Urr 28 04

Pablo Sastreren Elurretan hotsak

Elur egunak gurean ez-ohikoak eta bereziak izaten diren gisan, Pablo Sastreren Elurretan hotsak nobela besteak ez bezalakoa da. Andoaingo ehun lagun inguru ekarri ditu, eta elur egun bitan herri oso bat da protagonista: andoaindarrak. Nobela mintzatua deitu dio Pablo Sastrek, jendeen solas hariei jarraiki jositakoa baita: antzerki edo dokumental moduko bat, baina aldez aurretik inork entsegurik egin gabe jokatua. Sei ekitaldietatik bi irakurriko dituzu Susaren gunean.

Urr 28 04

Jose Luis Otamendiren Euri kontuak

Abuztu amaierako Emailuan adierazi genuen bezala, 1999an jauzi garrantzitsua egin zuen bere literatur ibilbidean Jose Luis Otamendik. Bost poesia libururen ondoren, XX. mendeko euskal poesigintzan izena errotua jada, narratibarako jauzia eman zuen eta Euri kontuak plazaratu Susa argitaletxearekin. Ipuinak dituzu kontu hauek, lirismoz blaituak bai, baina narrazio petoak.  Osorik irakur ditzakezunak.

Urr 28 04

Oh! Euzkadiren despedida

1979ko urriaren 28an, Zeruko Argiaren 849. zenbakiarekin, Oh Euzkadi sailak ez zuen Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak idatzitako artikulua eskaini. Zenbaki horretan idazle gonbidatua soilik izan zuten, Maripi Solbes, eta halaxe egin zuten hurrengo bietan ere. 850.ean Juan Jose Lasa eta 851.ean berriro ere Maripi Solbes, eurek espresuki izenburua jarritako Oh Euzkadiko azken gonbidatua-n. Hortxe, 1979ko azaroaren 11ko zenbakian, amaitu zen sail interesgarri eta aberats hau. Aste honetan, sailaren despedida gisa, soilik idazle gonbidatua izan zuten azken hiru ale horiek eskaintzen dizkizugu.

Urr 28 04

Bartolo Ayerbe Euskaraz.net liburutegi digitalean

Gero eta liburutegi digital osatuagoa dauka euskaraz.net guneak. Oraintsu Bartolo Ayerberen Gaintza jaioterriko eta gero bizileku izan zuen Altza-Loiola inguruko oroitzapenak biltzen dituzten bi lan osorik jarri ditu euskaraz.netek liburu digitalen atalean: Nere mundualdia eta Zaharrak berrituz. Atal berean irakur daiteke ere Joxe Ayerbe, Bartoloren semearen, Alako batean bertso bilduma.

Urr 21 04

Edorta Jimenezen Azken fusila italieraz

L’ultimo fucile izenburuaz eta Roberta Gozziren itzulpenarekin plazaratu berri du Milanoko Tranchida argitaletxeak Edorta Jimenezen Azken fusila nobela (1993-Susa). Idazlea Italian da nobela aurkezten: astelehenetik ostegunera bitartean bost hitzaldi egin ditu Milanon, eta bana bihar Bergamon eta larunbatean Erroman. Tranchidak Edorta Jimenezi argitaratzen dion bigarren nobela da, iaz agertu baitzuen “La voce delle balene” (“Baleen berbaroa”, 1997-Txalaparta).

Urr 21 04

Joxe Azurmendiren 68 poema alemanez

Joxe Azurmendi poeta bezala baino saiogile eta filosofo moduan da ezagunagoa. Idazle aparta hala ere. Hitz Berdeak poesia liburua 1971. urtean kaleratu zuen Arantzazuko EFA argitaletxearekin. Geroztik saiakerari emana izan da luzaroan.  Orain aurkezten dizkizugunak alemanera itzulitako 68 poema dira. Azkena, Azurmendiren poemarik ezagunena; Manifestu atzeratua-Verspätetes manifest.

Urr 21 04

Bertso eta Olerkien hemeroteka armiarma.eus atarian

Ametzagaiña taldeak eta Susa argitaletxeak Bertso eta Olerkien hemeroteka osatua jarri dute armiarma.eus atarian. Lan hau Julen Urkizak hasitakoaren jarraipena da eta euskaraz idatzitako eta idatziko diren bertso eta olerkiak bildu, sailkatu eta gizarteratzeko gunea da. Orain arte bildutako 46.000 erregistroetatik %20k badu erantsia, jada, bertsoa edo olerkia, 9181 orain arte.  
Lan honetan Susa argitaletxeak autoritateak finkatzeko ardura hartu du eta baita produktua ostatatzekoa ere, armiarma.eus atarian. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du, eta hiru urtetako lana dago proiektuaren muinean. Oraindik osatzen eta gehitzen joango den proiektu honek, jendearen partehartzea bultzatu gura du.  

Urr 21 04

Itxaro Bordaren Orain

Euskal literaturako izen handietako bat, poesiari heldu zion Orain liburuan (Susa, 1998)  Itxaro Bordak. Zazpi urte zeramatzan azken poema liburua egin zuenetik (Bestaldean, Susa); Amaia Ezpeldoi detektibearen trilogia argitaratu zuen tarte horretan. Eta 1998an Orain ekarri zigun, bere poema libururik helduenetako bat, non formalki ere berezia den Deep Northern atalak indar izugarria erakusten duen. Osorik irakurri dezakezu poesia liburu hau.

