Eka 25 08

Gerard de Nerval-en
bigarren mendeurrena

Parisen sortua 1808ko maiatzaren 22an, bi mende dira Gerard de Nerval idazlea jaio zela. Idazle erromantiko esanguratsua, Hugo, Gautier eta Dumasen garaikide eta laguna, poesia, narrazioa eta antzerkia idatzi zituen. Nozitzen zituen dementzia krisiek erasana, Les Filles du feu eta Aurélia ou le rêve et la vie nabarmendu daitezke bere lanetan, 1853-54 urteetan idatziak. Hurrengoan, 1855eko urtarrilaren 26an, Parisen kalean urkatuta topatu zuten. Les Filles du feu-ko Sylvie, Valois-eko oroitzapenak euskaratu zuen Joseba Urteagak eta Igela argitaletxeak 2000. urtean plazaratu, Lehen amodioa liburuan. Osorik eskaintzen dizugu.

Gerard de Nerval (Gerard Labrunie ponte izenez) Parisen jaio zen 1808ko maiatzaren 22an. Bi urte zituela ama hil zitzaion, eta haren ausentziak badu eraginik bere obran. Harenak bainogehiago, baina, 1834an ezagutu zuen Jenny Colon aktorearenak. Berarekin maitemindu zen eta harremanak, bi norabideetan berdina izan ez zenak, eragin handia izan zuen idazlearengan, bere liburu askotan idealizatutako pertsonaia izan baitzen, baita aktorea hil eta gerora ere.

Frantziako erromantizismoaren ikurretako bat, esoterismoak badu presentziarik bere lanetan, eta errealitatea eta ametsa nahasteko bazuen joera.

Poesia, hitz laua, antzerkia eta itzulpenak egin zituen. 1828an Goetheren Faust itzuli zuen frantsesera, Goethek berak goraipatua, eta Berliozek Damnation de Faust sortzeko erabili zuena. Hoffmann ere frantseseratu zuen.

Eroaldi krisiak izaten zituen, eta 1841ean eroetxe batean sartu behar izan zuten lehenengoz, berarengan eragin handia izan zuen Blanche doktorearenean. Geroago bidaldi luze bat egin zuen Egipto, Siria eta Turkian zehar eta oroitzapen horiek eta fantasia bitxiak nahastuz Voyage en orient liburua argitaratu zuen 1851n (Bidaldia sortaldean zehar). 1849an eta 1854an eroetxean egon zen berriro, eta 1855eko urtarrilaren 26an Parisko kale batean urkaturik aurkitu zuten. Bere bizitzako azken aldian argitaratu zizkioten liburu gehienak: Les filles du feu (1854, Suaren alabak), Les Chimères (Kimerak), Aurélia ou le rêve de la vie (1854, Aurelia edo bizitzaren ametsa).

Euskarara Joseba Urteagak ekarri zuen Sylvie, Valois-eko oroitzapenak, Igela argitaletxeak 2000.ean argitaratua Lehen amodioa liburu kolektiboan (Samuel Beckett, Cesare Pavese, Dylan Thomas eta Guy de Maupassanten ipuin banarekin— liburu honi Egunkaria-n eta Gara-n eginiko iruzkinak ikus ditzakezu Kritiken Hemerotekan). Ez da euskaraz irakur daitekeen Nervalen lan bakarra, hala ere. 1984an, Argos Vergara argitaletxeak haurrentzako ipuin bilduma kaleratu zuen, Herensuge gorria, eta bilduma horretan Gerard de Nervalen Arrainen erregina ipuintxoa plazaratu zuen, Tino Gataganen ilustrazioekin, Ramon Etxezarretak euskaratua. Hori ere eskaintzen dizugu.

Luis Arostegik, bestalde, sonetotxo bat euskaratu zuen, Il a vécu tantôt gai…, eta Karmel aldizkariaren 209. zenbakian, 1994an, publikatu. Honatx.

Interneten Gerard de Nervali buruzko informazioaz gain, bere lanak eta berari buruzkoak aurki daitezke hainbat gunetan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak