein gorpubak ikusiko dabezanian bare-bare geratuko dira. Odolaren bidez ondo ikasten dira ikaskixunak...

GUDALBURUA: Eztakit, ba: enago artez. Geure bixitzea be toki onean ete dago gero...

BIGARREN BURUZAGIJA: (Barre-zantsua dagi) Ezegixu ardurarik ixan, neure gudalburuba... Gudari onein eta berunezko gudaritxuben artian alderik eztago. Gudari-etxietan sartuten diranian gogua kenduten dautsegula eztakixu? Geuk gure doguzan gogayak baño eztaukez geure ikurrinak eurenak dira, geure uskurtza euren uskurtza. Aberiak baño ezerezago dira: geure morroyak. Katea, samastuma eta abestija daroez, goguen eruan be. Eta orru egitten daben-arren, zigorra daukogu-ta... Gudalburu ori, jopuban bilddur ezkara ixan biar.

GUDALBURUA: Jopu-gogua daukonaren bilddur ez, baña beraz gura eztaula gogua jopututen daukonaren bilddur ixan biar gara... Euzkotarrak olakoxiak dira...

LGO. BURUZAGIJA: (Izketa orren asijeran sartuko zan eta joranez entzuten ixan dau entzun) Eztago zalantzarik. Eta gudari-arabak alde batera jartitten dauzana idoro nai ba-dozube, ez gudari-artera juan: or dago Barkaiztegi. Bakaldunaren gudaroztien buruzagija. Edonoren aurrian bere gogai lotsagarrijak atzalduten dauz. Buru diranak on egitten ba-dabe. Menpekuak zer egittia gura zendukia, ba?

GUDALBURUA: Barkaiztegi gixon zurra dogu.

BIGARREN BURUZAGIJA: Zur antza euki gura ixango dau baña azalez barik barruz begiratu ezkeruan bixi-nai daun lotsa-bako bat baño ezta ixango. Bere ausardikeri on ta egijari zuzenduten dautsozan itzak azikera txarra daukonarenak baño eztira. Aurrez-aurre egijak esatia atsegin yat, baña azikerea daukodan ezkero ixilduten naz.

GUDALBURUA: Lotsabakokerija deritxazun ori, bere ustiak atzalduteko kemena ez ete-da?

LENENGO BURUZAGIJA: Au ixan edo bestia ixan, Barkaiztegiri ezin laketu geunskijo olako matxinada-lanak zabaldutia. Euzkotar artian batez-bere ondorengotik txarrenak sortuten dauz.

BIGARREN BURUZAGIJA: Oraingo azurtegi baten ixan biar leukien iru etoi orrein aldez lotsabarik mintzatuten da eta errasoya daukela sarri esan darua. Ezin, jasan geinke!

GUDALBURUA: Bere abendakuak dira-ta: parkatu geunskijola.

LENENGO BURUZAGIJA: Baña bakaldunaren aurka dinuazenak ezin parkatu geunskijo ez. Ezin parkatu geunskijoz geure jantzi onen aurkako zantarkerijak. Euzkotartxu on be biar dan lez asi badagigun...

BIGARREN BURUZAGIJA: Ganera pittian-pittian gudu-arabaren aurkako egittadeak egon daruaz. Bestiak legetxe au be zigortau biar dalakuan naz.

LENENGO BURUZAGIJA: Egija esateko, ene gudal-buru orrek, begi onegijakaz begiratuten dautsozu Barkaiztegiri eta gura dauna egitten itxitten dautsozu.

GUDALBURUA: (Asarrez) Olakorik ezin entzun nengike! Gudaltzan eztago betargittasunik! Eta au erakusteko oraintxe aginduten dautzubet Barkaiztegik egingo dau lenengo okerra ikusiko dozubenian zigortau dagixubela. (Une onetantxe Barkaiztegi sartuko da. Bera ikustian iru gudarijak zer egin eztakijala dagoz eta eztira mintzatuten zer egin eztakijanak legetxe).

GUDALBURUA: (Juan dua) Tira, tira lo apurtxu bat egingo neukian ikusten nua.

BAZKAIZTEGI: (Ezaxol) Ezin egin ixango dozu gudalburu orrek: Txintxoneri ekin egijozu.

