Abe 25 13

Tzara hil zen duela 50 urte

Parisen 1963ko abenduaren 25ean hil zen Tristan Tzara idazlea, Dada mugimenduaren sortzaileetarik bat. Hogeita bi urte zituela, Zuricheko Meise aretoan Dada manifestua eta beste zenbait testuren irakurraldia egin zuen Tristan Tzarak 1918ko uztailaren 23ko arratsaldean, Marcel Janco pintorearen afixa batez iragarrita. Manifestu hura Dada aldizkariaren hirugarren zenbakian argitaratu zen 1918ko abenduan, honela abiaturik: “Manifestu bat azaltzeko, A.B.C. nahi izan behar da. Tximista jo 1.2.3.aren kontra. (…) Norberaren A.B.C.a inposatzea gauza naturala da, alegia, deitoragarria”. Dada manifestua euskaraturik bidali digu Koldo Izagirrek.

Abe 19 13

Amos Oz, Kutxa beltza

Dibortziatutako senar-emazteak, seme asaldatzailea, iraganeko okerrak, fanatismoa… horiek dira Amos Oz idazle israeldarraren Kutxa beltza (1986) nobelaren ardatzak. Gutunketa luze batek egituratzen du kontakizuna: lehena Ilanak senar ohiari Jerusalemetik Chicagora igorria, hurrena Alec-ek emazte ohiari arrapostua, eta abar. Nobelako aurreneko hiru eskutitzak itzuli ditu Miel A. Elustondok, euskara estreinakoz ekarririk Amos Ozen lan baten pasarteak.

Abe 12 13

Itxaro Borda, Just love

Orain hogeita bost urte, 1988ko abenduan plazaratu zuen Maiatz argitaletxeak Itxaro Bordaren hirugarren poema liburua: Just love. Poetaren ahotsak dimentsio berri bat hartu zuen, eta idazlearen liburu ederrenetako bat da zalantzarik gabe. Orain sarean osorik eskaintzen dizugu, eman izan genituen bezala Itxaroren lehendabiziko bi liburuak: Bizitza nola badoan poema bilduma eta Basilika eleberria, biak 1984an argitaratuak.

Abe 04 13

Susa argitaletxea
Durangoko Azokan

Barrenkale-ko 45-46-47 standetan izango da Susa Durangoko Azokan. Arrate Mardarasen Prendrive, Xabier Montoiaren Azken afaria eta Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz dira argitaratu berri ditugun liburuak. Aurtengo uzta beste hauekin osatu dugu: Uxue Alberdiren Euli-giro, Oier Guillanen Elkartasun basatia, Mikel Tabernaren Alkasoroko Benta eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat. Eskerrik asko urtean barrena lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen.

Abe 03 13

Pendrive, Arrate Mardaras

Historiako aro ezberdinetan gertatutako maitasunezko kontakizunak dakartza Arrate Mardarasen lehendabiziko liburuak: Pendrive. Harpeetan, erromatarren garaian, Erdi Aroan, 36ko gerran… zertarako bizi, maite duzunarengandik urrun bada? Norbaitek galdu egin duen pendrive bateko testuez eta ipuinez osatutako liburua da, botila baten barruan jaurtitako mezuaren antzekoa balitz bezala. Joan den astean aurkeztu zuen Mardarasek Pendrive, eta sarean ere emana duzu orain.

Abe 02 13

Munduko Poesia Kaierak

Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean, Munduko Poesia Kaierak proiektua abiaraziko du Susa argitaletxeak 2014an. Udaberrian idazle hauen antologiak plazaratuko dira: Georg Trakl (itzulpena: Anton Garikano), Maria Merce Marçal (itzul: Itxaro Borda) eta Aime Cesaire (itzul: Iñigo Aranbarri). Eta gero udazkenean beste hiru: Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirre), Emily Dickinson (Angel Erro) eta Miguel Hernandez (Josu Landa). Durangoko Azokan zero zenbakia banatuko dugu Susaren standean, itzulpen horien laginez osatua.

Agenda

Efemerideak

Kritikak