Abe 30 04

Jon Miranderen gutunak

1972ko abenduaren 28an hil zen Jon Mirande. Bere idazlanen balio eztabaidaezinaz bat, bere ibilbidea ere aipagarria da oso, kulturgintzan, literaturgintzan edo politikagintzan. Pentsamenduaren alorrean, bederen. Horrek denak, jakina, isla du bere literatur lanetan, baina garbi asko agertzen da Jon Mirandek bere adiskideei hainbat urtetan zehar (1948-1972) idatzi zizkien gutunetan. Susa argitaletxeak kaleratu zituen 1998an, Patri Urkizuk prestaturiko edizioan, eta orain osorik irakur ditzakezu.

Abe 23 04

Edorta Jimenezen Speed gauak

Bilboko kaleak eta abiadura, bizitza azkar bizitzeko protagonisten grina, zume horiekin ekin zion Edorta Jimenezek Speed gauak (Susa, 1991) egiteari, eta halaxe ondu zuen bere garaiko erakusle baden eleberria. Euskal Herriko hiri batean bizi zen garaiko kontakizuna egin zuen Edorta Jimenezek, estreinako orrialdetik bertatik katigatuz irakurlea protagonistek Bilbon —Bilbo ere bada protagonista— izango dituzten ibileretan.

Abe 23 04

Txekhoven Rothschild-en biolina euskaraz

Finitzen ari garen 2004 urte hau, Txekhoven heriotzaren mendeurrena bezala gogoratu dugu literaturan. Izan be, 1904ko uztailaren 15eko goizaldean hil zen Anton Txekhov idazle errusiarra. Ipuingintzako maisu, antzerkigile handia, bere heriotzaren mendeurrena dela-eta euskarara ekarri diren bere lan guztien bilduma egin genuen uztailean. Orain, berri bat gehitu gura genuke, Jose Morales itzultzaileak errusieratik euskarara ekarritako Rothschild-en biolina, Txekhhovek 1894an argitaratua.

Abe 16 04

Koldo Izagirreren Balizko erroten erresuma

Poesia libururik argitaratzeke hamaika urte igaro ostean, Balizko erroten erresuma argitaratu zuen Koldo Izagirrek 1989an, Susa argitaletxearekin. Hamaika urte horietan hainbat lan egin zituen, hainbat alorretan, baina poeta hor zen, hor zenez.  Poetika eta literatur ikuspegi oso bat ekarri zuen plazara Balizko erroten erresumak, gure literaturan mugarri bat ezarriz, orduko eta geroko euskal poesigintza entenditzeko ezinbestekoa. Osorik eskaintzen dizugu.

Abe 16 04

Sarri gure artean azkenengoz

Bihotz Bakartien Klubak azken saioa egingo du abenduaren 16an (osteguna) 20:00etan Durangoko Plateruena kafe antzokian Sarri gure artean errezitaldiarekin. Duela lau urte, Lagun Izoztua liburua argitaratu zenean, hitzaldi baten aitzakian egindako Joseba Sarrionandiaren testu irakurketa batetik sortu zen Bihotz Bakartien Kluba, geroztik makina bat saio egin ditu gaztetxe, areto eta kultur gunetan. Poeta hilen kluba eta Zakil alu hori! ikuskizunak antolatu ostean, orain bide berrietan murgildu da; Arrakalak muntaiarekin. Besteak beste; musika, animazioak eta poemen irakurketa egiten da Arrakalak lan honetan.

Abe 01 04

Telesforo Monzonen mendeurrena

1904ko abenduaren 1ean jaio zen Bergaran Telesforo Monzon Olaso. Euskal Herriaren XX. mendeko historiaren lekuko bainoago protagonista, ezaguna da politikan egindako bidea Espainiako II. Errepublikaren garaian hasi eta 1981ean hil zen arte. Politikari eta ekintzailez gain, ordea, idazle izan genuen Telesforo Monzon. Poema, antzezlan eta artikuluen egile, ezin baztertuzkoa da Monzonek literaturan egindako ekarpena. Haren lan gehientsuenak bildu ditugu: kaleratu zituen bi poema liburuak (Urrundik eta Gudarien Egiñak), liburutan sartu ez ziren olerki solteak (baita oraintsu aurkitutako zortzi inedito), bost antzezlan (aldizkarietan eta are liburu gisa argitaratuak) eta kantak. Bestalde, eta artikuluei dagokionez, Koldo Izagirrek apailatu eta Elkarrek kaleratu zuen antologia ekarri dugu: Langosta baten inguruan liburu eder askoa. Irakurgarri dituzu denak.

Abe 01 04

Harkaitz Canoren Norbait dabil sute-eskaileran

Zazpi urte joan ziren Kea behelainopean bezala (Susa, 1994) Harkaitz Canoren lehen liburutik, poema-liburutik, bigarrenera, gaur osorik eskaintzen dizugun honetara: Norbait dabil sute-eskaileran. Beste jenero eta lan batzuetan aritu ondoren, poemen tiradera berriro ireki zuen 2001ean eta Susak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak elkarrekin kaleratutako liburuan bildu handik ateratako poemak. Poesiarako sena ez zitzaiola agortu erakutsi zigun Harkaitz Canok. Oraintxe gaztelaniaz argitaratu du, hain zuzen, bere azken poema liburua, 2003an Olerti Etxearekin kaleratu zuena: Dardaren interpretazioa.

Agenda

Efemerideak

Kritikak