GUDALBURUA: Txantxetarako enago. Barkaiztegi. (Eskumatik dua).

BAZKAIZTEGI: (Buruzagi bijai itz-egitten dautsela) Lengo izketaldijari jarrai egijezu ene lagunok.

LENENGO BURUZAGIJA: Oraingo amattuba zan.

BAZKAIZTEGI: (Uste txarrez) Leoyaren okelea jaten txakurrak egozan. Baña au bera etorri zanian txakurrok igesiri emon yakozan.

BIGARREN BURUZAGIJA: Leoya, zeu zara, bai-ba.

LENENGO BURUZAGIJA: Eta txakurrak geu bai-ba.

BAZKAIZTEGI: Eta okela zatija neu: bai-ba. Zubek jaten zengozen okela zatija.

LENENGO BURUZAGIJA: Ezer estaldu biarrik eztaukogu. Zeure abertzaletasun ezaren eta gudaltzako esakalkerijotzaz mintzatuten ixan gara.

BAZKAIZTEGI: Biar ba larregi biar ba gitxijegi. Neurrijan ezkagoz.

BIGARREN BURUZAGIJA: Eta sarri sonean darozun jantzi orretzaz aztuten zarala...

BAZKAIZTEGI: Zinistu egiztazu gudaldantzi onek aztun larregi daukola neuretzat. Askotan uste ixaten dot burnizko arkondara baten sartuta nagola eta neure naimena be lotuta daukodala.

BIGARREN BURUZAGIJA: Laster arteztu dagikozu ori.

BAZKAIZTEGI: Ba-dakit. Baña gauza gatxa benetan ori egitteko prestegotia.

BIGARREN BURUZAGIJA: Bakalduna eta aberrijari egin zeuntsen zina aztu dozuz!

BAZKAIZTEGI: Eurek eginiko zinak gordeten dabezan egin yakezan zinak baño eztira oniritzi biar. Eta edestijak gauza bat erakusten dausku: Borbondarron bijurkeri onenan ixan dala Jaungoikuaren eta Lagibatzaren ixenian zinausliak ixatia.

LENENGO BURUZAGIJA: (Adorez) Barkaiztegi, zeure itzak neurtu dagixuzala eskatuten dautzut.

BAZKAIZTEGI: Itz batzuk ezin neurtu ixaten dira Egija baxen andijak diralako.

BIGARREN BURUZAGIJA: Baña gauza gustijen ganetik aberrija dago.

BAZKAIZTEGI: Gaur goxetik zelako zalantzak daukodazan Aberrijatzaz jakingo ba-zebe! Orain arte uste neban gixonak bananduteko muga bat baño etzala eta gixon batzuk bestiak erail dagijezan. Baña gaurko eguzkijak untzatu daustaz bularrean artegatasun eta urdurizko izpijak. Eta neure goguan argi bat dabil lanuak uxatu gurez. Lengo aberribako gixona nintzan, aberri gustijak bardinak yatazalako; baña eguna egin danezkero neure eginko aberrijaren billa ibilli nabil zinizte-bako gixonak Jaungoikua arkittu gura ixaten daun legetxe... Zinistuten dot Jauna, baña sendotu egixu neure kikiltasuna! Goizparkijan irakurten dogu. Itz oneitzaz oldoztuten nentorran zubekanuntz.

BIGARREN BURUZAGIJA: Oldozlari jarrai egixu, ba-guaz-eta.

BAZKAIZTEGI: Obe da, ez ninduzuke ulertuko-ta.

BIGARREN BURUZAGIJA: Bai, ba, astokilluak garata.

BAZKAIZTEGI: Euzkotarrak etzarielako. (Gudalburuba urten dan tokittik buruzagi bijok, be, urtengo dira) "Erijotzeak eztaust bilddurrik emoten, bere bittartez egija ikusiko badabe, ez oneik, geuriak baño", Argidunek esan dauzan itzak barruban irarritta geratu yataz!... Ikeragarrijetan ikeragarrija eurak egitten daben opalben au! Egija da Jauna? Iru baserrittar gaxo orrein lenengo jarrallia nerau. (Oldozlari dago. Azken-aldetik, basetxeko alaba bat agertuko da bere eskubetan paketetxo batzuk dakarzela. Amazortzigarren urtean dabil. Bilddurrez aurrera dua. Izketaldija asi-arte mattasun eresi bat entzuten da).

