www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres I
Jean Barbier
1926, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992       

 

 

  hurrengoa

Aintzin-solas

 

 

        Eskuarazko liburu bat gehiago.

        Pfu... eginen dute zenbeitek, soin gainak higituz, halako aire minthu batekin. Zerentzat? Nork irakurtuko du?

        Zerentzat?

        Eta, ez duzue, dohakabeak, ikusten Eskual-Herria egunetik egunera ttipitzen hari zaukula?

        Ez duzue ikusten, gu, Eskualdunen izaite berezia, bertze gizakietatik oraidino gora berextu gaituen izaitea, izatu diren jende eta gauzen hobi zabalean etzateko heinean dela?

        Eskualdungoak, gure gizontasunak, orai arte nunbeit han iraun badu, bazterretako erauntsi eta zalaparta guzien gatik, dohain berezi batzueri esker iraun duela? Eta dohain hoik: fede, ohidura, josteta, etxe, oihan eta lur guziak oro ahulduz erhaustuz, ezeztatuz dohazila?

        Ongarristatuak, arthatuak ez diren pentze alhorretan, udaberriari buruz satorrak nausi.

        Lurpez, nehor ohartu gabe, bere lan galgarria baderama satorrak; eta gero, noizpeit, etxeko jauna ohartzen denean etsaiaren jauregieri, harriturik, errabian dago. Berantegi.

        Zonbat etxe, zonbat jauregi, itsas bazterrean, zonbat oihan, mendi mazeletan, nolako eremuak, Lapurdin bereziki, arrotzen eskuko direnak, arrotzen meneko!

        Nun gorde dire ontasun eta etxe horien jabe sortu zirenak, ihesi norat joan dire?

        Ai! arrotzen diru madarikatu horrek ezbalu etxerik eta lurrik baizik erosten! Gogoak eta bihotzak ere beretzen baititu, zorigaitzez, ebasten dauzkigula!

        Ongi ethorri! beraz, Piarres liburu berriari.

        Lehenagoko eskualdun zaharretarik dugu Piarres gaztea. Kontrabandan hari da, pilota partida batek ez du izitzen; igandetan meza bezperak entzunik eta bi mus ustelen artetik, badaki, eskualdun kantu pollitenaren itzulikatzen. Oihanaldekoa da Piarres. Erroak hazkar ditu Oihanaldeak, aitaxotik semeatxira, guziek, behar orduz eta behar den bezala, ematen baitakite Jainkoari berea, auzoari laguntza eta lurrari lana.

        Baina arrotzak ez ditezila Oihanaldetik hurbil, lur mikorik erostekotan!

        Ai! Oihanaldetarren idurikoak ukan baginitu eskualdun etxeko jaunak orai arte! Berant bada berant, egungo egunean oraino, Senperen bezala, Itsasun, Donibanen, Milafrangan eta, arranoek begi pean dauzkuten bertze zenbeit herritan, Oihanalde hainitz baginu!

        Liburu ederra, liburu ona, liburu beharra: Piarres.

        Bainan nork irakurtuko du?

        Nork irakurtuko duen? Eskualdun gazte guziek... Eskual-Herriaren eritasuna ezagutzen duten... ezagutua behar luketen sendaginek eskura baliezeete.

        Sendaginetan lehen, herrietako apezak. Nahi duenak nahi duena erran dezala. Daukat hemen, Eskual-Herrian, Erlijionea eta Eskuara, gure ohidura zaharrak eta sinhestea elqarri josiak dabiltzala, eta hain aspaldian nun, ahulduz eskuara, galduz ohidurak, nahi-t-ez ttipituko baituzue fedea eta kasik hilen azkenean.

        Egiaz diozu, Barbier, «Elizetan hegaldaka dabilan arima gabe, arima gabeko gorphutz bat baizik ez dela Eskual-Herria».

        Senpereko eliza gerizatzen duten arimek Senpereko lurrean dituzte gorphutzak. Hezur ala hauts, berriz piztuko dire. Senpereko etxe batean sortu ziren, etxe bereko lurrarekin lanean higatu, etxe berean hil.

OXOBI

 

  hurrengoa