Api 03 03

Oh! Euzkadi isildu zen

Duela 20 urte, 1983ko martxoan isildu zen betirako Oh! Euzkadi aldizkaria, urte bete argitaratu barik egon ostean. 1977ko irailean Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre elkarrekin idazten hasi ziren Zeruko Argian, beraiek sortutako “Baietz astea gaizki bukatu” sailean. 1979ko maiatzean, 24 lagunek sinatutako Oh Euzkadi izeneko orri batzu agertu ziren: “Oh Euzkadi ez da herriaren aldizkaria eta ez dugu uste inoiz ere izango denik“. 1979ko ekainetik urria bitartean Izagirrek eta Saizarbitoriak “Oh! Euzkadi” izenburua darabilte Zeruko Argiako kolaborazioa berritzeko. 1980ko maiatzean Oh! Euzkadi aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu zen Donostian, aurrerantzean hilabetekari izateko asmoarekin, Lur argitaratzailearen babesean, Juanba Berasategiren irudiez eta maketaz.
Oh! Euzkadi aldizkarien eragile nagusiak Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta, Joxean Muñoz, Joxan Elosegi, Juanba Berasategi eta Gotzon Egia izan ziren. Hamasei zenbakietatik sei 1980an kaleratu zituzten, zazpi 1981ean, ale bana 1982ko otsailean eta martxoan eta azkena 1983ko martxoan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak