Urt 27 05

Nemesio Etxanizen poesia

Urtarrilaren 27an hil zen, 1982an, Nemesio Etxaniz. 1899an jaioa, gerra aurreko aldizkarietan jardun eta olerkari gisa ezaguna egin zen. Kartzelaratua, gerra ondorengo euskal literaturako pertsona inportantea izan zen, eta halaxe bere jarduera bertako eta erbesteko aldizkari eta liburugintzan. Jakin zuen, horretaz gain, idazle eta kulturgile gazteenekin harremana egiten eta 60-70etako kultur giroan ere aritu zen. Hainbat lanen egile, bere poesia lanen antologia kaleratu zuen Susak XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman. Hementxe duzu osorik.

Urt 27 05

Pirineoak eta poesia

Lau poeta katalan (Marc Granell, Marta Pessarrodona, Josep Palau i Fabre eta Gemma Gorga) eta lau euskaldun (Jean Louis Davant, Tere Irastortza, Arantxa Urretabizkaia eta Felipe Juaristi) errezitalak ematen arituko dira datozen egunetan Idazle Elkarteak antolatutako Pirinioak Pirineus ekimenean. Saiook, urtarrilaren 27an (osteguna) 19:00etan Andoainen, urtarrilaren 28an (ostirala) 19:00etan Altsasun,  urtarrilaren 29an (larunbata) 19:00etan Bilboko Kalderapekon eta urtarrilaren 30ean (igandea) 19:00etan berriz ere Andoaingo Bastero kulturgunean. 

Urt 20 05

Itxaro Bordaren Amorezko pena baño

1996an eman zigun Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibearen bigarren abentura. Bakean ützi arte eleberrian aurkeztu zigun, bi urte lehenago, kabale eta jenteentako detektibea, Zuberoako lurretan ikerketan. Lurralde eremu oso zehatza du Amorezko pena baño liburuak ere kokaleku nagusi: Bardeak.  Haren inguruan josi eta askatuko da, oraingo honetan, korapiloa. Osorik irakur dezakezu.

Urt 20 05

Miguel Torga hil zela 10 urte

1995eko urtarrilaren 17an hil zen Miguel Torga idazle portugaldarra. S. Martinho de Antan 1907an jaioa, Adolfo Correia da Rocha benetako izena zuena, XX. mendeko Portugalgo ahots inportanteenetako bat izan da. Jenero guztiak landu zituen, eta lan inportanteak dauzka hala poesian nola narratiban. Piztiak narrazio liburua (Os Bichos, 1940), bere narratiban erreferentzietako bat, 1997an euskaratu zuen Bego Montoriok, eta Alberdania argitaletxeak argitara eman. Ipuin bilduma interesgarri horretako bi ipuin aurkezten dizkizugu, Nero eta Vicente, eta hitzaurrea, Miguel Torgaren eta liburu honen aurkezpena dakarrena.

Urt 20 05

2004an 238 literatur kritika

2000. urteko abenduan hasi ginen prentsako literatur kritikak batzen. Euskal liburuen kritikak agertzen diren medio guztiak hustutzen ahalegintzen gara, eta dagoeneko 1000tik gora kritika batu ditugu azken urteotan. Iazko guztiak batuta daude jada, eta guztira 238 liburu kritika batu ditugu kritiken hemerotekara. Kritikok bilatzeko modua dago Susaren kritika hemerotekan; liburuaren arabera, egilearen arabera, argitaletxeka, kritiken egileka edota agertu den komunikabidea galdetuz. Bilatzaileak horrek datuok guztiok emango dizkizu.

Urt 13 05

Mikel Tabernaren Txokolatezko dinamita

Bidasoa inguruko uren doinu eta usaina darie Txokolatezko dinamita liburuko ipuinei. Literatur aldizkarietan zaildua, estreinako liburua zuen Mikel Tabernak Susarekin 2002an kaleratu zuen hau. Hamar istorio eta hainbat protagonista hurbileko dakarzkigu Tabernak, ezagutu gabe ere denon ezagunak direnak, idazkera estilo fin batez ehundutako istorioetako protagonistak.

Urt 13 05

Pudente lehen euskal opera Interneten osorik

Euskaraz.net-ek Serafin Barojaren Pudente, lehen euskal opoera, jarri du sarean. Egileak berak egin zuen lehen argitarapena 1878an eta J.A. Santestebanek, 1890 inguruan, musika idatzi  eta Pudente operaren libretoa argitaratu zuen. Euskaraz.net atariak bi bertsioak jarri ditu sarean, bakoitza dagokion musika eta partiturekin.

Urt 06 05

Iñigo Aranbarriren Harrien lauhazka

Poema liburu indartsu eta betea eskaini zigun Iñigo Aranbarrik 2000n, Susa eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren eskutik: Harrien lauhazka. Azken urteetako gure literaturako erreferentzia sendoa, liburuak Aranbarriren ahotsa eta unibertsoa, gurea ere baden unibertsoa, aurkezten dizkigu. Poesiaren zerrendetan lehendik ere egina zeukan tokia betikotu zuen idazleak poema-liburu honekin.

Agenda

Efemerideak

Kritikak