Aza 20 05

Klasikoen Gordailua

 Tomas Kempiskoak (c. 1379-1471) idatzi zuen Imitatio Christi liburua “debozio modernoa” delakoaren laburbiltze garrantzitsuena suertatu zen, eta, aldi berean, hurrengo urteetan agertuko ziren erreformatzaile erlijiosoen zinezko egitaraua. Izan ere, aszetika liburu hau kristauen arimaren iparrorratz gisa hartu izan zen perfekziorako bidean. Eskolastika guztietatik urruti, liburu honek espiritualtasunean eta Kristoren imitazioan oinarritu nahi izan zuen bere proposamena. Berehala best-seller bilakaturik, ia lau mila edizio ezagutzeko tenorean dagoenean, euskaldunok ere ez dugu haren faltarik geure buruaren betegintzarre-ahaleginen lagungarri. Batez ere mugaz bestalde.  Ildo horretan, gaurkoan Klasikoen Gordailuak eskaintzen duen Leon Leon hazpandarraren Jesu-Kristoren Imitazionea (1927) dugu moldaketa berriena eta berritzaileena (“Lan huntan hasi ginelarik, iduritu zaikun, orhe bera hartuz, zerbait pollitagorik egin zitakela”). Kronologikoki lehena, dena den, S. Pouvreau euskaldun berriaren eskutik etorri zitzaigun: Iesusen Imitazionea  hain zuzen (XVII.mendearen erdialdean burutua, baina luzaroan argitaragabea). Harrezkero, Mixel Xurio azkaindarraren Jesu-Christoren Imitacionea (1720) eta Martin Maister-ek zubereraz eskaini Jesu-Kristen imitazionia (1757) dira azpimarragarrienak.
Aurrekoen osagarri, F.A. Hérouville apaiz frantsesak apailatutako liburuaren itzulpena da Alexander Mihura donibandarrak Andredena Mariaren Imitacionea, Jesus-Christoren Imitacionearen gañean moldatua izenarekin dakarkiguna (1778), oraingoan, izenburuak dioen bezala, Amabirjinaren antz-bidea proposatuz.
Amaitzeko, Saleseko San Frantziskoren “bizitze deboterako introdukzionea” edo Filothea ( 1664) da Bidarteko erretore S. Pouvreau-ren lan erraldoiaren beste ale adierazgarri bat bezala irakurle gosetuari eskaintzen zaiona. On egingo ahal dio!

Agenda

Efemerideak

Kritikak