Abu 25 05

El Diario Vasco-ko literatur kritikak

El Diario Vasco egunkariaren DVZabalik euskarazko gehigarrian hasia lehenagotik, 1992ko udazkenaz geroztik gaur arte jardun du —eta segitzen du— Felipe Juaristik liburuen kritikak egiten, euskarazko liburuen kritiken ardurarekin. Armiarma webgunean jarri ditugu El Diario Vasco egunkarian 1992tik 2001era bitartean argitaratutako 245 kritika, eta dagoeneko 1.300etik gora dira Literaturaren Zubitegian jasotako kritikak. Kritiken hemerotekara ere bildu ditugu.

Abu 25 05

Bala zeru urdina

Hemezortzi urte zeuzkan eta esateko gauzak eta haiek esateko grina eta modua. Hartara, indarrez kaleratu zuen Xabier Aldaik Bala zeru urdina poemarioa, 1993an, Susa argitaletxearekin. Lubaki Bandako kide zen, eta hain zuzen bera izan zen talde hartan liburua argitaratzen lehena. Zazpi urteko isilune baten ondotik, 2000. urtean narrazio liburua kaleratu zuen, Bazterrekoak. Osorik daukazue Bala zeru urdina.

Abu 18 05

Thomas Mannen heriotzaren 50 urte

1955eko abuztuaren 12an zendu zen Thomas Mann, Alemaniako literaturak XX. mendean ezagututako idazle handienetako bat. II. Mundu Gerrara bitarteko gizarte alemaniarra erretratatu zuen bere eleberrietan, estilo aldetik ere ekarpenak eginez eleberrigintzari. 1929an Nobel saria jaso zuen. Buddenbroktarrak, Mendi magikoa eta Fausto doktorea dira bere lanik esanguratsuenak, euskaraz dagoen bakarrarekin batera: Herioa Venezian. Literatura Unibertsala bildumaren baitan kaleratu zen, Ibaizabal etxearekin, 1992an, Xabier Mendigurenek euskaratua. Osorik eskaintzen dizuegu.

Abu 18 05

El Correo Español-ko literatur kritikak

188 kritika gehiago ditu Literaturaren Zubitegiak, eta dagoeneko 1.000tik gora dira gunean dauden kritikak. Eguneraketa El Correo Español egunkariko kritikak gehituz egin dugu, 1996tik 2001 bat bitartean Javier Rojok idatzi dituen kritikak hain zuzen ere (2001etik gaur artekoak lehendik bazeuden). Literaturaren Zubitegian liburu bakoitzari eransteaz gain, Kritiken Hemerotekan ere jarri ditugu. Bertantxe ikus dezakezu zein diren iruzkindutako liburuak.

Abu 11 05

Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin

Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin nobela jarri dute irakurgai euskaraz.net gunean. 1915ean Oiartzunen jaioa Donostiako Udaleko langilea izan zen urtetan, eleberrian bertan kontatzen digun eran. 1964ko Agora saria jaso zuen nobelan haurtzaroko eta gerra garaiko kontu lazgarrien berri ematen du Salaberriak euskara bizi ederrean. Beste bi liburu ere eman zituen argitara Auspoa liburutegian: bertso jarriak biltzen dituen Nere soroko emaitzak, eta Sagardotegiak, Donostia inguruko sagardotegi ezagunen berri ematen duena.

Abu 11 05

Berba legezko aiztoak

Ttu-Ttuá aldizkariko bultzatzaileetarik bat, Bilboko Aurrezki Kutxaren saria irabazi eta antzerki-lan bat izan zen  Joanes Urkixoren lehen publikazioa: Eta beharbada ispilu beltz bat. Narrazioak argitaratu zituen ondoren, Elur gainean (1984) eta Lurra deika (1991), biak Erein argitaletxearekin. Tartean, 1990ean, oraingoz bakarra duen poema liburua kaleratu zuen Susarekin, orain osorik aurkezten dizuegun Berbak legezko aiztoak.

Abu 03 05

Lauaxetaren poemak

Duela 100 urte, 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Estepan Urkiaga Lauaxeta Laukizen. Senez prosista, bokazioz baino konbikzioz poeta, hizkuntzaganako maitasunak eraginik idatzi zituen bere poemak. Honela aitortu zuen: “eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño”edo “soluan atxurretan Aberrija goralduko nebala uste baneu, laster itxiko neuke lan au”. Poesia europarrari begira, formetan eta gaietan euskal poesia bide berrietan abiarazten saiatu zen, baina betiere idazkeraz eta ideologiaz bere alderdiari loturik: “Olerkarija barik Jeltzale benetakua nazala entzutiak atseginduko nau”. Bide barrijak (1931), Arrats beran (1935) liburuak bezalaxe, hemen irakurriko dituzu poema solteak (1925-1937) eta poema itzuliak (1927-1931), adibidez: Tennyson, Hugo, Jammes, Baudelaire, Verlaine.

Abu 03 05

Lauaxeta eta antzerkia

Lauaxetak bost antzerki lan idatzi eta itzuli zituen. Horietako bat, Gotzone izenekoa galdu egin da, eta Mungian eta Lekeition 1931ko udan antzeztu zela bakarrik dakigu. Euzkadi egunkarian argitaratutako lau antzerkiok irakurgai dituzu Klasikoen Gordailuan; sortzezkoak, asmo komikoz: Asarre-aldija (1931ko maiatzean plazaratua) eta Epaya (1932ko otsailean); eta itzulpenak, asmo dramatikoz eta politikoz: Maurice Maeterlincken Balbia (1932ko abenduan) eta Manu Sotaren Iru gudari (1933ko urtarril-otsailean).

Abu 03 05

Poetek Lauaxeta gomutan

Lauaxeta 1937ko ekainaren 25ean goizeko 5:39etan fusilatu zuten faxistek Gasteizko Santa Isabel hilerrian. Zenbait idazlek Lauaxeta gogoan zutela egindako poemak bildu ditugu: Salbatore Mitxelena, Gabriel Aresti, Ibon Sarasola, Bernardo Atxaga, Xabier Montoia, Omar Nabarro, Iñigo Aranbarri, Eusebio Erkiaga, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Joseba Sarrionandia.

Abu 03 05

Lauaxeta nobeletan

Gure literaturako pertsonaia ere bilakatu da Lauaxeta. Juan Luis Zabalaren Agur, Euzkadi (Susa-2000) nobelako protagonista nagusia duzu, Julen Lamarainekin batera. Bestalde, Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak (Susa-2003) nobelako zenbait pasartetan ere ageri da, baina bigarren mailako, Steer eta Monks eta Capa kazetarien aldamenean. Eta Xabier Mendiguren Elizegik antzezlan labur bat eskaini zigun: Lau haizetara (Susa aldizkariaren 20 zenbakian, 1987an).

Agenda

Efemerideak

Kritikak