Uzt 30 06

Aurpegi uholdea

Israelgo Armadaren erasoen ondorioz dira aipagai egunotan hedabideetan Libano eta Beirut. Literatura arloan mugimendu handiko herria da Libano, poeta interesgarrien sorleku. Eurak dira Libano libre, Libano erresistenteko poetak. Eurak gaurko Libano setiatuan. Euren ohoretan.

Uzt 27 06

George Bernard Shawren Candida

1856ko uztailaren 26an jaio zen George Bernard Shaw, Dublinen. Antzerki autore handia, botereari kritika egitea presente dago hala bere antzerki lanetan nola saioetan, bereziki kritika lanetan, literatura eta musika alorreko kritika lanetan. 50etik gora antzerki-lan idatzi zituen, batzuk oso arrakastatsu eta ezagunak: Alargunen etxea; Candida; Pigmalion; Patuaren gizona; Armak eta gizona; Santa Joana… 1925ean Nobel saria eman zioten. Candida obra dugu euskarara itzulia, Jon Agirrek euskaratua eta Ibaizabalek argitaratua 2002an, Literatur Unibertsala bilduman, orain osorik eskaintzen dizueguna.

Uzt 23 06

Manuek Puig: bizitza pelikula da, literatura bizitza da

Wong Kar-Wai zinemagileak Manuel Puig eta haren Boquitas pintadas ditu idazle eta liburu gustukoenak. Paraje hauetan ez oso ezaguna, nor da Kar-Wai liluratzen duen egile hori? Cuernavacan hil zen, Mexikon, 1990eko uztailaren 22an. Atzo 16 urte. Orain gutxi kaleratu dute haren biografia, eta 2004an Argentinako El cuenco de Plata argitaletxea haren lan ezkutukoak argira ekartzeko lanean hasi zen.

Uzt 20 06

Rikardo Arregi Diaz de Herediaren poemak italieraz

Roberta Gozzi itzultzailearen lanari esker, italieraz irakur daitezke Rikardo Arregi Diaz de Herediaren lau poema. Izenburuek hots ederra dute: Poema d’amore, Più o Meno –IV; Souvenir Pieux; Fogli caduti per strada eta Poema d’amore, Più o Meno –I. Susa argitaletxearen webgunean eskaintzen dizkizugu.

Uzt 20 06

Martin Ugarte Saletxeren lanak

Duela 10 urte, 1996ko uztailaren 18an hil zen Martin Ugarte Saletxe idazle legazpiarra. Baserri eta artzain giroaren eta batez ere hizkuntza-ondarearen ekarpenak literaturara ekartzen ahalegindu zena, hitz lauzko On egiñaren obariak (Kuliska Sorta, 1972) da bere lehen argitalpena, non Arriantxo sasi-medikuaren bizitza nobelatu zuen. Gutxi argitaratuagatik, bertso eta olerki lana izan zuen jardunik oparoena. Sari hainbat irabazitakoa, bere poemarik ezagunenak eta esaera zaharren bilduma argitaratu zituen Legazpiko Udalak 1986an, Jatorriaren errotik liburuan, zeina osorik eskaintzen dizuegun. Horretaz gain, bildu ditugu hainbat aldizkaritan —Legazpiko Hots-en, besteak beste— argitaratu zituen poemetarik ia gehienak.

Uzt 20 06

Eliz literatura

Gure literatura klasikoak nagusiki erlijioaren esparruko gaiak izan ditu ardatz, eskuarki, teologiaren labarretan ausartu gabe, eliz mezua zabaldu baino egiten ez zutenak. Horren erakusgarri, eta J. A. Mogelen idazlan guztiak biltzeko ahaleginean, haren Kristaubaren ikasbidea (XVIII.mendea: 1987) eta Kristau Erakasle Euskalduna (XVIII.mendea: 2004) eskaintzen ditu Klasikoen Gordailuak gaurkoan, bi-biak katiximen arlokoak. Beste multzo batean datoz Juan Mateo Zabalaren Sermoiak-I (1816-1833: 1996) eta Sermoiak-II (1816-1833: 2000). Txomin Agirreren Sermoiak (1898-1916: 2000) izeneko bildumak emango dio amaiera gaurko irakurraldiari. Nolanahi ere, erlijio-literatura urruti duenari interesgarri egingo zaizkio Mogelen lehen liburuaren erdarazko hitzaurrea eta Agirreren sermoien artean galdutako harribitxia, hots, Euskeraren alde izeneko hitzaldia.

Uzt 16 06

France Preseren: “Ene bihotz mikatzak faltan zaitu oraindik”

Donostiako Meetok argitaletxeak France Preseren poeta esloveniarren poema bilduma kaleratu du berriki (Poemas, 2006). Preseren Esloveniako poeta nazionala da. Otsailaren 8an Preseren Eguna da Eslovenian. 1849ko otsailaren 8an hil zen. Esloveniako kulturaren eguna da otsaileko hori orain. Gaur gutxira arte, haren aurpegia agertzen zen 1.000 tolaretako billeteetan. Hain da garrantzitsua Esloveniarentzat, hain da baliotsua, heroi nazionaltzat daukate. Eta heroi nazionala ez da gerlari bat, ez tenientea, ez koronela: ez zuen armarik hartu. Heroi nazionala poeta da. Pentsamendua eta hitzak ziren haren babesgarri eta ikur. Bere Zdravljica (Brindisa) poema da 1991. urtetik Esloveniako himno nazionala. Garaiko altxamendurako oihu bat, aberriari eta pozari eskainitako amodiozko kantua da.

Uzt 13 06

Non dago Basques’ Harbour

1989an Balizko erroten erresuma kaleratu eta zortzi urtera publikatu zuen Koldo Izagirrek bere hurrengo poema-liburua, Non dago Basques’ Harbour (Susa, 1997). Eta beste mugarri bat ezarri bere literaturgintzan, pauso bat areago emanez bere hizkuntza poetikoan, estiloan, unibertso literarioaren eraikuntzan. Lehendik bagenekiena berretsi baizik ez zuen egin: euskal poesiaren ahotsik garrantzitsuenetakoa dela berea. Osorik dauzkazu irakurgai -eta entzungai gainera, batzuk- Basques’ Harbour-eko poemak.

Uzt 09 06

Xuan Bello: “Betebehar morala da nonbaitekoa eta garai batekoa izatea”

Xuan Bellok bere herritik, Asturiasetik, begiratzen dio munduari, eta herri horren memoria aldarrikatzen du aurrera begiratzeko ere. Asteon Donostian izan da.

Uzt 06 06

Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan

Euskal herritarrekiko harremana ez zuen  Ernest Hemingwayk Iruñean soilik izan, ez horixe. Idazlearen Kubako etxea hainbat euskaldunen biltoki bilakatu zen, AEBetako zerbitzu sekretuentzat lanean. Ertamerika eta Hegoamerika osoan errepikatuko zen jarduera eta eskema. AEBetako artxiboetan egindako ikerketa baliatuta, harreman eta jarduera horri buruzko saiakera mamitsua idatzi zuen Edorta Jimenezek, eta Susarekin kaleratu 2003an.

Uzt 02 06

Suizidak: antologia bat

Arrazoi batek edo besteak bultzatuta, idazle asko izan dira historian zehar beren buruaz beste egin dutenak. Maikovski, Plath, Pavese, Rigaut eta Tsvetaeva izan ziren horietako batzuk.

Agenda

Efemerideak

Kritikak