Mai 31 05

Infaly Ture: “Nire ardura jendearen kontzientzia piztea da”

Ginea Bissauko kantari eta poeta. Bolaman jaio zen, eta ikasketak amaitu zituenean, aukera baten bila ibili zen Afrikan lehenik. Esperientzia ondo atera ez, eta Gineara itzuli zen. Futbolak Europara egiteko modua eman eta Portugalera egin zuen. Bi futbol taldetan ibili zen. Madrilera joan zen gero, Bilbora azkenik. Fidjus di Africa taldeko abeslaria da gaur.

Mai 31 05

Beste mundu txiki bat: Cuevano

Jorge Ibarguengoitia. Ezezaguna ia. 1983an hil zen hegazkin istripuan, bere literatur ibilbidearen gailurrerantz hurbiltzen ari zela. Geroztik ahaztua eta baztertua. Mexikoko literatura solemnitatetik askatu zuen, ironia eta umore garratzaren bidez. Abizenak salatzen du sustraiak nongoak dituen. Bartzelonako Seix-Barral argitaletxeak Jorge Ibarguengoitiaren lanak berrargitaratuko ditu aurrerantzean. Estas ruinas que ves 1975eko nobela izan da kaleratu duen lehen lana.

Mai 26 05

Alberto Barandiaranen Mundu txikia

Hamalau ipuinez osatuta dator Alberto Barandiaranen Mundu txikia, idazlearen fikziozko lehen liburua, Susak argitaratua eta Iñigo Aranbarriren hitzaldiz aurkeztu berria izan dena; liburuko lau ipuin eskaintzen dizkizugu hemen. Lehendik bi kronika hunkigarri ezagutzen dizkiogu Alberto Barandiarani: Gaizkileen faktoria (2000) eta Ez zaigu ahaztu (1998).

Mai 26 05

Jokin Zaitegiren poemak

Itzultzaile eta literatur eragile bizkorra —Euzko Gogoa aldizkaria Iokin Zaitegiren auspoaz atera zen, Andima Ibinagabeitiaren laguntzarekin—, bi poema liburu plazaratu zituen Iokin Zaitegik: Goldaketan (1946) eta Berriz ere goldaketan (1962). Bi liburuotan eta literatur aldizkarietan plazaratutako lanetan erbesteko poeta ageri da. Forma eta arnasaren aldetik landuegia ez bada ere bere poemagintza, deserriratzea sufrimendu izan zenen ahotsa da berea, 36ko gerra ondorengo urte horietan ezinbesteko erreferentzia. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman eman zuen argitara Susa argitaletxeak Iokin Zaitegiren poemen antologia, osorik eskaintzen dizuguna.

Mai 24 05

Marcos Giralt Torrente: “Nobelak ezin du erantzun errazik eman”

Espainiako etorkizuneko idazlerik garrantzitsuenetakoa izango zela iragarri zuten Espainiako kultur gehigarriek 1995. urtean Entiéndame ipuin bilduma kaleratu zuenean. Herralde saria irabazi zuen gero Paris (Anagrama, 2000) nobelarekin, eta iragarpenak errealitate bilakatu ziren. Los seres felices eleberria kaleratu du Anagrama argitaletxearekin orain gutxi. Promozio lanetan ari da orain buru-belarri idazle madrildarra.

Mai 19 05

Salbatore Mitxelenaren poemak

Orain 50 urte, 1955eko martxo-apirileko eta maiatz-ekaineko Euzko Gogoa aldizkariko zenbakietan kaleratu zituen Salbatoren Mitxelenak Abendats eta Bizi nai poemak, bere poesi bidean esanguratsu eta inportanteenetakoa. Gerra osteko poesigintzan ere mugarri bilakatu ziren, isilarazitako ahots baten plazaratze gordina ekarri baitzuten, urte batzuk lehenago argitaratutako Arantzazu poemaren ildotik. Erreferentzia ezinbestekola gure literaturan, Susa literatur argitaletxeak 2000. urtean kaleratu zuen Salbatore Mitxelenaren poemen antologia bat, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman. Orain osorik daukazu.

Mai 17 05

Gerra eta literatura: “Gerla ote dugu gerla?”

Asko idatzi da II. Mundu Gerraz munduko literaturetan. Gehiago Europa zaurituan, heroikoago AEBetan, Japoniaren birjaiotzara begira Asian. Lehen begiratuan ez hainbeste gurean, ez behintzat Gerla Handiaz edo 36koaz bezainbeste. Baina bazen gerla horretan euskaldunik, ezta? Nola landu den, garaian eta gerora, gerra ostean, eta zein ikuspuntutatik, Europako literaturan eta euskaldunean, ikusiko dugu ibilbide honetan. Gerra eta literatura eskutik beste behin ere.