BASERRITTARRA: (Bilddurrezko abotsaz) Jauna... buruzagi jauna! (Abots zolijagoz Barkaiztegik eztautsolako entzun) Buruzagi jauna! (Barkaiztegik buruba itzuliko dau) Azketsi egistazu jauna...

BAZKAIZTEGI: Bilddur-barik itz-egizu. Euzkotarra naz. Zeu bere bai, ezta?

BASERRITTARRA: Otsondo basetxeko alabea naz. Maya-ondokua.

BAZKAIZTEGI: Eta zelan dozu ixena?

BASERRITTARRA: Eguzkiñe deriste. Lazkoz eta Arrayoztar Eguzkiñe. Geure basetxiaren ixena Urtso-ittuna da.

BAZKAIZTEGI: Urtso ittuna. Ixenaren txukuna!

EGUZKIÑE: Baña etxe alaya ta politta dogu.

BAZKAIZTEGI: Eta zer gura-ixango zeunke, ba?

EGUZKIÑE: Gudari bat ikusi gura-ixango neuke... (Begijak lurreratuz) Lekorretatar Josebatxu...

BAZKAIZTEGI: (Ikeraz) Argidun?

EGUZKIÑE: (Alaikiro) Ezagututen dozu, ezta?

BAZKAIZTEGI: Asko... Bere arrebea ete zara?

EGUZKIÑE: Ez jauna.

BAZKAIZTEGI: Lengusiña?

EGUZKIÑE: (Zer erantzun eztakijala bera jatsiko dauz begijak) Bai...

BAZKAIZTEGI: (Irri-barreka) Gixon baten lengusiña dala emakumiak diñuanian eta begijak lurreratuten dauzanian aren ezkongaya dala erakusten dau. Ezta Eguzkiñe?

EGUZKIÑE: Egija da, jauna... Bere ezkongaya naz... Ikusi negike?

BAZKAIZTEGI: (Zer erantzun eztakijala) Eztakit, ba... Gudaltzan danian...

EGUZKIÑE: (Mesedeske) Bera ikuste-arren beste barik urrunetik etorrija naz.... Unetxu bat baño ezpa-da bere.... Unetxu bat. Gura ba-dozu ikusi neike...

BAZKAIZTEGI: Matte dozu?

EGUZKIÑE: Neure bixitzea baño mattiago. Zer enagike beragattik!

BAZKAIZTEGI: (Buruba laztanduten dautsola) Eguzkiñe gaxua!

EGUZKIÑE: (Ikaraz) Txarrik jazoten ete yako? Zauriz datza?

BAZKAIZTEGI: Basetxetik urten zan egunean baxen sano dago.

EGUZKIÑE: (Labankeriz) Esan egijozu, arren, etorri dedila.

BAZKAIZTEGI: Itxadon egixu. (Arinka aldenduten da eskumatik).

 

(Bakarrik geratuko danian Eguzkiñek itxiko dauz bere gauzak. Ara-ona begira dago, bilddur balitzan. Goneak jaso-ta antzikurriño bat atarako dau sakeletik. Antzikurra txikerra dan ezkero aurpegirik ezin ikusi dau ta aleginak egitten dauz. Uliak orraztuten dauz, gorantza, goneak, abarkak eta jantzi gustijak atonduten dauz eta ondo dagola uste daunian antzikur txikerra gorde darua. Antzokijan ara-ona dabil, arro ibilli bere gero. Eresi samurrak entzuten dira. Eskubak azke dauzala Argidun agertuko da. Ezguzkinek eztau ikusiko).

 

ARGIDUN: Eguzkiñe! Sulexa onetara zetan etorri zara?

EGUZKIÑE: (Arin eta alai duakijo) Sulexa zeu zagozan tokija? (Ittun geratuko da) Zurbil zagoz Josebatxu! Gexorik zagoz?

ARGIDUN: Ez, Eguzkiñe! Gudaltzako bixitza au gogorra da ta. Zeu, ostera, iñoiz baño polittago zagoz.

