Mar 23 17

Otto Rene Castillo, Bost poema deserri eta maitasun

Mende erdi bat betetzen da martxoaren 23an  Otto Rene Castillo poeta eta gerrillari guatemalarra torturatu, fusilatu eta erre zutela. Hemezortzi urte zituen CIAk Jacobo Arbenz lehendakari aurrerakoia kenarazi zuenean putx batez: nekazaritza erreformatu nahiak talka egiten zuen United Fruit Companyren interesekin. Nerabe zenetik politikan jarduna, Castillok El Salvadorrera egin behar izan zuen ihesi laster. (gehiago…)

Mar 23 17

Olasagarreren nobela berria: Poz aldrebesa

Bi gizonezkok hemeretzi urte daramatzate bikote izaten. Azken aldian, ordea, bien arteko harremana apaldu egin da, eta batek besteri galdetu dio: “Kanpoan maiz larru jotzen ari al zara?”. Fideltasunaren eta leialtasunaren artean diferentzia egiten badakite biek, baina egia esatearen eta egia ezkutatzearen artean dagoen tarte txikia amildegia bilaka liteke une kritiko batean. Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa nobela berriak Axiren eta Josebaren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du: amodioa, lagunartea, politika. Gaur, martxoak 23, Donostian liburua aurkezteaz batera eskaintzen dizugu osorik sarean.

Mar 22 17

Pete Seeger kantariaren beste hamahiru kantu

Duela hiru urte hil zen Pete Seeger kantaria. Orduko hartan hainbat kanta ekarri zizkion euskarari Josu Landak. Oraingoan sorta berri batekin dator Lou Topet, Harkaitz Canok euskaratutako 13 kanturekin. Loraldia jaialdian aurkeztuko dute datorren martxoaren 26an Bilboko Arriaga antzokian.

Mar 18 17

Xarriton, agur eta ohore

Atzo hil omen zinen, Piarres Xarriton. Nolako eskuzabala zinen, bagenekien lagunek erranik. Gero, zuregana jo genuelarik laguntza eske, harritu gintuen zure pozak eta lanerako kanoreak. Zuregatik izan ez balitz, Armiarmak ez zuen Eskualduna kazetaren bilduma euskaldunen esku eman ahal izanen. Dolu hartzen dugu hila zarela jakinik, zurekin solastatzeak bazuen jakingarri, pizgarri eta proiektubide. Omenaldi apal bat egin nahi dizugu, guztiz apala, Chabier Gazteizen berri emanez. Oroitzen? Hogeita bat urteko, euskaldunon historiaren berri hasi zinen ematen Aintzina aldizkarian, norbaitek animaturik laburpen bat egin zenuen eskolarako. Nongo eskoletarako? Hegoaldea Franco pean, Iparraldea nazien mende… Eta hala ere, zeinen edizio polita Eskualdunak liburuttoa (1943), Isaak Diez de Ibarrondoren marrazkiekin! “Arbasoeri jarraiko behar zaizkote burua gora oraiko Euskaldunak ere, eta nahiago ukan behar dute berak hil, Eskual Herriaren suntsitzea ikusi baino”. Ez zen eskola liburu bat, ahalegin xume bat baizik burua arnastera ateratzeko suntsimendu hartan. Eman zenion, bai, zure herriari. Ez zaitugu ahaztuko.

Mar 13 17

Antonin Artauden antzerkia

Jainkoaren Judizioari Akabera Emateko antzerki-lanean aitortzen duenez, testuak balio dio “zikinkeria sozial ofizialki bedeinkatu eta onartu jakin batzuk salatzeko”. Antzerkiaren bitartez —hala autore nola aktore, baita zineman ere—, poesiaren bitartez, saiakeraren bitartez eta oro har kultura akzioaren bidez horixe egin baitzuen Antonin Artaudek, salaketa, agitazioa, ezarritakoaren iraulketa asmoa. Antzerkigintza modernoaren aitzindarietako bat, Jainkoaren Judizioari Akabera Emateko antzezlana, Asier Sarasolak euskaratua, irakurgai dago Tabakalerak eskaintzen duen Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketan. Eta baita Armiarman ere.

Mar 05 17

Pier Paolo Pasoliniren Gramsciren errautsak

Etsipen moduko bat dario Pier Paolo Pasoliniren Gramsciren errautsak poemari. 1957an idatzia, idazle eta zinemagileak Antonio Gramsci buruzagi komunistari eskainitako poema luzea da, eskaintza bainoago elkarrizketa eta adierazpena dena, eta etsipena Gramsciri berari ere ematen diona. Euskaraz irakur daiteke Pasoliniren poema eder hau, Iñigo Aranbarrik egindako itzulpen-lan bikainean.

Mar 03 17

Juan Karlos Merinoren ipuinak

Duela hilabete, otsailaren 3an, hil zen Juan Karlos Merino idazlea. Narrazio laburren esparrua landu zuen azkoitiarrak, eta han-hemenka argitaratutako ipuinez gain, bi liburu eman zituen plazara, Txalaparta argitaletxearen Literotura bilduman Kondoi urrunak (2002), eta Eleak argitaletxean Kaleko ipuinak (2006). Osorik eskaintzen dizkizuegu biak.

Mar 02 17

Mari Luz Estebanen
saiakera berria

Feminismoa eta politikaren eraldaketak saiakera da Lisipe bildumako bigarren liburua, Mari Luz Estebanek idatzia eta martxoaren 6an Donostian jendaurrean aurkeztuko duena. Politika berrasmatzen ari gara? Galdera horrekin irekitzen du elkarrizketa Estebanek. Nolakoa da egungo mugimendu feminista? Zein izan da azken hamarkadetan ezagutza sortzeko eta zirkularazteko erabili den metodologia nagusia feminismoan? Noraino dira bateragarriak erreforma eta haustura? Nola egituratzen da lidergoa? Nola babestu eta kritikatu aldi berean boterean dauden feministak? Sarean osorik eskaintzen dizugun liburuan hamaika galdera aurkituko ditugu erantzun bakoitzeko eta hamaika eraldaketa konfrontazio bakoitzeko.

Agenda

Efemerideak

Kritikak