Abe 29 05

Arantxa Urretabizkaiaren poemak

XX. mendeko literaturan erreferentzia, Arantxa Urretabizkaiaren poemek leiho berri bat zabaldu zuten euskal letren panoraman, bakarka poesia liburu bakarra plazaratu bazuen ere: Maitasunaren magalean (GAK, 1982). Ordurako Zergatik panpox (Hordago, 1979) kaleratua, bere jardunak segida izan du narratibaren arloan. Bere poemen bilduma bat dakar XX. mendeko Poesia Kaierak, hemen osorik eskaintzen dizueguna.

Abe 27 05

Poesia primitiboa, “dena da poesia”

Ernesto Cardenal idazle nikaraguarrak munduko hainbat tribu eta etniaren adierazpen poetikoak jaso zituen Antologia de la poesia primitiva (Poesia primitiboaren antologia) liburuan. Liburu horretan, idazleak munduan barrena jaso zituen poemak daude; horietako asko idazlea Mexikon, AEBetan eta Europako hainbat herrialdetan bizi izandako garaietan bildutakotakoak dira. Poesia dena izan daitekeela dio Cardenalek.

Abe 22 05

Joxe Austin Arrietaren poemak

Narratibaren alorrean ezagutu genuen Joxe Austin Arrieta, Bidaia / Termitosti (Ustela, 1978) eta Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979), baina 80ko hamarkadan poesia bereziki landu zuen: Arrotzarena neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989). Hizkuntzaren lanketa, erritmo eta neurrien jokoa, Susa argitaletxeak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Joxe Austin Arrietaren poemen antologia.

Abe 22 05

Urtea klasikoen artean amaitzeko

Ohikoegiak ditugun gai idorretatik urrunduz, eta adin guztietako irakurleak gogoan harturik, Klasikoen Gordailuak literatur lan goxo zenbait eskaintzen bukatu nahi du aurtengo jarduna. Eta neguko arrats elurtsu luzez hornituta datorkigun urte amaierari aurre egiteko, zer egokiago eta dibertigarriago gaztetxoentzat Nemesio Etxanizen Arraldea ipui zarra (1923), Bitor Garitaonandiaren Ipuin laburrak (1922) edota Otxoluaren Bertolda eta Bertoldin ospetsua (1932) sutondoan irakurtzea baino? Eta klasikozale adinekoontzat, zer gogoangarriago Jean Martin Hiribarrenen Montebideoko berriak (1853) baino? Zer literarioago, zer barnekoiago Xabier Lizardiren Euskera andiki soiñekoz artikulu-bilduma (1922-1933) baino?

Abe 20 05

Alice Munro: ihes libre izatera, ihes galdu arren

Ipar Amerikako idazlerik garrantzitsuenetako bat. Narrazioaren erritmoak eta tonuak ondoen ezagutzen dituen idazlea. Bere hamaikagarren liburua da aurton kaleratutako Runaway izenekoa. Zortzi ipuin ezberdin, zortzi protagonista ezberdin, zortzi ipuin ia antzeko gordetzen ditu liburuak. Tituluak barruan biltzen duenaren adierazgarri: ihesaldia, patua, laster, isiltasuna, desira, botereak eta abar.

Abe 15 05

Friedrich Dürrenmatt euskaraz

1990eko abenduaren 14an, orain 15 urte, hil zen Friedrich Dürrenmatt idazle alemana. Suitzan 1921ean jaioa, bere antzerki-lanek egin dute ezagun, eta izaera existentzialistako bere polizi-eleberriek. Justizia, errua, heriotza, behin eta berriro bere lanetan ageri diren gaiak dira. Euskarara Antonio M. Labaienek ekarri zuen lehenbiziko, 1963an, Egan aldizkarian argitaratu zuen Gizona eta Kidea antzezlan laburrarekin. 1992an Ereinek argitaratu zuen, Bartleby bilduman, Matxura narrazioa, Xabier Mendigurenek euskaratua, Andres Urrutiaren hitzaurrea duena. 1999an, azkenik, Labayru institutuak euskaratu zuen Hizketaldia gauez antzezlan laburra Zubizabal aldizkarirako. Osorik irakur ditzakezu.

Abe 15 05

Amaia Lasaren poemak

Sentsibilidade berria ekarri zuen Amaia Lasaren poemagintzak 60etako urte haietan. Poesia sozialaren eta bestelako ereduen erdian, argi propioa piztu zuten ahots haren emakumezkotasunak, eta era berean izaera lirikoak. Poema bilduma, Hitz nahastuak eta Paradisuetan poemarioak argitaratu zituen 70eko hamarkadan, eta Susa argitaletxeak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen haren lanen antologia bat. Hementxe duzu osorik.

Abe 13 05

Vassili Grossman: “Eta gauzak horrela, gizakia bizitzen saiatzen da”

Idazlea jaio zela mende bat bete zen atzo. Zenbat denbora pasatu eta gero ahazten ditugu idazle handiak? Eta zergatik? Zergatik baztertu eta ahaztu zuten Grossman? Ez zituen liburu asko argitaratu. Ez zioten utzi. Oso ezaguna izan ez arren, XX. mendeko lanik garrantzitsuenetakoa da Bizia eta Patua. Liburu hartan jasoa dago, Felipe Juaristik bildu eta euskaratu berri duen Azken Gutuna eta beste (Erein, 2005). Jaiotzaren mendeurrenean, haren oroimenez.

Abe 12 05

Pascal Quignard: “Isilka hitz egiteko modua delako idazten dut”

Pascal Quignard, egungo Frantziako idazlerik anakoreta eta ikonoklastenetakoak, Dernier Royaume proiektua amaitu berri du. 1948an jaio zen Verneuil-Sur-Avren. Vincennesko unibertsitatean irakasle. Bere curriculumean aipagarri, François Mitterrandekin antzerki eta opera barrokoko festibala antolatzen ibili izana Versaillesen. Gallimard argitaletxeko irakurle taldekoa, lana utzi eta 1994tik idaztera jarri zen buru-belarri.

Abe 08 05

Juan Mari Lekuonaren heriotza

2005eko abenduaren 5ean hil zen, 78 urte zituela, Juan Mari Lekuona. Poeta handia, literaturaren ikertzailea, literatur kritikaria, 200. Literatur Emailuan jarri genuen osorik Juan Mari Lekuonaren Poesia Kaiera. Bere ibilbide poetikoaren adierazle bezala balio dezake antologia hura gogora ekartzea.

Abe 08 05

Eta handik gutxira gaur

Ahots indartsuz plazaratu zen 2004ko udaberrian Eider Rodriguez. Eta handik gutxira gaur ipuin bildumarekin erakutsi zigun gure historiari, gure egunerokoari, bere barrenari leiho bat irekitzeko eta literatura bihurtzeko gaitasuna bazuela Rodriguezek, eta estilo ederrez egin ere. Osorik aurkezten dizuegu bere narrazio liburua.

Abe 08 05

Zortzi liburu gehiago Klasikoen Gordailuan

Klasikoen Gordailuak zortzi izenburu berrirekin aberastu nahi du gaurkoan bere erakusmahaia, zortziak, agerian da, gure literatur tradizioaren erakusgarri nabarmenak: Pedro Astarloaren  Urteko domeka gustijetarako berbaldiak (1818), Jose Kruz Etxeberriaren Ongi bizitzeko (1824), Jean Pierre Duvoisinen Liburu ederra (1856),  Jose Ignazio Aranaren  San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua (1872), Andres Iturzaetaren Asteteren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak (1899), Kandido Basaberen Andra-Mariaren ezkutua (1914), Federiko Belaustegigoitiaren Andoni Deunaren bizitza (1919) eta Polikarpo Iraizozen Yesu Kristo gure Yaunaren bizia(1934).

Abe 06 05

Romain Kacew, Romain Gary: aurpegi asko, gero ezkutatzeko

Duela hogeita bost urte, ahoan tiro bat eman eta bere buruaz beste egin zuen. Ez zen Romain Kacew bakarrik hil; Romain Gary eta Emile Ajar ere hil ziren berarekin batera. Goncourt saria bitan irabazi duen idazle bakarra. Bakarra: idazle bakoitzak behin bakarrik irabaz dezakeelako. Baina bera idazle asko zen, pertsona berean. Ospearen pisua arindu nahian asmatu zituen izengoiti horietako asko, nahi zuen hura egiteko askatasunaren bila.

Abe 01 05

Irigarayren poemak

Kutxarekin 1978an kaleratu zuen Jose Angel Irigarayk Kondairaren ihauterian poema liburua, eta haize freskoa ekarrin zion poesigintzari. Ahozko tradizioa, kantua, historia eta era berean molde berriak nahasten zituen poesia sujerente batean. Bizi minaren olerkia, Urdinkara eta orain gutxiko Joan-jinaren labirintoan liburuek sendotu egin du bide hori. Susa argitaletxearen XX. mendeko poesia bilduman argitaratu zuen Kaiera, eta hementxe dakarkizugu osorik.

Agenda

Efemerideak

Kritikak