Mai 12 05

II. Mundu Gerraren amaiera

Maiatzaren 8 eta 9an  gogoratu da II. Mundu Gerra Europan duela 60 urte amaitu zela. Euskal Herria ere ukitu zuen gerrak ez du adierazpen gehiegirik izan gure literaturan, baina zerbait bai. Badaude liburu batzuk, artikuluak, bertsoak… eta guk Emailu honetara, efemeride haren harira, ekarri nahi izan ditugu Xabier Iratzaderren 6 poema

Mai 12 05

Xabier Iratzederren poemak

II. Mundu Gerra ez ezik, hamaika gai landu ditu bere poemetan Jean Diharce Xabier Iratzederrek: antzerki-lan eta kronika-lanez gain, 15 poema liburu ditu kaleratuak 1940an Zakalar izeneko poemarioa kaleratu zuenetik. Horietarik  Fededunen arbasoa, adibidez, osorik eman genuen 128. zenbakiko Literatur Emailuan. Susak egindako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zen Iratzederrena, 2000. urtean. Osorik eskaintzen dizugu orain. 

Mai 10 05

Fleur Jaeggy: itxaropenik ez

1968an kaleratu zuen bere lehen lana. Sei lan kaleratu ditu soilik ordutik. Drama hotz eta tragikoak dira bere narrazioak. Azkena Proleterka izan zen, 2001ean. Hedabideetan apenas agertzen den. Egileari buruzko ezaugarririk ez da ezagutzen ia. Zorrotzak eta isilunez beteak dira bere lanak. Ez du gupidarik pertsonaiekin eta munduarekin. Ez dago itxaropenik bizidunentzat.

Mai 10 05

Marianne Moore: pangolinak, adarbakarrak eta beste animalia batzuk

Mende hasierako AEBetako idazle garrantzitsuenetako baten libururik berezienetakoaren berrargitarapen osatua kaleratu du Bartzelonako Acantilado argitaletxeak. 1936an kaleratu zen lehen aldiz The Pangolin and Other Verse Londresen. Animaliak eta pertsonak modu erromantiko batean elkar hartuta: kobrak, sugandilak, dragoi txikiak, tximeletak, saguzarrak, usoak eta pelikanoak eta gehiago. Eta natura. Eta mundu berri bat islatzeko nahia poesiaren bidez. Eta poesia berria.

Mai 05 05

Urtzi Urrutikoetxearen Auzoak

Urtzi Urrutikoetxearen lehen narrazio liburua duzu Auzoak. Kontakizunak gaurko Bilboren kronika egiten du 24 ordutan, goizaldetik goizalderako bidaia batez, hiritarren bizibideetan erreparatuz beti. Auzoak Bilboko Erronda kaleko Likiniano kulturunean aurkeztuko du maiatzaren 11n (datoren asteazkenean) 11:30etan. Urrutikoetxearen liburu berriko bost atal eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.

Mai 05 05

Paul Celan euskaraz

1970eko apirilaren 20an bota zuen bere burua Seine ibaira Paul Celan poetak. Errumanian jaioa, judua, frantses pasaporteduna, idazle alemana, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da Paul Celanena. Kontzentrazio-eremu batean gatibu izandakoa, Tximeleta eta memoria poema liburuak (1952) eman zuen ezagutzera, eta bere hurrengo liburuek bere irudien indar eta sakona berretsi. Euskaraz ez zaio deus argitaratu, baina hemen dakartzagu bi poema, Heriofuga eta Hendaia, Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik, hurrenez hurren, euskaratuak.

Mai 05 05

Pako Aristiren Libreta horiko poemak

Urte batzuk narratiban murgilduta eman eta gero, 2003. urtean poesiara itzuli zen Pako Aristi. Oparitu zioten libreta hori batean poemak idazten jardun zuen hainbat denboraz, eta argitara eman Susa argitaletxearekin. Poema soilak, alderdi formalari baino edukiari emanagoak, Aristiren munduaren eta gogoeten erretratu eta kritika zorrotza —batzuetan biluzia— eskaintzen digute. Osorik eskaintzen dizugu

Mai 03 05

Dylan Thomas: erraietatik bizitzari lotuta

Swansean, Galesen jaio zen 1914ko urriaren 27an Dylan Thomas. Kazetaria izanik, zinema eta irratirako gidoiak idatzi zituen. San Vicenteko ospitalean hil zen, New Yorken, 1953ko azaroaren 9an. 39 urte zituen. Alkoholak barrena janda. Bere azken esaldia: “Hemezortzi whisky hartu ditut jarraian, marka ona da”. Baina esan zuenak baino garrantzitsuago behar luke idatzi zuenak. Bere poesia osoaren bilduma kaleratu du Madrilgo Visor argitaletxeak gaztelaniaz.

Agenda

Efemerideak

Kritikak