Api 17 18

Karlos Cid Abasoloren Keinu konplizeak



Hainbat literatura lanen itzultzaile izan da Karlos Cid Abasolo (Madril, 1963), bereziki idazle txekiarrak ekarri ditu euskarara (Hasek, Holub, Kundera, Skvorecky). Apirilaren 19an lehendabiziko poema liburua aurkeztuko du: Keinu konplizeak. Liburu jolastia egin du Cid Abasolok, jolastia irudietan, ironian, irakurlearekin bilatzen duen konplizitatean. Ametsezko giroarekin hasten da, eta gaur egungo gizakiei eta munduari buruzko begirada ironikoarekin jarraitzen du, literaturaren inguruko zenbait hausnarketarekin bukatzeko.

Api 13 18

Felipe Riusen Metropoli Forala

Apirilaren 13an hil zen Felipe Rius idazle eta kazetari iruindarra, 56 urte zituelarik. Argitaratu zituen Bi argazki eta hainbat polaroid narrazio-liburuaz (1999, Pamiela) eta Zinema japoniarra saiakeraz gain (1999, Alberdania), kolaborazio ugari kaleratu zituen hedabideetan. Guk, haren oroigarri, 1991tik 1999ra Euskaldunon Egunkariako Nafarkaria gehigarrian argitaratutako 70 artikulu bildu ditugu, sailari izena ematen zion Metropoli Forala tituluarekin.

Api 11 18

Al Bertoren errealismo berria

Norma eta arau orokortuetatik aparte bizi izan zen, eta hala, bazterrekoaren etiketa atxiki izan zaion poeta da Al Berto. Izen handien zerrendetan ageri ez bada ere, goi mailako poeta da. Errealismo berria deitutako korrontean sailkatua, errealismo gordinaz gain (gorputza…), lirismoa eta beste zenbait elementu biltzen da haren poesian. 50 urte bete aurretik hil zen, 1997an, minbiziak jota. Joxemari Sestorainek ekarri ditu portugesetik euskarara haren poemak.

Api 10 18

Ezra Pounden poemak

Poeta gutxi dira XX. mendean Ezra Pounden garrantzia eta prestigioa eskuratu dutenak. Belaunaldi Galduko kide, berritasunaren eta hausturaren poetika bultzatu zuen, kiritikariek “berritasunaren tradizioa” deitu duten ildoan. Jaiotzez estatubatuarra, Europara aldatu eta Londres, Paris eta Italian bizi izan zen. Unibertso poetiko erraldoi baten egilea, euskarara ekarri ditu haren poemak poesia-itzultzaile ez ezik poeta ere baden Luigi Anselmik.

Api 09 18

Literatur errepublika
Literaldia 2018an

Bartzelonako Euskal Etxeak hutsik gabe jarraitzen du urteroko Literaldia antolatzen. Liburu ginkana batekin eman zioten hasiera iragan apirilaren 6an, kantu afariarekin segi biharamunean eta Lauaxeta katalanera itzultzeko tailerrarekin jarraitu dute asteon. Dol i sol / Haztamuka errezitaldi poetikoa eskainiko du Luisa Etxeberriak apirilaren 14an. Kirmen Uribek Zaldiak eta beren itzalak errezitaldi poetikoa eskainiko du apirilaren 16an. Koldo Izagirrek berriz, Literaldian aurkeztuko du du Que vol foc, Mr Churcill? liburua, Sua nahi, Mr. Churcill? katalanera itzuli ostean. Bartzelonan eta Mallorkan egingo ditu aurkezpenak. Iban Zaldua apirilaren 24an mintzatuko da bertako literaturzaleen aurrean.

Api 01 18

Manuel de Pedroloren mendeurrena

1918ko apirilaren 1ean jaio zen, duela mendebete, Manuel de Pedrolo idazlea.  Erreferentzia ezinbestekoa Kataluniako literaturan, 36ko gerra galtzetik eta kontzentrazio-eremutik onik ateratako militantea idazle egin zen, antzerki-obrak eta eleberriak batik bat. 1969an euskaratu zen haren lanik, Salbador Garmendiak Egan aldizkarian Gizonak eta Ez antzezlana, eta Elkar argitaletxeak 1989an Bigarren jatorriko makinaizkribua zientzia fikziozko eleberria plazaratu zuen, Jokin Lasak itzulia. Biak ere osorik irakur daitezkeenak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak