Aza 20 05

Ken Saro Wiwa gogoratuz

Ken Saro Wiwa ogoni leinurukoa zen, hainbat eleberri, ipuin eta telebista gidoi arrakastatsu idatzi zituen 80ko hamarkadan, hala nola Basi & Company telenobela, Sozaboy eleberria edo Songs in a time of war (Kantak gerra garaian) poema-bilduma. 1990ean MOSOP, Ogoni Herriaren Biziraupenerako Mugimendua sortu zuen, bakea eta ekologismoa ardatz zituen erakundea. Nazio Batuen Herri Indigenen Batzordean mintzatu zen 92an, Nigeriako gobernuak eta Shell petrolio-konpainiak euren lurretan egiten ari ziren genozidioa salatzeko: Nigerko delta petrolioz oso aberatsa izanik ere, Ogoni herriak zigor bikoitza jasan zuen: aberastasunek Nigeriako diktadurak aberastu eta ogoniei ezer ez gelditzeaz gain, ogonien lurra erabat kutsatu zuten, ogonien bizimolde tradizionalak ziren nekazaritza eta arrantza suntsituz.
Ken Saro Wiwa 1994ko maiatzean atxilotu zuten eta mundu osoan salatu zen epaiketa fartsa baten ostean, urkamendian hiltzera zigortu zituzten Saro Wiwa bera eta beste zortzi ekintzaile. Munduko gobernuek, giza-eskubideen bultzatzaileek, idazle eta kulturgileek, International PEN-Klubak eta beste hainbatek eskatu zuen zigorra bertan behera uzteko. Abachak entzungor egin zuen, baina Shell konpainiarekin bildu eta presio egiteko ahaleginak ere alferrik izan ziren. 1995eko azaroaren 10ean urkatu zituzten. Mundu osoa hunkitu zituzten gertakari haiek, Nigeria Commonwealthetik egotzi eta Shellen aurkako boikota hasi zen.
Euskal Pen klubak bere omenezko ekitaldia egingo du datorren azaroaren 12an (larunbata) 17:00etatik aurrera Bilboko Arriaga plazan. Ken Saro Wiwa euskaraz irakurtzeko gonbidapena egin digu Urtzi Urrutikoetxeak, eta Emailu honetan dituzu irakurgai.

Agenda

Efemerideak

Kritikak