maiatza 17 17

Idazle didaktiko bat Galiziar letren egunerako

Dia das Letras Galegas izendatua dute galegoek aspalditik Maiatzaren 17a: halako egunez, 1863an, Rosalia de Castroren Cantares Gallegos argitaratu zen, Galiziako literaturaren Rexurdimento ekarri zuena, mende ilunen ondoko pizkundea, “izotz ondoko eguzkia”, Lizardiren baimenarekin. Aurten Carlos Casares idazleari eskaini diote egun hori eta urte osoa.
Amaren eraginez apaiztegian sartua hamaika urteko zela, Casaresek irakurtzearen plazera deskubritu zuen bertan, eta apaizek (de)bekatutzat zeuzkaten obrak Xinzo de Limiako liburuzain komunistak eskuratu zizkion. Apaiztegia utzi eta Santiagora jo zuen ikasketak egitera. Hiriburuan giro galegista eta aurrerakoia aurkitu zuen, Ramon Piñeiro figura historikoaren inguruan. Laster hasi zen nabarmentzen prentsan, eta narratzaile indartsu azaldu zen ipuinean zein nobelan, errealitatea ukitu fantastikoekin osatuz (Vento ferido, 1967; Xoguetes para un tempo prohibido, 1975; Os escuros soños de Clío, 1979; Ilustrísima, 1980…). Egun, Viana do Boloko eskolak Carlos Casares izena dauka: hango irakaslea zela, herriko haur txiroek bertan bazkaldu ahal izan zezaten ahalegindu zen, baina komunista zela hedatu, espedientea ireki, lanpustua kendu eta Galizia osoan debekatu zioten klaseak ematea (atzean, ustelkeria lotsagarri bat agertuko zen gerora). Emigratu egin behar, eta Bilbora 1970ean. Gurean, libre zegoen lanpostua zentroko zuzendari frankistak espultsatutako irakasle batena zela jakin zuen. Klaustro osoa jarri zen zuzendaritzaren aurka, eta hurrengo urtean ez zioten inori kontratua berritu… Os escuros soños de Clío bildumako Idazle didaktiko bat izeneko ipuina euskaratu dugu Carlos Casaresen omenez.

Agenda

Efemerideak

Kritikak