EGUZKIÑE: (Pozaren poza barreka) Matte naben zeure begi orren ametsak! Igazi dodazan egun ittunak jakingo bazeuz ezeunke olakorik esango. Uste ixango zeunkezan gogairik gorrijenak bururatuten ixan yataz. Eta buruban arantzak euki ba-neuzan legetxe oeratuten nintzan. Ain matte-matte zaut Josebatxu!

ARGIDUN: Eta neure bijotz barruban zaruat deuntxu bat ixango bazintz lez. Itxaropenezko argi bat da zeure gomutapena neure zoritxar onetan, eta beste ludi obe batera narua. Eta gabaz —emeko gabak diran ittunak ene Eguzkiñe!— zeugan oldoztuten dodalaluak artzen nau. Zeure eskubak neuriak bat-eginda, ixilean mintzatuten gara an Urtzoltunako bakian...

EGUZKIÑE: (Ittun) Argidun gaxua! Baña Mayako txaunburubak gustija daki tta gudu au be laster amattuko dala esan daust. Eta orduban beriala ezkonduko gara ta geyagotan etzara olako gudu madarikatubetara etorriko. Eta gudu doniak dirala esango dauskube gero... Laster ezkonduko gara ezta?

ARGIDUN: (Oldozkor) Bai... Laster gudu au amattuko da, neuretzat beintzat. (Bere abotsa aldatuten daula) Eta gurasuak?

EGUZKIÑE: Agure gaxuak ondo samar dabiltz. Zeure amatxu zarra negar-negarka toki gustijetan. Zeure gomutaz beti. Eta attea ba-dakixu: Gogai Deunagattik gustija emon biar dogula. Baña ittun baño ittunago dabil.

ARGIDUN: Iñoiz baño matteruago mosu bat emon gura neuskije gaur.

EGUZKIÑE: (Lurrean zan paketetxu bat jaso ta emoten dautso) Zeure ameak emon daust: berak egindako gozoki batzuk dozuz. Gaur berton jan dagixuzala esan daust.

ARGIDUN: Gaur...

EGUZKIÑE: (Beste paketetxu bat emoten dautsola) Etxetik bidalduten dautzubezan sonanzkijak. Eta neuk egin dautzudan txarrama bat otzik eztagixun euki.

ARGIDUN: Eskerrik asko, Eguzkiñe.

EGUZKIÑE: Eta Ganitz? Ikusi gura neuke; arentzako bere gauzatxu batzuk daukodaz.

ARGIDUN: Atezain dago. Ezin etorri ixango da. Ekarri egistazuz.

EGUZKIÑE: (Idazki bat eta paketetxuba emoten dautsozala) Bere amearenak dira. Eta etxekoentzat zer gura dozu?

ARGIDUN: (Esku-artian Eguzkiñeren buruba artuten dau ta begijetara begiratu ostian laztanduten dau) Mosu au eruan egixu eurentzat. Eguzkiñe, zeure bekokijan zeruko ixar bat jausi ba-zan legez! Gauzarik onena eruango bazeu, zaindu egixu: laster jakingo dozu zer atzaldu nai daun mosu orrek. Mosu orren ganian euren españak jarri dagijezala, berak esango dautselako bijotzetik urteten daustan egi andija-ta. Neugattik eztagijela negarrik egin, arro ta pozez ixan dadixala, ostera, euren semiak egin daunagattik. Eta zuretzako neure gogo osua, gogo osua! (Besarkatuten dira).

LENENGO GUDARIJA: (Eskumatik dator) Lekorretatar Joseba orduba da. (Ba dua).

ARGIDUN: Zua, zua Eguzkiñe! (Bekokijan mosu emoten dautso).

EGUZKIÑE: Apurtxu baten geyago, Argidun; gixon orrek itxiko dausku apur baten.

ARGIDUN: Ezin egon nintzake zeurekin luzaruago. Eguzkiñe, zua. (Bilbolinen eresi-otsak entzuten dira).

EGUZKIÑE: Agur, ba, Josebatxu. Emen geraten zaran-arren, neure gogayan zaruat.

ARGIDUN: (Eskuma-alderuntz lagunduten dautsola) Baserrijetako jualiak seirak joko dabezenian belaunbikotu zadi eta zerura otoi egin...

EGUZKIÑE: Zegattik diñostazu?

ARGIDUN: Ordu orretan erailgo dabez iru gudari gaxo... Seiretan... ezadi aztu otoi egixu, belaunbiko otoi-egixu...

EGUZKIÑE: (Aldenduten dala) Agur Josebaxu. (Itzik egin eziñik Argidunek begiratuten dautso) Agur.

 

(Geldiro, ittun-ittun eskumaldetik dua Eguzkiñe. Argidun bakarrik geratuko da. Eskutik jausiko yakoz paketiak eta zerura jasoten dauz eskubako Alatz bat eskatuten daula dirudi. Zoratuta legez negar dagi. Eta eskubakaz aurpegia estaldu-ostian aldenduten da).

(Bibolinen eresi-otsak entzungo dira sati baten baña beriala ixilduko dira. Eskumaldetik lenengo agertuko da Barkaiztegi. Oldozkor. Paketiak ikusi dauz eta okulu baten itxiko dauz. Gero iru gudarijok erailgo dabezan tokira dua ta ittun datza. Ezkerretik lenengo buruzagija dator ta Barkaiztegik tinko begiratuten dautso).

 

BAZKAIZTEGI: (Amorruz) Ementxe erailgo doguz txakur amorrotubak bailiran...

LENENGO BURUZAGIJA: (Gogor) Txakurrak legetxe, bai orixe: besterik eztabe meresi.

BAZKAIZTEGI: Egija esateko gixonak erail biar diranian eurai etxakoe begiratu biar.

LENENGO BURUZAGIJA: Gixon, kistar mattasuna...

BAZKAIZTEGI: Kistar mattasunik eukiko bageu, berialaxe jaurteko geunkez izkillubok sutara, eta Borbondar txarri bigattik alkar ezkeunke erailgo...

LENENGO BURUZAGIJA: (Irri-barreka dongaro) Barkaiztegi, esate gogorrak dira gero...

BAZKAIZTEGI: Egija beti ixan da gogorra, orregattik guzurraz nastautia biar ixaten da, azken au bigunagua dalako.

LENENGO BURUZAGIJA: Parkatuten dautzut, iru mutil orreik legez euzkotarra zaralako.

BAZKAIZTEGI: Euzkotarra. Ara-ona dabillan bat baño enaz, ludiko seme bat neuk gura enebala jayo nintzalako; euzko-odola eruan zein mantxurittarrena eruan bardin yat. Españartzat neure buruba daukat, zoritxarrak españarra egin neulako ixadijak, baña begijak itsututen dabezanen antzekua enaz eta españar ixatia beste edozein ezpiar eruan biar ixatia legetxe dala ondo dakik.

LENENGO BURUZAGIJA: Zoritxarra? Ixatiaz aintzaldu daruat neure buruba.

BAZKAIZTEGI: Konkorduna ixatiak iñor eztau lotsatu biar baña ezpiar bat dala aitortu biarko dogu.

LENENGO BURUZAGIJA: Mutil orreik burutik eragin dautzube...

BAZKAIZTEGI: Bai-edo, diñozun on egija ixango da. Euren Gogaikijaren aldez jasan daroen nekauste orrek gogua urratu daust eta bixi nazan lano-arte onetatik neure egijazko aberrija ikusten asi naz eta euzkotartzat buruba daukot, euzkotar utsetzat.

LENENGO BURUZAGIJA: Eta zer esan gura dozu orregaz?

BAZKAIZTEGI: Neuretzako arrotza zarala.

LENENGO BURUZAGIJA: Ori astokerija!

BAZKAIZTEGI: Astokeri andijagua da, ba, Endayako euzkotar bat arrotza legez autetsitia ta Granadako andaluciar bat anaitzat eukittia.

LENENGO BURUZAGIJA: Betebiarra, adizkidia, gudaltzako betebiarra.

BAZKAIZTEGI: Gudaltzako betebiarra zer dan badakit; agindu bat gustijak era batera egittia, ona edo txarra dan jakin-barik. Agindu bat gustijak egittiak eztau esan gura agindu ori ona dala.

LENENGO BURUZAGIJA: Eta nun itxitten dozu gudaltzako aintzea?

BAZKAIZTEGI: Aintzeatzaz ezkadixan mintzatu beriala erailgo doguzalako iru mutil gaste, gixurentasunezko ikaskai eder bat emoten dauskuben iru mutil erailgo doguzalako.

 

(Eskumako-aldetik berrogei urtedun emakume bat agertuko da. Emakume sendo ta lerdena ixango da. Bere itxurea bakana da, zoro antza dauko ta atxur bat lepuan darua).

 

LENENGO BURUZAGIJA: (Iranez begiratuten dautso) Zorgin au emen dator.

BAZKAIZTEGI: Zer dogu emakume?

EMAKUMIA: Egun on inpernubetako gudarijok.

BAZKAIZTEGI: Nor zara?

EMAKUMIA: Euzko-emakume bat, mendi onettako emakume bat.

LENENGO BURUZAGIJA: Zoro bat.

EMAKUMIA: Bai, zorua naz; zubek zentzundunak. Baña neuk semiak jaurtitten dodaz gero zubek erail dagixubezan. Neuk lurra landuten dot igalijak emon dagijazan, baña zeben gudubakaz gustija ondatuten dozube. Nok ikusi al ixango zattube geure lurraldetik urrun, txerrenok!

LENENGO BURUZAGIJA: Zelan dozu ixena?

EMAKUMIA: Ludiko ixenik polittena daukot; Ama derist. Samin eta oñazez neure errayetan sortuten dodaz gixonak ludira jaurtitteko: neure aragijaren irinez bazkatuten dodaz belaunik-belaun iraun dagijen: neure goguaz azten dodaz erri baten antziñako arnaseak iraun dagijan euren bijotzetan... Baña gero ostuten daustazubez, lapurrok, gaizkinok!

BAZKAIZTEGI: Eta zetarako daruazu atxur ori?

EMAKUMIA: Egunez ta gabaz daruadan atxur au zorroztuten dot bedar txarrak kenduteko ustez, geure lurraldia garbittuteko. Egunen baten neure semiak ikasiko dabe ikaskixun au...

LENENGO BURUZAGIJA: Eta zer egittera etorri zara, ba?

EMAKUMIA: Enaz etorri, egon nago. (Urrunean gabeukatz batek seigarrena jo darua).

BAZKAIZTEGI: (Ittun) Seigarrena! Orduba dogu...

EMAKUMIA: Sei ordu geyago daukaz ezilkorra dan neure bixitzeak! Sei ordu gitxijago neure semienak, ilkorrak diralako! Baña euren nekezko ordubakaz neure ezilkortasuna egin daroe. (Urrunean tanborrots ittunena entzungo da. Apurka-apurka urbildu dua).

EMAKUMIA: Tanbor-otsak eta neure oinpian illaen lurrak dardar dagi gorrotoz. Basoko zugatz-orri bakotxa atxur bijurtu biar litzake! (Eskumaldetik bigarren buruzagija sartuko da bere onduan zortzi gudari dakarzala. Euren erdijan Argidun, Ganitz eta Saltakaballo datorz. Barrenean geratuten dira. Tanborra ixildu da. Barkaiztegik lurrera adittuten dau zurbil baño zurbillago. Emakumiak ikaraz begiratuten dautso).

EMAKUMIA: Zelako aurpegija dozu! Barrunbia eztozube garbi, gaiztakeriren bat egitera zuaze. (Barkaiztegi ixilik) Zer egingo dozube oneikaz?

BAZKAIZTEGI: (Sakonetik) Erail!

EMAKUMIA: Miren Neskutza! Bana gixonik ete-dago bere antzekua dan beste gixon bat erailteko? Zelako eskubidaz?

BAZKAIZTEGI: Indarrak emoten dauskunez!

EMAKUMIA: Zegattik?

BAZKAIZTEGI: Eurena eztan ama indartsu bat matte-eragin gura geuntselako eta euren egijazko amea baño ezin matte dabela erantzun dauskubelako... eta ama on lotuta dago: azkatu gura ei-dabe...

EMAKUMIA: Eta ondo dagije... Zebek zigortauak ixan biar zeunkie gaizkinak zarielako...

BAZKAIZTEGI: Ondo dakit.

EMAKUMIA: (Leoi bat legetxe jasoten dala) Neuk aldeztuko dodaz, ba! Euzko-semiak dira ta euzko-ama onak aldeztuko dauz abere batek legetxe.

