Ots 28 08

Michel de Montaigneren Entseiuak

Otsailaren azken egunean, duela ia 500 urte, jaio zen Michel Eyquem de Montaigne (1533-02-28), Dordoinako Saint-Michel de Montaignen, aitonak erositako gazteluan. Aita, Pierre Eyquem, Bordeleko alkatea zen, eta goi mailako familia izanik, ikasketak eta formazio humanista sendoa jaso zituen Michel de Montaignek. Hizkuntza klasikoak eta legeak ikasi zituen, eta hainbat urtez epaile jardun. Etienne de la Boetieren lagun-mina, honen heriotzak asko atsekabetu zuen, eta bere barneranzko bizimodura bultzatu. Garai hartan, gainera, erlijio gerrek astindua zuten Frantzia, eta hain zuzen ere 1572an, San Bartolome gau odoltsua jazo zen urtean, ekin zion bere obra nagusiena dena eta pentsamenduaren historian goi mailako tokia eman diona idazteari: Essais ospetsua. Handik aurrera bere lanari lotu zitzaion, baina jardun publikoa utzi gabe —katolikoa izanagatik ere, Enrike IV.a Nafarroakoaren aholkulari jardun zuen, Bordeleko alkatetzarako aukeratu zuten; Europan bidaiatu zen; katoliko eta protestanteen artean bitartekari lanak egin zituen…—. Bizitzako azken urteetan Essais lana ondu zuen, eta 1592an hil zen, 59 urte zituela, Montaigneko bere gazteluan.

Essais Eduardo Gil Berak euskaratua du, Entseiuak, eta Pentsamenduaren Klasikoak bilduman plazaratua hiru liburukitan (1992, 93 eta 94an), Klasikoak bildumaren webgunean topa daiteke obra osorik, testu eta pdf formatuetan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak