Abu 31 06

Nagib Mahfuzen heriotza

95 urte zituela hil da, 2006ko abuztuaren 30ean, Kairon noski, Nagib Mahfuz idazlea. XX. mendeko Egiptoko idazle eta intelektual inportantea, Mirarien karrika liburua medio ezagutu da, hein handi batean, Mendebaldean, eta batez ere 1988an Nobel saria jaso zuelako. Ipuinak idazten hasitakoa, 1947koa da Mirarien karrika, eta 50eko hamarkadakoa bere obrarik esanguratsuena, Kairoko Trilogia (Bi jauregien artean, Azukrearen kalea, Desiraren jauregia). Lehenago hasitako eleberri historikoak utzi eta arlo sozialagoko narrazioetara lerratua zen Mahfuz. Gerora beste hainbat eleberri, ipuin-bilduma eta filmetarako gidoi idatzia da literatura arabiar modernoaren aitatzat jotzen den Nagib Mahfuzek (Lapurra eta zakurrak; Miramar…). Euskaraz ere irakur daiteke. Patxi Zubizarretak ekarri du euskarara Mila eta bat gauen gauak, eta Txalapartak kaleratu 2006ko maiatzean. Mirarien karrika ere, Literatura Unibertsala bildumakoa, euskaratua du Zubizarretak, aurten argitaratuko dena.
Mila eta bat gauen gauak liburua eskaintzen dizugu.

Abu 31 06

Joseba Sarrionandiaren poemak

Unibertso bakarra akaso, baina mundu diferenteak aurki daitezke Joseba Sarrionandiaren poemetan. Mundu diferenteak edo munduari begiratzeko modu diferenteak. Izuen gordelekuetan barrena (BAK, 1981) poemariotik hasi, eta Marinel zaharra (Elkar, 1987) eta Gartzelako poemak (Susa, 1992) liburuetan barrena, Hnuy illa nyha majah yahoo (Elkar, 1995) obraraino. Bilakaera bat, eta baita bilaketa bat ere. Horien guztien antologia irakur dezakezu Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman, Sarrionandiaren poemen antologian.

Abu 24 06

Iñigo Aranbarriren poemak

XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman jaso zen Iñigo Aranbarriren poemen antologia. Jonas Poisson (Susa, 1986) eta Dordokak eta Elurrak (Susa, 1989) poemarioekin hasitako bidearen sendotzea ekarri zuen Harrien lauhazka (Susa / Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, 1998) lanak. Euskal poesiaren alorrean erreferentzia, beste hainbat jenerotan ere jarduna da (eleberria, kronika, saiakera). Hemen daukazu Iñigo Aranbarriren Kaiera osorik.

Abu 17 06

Luis Berrizbeitiaren poemak

Liburu miragarria honakoa, eta miragarriak bertako poemak“. Horixe idatzi zuen Xabier Mendigurenek Argia aldizkarian 1988an Zoperna jenerala (Pamiela, 1987) poemarioari egindako kritikan. Eta segidan liburua aletzen zuen, poetaren berri ere emanez: Luis Berrizbeitia. Hainbat jende liluratu zuen Zoperna jeneralaren ostean, Elkarrekin 1992an Eremu karroinduak kaleratu zuen eta Susak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman sartu zuen. Osorik irakur dezakezu bere poemen antologia, Kaieran bildutakoa.

Abu 17 06

Lizarraga Elkanokoaren idazlanak (II)

Abuztuaren sasoi honetan Joakin Lizarragaren beste idazlan luzaroan argitaragabe zenbaiti egokitu zaie sarea ezagutzea. Gaurtik aurrera, bada, Elkanoko abadearen hiru lan gehiago aurkitu ahal izango ditu irakurleak Klasikoen Gordailuan. Batetik, berrehun bat sermoik osatzen duten bilduma: Sermoiak (1771-1800: 2004); bestetik, beste horrenbeste himnoz, bertsoz eta kantuz osatutakoa: Koplak (1793-1821: 1983). Eta, hirugarrenik, nonbait Lizarragak berak luzatutako “persona senziloak pensa brebe aisa ala” leloarekin bat egin nahian, San Joanen ebanjelioaren itzulpena eta bi dotrina luze eransten dira Beste zenbait itzulpen (c. 1821: 2004) estekaren baitan.

Abu 10 06

Jon Alonsoren Camembert helburu

Saiakera fikzioz margotua? Narrazio saiakeraz hornitua? Saioa eta eleberria maisuki uztartu zituen Jon Alonsok Camembert helburu liburuan. Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Susa argitaletxeak 1998an kaleratua, Toulouse-Lautrec pintorearen bizitzaz eta lanaz azterketa zorrotz bat egiteaz gain, haren margolan baten inguruko eleberri bikaina josi zuen Jon Alonsok. Dena liburu berean, osorik irakur dezakezuna.

Abu 10 06

Toribio Altzagaren bost antzezlan gehiago sarean

Toribio Altzaga Anabitarte (1861-1941), Donostiako idazlearen, beste bost antzezlan jarri ditu sarean euskaraz.netek:  Arpuxa kalian eta Txingurri bakarrizketak, txotxongilo ikuskizunerako eratutako Kaskagogorra, Biyak bat elkarrizketa eta Osaba, hiru ekitalditan banatutako antzezlana. Aurreko lauak testu labur eta arinak dira, garaiko euskaldunen gozamenerako idatziak; Osaba antzezlana, berriz, asmo handixeagokoa da, umorea eta Altzagak hain bereak dituen elkarrizketa biziak alde batera uzten ez baditu ere.

Abu 03 06

Iokin Zaitegiren mendeurrena

1906ko uztailaren 26an jaio zen Iokin Zaitegi. Idazle, itzultzaile eta kultur ekintzaile nekagaitza, asko dira arrasatearrak jorratu zituen eremuak. Itzultzaile gisa egindako lanak azpimarragarriak dira, batez ere klasikoak euskaratzen egindakoa: Sofokles, Euripides, Platon, J. Benaventeren Abereen indarra, EbanjeliñeEuzko-Gogoa aldizkariaren sortzaile eta sustatzaile nagusia izan zen, Guatemalan lehenbizi eta Miarritzen gero. Eta sortzaile ere izan zen. Hitz lauz idatzitako Bidalien eginak lanaz gain, olerkari izan zen Iokin Zaitegi. Aldizkarietan plazaratu zituen poema asko, eta bi liburuetan bildu zituen: Goldaketan (Mexiko, 1946) eta Berriz ere Goldaketan (Guatemala, 1962). Osorik eskaintzen dizkizugu biak.

Abu 03 06

Lizarraga Elkanokoaren idazlanak

Elkanoko apaiz izan zen Joakin Lizarragaren unea iritsirik, bi labealditan eskainiko ditu Klasikoen Gordailuak haren idazlan garrantzitsuenak. Eta oraingo honetan hagiografiaren ildokoei eman bazaie lehentasuna, hurrengoan sermoigintzarekin eta liturgiarekin zerikusirik dutenak sareratuko dira. Hori horrela, bada, honako hauek dira gaurkoan gordailuratuak: Jesu Kristoren eta Ama Birjinaren bizitzak (c. 1793: 1994) izenekoa, ehun eta laurogei bat sainduren bizitza jasotzen dituen Sanduen bizitzak (c. 1793, 1994) eta, azkenik, beste saindu mordo baten bizitzak biltzen dituen Zenbait sanduen biziak asteaz datozinak (1793-1813, 1994).

Agenda

Efemerideak

Kritikak