BAZKAIZTEGI: (Gogor) Zua!

EMAKUMIA: (Atxurra gora jasoten daula) Eztot gura. Geure lurreko bedar txarrak kenduten asi biar naz, baña emetixek asi bere...

BAZKAIZTEGI: (Atxurretik oratuten dautso) Juan zadilla esan dautzut emakume ori, itzalezko emakume on edo zaran ori!

EMAKUMIA: (Antzokiz batetik bestera duala sadorrezko itz batzuk esan daruaz) Atxurra zorroztuten! Atxurra zorroztuten! (Eskumaldetik dua).

ARGIDUN: (Diadarrez) Gorka jauna!

BAZKAIZTEGI: (Arenganuntz dua) Euzkotarrak ain otzak ezpagintzaz, besarkada bat emongo neuskixu bijotz barruban sartu zagidazantzat eta andik ezeunke urten al ixango.

ARGIDUN: Bijotz orren barruban neure gogayaren zati bat geratuten bada pozik ilgo naz. Agur, Gorka jauna, geure abendak anayai adirazo egijezu zegatik bixitzea galdu dogun.

BAZKAIZTEGI: Neure bijotza zebena dozube gaurgeroz, Argidun. Zubek ilda lurrera jausiko zarenian Aberrijarentzat biztuko naz.

ARGIDUN: (Erailgo dabezan tokija jarten dala bigarren buruzagijari) Emen?

BIGARREN BURUZAGIJA: Bai orixe da zeben tokija.

ARGIDUN: Zapalduten dogun lur onetan toki gustijak geuriak dira; egi au diñogulako erailten gatuzube.

SALTAKABALLO: (Argidun daguan tokira duala gudari-ostiari dirautso) Gero arte lagunak, beste ludijan alkarregaz ixango gara: au jakingo dogu artez nor eguan.

BAZKAIZTEGI: (Sorbaldan joten dautsola) Ederto, Saltakaballo; Enkartaziño aldeko euzkotarra ixan biar ain kementsuba ta apala ixateko!

SALTAKABALLO: Iztarrak dardar apur bat egitten dauste, baña neure bijotzak eztauz taupada ederraguak inoz emon. Zeben izkillu gustijakaz eztozube ixilduko. (Buruzagi bijai) Eta zubei agur, sulexa juango zarien ezkero beste ludijan ezkara alkarrekin aurkittuko.

BAZKAIZTEGI: Zeure ameantzat ezer gura dozu?

SALTAKABALLO: Neuk esango dautsot esan biar dautsodan gustija. Beragana nuala ondo daki ta onuzkero itxadoten dago.

GANITZ: (Barkaiztegiri) Eskubak azkatu dagiskubezala agindu egixu Gorka jauna, il baño len Gurutza deunaren egin dagigun be. (Buruzagi bijen eta Barkaiztegiren bittartez azkatuten dautsez. Bittartian gudarostiak lerroz-lerro jarriko dira iru mutillen aurrian. Argidun, Ganitz eta Saltakaballo Gurutza deunaren egitten dabe eta gurutza txikitxuba laztandu daroe).

GANITZ: (Eskutitz bat dirakur) ...Eta arratsa jausten danian oso urdin-urdin, Gustizgarbijako atadijan jezarritten gara eta mendiz bera duazan bitxidor gustijetara adi gagoz urrunetik datorren geure Ganitzi itxadon eta itxadon. Dagozan polittak orain mendi-magaletako sagarronduak igali gorriz jositta zeuri begira-edo. Baña gabak estalduten dauz bitxidorrak eta geure Ganitz eztator eta otoika oeratuten gara urrengo egunak ekarriko dauskula geure seme kutuna-ta. Gustizgarbija ganetik igaro dira gaur lenengoko usuak baña etzattube ekarri. Ganitz, Ganitz! Diadar dagitzun zeure amearen otsik eztantzuzu? (Ganitz gogayen lanopian kikilduten geratuten da. Bigarren buruzagijak begijak estaldu gura dautsez).

SALTAKABALLO: Zegattik kendu gura dauskuzube bixitzea baño lenago ikusmena?