Urr 21 04

EAJren kanpaina

EAJk estatutuarentzat baiezkoa eskatuz hasitako kanpainari gogor ekin zioten Saizarbitoriak eta Izagirrek, bai eskatzeko erabilitako leloa bereziki. Artikuluan Basarriren “bordatxoak” ere  izan zuen tartea. Eta ez zuten erabat askatu Federiko Krutwigek botatako hitzen haria, Oteizak esandakoekin alderatuz. Konbinazio arras interesantea. Zeruko Argiaren 848.arekin emandako Oh! Euzkadin Jon Casenave izan zuten artista gonbidatua.

Urr 14 04

Andolin Eguzkitzaren liburu amaitu gabea

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki izenburuarekin 1998ko urriaren 12ko iluntzean abiatu zuen azken liburua Andolin Eguzkitzak, oraintxe sei urte. Astiro, oso astiro idazten zuen poesia, eta 29 poemaz baina liburua amaitu gabe hil zen 2004ko martxoaren 24an. Liburua urriaren 19an (asteartea) 11:30etan Bilboko Bidebarrieta Liburutegian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Hitzaurrea Juan Ramon Madariagak idatzi du.

Urr 14 04

Gabriel Arestiren 12 poema entzuteko

Gaurkoa bezalako egun batean (baina 1933an) jaio zen Gabriel Aresti. Idazlea gogoan, Euskeraren izen poetikoak hitzalditik 8 poema-audio ekarri ditugu, Hernanin 1966an Jesus Mari Olanok grabatuak: Besteak beste: “Bilbaoko kaleak”, “Euskal Harria”, “Marea-gora bizia”, “Aurresku eta acesku”. Gabriel Arestiren 4 poema-audio eman genituen duela bi urte: “Egia bat esateagatik”, “Nire aitaren etxea”, “Gizonaren ahoa” eta “Azken euskaldunaren heriotzea”. Beraz, hamabi poema dira orain entzungai.

Urr 14 04

Urtzi Urrutikoetxearen Borroka galduetatik gatoz

Enbata indartsu baten gisa azaldu zitzaigun Urtiz Urrutikoetxea bilbotarra letren plazara: Borroka galduetatik gatoz. Susa argitaletxearekin 1997n argitaratua, indar eta era berean sentsibilitate handiko poema liburua zen, gazte baten ahots freskoak zekarrena. Poesia idazten jarraitu du eta Utzidazu karmina kentzen eman zuen argitara, Kutxaren sariaren irabazle gisa, 2002an. Ernestina de Campourcin saria zela eta Gaur ere ez du atertuko poemarioa ere atera zuen. Imre Kertesz-en Zoririk ez euskaratu du 2003an.

Urr 14 04

Tarradellas eta Krutwig

Astebeteko pausaren ostean, mamitsua ekarri zuten Oh Euzkadi atala Saizarbitoriak eta Izagirrek Zeruko Argiaren 847. zenbakian. Tarradellas (beharbada ez hain) honorablea hartu zuten ahotan eta Katalunia eta Euskal Herriaz jardun, eta amaieran Federiko Krutwigek euskal literaturaz La Voz egunkarian esandako “harribitxi” batzuk ekarri, gezi pare bat jaurti aurretik. Artista gonbidatua Ermi Madariaga izan zen.

Urr 14 04

Oscar Wilderen jaiotzaren 150 urte

1854ko urriaren 16an, orain dela 150 urte, jaio zen Dublinen Oscar Wilde. Narradore, poeta, saiogile eta antzerkigilea, literaturaren historian tokia eginak dira bere obra eta haren oinarrian diren bere bizitza eta bizitzarekiko bere ikuspuntuak. Euskarara asko eta aspaldidanik ekarria izan da Oscar Wilde. 1927an Joseba Altunak Verdes Atxirika argitaletxearekin Ipuñak liburua plazaratu zuen (Literatur Emailuotan eskainia duguna 2002ko abenduan ), eta gerora asko argitaratu dira. Literatur Aldizkarien Gordailuan ere topa daitezke haren lanak, horien artean Reading baitegiko leloa, Bingen Ametzagak euskaratu eta Euzko Gogoa aldizkarian emana. Literatur Emailu honetan Oscar Wilderen bi antzerki lan eskaini nahi dizkizuegu: Salome, Inazio Mujikak euskaratu eta Baroja etxeak 1987an kaleratua, eta Fidel izan beharraz, Antton Olanok euskaratua, Ibaizabalekin Literatura Unibertsala bilduman 2000. urtean kaleratua.

Urr 07 04

Jon Alonsoren Hodei berdeak

Jon Alonsoren Hodei berdeak nobela 2003ko maiatzean argitaratu zen. Orain osorik emana dator Susaren webgunean. Aurtengo Euskadi Sariko epaimahaikideek finalistatzat aukeratutako bost liburuetarik bat da, nahiz eta saria hutsik lagatzeko aukera ere baztertu ez duten.

Agenda

Efemerideak

Kritikak