ARGIDUN: (Lokijak kenduten dauzala) Ez begirik estaldu. Geure antzean gitxik ikusi al ixango dabe erijotz orduban euren aberriko lurraldia ikusi. (Gudarostiari atzekoz aurre dagoz).

SALTAKABALLO: Obeto olantxe geure lurrari begira, geuria dalako erailgo ba-gozubez be.

GANITZ: Gaur be itxadongo dauste Gustizgarbijan... baña Ganitz betiko badua!

ARGIDUN: Agur euzko-lurra!... Jaungoikuak egingo al dau beti euzkoen lurra ixan zadila!

 

(Onetan euzko-abesti bat entzungo da urrunan, lenengo antzezkijan entzun dan abestija. Gudarijak abesti axe entzuten dagoz entzun gelduta-edo).

 

LENENGO BURUZAGIJA: (Ezpatea zorrotik atera ta gora jauoten dau) Zeben azkenengo naya esan egixube!

ARGIDUN: (Argidun itzuliko da adorez bere lagunak lengo eran dagozan bittartian) Ezetan iraundu ba-dogu Jaungoikuak azketsi dagiskula, gura geuke; Jaungoikuak azketsi dagitxubela aberrija matte dogulako aberria azkatu gura dogulako erailten gattuzbe-ta. Jaungoikuak euzkotar gustijak batu dagixala Laterri azke baten gura dogu... (Buruzagijak jatsiko dau ezpatea. Gudarostia sutots dagi. Argidun, Ganitz eta Saltakaballo ilda jausten dira, odolezko moltso bat egitten dabela. Antzokija gorriztauten da. Emakumia sartuko da ixilkiro eta iru illakana duala belaunbikotuten da eta mattekiro laztanduten dauz).

BAZKAIZTEGI: (Zoratuta legez txapela kenduten dau ta ostikopetu darua. Gudarijai) Tinko gustijok! (Olantxe dagije) Kendu txapelak!! (Gustijak burutzik).

LENENGO BURUZAGIJA: Zegattik?

BAZKAIZTEGI: Iru gixurenen odolaren aurrian zagozelako. (Txapela kenduten dautso ta lurrera jaurti darua) Eta zu txapel-barik geratuko zara españar ori. Eta eztot gudaltzako jantzi geyago soin ganian eruango, Euzko-Azkatasunaren Zinopa oneik gogua iratxartu daustelako. Egija eta Zuzentasuna ikusi dagijazan. (Barkaiztegik kenduko dauz dominak eta jaurtiko dauz. Lenengo eta bigarren buruzagijak oratuten dautse atxillotu bati legez. Euzko-Ereserkijaren abesti-otsak entzungo dira).

BAZKAIZTEGI: (Zarataka zoro bat legez) Lotu nagixube, il nagixube! Baña gaurgeroz aitortuko dot neure egijazko aberrija Euzko-Aberrija dala, eta biar bada neure azkenengo odol-tantua bere ixuriko dot!

LENENGO BURUZAGIJA: Iru zoro erail doguz baña euren zorakerija berpiztu dogu onengan!

EMAKUMIA: (Iru gorpuben ganian zutunduten dala leoi baten legez) Neure semiak erail dozubez! (Emakumiaren ingurubak argi dizdizkor batek estalduten dauz zerutiko agerpen bat ixango balitz. Bittartean Euzko-Abendearen Ereserkija entzuten da) Neure semiak erail dozubez! Mendijak... eta itxasuak... lurra... eta Aberriko ur gustijak zeben aurka jagi biar litzakez, gaizkinok, zoratuta legez matte naben semien gaizkinok... Nazana naz eta ixango nazana! Semien odolaz ta saminakaz azi tta aintziduten nazana naz! Itxartuten diran euzkoen goguetan bixi nazana naz! Euzkotarren mattale bakarra izango nazana naz! Lur zati bat ludijan dan artian eta euzko-bijotz batek dardar dagijan bittartian neure amatasun ezilkor au bixi ixango da! Ixadijaren asikeratik euzkotarren egijazko ama ixan nintzana naz! Il diran euzkoen amea neu ixan naz eta bixiko diranena neu naz. Neure altzuan alkartuta bixiko dira ezilkorra dan Azkatasun donian!...

 

Antzoyala

 

(Euzkadi, 33-1-26/33-2-15)